Abenduko izarrak

jueves, 20 de noviembre de 2014

El último tranvia 50 urte Arratiako tranbia barik: Jon Urutxurtu

Arratiako tranbiak duela 50 urte egin eban azken bidaia. Espainiako NODOak ere emon eban azken bidaiaren barri: Lemoatik Igorrera idiek eroanda eta dantzari, txistulari eta albokarien laguntzaz. Hemen bideoa, ikusi 1.50  minututik aurrera:







50 URTE ARRATIAKO TRANBIA BARIK

1964ko zemendiaren 29an egin eban azken biajea

Ehun urtetik gora igaro dira, gehienbat Arratiako tranbia izanaz ezagutzan dan Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoa jaio zanetik, eta 20014ko zemendiaren 30ean bere heriotzearen 50. urteurrena bete da. Tranbia ekologikoa eta isila zan, baina batez be ezinbesteko erreferentea erabili behar izaten eben lagunentzat. Urteak aurrera joan ahala eztanda-motorea, gasolina eta petrolioaren beste deribatu batzuen sasoia heldu zan. Eta orduan, 1964ko zemediaren 29an, Arratiako tranbiaren heriotzea gertatu zan.


Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoaren —TBDA— historia arakatzeak XIX. gizaldiaren amaierara salto egitea suposatzan dau, 1898an Sustapen Ministeritzak lurrun-tranbiaren kontzesinoa Angel Iturralderi emon eutson unera hain zuzen be. Dana dala, tranbia hareek inoiz be ez ziran ibili lurrun-makinak mubiduta, eta 1899ko urri lehenengoaren 2an, Lemoa-Artea tartearen behin-behineko inaugurazinoa burutu zanean, lehen tranbiak animalia-trakzinoaren bidez ebilzan. Inaugurazinoagaz batera, “Automóvil Vitoriana” konpainiak, Barazar mendatetik igaroz, Areatza eta Gasteiz lotzen ebazan autobus-zerbitzua jarri eban martxan.

1902ko garagarrilaren 5ean, probak egiteko lehenengo tranbia elektrikoa Durangora heldu zan; aste batzuk beranduago Lemoa-Zeanuri tartean trakzio elektrikoa eukan zerbitzua hasi zanez, animalia-trakziodun tranbiak kendu egin ziran. Azkenik, egun handia heldu zan, eta 1902ko abenduaren 7an, Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoaren behin betiko inaugurazinoa burutu zan. 

Amorebieta-Etxano, Durango eta Arratiako herriak euren artean eta Bilbogaz lotzen ebazan garraiabide ha, Arriaga Antzokiko plazatik ateratzan zan Lemoara zuzentzeko, eta hemen linea bitan banatzan zan: Durangorantza edo Zeanurirantza. Tranbiabidearen luzerea, guztira 49,21 kilometrokoa zan; horreetatik 20 Bilbo (Arriaga) eta Lemoako tarteari egokozan; Lemoatik Durangorako lineak 14,6 kilometro eukazan, eta antzerako luzerea eukan Lemoatik Zeanurirako tarteak.

Bidaiaren eta merkantzien garraioa

Bere bizitzako lehenengo urteetan lehia zorrotza izan eban Bilbotik Durangorako trenbide estua ustiatzan eban Konpainia Zantralagaz, baina 1911ko bagilearen 12an, Ferrocarriles Vascongadosek Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoaren akzio guztiak erosi ebazanean, amaierea emon jakon bi enpresen arteko burrukeari. Hurrengo urteetan zerbitzuaren hobetzeari ekin eutsien jabe barriak: azpiegiturak barriztatu ebezan eta bidaiarentzako bagoien kanpoko itxurea —ordura arte egur barnizatutakoa zan— aldatu eta beilegiz margotu ebezan.
Urte horreetan bidaiarien eta merkantzien trafikoak gora egin eban, adibidez 1929an, 4.196.460 pertsona eta 89.287 tonelada merkantzia garraitu ebazan. Kontuan izan behar da linean hainbat lantegira sartzeko bazterbideak egozala: Barbier-era, Abusun; Santa Anara, Boluetan; Basconiara, Basaurin; Firestonera, Urbin; Elpidio Bartolomera, Cementos Lemonara, eta La Flechara, Lemoan, eta abar.

Ebaketak tranbiabidean

Bere 60 urtetik gorako historian tranbiabidearen errailak tarte baten baino gehiagotan ebaketak jasan ebezan. Holan, gerra zibilagaz Amorebieta-Durango tarteko zerbitzua eten egin zan, eta gerra amaitu ostean, kalteak ez ziran konpondu; alde batetik, konponketen gastuak handiak ziralako eta bestetik, Ferrocarriles Vascongados Konpainiak zati hori eusteko interesik ez eukalako, trenbidearen zerbitzuagaz nahikoa zala uste eben eta. Gainera, aldi berean Bilboko terminala Arriagako plazatik, antzokiaren atzeko aldera lekualdatu zan. Sasoi honetan, trafikoa, batez be bidaiariena, etengabe hazi zan; hazkunde horren zergaitien artean, estraperloa eta Ariz-Urbi-Galdako aldean gero eta handiagoa zan industrializazinoa azpimarratu behar dira.

1950eko martiaren 27an, Lemoa eta Amorebieta lotzen ebazan tartea itxi bazan be, 1952an Arratiako tranbiak diru-sarrerei zein bidaiarien trafikoari jagokienez, bere gorengo emaitzak lortu ebazan, eta guztira 6.749.914 pertsona garraiatzera heldu zan. Merkantziek, ostera, errepidetik garraiatzeko zerbitzuak ugaritzen ziran neurrian, beherantzako joera erakusten eben. Hasieran, 1953ko zanbakiek aurreko urteko joerea azaltzan baeben be, urri bigarrenaren15eko uriolak Urbin, Nerbioi ibaiaren gaineko zubi metalikoa aurrean eroan eben eta 1954ko zezeilaren 24ra arte zerbitzua ez zan berrezarri. Gainera, Bilboko Barandiaran eta Urazurrutiako kaietan ibaiertzeko hormaren zati handia hondatu egin zan eta, egoera hau aprobetxatuz, uriburuko udalak Arriagako plazarako sarbidea kendu egin eban; aurrerantzean tranbiak Barandiarango kaietan hasi behar izan eban zerbitzua.

Iragarritako heriotzea

Hemendik atxina, Arratiako tranbia hil zorian sartu zan. Alde batetik, bidaiariak etengabe galduz joian eta bestetik, bere egoera ekonomikoa gero eta larriago zan. Horrez gainera, lineak zeharkatzan ebazan errepideetan zirkulazioa apurka-apurka gehitu egin zan, eta tranbia eta automobilen arteko bizikidetzak txarrera egin eban, tranbia oztopotzat jotzen hasi ziran eta. Testuinguru horretan, 1956ko abuztuaren 1ean Galdakao(Plazakoetxe)-Lemoa kentzeagaz, ibilbideak anputazino larria jasan eban; ondorioz, linea euren artean lotura bako bi tartetan zatituta geratu zan: Bilbao(Barandiaran)-Galdakao, 10 kilometrokoa, eta Lemoa-Zeanuri, 15 kilometrokoa. Urte bi beranduago, 1958ko urri bigarrenaren 1ean Urbi(Firestone)-Galdakoa(Plazakoetxe) tartea eta Zeanuriko erdigunerako sarbidea kendu ebezan. Itxiera horreek merkantzien garraioa ia guztiz desagertzea eta bidaiariena etengabe jaistea ekarri eben.

Argi egoan, 1962ko abenduaren 5ean, Arratiako tranbiarako administrazinoaren kontzesinoak balioa galdu eban egunean, zerbitzua bertan behera itxiko ebela. Ha eta guztiz be, ordezko autobus-lineak ezartzeko administrazioaren baimenak ez ziran heldu, eta tranbia zaharrek 1964ko zemendira arte beharrean jarraitu eben. Azken hilabeteetan Zeanuriko geltokia be lekuz aldatu behar izan eben: 1964ko udaberrian, 240-N errepideko obrak zirala eta herrigunean egoan geltokia kendu eta 500 metro aurreragora, Olabarrira, eroan eben.

Azken biajea

1964ko zemediaren 29an, domekan, egin eban bere azken biajea Arratiako tranbiak. Egun euritsua izan zan, baina ospakizun eta jai giroan agur esan jakon tranbiari, batez be mendigoizaleen aldetik. Honeek, Arratiako garraiagailua omendu gurean, tranbia bi alokatu ebezan; goizeko bederatzietan Lemoatik abiatuz, Igorre eta Areatzan gelditu ostean, hamabi eta erdiak inguruan Zeanurira heldu ziran. Hemen bazkaldu eta txistu eta danbolinaren soinuaz dantzatu eta gero, barriro Bilborantz itzuli ziran, Lemoan trena hartuz.

Zemediaren 30ean, tranbiaren bidaiak amaitu ziran. Aurrerantzean, Bilbotik joan-etorria egiteko arratiarrek izan eben garraio publiko bakarra autobusa izan zan.

José Félix Garairen —Arratiako tranbiaren zale amorratua— arabera Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoa enpresa itxi zanean, 74 langilek egiten eben behar bertan, eta euren etorkizuna holan geratu zan: 9 langilek enpresa berean jarraitu eben; 34ri krisi espedientea deklaratu eutseen; 21 Ferrocarriles Vascongadosera, beste 9 Autobuses de Arratiara igaro ziran, eta batek dimisino boluntarioa aurkeztu eban.
           
Azken errastua

1965ean, Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoa enpresan geratze zan materialaren enkantea agindu eben. Dana dala, 1964ko abenduaren 1ean, El Correo egunkarian Juan Buxens kazetariak idazten ebanaren arabera, bi tranbia ataltzetik libratzeko asmoak egozan: “Sí. Algunos irán al desguace. Pero no todos. Es casi seguro que dos de ellos continuarán viviendo (...). Si se llega a un acuerdo, y esto parece que será fácil de conseguir, dos de los tranvías podrán ser admirados durante muchos años.

(...) Si ese acuerdo del que hablábamos se lleva a efecto, uno se instalará en el Bolinchu (La Peña). Va a ser adquirido por el conocido Elicio para instalar sobre él un merendero público(...).

El otro tranvía será comprado, probablemente, por don José Aguilar para instalarlo en su jardín de Vildósola”.

Kontuak kontu, azkenean ataltzetik salbatu zan tranbia bakarra Migel Atutxak erosi eban, eta Igorren, Garbe auzunean eukan Hostal Aranzazu ostatuaren ondoan jarri eban. Hamar zanbakidun tranbia zan, alde batean Ceanuri eta bestean Bilbao inoazan karteltxoak eukazana. Gomazko gurpilen gainean eta lau mandok tiraturik egin eban Lemoatik Garberainoko bidea, txistulari, trikitilari eta albokarien doinu eta jendearen txalo eta oihuen artean. Garberainoko bidaia hori garai haretan hain ospetsua zan Nodo albistegirako filmatu eben, eta irudiak Estatu osoko zinematan ikusi ziran .

Zoritxarrez, laster, 1965ean bertan, uriolak Arratiako tranbiaren azken errastu hau aurrean eroan eben.

Jon Urutxurtu

No hay comentarios: