Arratiako kultur ondare ez-materialaren erakusgarri
ditugu errogatibak. Ohitura honek bere inguruan batzen ditu Arratiako herri
guztiak. Baina ezin ulertu beste kultura eta sasoi ezbardinetako
erromesaldietatik aparte. Erreportaia honetan lau sinbolotan sakonduko dogu:
bidea, arbolea, mendia eta ura. Amaitzeko: ura!
Bolandera bat jaurti eta goizeko seiretan
hasten de Dimako plaza errogatibako ibilaldia Urkiolarantza. Lehendabizi
Indusira, handik Txindorretara, eta etxe bakarti handik bertara dago izen
bereko iturria. Geldialdi bat ura edateko edo freskatzeko. Apurtxo bat
aurrerago egingo da armozua.
Erromesaren lagun nahi eta nahi ezkoa dogu
ura. Bidean edo etapa baten amaieran. Kantinploratik, botilatik, iturritik,
errekatik… Indarrak barriztatzeko. Gaztetuteko. Gorputza freskatu eta
garbituteko. Nekea arintzeko…
Baina soinaren lagungarri hutsa ez da ura.
Bizitza espiritualean be badauka bere eragina. Garbitu. Gardendu. Barriztatu.
Egarriak giza izaeraren hauskortasuna gogoazoten deusku. Egarriak bizi iturria
bilatu behar dogula gogorazten deusku.
Neolitokoan hasi eta gaur arte, uraren
gurtzaren arrastoak baditugu, eta kultura askotan. Iturri ongileak, ur mirari
egileak, iturramak…
Grezia klasikoan Homerok be kantatu ebazan
erreken dohaiak, eta ninfak nonahi ageri ziran. Euskal Herrian be iturri, putzu
ondoetan lamiak kokatzen ziran, toki izen asko bere testigu direla: Lamiaran,
Mundakan, adibidez, bertako ermitaren horma jausiak lekuko..
Bidean lagun, baina helmugara
heltzerakoan, urak orduan beteko dau bere funtziorik behinena. Gaur egun ere,
Ganges erreka da “Indiaren Ama”. Bertan bainatzea garbitzeko bakarrik ez, bizi
barrirako prestakuntza be bada. Mekan, Harri Baltzaren ondotxoan dago Zamzam
iturria, eta bertan jasoko dau erromesak ur santuaren baraka, bertatik edan eta
etxera eroateko be badana.
Biblian putzu eta iturriak bake, poz, argi gune dira, ibiltari eta erromesaren lagun. Otoitzean ura eskatzen da. Eta abegikorra izan behar ura eskeiniz atzerritarrari.
Itun Barrian, Kristogan identifikatzen da
Itun Zaharrean iragarritako ur bizia, bizi ura (1Ko 10,4): “eta guztiek edan
espirituzko edari bera; izan be, eurekin joian espirituzko hatxetik edaten
eben, eta hatx hori Kristoren irudia da”.
Kristau erromesaldietan, ura barriro
aurkituko dogu bateoaren sinbolo legez eta kristau dan gizaki barriaren sinbolo
legez.
Urkiolara heltzerakoan jende asko
hurreratzen da Santa Apoloniako iturrira, bere ermita ondoan dagoana. Aginetako
gatxak kentzeko erabiltzen ei zan. Baina urak badauka esangura bete betea
erromesarengan.
Poetaren berbak gureganatuz,
Urkiolarainoko bidea egin ostean, hurreratu gaitezen Santa Apoloniako ermitako
iturriraino eta kanta daigun:
Iturri
zaharretik
edaten dut,
ur berria edaten,
beti berri den ura,
betiko iturri zaharretik.
Iturriak izan aurretik
ugari zen uretik
edaten dut,
ura baino lehen zen
iturritik edaten,
inoiz agortzen ez den,
eta
inoiz lehortzen ez den ura
isurtzen
duen iturri bakarretik,
iturri guztien
iturburutik...
(Joxan Artze).
Jose
Mari Kortazar
(Testu honen oinarrian, ideia
asko honi zor deutsadaz: Julien Ries, El símbolo sagrado, Barcelona,
2013, 240-252. or)
No hay comentarios:
Publicar un comentario