Abenduko izarrak

lunes, 20 de marzo de 2017

Krisia? Ze krisi? Otoitzaldi baterako gidoia

Lehengo zapatuan hogeta bost laguntzaile (Caritas, liturgia, katekesia, Bizian gora, eliztar...) alkartu ginan otoitzean Garizuma zala-eta, Mikel Azpeitia "Txo" abadearen laguntzapean.
Hona esandakoaren laburpen bikaina...




GARIZUMAKO ERRETIRORAKO
Oinarria: Antzaldatzea

     —Krisia
     —Erantzukizuna
     —Erabagia
     —Aita senideengan zerbidu, goratu, aintzaldu


Agurrean
1)  Nortzuk alkartu gara? Aurkezpen labur bat, izena eta gitxi gehiago.
2)  Ze zerbitzutatik gatoz? Ospatzaile, Katekista, e.a.
3)  Ze egoeratan bizi dogu zerbitzu hori?
4)  Ze egoeratan bizi dogu gure sinismena?


Garapena

Eskerrik asko!
Eskerrak emonez hasi gura dot ekitalditxo hau, honetarako duin aurkitu nozuelako. Nire urduritasunetik eta epelkeriatik emongo deutsuet ahal dodantxoa.

Baina eskatu ere egingo deutsuet. Badakizue: mahaikadea ederrenetarikoa izan arren, gogo barik hurreratzen bazara haretara, ez zarala asetuko; gosez hurreratzen bazara, barriz…

Hasi gaitezan geure burua aurkeztetik, eta Jainkoaren edo ingurukoen jakinaren gain jartetik.


Neure buruaren aurkezpena

     —Ezagutzen ez nozuenontzat… Mikel naz (Txo). Lemoan sei urtez zerbidu neban, eta orain Gernikaldean nago, Gernikako abadetxean, ezagutzen dozuezan Iñaki eta Joseba abadelagunekaz bizi izaten, eta Kortezubi, Gorozika, Ibarruri eta Ajuria elizetaz arduratuta. 68 urte egiteko nago, hondo hestetik operatuta, eta jubilatuta egon behar izango neukela uste dot, bestela Elizara laikoen aldia ez dala-ta helduko.

     —Nor zaree zuek? (…)


Gaiaren aurkezpen lez

Hiru arlotan lez banatuko dot ekitaldi hau neure kezkei erantzun guran. Hau da: otoitzaldi hau neuretzat izango litzateke, ba, lehenengo ta behin, eta ea zeuei ere balio deutsuen. Poztuko nintzateke.

A)  Nik sinismena lantzeko aukerea izan dot, eta benetan nago eskertuta hori dala-ta. Gauza edertzat daukat sinismena eta, bera barik, ni ez nintzatekela neu izango uste dot. Holango aukerak, ba, gogoz aprobetxatzen dodaz onuragarri dodazalako. Eskerrik asko, ba, barriro ere, aukera hau emoten deustazuelako.

     Era berean, sinismena lantzeko aukerarik izan ez dabenak dakardaz gogora eta otoitzera, aukerarik balebe aprobetxatu daiela eskatuz. Sinismena (?) zama (karga) astuna dalako, lantzen ez bada, bizitzako hautaketea ez bada; Jesusi jarraitze lez ulertzen ez bada; gidaritzat Ebanjelioa hartzen ez bada… Zama astuna eta alperreko gauzea; onenean ilusino hutsa.

     Landutako sinismena argi bihurtzen da; helburu batera bidean bakarrik barik lagunagaz joatea da, eta norbere buruari, ondokoei eta inguruari balio barri bat emoten laguntzen dau.

     Ez dau bizitzea errazten; ez dauz arazoak konpontzen edo kezkak ezabatzen… Baina bai bestelakotzen dauzala guztiak: neure sudurpekoak izatetik Jaunarenak lez ulertzera eroaten dau. Eta hau barruan bizten danean zein deskantsugarri dan, zelango lasaitasun eta itxaropen bihurtzen dan…

B) Nire abadetza aldian zehar hainbat eliztar zintzo ezagutu dodaz, laguntzeko beti prest egozanak, dei guztiei erantzuten eutseenak, borondate onekoak… Ezagutzen dodaz baita mezatara zeozer egiten edo zerbitzuren bat beteten hurreratzen ziranak eta gaur egun aldenduta dagozanak. Eta neure buruari zerau galdetzen deutsot: non dira gaur egun bai batzuk eta bai besteak, asko eta asko elizatik agertu ere ez dira-ta egiten? Zer jazo jake? Eta baita beste hauxe ere galdetzen deutsot: zergaitik jarraitzen dot nik nagoan lekuan, edo lanean edo zerbitzuan?

     Batzuk aldendu badira, edo haserre bategaitik izan da, edo egiten ebena egiten ez dalako gaur edo beste batek egiten daualako; edo abadea aldatu dalako…, edo ezin dabelako.

     Eta hauxe da erantzuten dodana: eliz lanetan edo haren inguruan diharduenek eta kezkaren bataz hurreratzen diranek, euren sinismena lantzeko aukerea balebe, eta aprobetxatuko balebe, ez litzateke beste gauza bat jazoko?

D)  Baita beste kezka hauxe ere bajatort burura. Jainko ze irudi jaso dogun, eta Jainko irudi horrek zenbat kontraesan, ulertezin eta barregura sortuazoten dauzan. Askorentzat umekeria da; baina kalterik egiten ez dauanez ondo eroan daitekena. Beste batzuk, holangorik jasan ezinda, bertan behera itzi dabe, eta oraindino horretan jarraitzen dabenei (dogunoi) barre egiten deutsee (deuskue), eta aurpegira botaten deuskuez gure kontraesanak, hutsegiteak eta epelkeria…  eta ez dabe arrazoi faltarik.


Guzti hau kontuan hartuta, eta aurreko domekako (Garizuma aldiko 2.eko) ebanjelioaren argipean, gure sinismen hau KRISIAN jarri beharra daukagula bururatu jat. Ba dakit krisiak mingarriak izaten dirana; baina baita, handik urtetean, hartzen dan poza ere ba dakit. Eta honetan lagundu gura izango neuskizue, argi itziz zeuen ahaleginaren araberakoa izango dala arrakastea.


Bakotxaren kokapena

—Nire sinismena hartua eta landubakoa da, inguruaren arabera bizi dodana? Noiz, zelan eta zenbat landu dot? Katekista, Ospatzaile edo Liturgian Irakurle izateak berez, beste barik, lantzen dau nire sinismena?

—Hainbat ezagutzen dogu, eta urrun joan barik, geure hurreko inguruan bertan baino, eliztar izateari (mezatara joateari, sakramentuak hartzeari edo otoitzari ere) itzi deutsonik. Eta ez dagoz urduri; lasai bizi dira… Zerk eragiten deusku guri egoera horretan ez jausteko?

—Zer bilatzen dot nire eliztar ibilbide honetan (Katekista lez, Liturgi-laguntzaile lez edo sinismenaren bilatzaile lez…): hobea izate bidean urrats bat gehiago emotea? Eskatu deustanari ahal dodan laguntzea emotea? Hartutako bizitzea Jainkoari eskertzea eta, horretarako, Jesusek lez sinistea?


Sarrera orokorra

Garizuma aldiko berbea «BIHOZBARRITZEA» dogu. Askotan aitatu dogu, eta aitatzen eta aitatuko dogu oraindino. Etxe-etxeko dogu. Baina, ze esangura emoten deutsogu? (----)

Zure aurpegi bila abesten dogunean, barrutik eta antsiz dinoguz berbok? Benetan gara Jainko egarri? Autortzen dogu Jainkoari begira barik, geure egunerokoari begira gagozala, eta han aurkitu geiken ezinak jarten gaitula eskale Jainkoaren aurrean, baina berak guretzat zer daukan bilatu edo galdetu ere egin barik?

Bihozbarritzea beste hauxe ez ete da, ba?: Jainkoari begira jartea eta harengandik niretzat, guretzat (talde, familia, ea.) zer daukan hartzea? Eta non aurkitu geike haren erantzuna?

Aurreko domekako (Garizuma aldiko 2.eko) ebanjeliora hurreratuko gara, baina aurretik azalpen batzuk emonez, edo ohar gogoangarri batzuk eginez. Bilatuko doguna hauxe da: gure sinismena bizi izateko erea krisian jartea, eta bizikera barri bateko lehen urratsak emotea, edo emoten diharduguzan urratsak sendotzea. Hasi gaitezan abesten:


Kantua: «ZURE AURPEGI BILA»

R/. Zure aurpegi bila gabiltza gu, Jauna,
zu zaitugu argi eta salbamen,
zu, Jauna, biziaren babes.

Uste on izan Jaunagan eta izan gizon,
jaso bihotza eta Jaunagan sendo egon.
Zelan dan aita bere umeentzat bihozbera,
halantxe da Jauna fededunentzat onbera.    R/.

Ez gaitu hartzen gure hobenen neurrietan,
ezta joten ere gure erruen ordainetan.
Berak deutsuz, bai, parkatzen zure hobenak
eta osatzen deutsuz harek zuri gatxak danak.    R/.


GAIA: «Jesusengan sinistu? Jesusek lez sinistu!»


Ohar gogoangarriak

Ezagutzen dogula Jesus, uste dogu? Geuk bilatu dogu ezaupide hori? Ze bilaketa pertsonal egin dogu emona izan jakun Jesusen irudiaz? Ze ibilbide egin dogu umezaroko Jesusen ezaupidea garbitzeko, sakontzeko, gaurkotzeko, norberetzeko, bizitz aukeraketa bihurtzeko? Hainbeste zerbitzu eta lan egin izango genduzan gaur arte… hausnarketaz eta otoitzez norberaganatuak? Hauxe litzateke une egoki bat.

Bateatzailearen aurrean ikusten dogu Jesus Bateoa hartzen. Urten egin dau etxetik. Bila dabil. Zeozer aurkitu dau basamortuan deadarka dabilan harengan. Harek ikututa, jota, itzi dau, eta basamortura egiten dau ihes, bakardadea eta isiltasuna bilatuz, baraurik, bere buruagaz topo egin guran dihardu.

Eta erabagi bat hartu dau. Hartutako erabagia, Aitari zintzoa izatea eta haren erreinua iragartea eta gauzatzea dala esan geike bere ibilbidetik. Badirudi ezerk ez dauala desbideratuko bizikeran eta egintzetan gauzatzen dan aukeraketa horretatik.

Guk azaletik holantxe ezagutzen dogu Jesus: erreinua iragarten (parabola bidez); erreinua gauzatzen (osakuntzez, parkatuz, harrera on eginez); zuzengabekeriak eta gehiegikeriak salatzen eta gaitzesten; errukira, parkamenera eta maitasunera deitzen; eta, guzti horregaitik, bizia emoten.

Zerk eusten deutso bere eginbide horretan? Otoitzak; Aitagazko hartu-emon estuak; eta egintzek eurek.

Baina Jesusen ibilbidea ez zan laua izan…

Galderea:
—Umezaroko sinismenean jarraitzen dot, ala jarri dot krisian eta aukeraketa bat eginez dihardut sinismena ulertzeko era barrian? Zein da era hori? Zelan garatzen dot?


Jesusen KRISIALDIA

Bere herrian ez dabe onartzen Jesus: badaezpadakotzat dauke… Gizataldeak gustura entzuten deutso eta osakuntzetarako bilatzen dabe, baina ez dauke argi nor dan. Eta hareen artean ez dau lagun edo jarraitzaile askorik egingo. Baina bere ikasleek ere, Jainkoaren Seme eta Mesias autortu arren, ezin dabe iruntzi haren amaia heriotza lotsagarria izango dana, hirugarren egunean biztuko bada ere. Heriotzara daroan ibilbide horretatik desbideratu gura izango dau Pedrok, eta gogorrak entzun behar izango dauz.

Pedrok kristau autormen argia egiten dau, oso-osokoa; baina ez dauz onartzen haren ondorioak: eginkizunean bizia galdu beharra. Jesusek argi izten dau heriotzea ez dala azkena, amaia; baina…

Pedroren irudi honek gure izakerea, ibilbidea, jarrerak eta lan guztia argitu daikez: ba dau uste on Jesusengan? Zenbaterainoko uste ona dogu Jesusengan? (Hausnarketarako).


Jesusek bere ikasleei eskeintzen deutsena (deuskuna)

1    Jesusen ustea: bere ikasleak eragin handi baten beharrean dagoz, bultzakada handi baten beharrean dagoz. (Guretzat hauxe otoitzaldi-hausnarketa hau izan daiteke bultzakada eder hori…).

2    Euren uste "onetatik" bere usteetara, onartuak ez diranetara, ulertzen ere ez diranetara, eroan behar dauz: gauzea ez da Legea betetea eta Profetak entzutea, bizikeraz aldatzea baino.
     Ulertzen ete dogu guk hau? Zer dogu bizikeraz aldatzea?

3    Ondo ezagutzen daben bizipenean sartuko dauz Jesusek (Exodoko bizipenean): Moises, argitasuna, hodeia, Jainkoaren ahotsa, bildurra… Baina guzti horrek ez dau Jainkoaren herri zintzoa sortuazo. Herri zintzoak Jesusengan oinarritu behar dau: «Hauxe da… Entzun eiozue!»

4    Pedrogan aurkitu geike ze arriskutan jausi geintekezan: «Bai ederto gagozala hemen…» Oraindino ez dago Jesus aparteko mailan. Pedrorentzat Moises eta Eliasen pare dago. Baina Jesus ez da maisu bat gehiago, bakarra baino.

     Eta zein gatx egiten jakun hau onartzea. Ez da bat-bateko gauzea izango; ibilbide luzea egin behar izango dabe, bihurria, gora-behera askoduna, ukapenez-eta josia… baina zintzoa. Ez ahaztu: saldukeria eta guztiz ere maite dau Pedrok Maisua, Jesus.

     —Zer esan gura deusku guzti honek?

     —Bilatu daiguzan gure
     * ulertezinak,
     * bildurrak,
     * saldukeriak,
     * … zintzotasuna?
     ** Zer behar dogu horretarako?

5    Jesusek ikutu egingo dauz, eta agindua emongo deutse: ez inori esan… harik eta…
     Jesusek ikutzen bagaitu (non, zelan jazo daiteke hori?), bildur guztiak aldenduko jakuz…
     Jesusek geure oinen gainean, geure izantasunean, jarten gaitu: zutunik.
     Eta bere eginkizunera gehituko gaitu…, baina biztuerearen esperientziaz. Bitartean zer egin behar izango dabe? Begitu, galdetu, ikusi eta ikasi…


Ondorioetarako OHARRAK

1    Jesusek heriotzan hondatuko ez dan bizitzearen barri emongo deutse bere ikasle minei, eurenean tinko dagozanei.

2    Honeek Jesus Itun Zaharrean kokatu gura dabe, Moisesen eta Eliasen parean.

3    Pedrok bere zoria agertuazoten dau, abertzaletasun giroan, eta hantxe geratu gura dau.

4    Hodeiak estaldu behar dauz ezer ulertu gura badabe. Eta horretarako norbere historiara jo beharra dago (Exodo).

5    Jesusek ikutu behar deutse izu horretatik urteteko, Jainkoari begira jarteko bildur guztiak uxatzeko.

6    Jainkoaren ahotsak bildurtu, izutu eta lurreratu egiten dauz.

7    Ahotsak Jesus baino ez dau beste inor aintzat hartzen (ez Moises, ez Elias…); beragaz hasten da bizikera barria, Jainkoaren herri barria.

8    Eta hori egunerokoan egiten da, esanak-eta aztertuz eta norbere ardurapean hartuz, norberez pentsatuz eta inguruari eta gauzei Jesusen ikuspegitik begitu eta hareik aintzat hartuz.


Amaitzeko

Sinismena ikaragarrizko onurea izan daiteke umezarotik helduarora eroaten badogu; bestela barregarria izango da. Eta halantxe da askorengan.

Zelan jarri gure sinismena garapen bidean? Ebanjelioagaz; Jesusi jarraitze lez ulertuz; holango otoitzaldietan-eta esku hartuz; eta beti kritiko edo azterlari jokatuz..

Ez gaitezala jausi zein ederto gagozan hemen: egin daiguzan hiru txabola esatean. Sumatu daigula Jainkoaren ahotsa: Urten zeure lurraldetik, zeure aitarenetik, eta zoaz neuk erakutsiko deutsudan lurraldera

Sinismenaren abentura (edo ibilaldi) honetan bilatu lagunak, ahal bada, alkar hartuta eta alkarren zuzenketan Jesusen jarraitzaile izateko. Haren inguruan Jainkoaren HERRI BARRIA garala sumatu, behartsuen ondoko eta senide eginez.

Pagolaren «JESUSEN TALDEAK» bide ona litzateke honetan lantzeko eta aurrera urratsak emoteko.

Urten egin behar da beti-betiko kritikak eta mormoxetak egitetik, ate-leihoak zabalduz eta gauza barriak ikusiz Ebanjelioaren argipean.

Eta ikasiko dogu harrera on egiten, aniztasuna onartzen, errukitasunez jokatzen eta parkamenaren eta adiskidetasunaren testigu izaten.

Jardun daigun otoitzean horretarako.

Irakurteko:

Testuak

Mt 16, 13-23
   13 Feliperen Zesareara heldu zanean, galdera hau egin eutsen Jesusek bere ikasleei:
    —Gizonaren Semea nor dala dino jendeak?
    14 Hareek erantzun:
    —Batzuk Joan Bataiatzailea dala; beste batzuk Elias; besteek Jeremias edo profetaren bat.
    15 Jesusek galdetu eutsen:
    —Eta zuek, nor nazala dinozue?
    16 Simon Pedrok erantzun:
    —Zu Mesias zara, Jainko biziaren Semea.
    17 Orduan, Jesusek esan eutson:
    —Zorionekoa zu, Simon, Jonasen semea, hori ez deutsu-ta hazur-mamizko inork agertu, zeruko neure Aitak baino. 18 Eta nik hauxe dinotsut: Pedro zara zu, eta hatx horren gainean eraikiko dot nik neure elizea; eta herioaren indarrak ere ez dau menperatuko. 19 Jainkoaren erreinuko giltzak emongo deutsudaz; zuk mundu honetan lotua zeruan ere loturik geldituko da, eta zuk mundu honetan askatua zeruan ere askaturik geldituko da.
    20 Orduan, bera Mesias zala inori ez esateko agindu eutsen Jesusek ikasleei.
    21 Une haretatik hasi zan Jesus bere ikasleei azaltzen, berak Jerusalemera igon eta zahar, abadeburu eta lege-maisuen aldetik asko sufritu behar ebala; hil egingo ebela eta hiru egun barru biztu egingo zala. 22 Pedro, Jesus aparte harturik, gogor egiten hasi jakon:
    —Ez daiala Jainkoak nahi, Jauna! Ez jatzu horrelakorik jazoko.
    23 Baina Jesusek, bihurturik, esan eutson Pedrori:
    —Alde nire ondotik, Satanas! Oztopo haz niretzat, hire asmoak ez dozak-eta Jainkoarenak, gizakiarenak baino.


Mt 17,1-13
    1 Handik sei egunera, Jesusek Pedro, Santiago eta honen anaia Joan hartu eta mendi garai batera eroan ebazan aparte. 2 Eta antzaldatu egin zan hareen aurrean: aurpegia eguzkia baizen distiratsu bihurtu jakon eta jantziak argia baizen zuri. 3 Haretan, Elias eta Moises agertu jakezan Jesusegaz berbetan. 4 Pedrok esan eutson Jesusi: «Jauna, bai ederto gagozala hemen! Gura badozu, hiru txabola egingo dodaz bertan: bata zeuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat».
    5 Oraindino berbetan ziharduala, hodei argi batek estaldu ebazan, eta ahots batek hodeitik esan eban: «Hauxe dot neure Seme maitea, hauxe dot atsegin. Entzun berari!»
    6 Hau entzutean, ikasleak ahozpez jausi ziran bildur-ikaraz. 7 Hurreratu jaken Jesus, ikutu eta esan eutsen: «Zutundu zaiteze. Ez bildurtu!»
    8 Begiak jasorik, Jesus baino ez eben ikusi, eta besterik inor ez.
    9 Menditik beherakoan, agindu hau emon eutsen Jesusek: «Ez esan inori ikusi dozuena, harik eta Gizonaren Semea hilen artetik biztu arte».
    10 Orduan, ikasleek galdetu eutsoen:
    —Zergaitik dinoe, ba, lege-maisuek lehenengo Eliasek etorri behar dauala?
    11 Jesusek erantzun eutsen:
    —Bai, Eliasek etorri behar eban eta dana Jaunaren gurarira erabarritu. 12 Baina, egia esan, etorri da Elias, eta, onartu beharrean, gogoak emondako guztia egin deutsoe. Era berdinean sufrituazoko deutsoe Gizonaren Semeari ere.
    13 Orduan, Joan Bateatzaileaz ziharduala jabetu ziran ikasleak.


Mt 20, 17-23
    17 Jerusalemera igoten ziharduala, Jesusek hamabi ikasleak aparte hartu eta esan eutsen bidean: 18 «Hara, Jerusalemera igoten dihardugu, eta Gizonaren Semea abadeburuen eta lege-maisuen eskuetara emongo dabe; heriotzara kondenatuko dabe 19 eta atzerritarren eskuetara emongo, haren lepotik barre egiteko, zigortu eta kurutzean josi daien; baina hirugarren egunean biztu egingo da».
    20 Zebedeoren emaztea bere semeekaz Jesusi hurreratu eta aurrean ahozpeztu jakon eskabide bat egiteko. 21 Jesusek galdetu eutson:
    —Zer gura dozu?
    Eta harek:
    —Agindu eizu nire seme biok, zu errege izatean, bata zure eskoian eta bestea ezkerrean jarri daitezala.
    22 Jesusek erantzun:
    —Ez dakizue zer eskatzen diharduzuen. Gauza zaree nik edan behar dodan edari saminetik edateko?
    —Bai, gauza gara —esan eutsoen.
    23 Jesusek, orduan:
    —Nire edari saminetik edan bai, edango dozue; baina nire eskoi-ezkerretan jesarri ahal izate hori ez dago nire esku inori emotea; nire Aitak norentzat prestatua dauan, harexi emongo jako.



Sarritan egiteko otoitza

Jesus, gure Maisu eta Jauna,
Elizearen egoereaz arduraturik
zeugana joten dot laguntza eske.
Borondate oneko naz
eta maite-maite dot Elizea,
eta horregaitik, behar bada,
eskatzen jat gehiago eta gehiago.
Atara naizu nire bildurretatik,
atara nire erosokeriatik, atara
nire ohikeria eta ardurarik ezatik,
guretzat zeuk gura dozun
gaurko eta hemengo Eliza izateko,
urten eta bazterretara heltzeko,
euretan ere zure Barri Ona iragarteko:
Zeugan nire uste on osoa, Jesus.
Elizearen Ama, Maria: zuzendu naizu.



No hay comentarios: