Arratiako kultur ondare ez-materialaren erakusgarri
ditugu errogatibak. Ohitura honek bere inguruan batzen ditu Arratiako herri
guztiak. Baina ezin ulertu beste kultura eta sasoi ezbardinetako
erromesaldietatik aparte. Erreportaia honetan lau sinbolotan sakonduko dogu:
bidea, arbolea, mendia eta ura. Gaurkoan: mendia!
Errogatibea eta mendia
Bide
guztiak helburu bat dauka. Erromesaldiak edo errogatibeak be berea dauka. Eta
sarritan igoeraren irudia darabil bide horrek. Igoerak giza baldintza
gainditzea gogoratzen deusku. Eta horretarako zeruagaz hari bat izango dau:
soka bat, eskilera bat, arbolea, mendia…
Tradizio
mitiko askok erabilten dabe mendi kosmikoa. Biblian be hor ditugu Tabor eta
Garizim, Siongo menditxoa. Mesopotamiako ziggurat eraikinek mendiaren
erreplika bat dira.
Zeruan helburu bat dagoen moduan, lurrean hamaika helburu dagoz, erlijio, kultura, herri bakoitzaren arabera. Han aurkituko dauz gizakiak bere sustraiak. Han egingo dau bat, barriro be, kreatzaileagaz, sortzailegaz. Han batuko ditu hasierako sasoiak, gaur egungo egoeragaz, etorkizuna ahaztu barik, geroari begira.
Gurean be
mendi aparteko bi doguz, geografia erlijioso, kultural eta herri ezbardinen
bilgune eta helburu: Gorbeia eta Urkiola. Euskal Herrian hamaika doguz: Aralar,
Arantzazu, Ainhoa, Estibaliz, Begoña…
Honetan be
gizateriaren iturri beretik edaten dogu. Erlijio arkaikoetan toki honeek
mitoekin batera datoz, gizakiaren jazoera oinarrizkoak azaldu gurean:
gizakiaren kreazioa, munduaren izatea… Ekialde Hurbileko, Egiptoko edota
Indiako erlijio handietan ere santutegi eta huri sakratuak, ibai eta errekak
non garbitu eta barriro jaio… aurkituko doguz. Biblian, zer esanik be ez,
zeruko Jerusalem. Islamdarrak Meka. Kristauek hamaika toki, batzuk Jesusegaz
lotuta (Belen, Nazaret, Kafarnaum…), beste batzuk urteetan zabalduak: Santiago,
Lourdes…
Urkiolan
bat egiten dabe, kristautasunaren aurreko mendi eta toki sakratua, geroxeago
batutako santutegiagaz.
Erromesaldi
bakoitzak, errogatiba bakoitzak badauka bere berezitasuna. Erritoak ezbardinak
dira, baina beti bide bat egunerokotasunetik bizitza barrira igaroteko, igoteko
edo salto egiteko.
Ganges
errekara doan erromesa, errekako ur santuetan, bizitza barri baterako garbitu
gurea izango dau. Lourdesera doan erromes asko osasun bila doa, fedeak
erakarrita. Mekako atea zeharkatuz, toki sakratuetara sartuz, erromesak kanpoan
itxiko ditu jantzi zaharrak, barau eta otoitzaz bizimodu barritua hasteko.
Urkiolara heldu orduko, zapata zahar urratuak botatzen ebazanak, baeukan
barritasun egarri bat.
Bidearen
helburu dan mendia edo tokia, erromesa onartu eta erromesari laguntzeko
jantziko da. Santutegia edo eleizea, kantuak, predikazioa, ospakizun
liturgikoak, ostatua…
Gauzok
lagundu egingo dabe, baina oinarri oinarrian erromesaren fedea dago. Fedeak
bihurtuko dau bidea barriztatze prozesua. Eta erromesaldi kristaua bada,
erdigunean eukaristiaren ospakizuna egongo da: Kristo biztu biziagaz bat
egitea, bere frutuak hartzea.
Urkiolara
joan eta kanpoan geratzen danak be, egin dau bere bidea. Harriari bueltaka
dabilena, giroko erlijiotasun paganoan hartzen dau parte. Santutegian
eukaristia ospatzen dauenak pausu bat gehiago emon dau, maila bat gehiago igo
dau. Hirurek hartu dabe parte bidean, nahiz eta helburua ez izan beti bardin.
Horregaitik gagoz ondare ez material
baten lekuko garrantziko baten aurrean. Inork ez deusku gurea gordeko. Jaso eta
jazo daigun!
(Testu honen oinarrian, ideia
asko honi zor deutsadaz: Julien Ries, El símbolo sagrado, Barcelona,
2013, 240-252. or)
No hay comentarios:
Publicar un comentario