Zer dan Aste Santua minutu baten azaldua

jueves, 11 de noviembre de 2021

San Martin jaia Artea, Bedia eta Lemoan


Arteako San Martin ermitako erretaula
                                          
Bedian Ereño auzoan, zapatuan, azaroaren 13an, 12:00etan; Lemoako Arraño auzoan, 13:00etan, eta  Artean, Artean ospakizuna domekan, azaroaren 14an, 11:00etan, bere ermitean bertan ospatuko da, berraz Artean, parrokian, ez da egongo ospakizunik.

Azaroaren 11an, San Martin eguna ospatzen dogu. Santu oso ezaguna eta maitatua Euskal Herrian eta mundu zabalean. Bizkaian bakarrik, 12 parrokik eta beste 24 ermitak haren izena daroe; eta haren izeneko beste 18 ermita desagertu egin dira.   
 
Azaroak 11,  SAN MARTIN EGUNA


SARRERAKO OHARKIZUNA

            Jaunaren izenean, egunon guztioi.

            Gaur, San Martin eguna ospatzen dogu. Santu oso ezaguna eta maitatua Euskal Herrian eta mundu zabalean. Bizkaian bakarrik, 12 parrokik eta beste 24 ermitak haren izena daroe; eta haren izeneko beste 18 ermita desagertu egin dira.

            Kristinaua ez zan familia baten jaio zan. 23 urte zituala, Bateoa hartu eban eta Frantziako Tours urian gotzain izan zan. Haren bizitzatik zerbait azpimarratzekotan, gauza bi honeek izentatu geinkez: behartsuakanako maitasuna, eta Jesusen Ebanjelioa iragarten Frantziako hainbat lurraldetan egin eban ahalegin haundia.

            Meza santu honetan, eskatu dagigun geuretzat eta Eliza osoarentzat San Martinen behartsuakanako maitasuna eta Ebanjelioa iragarteko garra.

            Hasi gaitezan, danok alkartuta abestuz: "Bihotz batez alkarturik..."


DAMU-OTOITZA

            Senideok, Pekatari garean ezkero, ospakizun hau hasterakoan, eskatu deiogun parkamena Jaun errukitsuari:

            "Erruki, Jauna!"  /  "Pekatu egin dogu-ta".


HITZAREN LITURGIA


Is 61, 1-3a  (752 or.)

            Isaiasek gogoratuko deusku Mesias behartsuei barri ona emoteko aukeratua eta bialdua izan dala. San Martinek ere, gizaldi batzuk geroago, dei bardina entzun eban.

Erantzun-Salmoa:  "Jauna, zure maitasuna..."

Mt 25, 31-40  (788 or.)

            Besteen alde, eta batez ere behartsuenen alde, egiten dogun guztia Jesusek berari egina lez hartzen dau eta saritzen dau.

            "Aleluia".

JAINKO HERRIAREN OTOITZA

            Egin deiogun otoitz, gizon-emakume guztien Aita dan Jaungoikoari:

            - Kristau herri osoaren alde: Jaungoikoaren errukia eta laguntza beti beragaz izan dagizan.         ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

            - Gure herri-agintarien alde: euren buru-bihotzak era guztietako ondasunak bilatzera eroan        dagizan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

            - Meza honetara etorri ezin izan diran gure anai-arreba guztien alde: batez ere geisoen eta          zaharren alde: Jaunaren maitasunak inguratu dagizan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

            - Gure alde, gure etxeko eta lagunen alde, Bizkaia Irratiaren laguntzaz une honetan gugaz          bat eginda dagozan guztien alde: bizitzan San Martinen antzera jokatzeko, haren                   laguntza izan daigun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

            Entzun, Aita ona, gure eskariak. Jesukristo gure Jaunaren bitartez. Amen.


AZKEN AGURRA

            Meza santu hau amaitzean, goratu dagigun Santu guztien Erregina dan Maria.

            "Agur Jesusen Ama....." 



Arteako San Martin ermitea

HISTORIA APUR BAT


Aspalditik, San Martin eguna urteko jairik gustukoena da gure inguruko hainbat lekutan. Egun hau lehenengo edurtearen etorreragaz edo txarri-hilketagaz lotzen zan, eguna egiteko horreetarako egokienentzat joten zalako. Nekazarien artean, orain dala mende laurden arte, “zenbat eta txarri-hilketa gehiago, orduan eta aberastasun gehiago” egoten zala uste zan, azaltzen deuskue Labayru ikastegitik. Horregaitik, ez da harritzekoa baserri batzuetan txarri-hilketa bi egitea: bata, San Martin egunean edo abenduan eta bigarrena, otsailean.

Makina bat esaera zahar dago euskeraz San Martini buruz. Hona hemen ezagunenetako bi: San Martin zegaz, San Roman haregaz eta Santa Katalina beragaz / San Martin, negua atzetik edo aurretik, gehienean bietatik.

Soldaduen zaindaria
 
Munduan zehar, bere izenpeko tenplu gehien daukien santuetako bat da San Martin. Geure elizbarrutian bakarrik, 12 parrokia daukaguz santuari eskainita. K.o.ko 316an jaio zan, Tourseko Martin lez. Panonia Garaiko –gaur egungo Hungaria- erromatar probintzian erromatar tribuno militar paganoa zan bere aitak ejertzitoan sartzera derrigortu eban 15 urte eukazala. Kondairaren arabera, neguko egun hotz batean, erromatar tropa Amiens uri frantsesean sartu zan. Han, Martinek erdi bilozik egoan eskale bat ikusi eban kalean errukia erregutuz. Baina ez eroian txanponik aldean eta hotzetik babesteko asmoagaz bere ezpataz bere kapa militarra erditik zatitu eta zati ba teman eutsan. Biharamon gauean, hain zuzen be kapa zati horregaz jantzita egoan Jesukristo ikusi eban amesetan. Seguruenez agerpen horren eraginez, Martinek bateoa hartu eban 339ko Gau Santuan eta bere bizia Jaungoikoari eskaintzea erabagi eban. Baina beste 15 urte inguru itxaron behar izan eban ofizial mailara igon eta ejertzitoa itzi arte.

372an gotzain ordenatu eben Toursen. Nahiz eta izendapen hau jaso, monje baten antzera bizitzen jarraitu eban Loira ibaitik hurran egoan txabolan, beranduago Marmoutiers abadia jaso zan lekuan. San Martin 397an hil zan Candesen, Toursetik hurran, 81 urteko zala.

Soldaduen zaindaria da eta, Asiseko San Frantziskogaz batera, ehuleen eta ehun-fabrikatzaileena.

Historiaren iturria: bizkeliza.org



San Martin, negua atzetik edo aurretik,

gehienean bietatik


Zemendiaren 11an ospatzen da San Martin, eta herri egutegian txarria hilteko sasoiaren hasiera da, orduan hasi eta Gabon bueltara arte. San Martin egunaren ganean badago makina bat esaera; batzuk eguraldiagaz lotuta, besteak jatekoagaz. 

Nekazarien munduan Euskal Herriko etxe eta familiarik gehienetan txarria hiltea usua izan da. Busturian esaera hau erabilten eben baten bat etxe onera ezkontzen dala esateko: txarria hilten daben lekura ezkondu da

Txarria hilten danean auzoko, senitarteko eta urtean zehar zerbitzuren bat eskaintzen deutsenei (abadea, medikua, maisu-maistra...) odolosteak eta txarriaren beste gorputz atalak emoten jakez. Holan, batzuen eta besteen artean trukea egiten da. Hori oinarri hartuta, Bizkaian badago esakera bat: odolosteak ordeaz. Horrek esan gura dau, norberak zer egin (ona zein txarra), besteek be haxe egingo deuskuela. 

Herri-kulturan asko agertzen da santu hau gure artean, San Martin txiki moduan askotan. Tradizinoak dinoanez, zuhurra be zuhurra zan, jentil eta basajaunei trikimailuen bitartez kendu eutsien euren jakituria, eta horreri esker ezagutu dauz gizakiak lurra landuteko hainbat gauza: gari-hazia, artoa noiz erein, zerrea zelan egin, errotarria zelan dabilen... 

Azkuek ipuin hau batu eutsan Ermuko andra
bateri (Euskalerriaren Yakintza 2, 312-314 or): 

"San Martin errementaria zan. Behin bere arazo artean, nekearen nekeaz eta beroaren beroaz edo, minduta hasarrez egoan gizona, eta Txerreni, estualdi hatatik ataratearren, arimea emoteko gertu egoala esan eban. Behingoan agertu jakon Txerren.
-Hamen naukak, Martin -esanda.
-Ez haut nik behar hi ezetarako.
-Heuk dei egin daustak eta hona ni.
-Dei egin badauat zer egiten joadan ez dakidala egin izango joat.
-Ta ta ta ta ta! Neugaz behar dok.
-Ezetariko gogo bagarik egin dodala.
-Martin, nire eskuetatik jara (libre) egon gura badok, gauza bi egin behar izango dozak oraintxe: lehenengoa, burdinazko tresna barri bat asmau; bigarrena, hamabi misterio handiak zeintzuk diran esan.
-Burdinazko tresna barri bat! -hagin artean esanda, larri lurrera begira egon zan lehenengo; gero goi aldera, laguntasun eske bailegoan; eta gaztaina-adarretan akasdun orri eder luzeak ikusteak burutasun barri bat sorrarazo eutsan garun artean.
Gero urduri-urduri lanean hasi zan. Burdinazko zatai eta ailarak sutan sartu eta txingura ganera porrikaz ekarri eta taunk eta taunk, taunk eta taunk ekin eutsan San Martinek lanari... Lehenengo zerreak orduantxe gizon baten eskuartetik burua atara eban. 

Bigarren eskabidea, hamabi misterio handiak aitatzea, bien artean egin eben: Txerrenek itaundu, San Martinek erantzun.
-Martintxo, esaik bat.
-Gure Jauna bera dok bat berak salbauko gaiozak; baina ez hi.
-Martintxo, esaik bi.
-Erromako altarak bi, gure Jauna bera dok bat, berak salbauko gaiozak; baina ez hi.
-Martintxo, esaik hiru.
-Hiru trinidadeak hiru, Erromako altarak bi, gure Jauna bera dok bat, berak salbauko gaiozak; baina ez hi.
-Martintxo, esaik lau.
-Lau ebanjelariak lau, hiru trinidadeak hiru, Erromako altarak bi... eta abar.
-Martintxo, esaik bost.
-Jesukristoren zauriak bost, lau ebanjelariak lau, hiru Trinidadeak... e.a.
-Martintxo, esaik sei.
-Sei argi-egileak, Jesukristoren zauriak bost, lau ebanjelariak... e.a.
-Martintxo, esaik zazpi.
-Zazpi Sakramentuak, sei argi-egileak...
-Martintxo, esaik zortzi.
-Zortzirak dira zeruan, zazpi...
-Martintxo, esaik bederatzi.
-Bederatzi ordenamentuak...
-Martintxo, esaik hamar.
-Hamar mandamentuak...
-Martintxo, esaik hamaika.
-Hamaika mila aingeruak...
-Martintxo, esaik hamabi.
-Hamabi apostoluak, hamaika mila aingeruak, hamar mandamentuak, bederatzi ordenamentuak, zortzirak dira zeruak, zazpi sakramentuak, sei argi-egileak, Jesukristoren zauriak bost, lau ebanjelariak lau, hiru Trinidadeak hiru, Erromako altarak bi, Jesukristo bera dok bat, berak salbauko gaiozak; baina ez hi.
-Martintxo, esaik hamahiru.
-Ez, ez dok hamahiru.
-Badok hamahiru.
-Oilarrak joten dau munduan, aingeru ederrak zeruan, neure arimea izten deutsat Andra Mariari altzoan.
Eta orduan itsutu zan Txerren."

Iturria: Labayru Ikastegia