Goazen 2024 Jarri bidean

jueves, 23 de junio de 2022

Artea: Jesusen Bihotza jaia


Ekainaren 24an aurten, goizeko 12:00etan ospatuko da mezea Arteako Jesusen Bihotzaren elizan.
Igorren Gezalako ermitean zapatuan ospatuko da mezea 12:00etan.

Jai honetarako liturgia lagungarriak euskeraz (aukera bi). Gogoeta eta Irakurgaiak euskeraz.  

 Conoce este pueblo con un clic aquí mismo

 


 

JESUSEN BIHOTZA
Sarrera:
 Jesusen Bihotz Santuaren festaburua ospatzen dogu gaur eleiza osoagaz batera. Jainkoak Jesusengan agertu deuskun neurribako maitasuna autortu eta eskertu gura dogu jai honetan. Izan ere bere burua azkeneraino gure alde emon eban eta hori gu  maite gaitulako egin ebala jartzen dau agirian Jesusen Bihotz guztiz Santuak.
            Danok bat eginik abestu daigun: Bihotz batez alkarturik.
Errom. 5, 5-11
            San Paulok zelakoa dan gure Aita Jainkoaren guganako maitasuna adierazi gura deusku lehenengo irakurgai honetan. Adi egon gaitezan ea zer dinoskun bakoitzari  zati honek.
Erantzun salmoa
            Fededun batek, salmisteak  Jaunaren babesa eta hurbiltasuna sentitzen dau; horregaitik abesten dau Jainkoa artzain ona dala.
Ebanjelioa: Lk 15, 3…
            Artzain Ona poztu egiten da ardi galdua aurkitzen dauenean. Salbatzera etorri da eta ez kondenatzera.
            Prestatu gaitezan Barri Ona entzuteko aleluia abestuz.


Herri otoitza
-         -Gu Beragaz baketu eta adiskidetzeko bere Semea bialdu deuskunez, emon deiskula Espirituaren indarra, maitasun horri erantzunez bizitzeko. Eskatu deiogun Jaunari.
-         -Geixorik, goseak, gerrapean, zigorturik, lanik barik sufritzen dagozan guztien alde, baita Jesusengandik urrutiratu diranen alde: aurkitu dagiela euren atsedena eta behar daben laguntza Jesusen bihotz maitetsuaren bitartez. Eskatu deiogun Jaunari.
-         -Mundu honetatik joan jakuzan gure senide, ezagun eta  hildako guztien alde: Jesusen Bihotzaren maitasunari esker gozau dagiela Beragaz alkartuta benetako eta betiko bizitza zoriontsua. Eskatu deiogun Jaunari.
-         -Jesusen Bihotzaren uste ona dabenen alde eta Eukaristia honetan alkartuta gagozanon alde: benetan alkar maitatuz, agertu deigula danei Jesusek deuskun maitasun neurribakoa. Eskatu deiogun Jaunari.
Azken agurra
             Mahai inguruan  Jesusen  Bihotz haren jaia ospatu dogu. Goazen eguneroko bizitzara itxaropenez eta alkar maitatuz izan gaitezen Jesusen jarraitzaile zintzo. Hartu daigun Jaunaren bedeinkapena.
Arteako Jesusen Bihotza parrokia

 

 

JESUSEN BIHOTZ GUZTIZ SANTUA
Hasierako agurra
           Senideok: Jesusen Bihotz guztiz santuaren eguna ospatzen dau gaur Elizak eta Arteako gure parrokiak. Jai honen pozean batu gara geu ere elkarte honetan, Jaunaren maitasuna gogoratu eta eskertzeko. Jesusen Bihotza, izan ere, Jainkoak guztioi deuskun neurrigabeko maitasunaren ezaugarri gertatzen da. Eta, era berean, gure bizitzako bidean beti gurekin dogun adiskide eta lagun onaren azalpen. Giro honetan ospatuko dogu, bada, fedez eta esker onez Jesusengan agertu jakun Jainko-maitasuna.
V/.      Jaungoiko gure Aitak
           eta Jesukristo gure Jaunak
           eman deitsuela bere grazia eta bakea.
R/.      Bedeinkatua Jaungoikoa,
           Jesukristo gure Jaunaren Aita.
Damu-otoitza
Senideok: Gu pekatutik ataratzeko
eta bizi barrira bideratzeko
bere burua heriotzaraino eskaini eban
Jesus Jauna bera dogu geure batzarraren erdian.
Jarri gaitezen, bada, Beraren aurrean
apaltasun eta isiltasun-giroan
eta geure pekatuak aitortuz,
eskatu deiogun errukia eta parkamena. (Isilunea)
-     Jesus Jauna, bihozbera eta apala zarana: Erruki Jauna.
-     Jesus Jauna, pekatutik eta heriotzatik ataratzen gaituzuna: Kristo, erruki.
-     Jesus Jauna, neurrigabeko maitasunez maite gaituzuna: Erruki, Jauna.
           Erruki dakigula...
Otoitza
Jainko Aita ona,
zure Seme maitearen Bihotza goresten dogula,
zure maitasunaren dohai miragarriak ospatzen ditugu;
iguzu, Jainko-iturri horretatik hartu dagigula
gainezka darion grazia.
Zure Seme Jesukristo.
Jainko-herriaren otoitza
           Senideok. Egin deiogun otoitz Jaungoiko gure Aitari, bere Semearen bidez maitasunez eta errukiaz bete gaituenari. Aurkeztu deioguzan, uste osoz, geure beharrak eta gizon-emakume guztienak.
-     Jesukristoren Bihotzetik sortua dan eta Haren Odoletik etengabe indarbarritzen doan Elizaren alde, eskatu deiogun Jaunari.
-     Anaitasunean eta elkar maitasunean bizitzera deituak izan diran munduko gizon eta emakume guztien alde, eskatu deiogun Jaunari.
-     Oinaze eta larritasunean edota bakarrik eta lagunik gabe aurkitzen diran gure senide guztien alde, eskatu deiogun Jaunari.
-     Jesus ezagutu ez dabenen edota ezagutu ondoren alde batera itzi dabenen alde, eskatu deiogun Jaunari.
-     Bere maitasunaren ezaugarri izatera deitu eta elkarte honetan batu gaituenon alde, eskatu deiogun Jaunari.
           Zure Seme Jesusengan zeure errukia agertu deuskuzun Jaungoiko Aita, entzun gure eskariak eta bete egizu mundu osoa zeure maitasunaren ontasunez. Jesukristo gure Jaunaren bitartez. Amen. 
Oparien gaineko otoitza
Begira, Jauna, zeure Semearen Bihotzeko maitasunari;
gure eskeintza Zuretzat atsegingarri izan daiten,
eta guretzat pekatuen garbigarri.
Jesukristo.
Prezazioa
Jauna zuekin.
Eta zure espirituarekin.
Gora bihotzak.
Jaunagan daukaguz.
Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari.
Egoki da eta zuzen.
Egoki da, bai, eta zuzen
non-nahi eta beti Zuri eskerrak emotea,
Jauna, Aita guztiz santu,
Jaungoiko ahalguztidun betiko Horri,
Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
Berak, maitasun harrigarriak eraginik kurutzera jasoa izan zanean,
bere burua guretzat eskaini eban,
eta bere saihets edegitik odola eta ura isuri zituan,
handik sortu eitezan Eleizearen sakramentuak;
eta gizon-emakume guztiak,
Salbatzailearen Bihotz edegira baturik,
poza edan dagien Salbamenaren iturritik.
Horregaitik, santu eta aingeru guztiekin goresten zaitugu,
Beti eta beti abesten deustugula: 
Jaunartze ondorengo otoitza
Zure maitasunaren sakramentu honek, Jauna,
maitasun-garra emon deiskula;
Kristogaz geroago eta gehiago bat izan gaitezan,
eta gure anai-arrebetan Bera ikusten ikasi dagigun.
Jesukristo.
AZKEN AGURRA
           "Zoaze Jaunaren bakean", esaten deusku abadeak. Goazen, ba, Jaunaren bakea ereitera, goazen Jesusen maitasunaren barri emotera; goazen Jesusen testigu izatera. Bere bedeinkapena geugaz izango dogu.
 
Izan zaitez beti Jesus maitea, 
gure bihotzaren Jaun ta Jabea.

1. Jesusen bihotza dago suturik,
maitasuna agertzen alde guztitik.
2. Non aurkituko da bihotz gogorrik
bihotz honen suan urtuko ez danik.

3. Ez du Jesus onak ez atsedenik
gu oso bereak egin gaberik.
Kanta hau Artean kantetan da egun honetan. "KANTA DAGIGUN DANOK" liburuan 134. kanta da. (M A Lazkano.- N. Otaño) Gazteleraz "DUEÑO DE MI VIDA..."
 

Gogoetak 
 
XVII. mendearen erdi aldera sortu eban Jesusen Bihotzarekiko jaiera edo debozioa San Joan Eudes abade frantsesak, eukaristia ospatzeko testuak ere hautatu ebazala. Frantziako gotzain batzuek onespena emon eutsoen. Santa Margarita Maria Alacoque-k Jesusen Bihotzaren agerpenak izan ebazala-eta, indar handia hartu eban debozio honek, baita hileko lehen barikuetan jaunartzeko ohiturak ere, eta Eleiza osoan jai berezia egiteko proposatu eban Margaritak, pekatuen parkamena eskatzeko. 

Colombiere, Croiset eta Gallifet jesuitek asko lagundu eutsoen horretan. XVIII. Mendean asko zabaldu zan Jesusen Bihotzarekiko debozioa Euskal Herriko eleizetan, aita Mendibururi eta beste jesuita batzuei esker. Erromako aita santuek ere gero eta maila handiagoa emon izan deutsoe jai honi, nahiz eta beti izan diren teologia eta liturgia aldetik kritikak edin dabezen autoreak.


Dionisio Amunduarian: Egunean Eguneko Ebanjelioa.

Eleizearen lehen egunetatik izan da Jesusen Bihotzarenganako jaiera edo debozioa, ura eta odola urten eben Jesusen saihets eta Bihotz irekiaren inguruan gogoeta egiten zanean.
Bihotz horretatik jaio zan Eleizea, eta holan zabaldu ziran zeruko ateak. Bihotz Guztiz Santuarenganako jaiera, beste debozio guztien gainetik dago Jainkoaren Bihotza gurtzen dogu-eta.
Aita Pedro Arrupe, Jesuiten Jeneral izandakoak esaten eban: “ez da inongo arkaismo santujalea, Kristoren Bihotzari zuzentzea, bere pertsonan somatzen ditugun balioen bilduma osoa hitz bakarrean batuz. Ez dago hobeto iradoki eta adierazten dauan beste esamolderik “zenbaterainokoa dan zabal eta luze, gora eta sakon, jakinduria guztien gain dagoen Kristoren maitasuna ” (Efesoarrak 3,18). Ez Joanen Logosa, ez jakinduria, ez Gizonaren Semea, ez Mesias. Ezta Jesusek zentzu metaforikoan bere buruaz esaten dituenak ere: bidea, egia eta bizia, argia, artzain ona, mahatsondoa, bakea, etab. Jesusek berak, bere buruaren barri sentimendurik sakonenak erabiliz hitz egiten deuskunean, hizkuntzarik ulergarriena erabili dau: “Ikasi nigandik, bihozbera naiz eta apala” (Mateo 11,29).
Luis Manuel de la Encina, editorea: Egunean eguneko ebanjelioa liburutik hartua. 

Gogoeta


Kulturarik gehienentzat, pertsonaren «erdigunea» sinbolizatzen

dau bihotzak; pertsonaren alde guztiak bat egiten daben gorputz-gunea da. «Bihotz oneko» pertsona ez da sentimentalismoak

dominatua, batasuna eta koherentzia lortu dauzena baino, heldutasun-oreka dauena; honek guztiak objektibo eta bihozkoi izateko aukera emoten deutso, argi eta grinatsu, intuitibo eta arrazional izateko aukera, inoiz ez hotz, beti abegitsu; inoiz ez itsu, beti errealista. Batan bati buruz «bihotza dau» esateak, nortasun integratua dauela esan nahi dau.

Aurten, Jesusen Bihotzaren eguneko testuek artzainaren irudia dabe mamitzat eta beroren egintzetatik bi azpimarratzen dabez batez be: «bila ibili eta poztu».

Jesusek bere barruan dauen zeozer agertzen deuskue bi aditz horiek: norbait bila hasten bada, bilatzera eragin deutson gabeziaren bat nabaritu dauelako izan da.
«Zuen beharra dau Jainkoak», esaten deuskue, albiste txundigarri hori sinistea kostatzen bajaku be.
«Larri egon ohi da, urduri eta artega, galtzen zaituenean. Berea dauena gordetzeko jabe gutiziatsu eta lehiatsu lez portatzen da Jainkoa; ezin jasan dau, ez galtzerik txikiena, ez ezertan kaskartzea bereei dagokienez, eta aurkitutakoaren barruan izten dau bere poza».
Horixe da, hain juxtu, guk aberastasunen aurrean sentitu ohi
doguna; horregaitik senti geinke, gu holako aberastasun desiragarria garela Jesusentzat eta halako eragile garela Ha poztuteko.



 


   Irakurgaiak   
A urtea

Irakurgaia 1


Atsegin izan zaituelako aukeratu zaitue Jaunak.

Deuteronomio liburutik
Dt 7, 6-11

Honan berba egin eutsan Moisesek Israel herriari: «Jaunarentzat, zeure Jainkoarentzat, sagaratutako herria zara: Berak aukeratu zaitu munduko herri guztien artean beraren herri, beraren jabego berezi, izateko.
Jaunak atsegin izan eta aukeratu bazaitue, ez da, ez, beste herriak baino handiago zareelako —txikiena zaree eta—, zuen arbasoei eginiko zin-berbea bete gura izan daualako baino; horregaitik, hain zuzen, atara zaitue ahalmen handiz esklabotzatik eta askatu Egiptoko faraoiaren menpetik.
Autortu egizu, beraz, Jauna zure Jainkoa dala egiazko Jainkoa: Jainko leiala, maite dabenei eta beraren aginduak beteten dituenei itun-berbea gorde eta ondogurea mila belaunaldiz agertzen deutsena; gorroto deutsanari, barriz, zuzenean emoten deutso ordaina eta hondatu egiten dau, luzatu barik emoten deutso ordaina.
Bete, bada, gaur emoten deutsudazan agindu, lege eta erabagiak».

Salmoa


Sal 102, 1-2. 3-4. 6-7. 8 eta 10

R/. Bihozbera eta errukiorra da Jauna.

Bedeinkatu begi nire arimak Jauna,
nire barru osoak haren izen santua.
Bedeinkatu begi nire arimak Jauna,
ez begiz ahaztu haren mesedeak. R/.

Erru guztiak deutsuz parkatzen,
gaitz guztiak osatzen;
zure bizia hilobitik askatzen dau,
maitasunez eta errukiz koroatzen zaitu. R/.

Jaunak justizia egiten dau,
zapaldu guztien eskubideak defendatzen ditu.
Bere egitasmoak erakutsi eutsazan Moisesi,
bere egintza handiak israeldarrei. R/.

Bihozbera eta errukitsua da Jauna,
haserregaitza eta ondoguraz betea.
Ez gaitu erabilten gure pekatuak merezi daben lez,
ez deusku ordaintzen geure erruen arabera. R/.

Irakurgaia 2


Jainkoak maite gaitu.

San Joan Apostoluaren lehenengo gutunetik
1 Jn 4, 7-16

Seme-alaba maiteok: Maitatu dagigun alkar, maitasuna Jainkoagandik datorrelako, eta maite dauan guztia Jainkoagandik jaioa da eta ezagutzen dau Jainkoa. Maite ez dauanak ez dau ezagutzen Jainkoa, Jainkoa maitasuna da-eta. Jainkoak deuskun maitasuna honetan agertu zan: Jainkoak bere Seme bakarra bialdu ebala lurrera, gu haren bidez bizi gaitezan. Honetan datza maitasuna: ez guk Jainkoa maite izatean, Harek gu maite izatean baino, eta bere Semea gure pekatuen parkamen-oparitzat bialdu izatean.
Seme-alaba maiteok, Jainkoak gu hain maite izan bagaitu, guk ere maitatu egin behar dogu alkar. Jainkoa ez dau inork inoiz ikusi. Alkar maite badogu, Jainkoa gugan dago, eta haren maitasuna bere betera heldu da gugan. Guk badakigu Haregan gagozana eta Ha gugan, eta hori, bere Espiritutik emon deuskulako. Guk ikusi dogu eta autortzen Aitak bere Semea bialdu ebala munduaren salbatzaile. Norbaitek autortzen badau Jesus Jainkoaren Semea dala, Jainkoa haregan dago, eta ha Jainkoagan. Guk ezagutu dogu eta sinestu Jainkoak deuskun maitasuna. Jainkoa maitasuna da, eta maitasunean dirauana Jainkoagan dago eta Jainkoa haregan.

Ebanjelioa


Bihozbera naz eta apala.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 11, 25-30

Aldi haretan, Jesusek esan eban: «Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza honeek jakintsuei eta burutsuei gorde eta jente apalari agertu deutsazuz-eta. Bai, Aita, holan izan dozu gogoko. Nire Aitak dana emon deust, eta ez dau inork Semea ezagutzen, Aitak baino; ezta Aita ere, Semeak baino eta Semeak agertu nahi deutsanak baino.
Zatoze Nigana nekatu eta zamapetu guztiok, eta Neuk arinduko zaituet. Hartu egizue nire buztarria eta ikasi Nigandik, gozoa eta bihotz-apala nazalako, eta aurkituko dozue zeuen arimentzako atsedena. Nire buztarria leuna eta nire zamea arina da-eta». 


B urtea
 
Irakurgaia 1
Ikaraz jarten jat bihotza.  Oseas Profetaren liburutik Os 11, 1b. 3-4. 8c-9  Honan berba egiten dau Jaunak: «Israel umea zala, maite izan neban; eta Egiptotik dei egin neutsan neure semeari. Nik erakutsi neutsan oinez Efraimi, besoetan eroan neban; halan ere, ez ziran ohartu Nik zaintzen nituala. Amodio-lokarriz erakarten nituan, maitasun-loturaz: umetxoa musuraino jasoten dauana lez nintzan hareentzat; makurtu eta jaten emoten neutsen. Ikaraz jarten jat bihotza, dardaraz erraiak. Ez deutsat hasarreari bizten itziko; ez dot Efraim barriro hondatuko, Jainkoa naz-eta Ni, ez gizakia, santua Ni zuen artean, eta ez nator hasarre-suminez». 
Salmoa 
Is 12, 2. 3 eta 4bcd. 5-6   

R/. Atarako dozuez urak pozetan salbamenaren iturrietan.  Bai, Jainkoa dot salbatzaile! Beragan dot uste on eta ez naz bildur. Jauna dot indar eta babes, bera salbatzaile.  R/. Pozik joango zaree zuek ere salbamen-iturritik ura edatera, eta egun haretan holan esango dozue: “Goratu egizue Jauna, dei egin berari, iragarri haren egintzak herriei! Ezagutuazo zein bikaina dan!  R/. Kanta Jaunari, gauza harrigarriak egin ditu-eta; mundu guztian jakin beige Haren barri. Egin poz-irrintzi eta oihu, Siongo bizilagunok, handikiro dihardu eta zuen alde Israelgo Santuak. R/. 
Irakurgaia 2 
Ezagutuko dozue jakintza guztiaren gainetik dagoan Kristoren maitasuna. 

 San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako gutunetik Ef 3, 8-12. 14-19   

Senideok: Niri, fededun guztien artean txikiena nazan honi, dohai hau emon jat: Kristoren neurribako aberastasuna jentilei iragartea, eta guztiei argi adierazotea zelan diharduan beteten, Jainkoagan, gauza guztien egileagan, betidanik gordeta egoan asmo ezkutua. Holan, agirian jarten jake orain, Eleizearen bitartez, zeruetako aginte eta botereei Jainkoaren era askotako jakituria, Berak betidanik eban, eta Kristo Jesus gure Jaunagan burutu dauan, asmoaren jakituria. Kristori esker eta Beronegan dogun sinesmenaren bitartez ausartzen gara konfiantza osoz Jainkoagana hurreratzera. Horregaitik, belauniko jarten naz Aitaren aurrean, bai zeruan eta bai lurrean familia guztien sorburu danaren aurrean, eta hau eskatzen deutsat: bere aintzaren aberastasunari jagokonez, sendotu zagiezala bere Espirituaren indarrez, barrutik bizi zaitezen; bizi daitela Kristo zuen bihotzetan sinesmenaren bidez eta izan daitela maitasuna zuen bizitzaren erro eta oinarri. Holan ulertu ahal izango dozue, fededun guztiakaz batera, zeinen zabal eta luze, garai eta sakon dan Kristoren maitasuna; ezagutuko dozue jakintza guztien gainetik dagoan maitasun hori; eta, holan, Jainko-izatearen betetasunaz beteko zaree. 
Ebanjelioa 
Saihetsa zulatu eutsan, eta odolak eta urak urten eben. 

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik Jn 19, 31-37 

 Pazko-jairako prestaketa-eguna zan, eta juduek ez eben gura gorpuak zapatuz kurutzean gelditzerik, zapatu ha oso jaiegun handia zan-eta. Horregaitik, kurutzeratuei berna-hazurrak hausi eta handik kentzeko eskatu eutsoen Pilatori. Joan ziran, bada, gudariak eta berna-hazurrak hausi eutseezan Jesusegaz kurutzeratutako biei; baina, Jesusegana heldu ziranean, ordurako hilik egoala ikusirik, ez eutsoen berna-hazurrik hausi; gudari batek lantzaz saihetsa zulatu eutsan, eta bat-batean odolak eta urak urten eben. Ikusi ebanak berak autortzen dau eta haren autormena egiazkoa da. Berak badaki egia dinoana, zuek ere sinestu dagizuen. Hau Liburu Santuak dinoena bete eiten jazo zan: «Ez deutsoe hazurrik hausiko». Eta beste pasarte batean hau dino: «Zulatu ebenari begiratuko deutsoe». 

C urtea

Sal 22, 1-3. 4. 5. 6

R/.Jauna dot artzain, ez naz ezeren beharrean.


Jauna dot artzain, ez naz ezeren beharrizanean;
larre gurietan etzunazoten nau,
ur-bazter nasaira eroaten
eta indarrak barritzen;
bide segurutik naroa,
bere izenari ohore eginez. R/.

Ibar baltz-ilunean banabil ere,
ez naz gaitzaren bildur,
Zu nigaz zagoz-eta:
zure artzain-makileak nasaitzen nau. R/.

Mahaia atontzen deustazu
arerioen begi-bistan;
orioz igurtziten deustazu burua,
gainezka dot kopea. R/.

Zoriona eta maitasuna ditut lagun,
bizitzako egun guztietan,
eta Jaunaren etxean biziko naz
amaibako egunetan. R/.  


Ebanjelioa


Poztu zaiteze nigaz, aurkitu dot-eta galdutako ardia.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 15, 3-7

Aldi haretan, parabola hau esan eutsen Jesusek fariseuei: «Zuetako bat, ehun ardi izan eta bat galtzen bajako, ez da beste laurogeita hemeretziak larrean itzirik, galdutakoaren bila joaten aurkitu arte? Eta, aurkitzen dauanean, lepoan hartzen dau poz-pozik eta, etxera heltzean, adiskideak eta auzokoak batu eta esaten deutse: "Poztu zaiteze nigaz, aurkitu dot-eta galdutako ardia".
Hara Nik esan: Jainkoak bere poz handiagoa hartzen dau bihozbarritzen dan pekatari bategaitik bihozbarritu beharrik ez daben laurogeita hemeretzi zintzoakaitik baino».  

No hay comentarios: