Goazen 2024 Jarri bidean

miércoles, 1 de diciembre de 2021

Abendua: Juan Manuel Etxebarria: Urtaro (eta 15)



Hona hemen Juan Manuel Etxebarriari esker bere Euskal urtea ohituraz betea liburuaren atal barri bat. Oso osorik liburuan bertan aurkitu daiteke bere lana abenduari eskeinia. Guk hona gora behera batzuk dakarguz. Honegaz amaitutzat emoten dogu urtarrilean hasi genduan artikulu sorta honi. Guk 15 atal jarri doguz arratia.tk honetan baina liburuan aurkitu daitekez oso-osorik honeek eta askoz ere gehiago!
Abendua, Santa Luzia, Marijesiak, Olentzero eta Gabonetako ohiturak.


ABENDUA


Hilabete bete betea dogu, bai Kristo aurreko ohituretan zein gerokoetan, neguaren hasiera barruan dalarik.
Lotazila izena hartzen badogu, azaroan ereindako haziaren egoera azaltzen deusku. Hazi hori lo dago eta udabarriak etorri beharko dau garatzeko.
Abendua barriz, Gabon egunari begirako izena dogu, Eleizeak preparazio sasootzat hartu ebana.


SANTA LUZIA

Abenduaren 13an, Santa Luzia.
Erdarazkoa izan arren, esaera esanguratsu bat erabili izan da gure herritarren ahoetan: Hauxe: “ Santa Luzia kreze el día, si kreze o no kreze, poko pareze”. Egia esan, gaur egun zehazturik daukagu solstizioen eguna baina lehenagokoek ere zeozer igartzen eben garai honetan.

MARIJESIAK

Abenduaren 15etik 24ra, hau da, Gabon egunera, bederatziurren lez Marijesiak ospatzen dira gure herrietan. Eguberri-kantuak kantatzen dira etxerik etxe edo kalerik kale. Iparraldean “ noelak” izenarekin ezagutzen dira. Historia sakratua da kantuz azaltzen dana, Adan eta Ebagandik hasi eta Jesusen Jaiotza edo eta Erregenetararte.
Gaur egun, beharbada, Gernika aldean gorde da ondoen ohitura hau. Dana dala, hona hemen Zeberioko bertsio bat.



NAZARETEKO TENPLU SANTUAN  ( MARIJESIAK ZEBERIO )


Nazareteko tenplu santuan                  -San Grabiel Zeruetarik
dontzeila eder bat jarririk                  enbajada zerori.
Izena bere Maria dauko                         Jesusen ama izan egiteko
graziaz ordenadurik.                              badozu borondaterik?

Bai Belenen eta bart Belenen                 Bai Belenen eta bart Belenen
jaio da Jesus Nazaren.                            jaio da Jesus Nazaren.

Ate-bentanak guztiak bere                   -Nik borondatea badot baina
barrutik daukaz itxirik.                         ez dot merezimenturik.
Barrutik daukaz itxirik eta                   - Merezimentu daukazulako
inoz sartu ez daiten gizonik.                 zeu zagoz eskojidurik.

Bai Belenen eta bart Belenen                 Bai Belenen eta bart Belenen
jaio da Jesus Nazaren.                           jaio da Jesus Nazaren.

-Ez, ez plantatu dontzeila ederra          -Doministiku peneaz pena,
hemen ez dator gizonik.                         peneaz doministiku.
Aita eternoak bialduta dator                 Zeure entrainetan
Grabiel Zeruetatik.                                Salbadorea dala sortu.

Bai Belenen eta bart Belenen                 Bai Belenen eta bart Belenen
jaio da Jesus Nazaren.                           jaio da Jesus Nazaren.


NEGUA. NEGUKO SOLSTIZIOA.



 NEGUKO  ESAERAK

1-. Negu hotza, uda beroa
2-. Negu onak, San Martinetarako hiru edurtza.
3-. Negu txarra, ardien muturra latza.
4-. Negua, zaharren hilgarri eta gazteeen zahargarri.
5-. Neguan hotzari eta udan beroari bildur diona, ez da merkatari ona.


Negua, abenduko solstiziotik, hau da, abenduaren 21etik martiaren 21era bitarteko sasoia da.
Egun garrantzitsua euskaldun zaharrentzat zein gaurkoentzat. Egunik laburreneko eta gaurik luzeeneko egun honetan, eguna luzatzen hasten da, harik eta ekaineko solstiziora heldu arte.
Kristautasunaren etorrera  ardatz bezala hartuta, jakin badakigu kristau aurreko euskaldunek ere ospatzen ebela sasoi hau, ez gaur besteko zehaztasunez, gitxi gora behera baino.
Solstizio biak dagoz argiarekin lotuta eta hala ospatzen izan dira gaurko egunetararte. Ekainean, sugarrak eginda eta abenduan supazterrean zubil-enborra isiotuta.
Kristautasunaren eraginez, solstizio biak aldatu ziran 21etik 24ra eta kristau kutsua emon, ekainekoan San Juan ospatuz eta abendukoan Eguberri edo Gabon.
Gure Euskal Herri zahar honek, mendeak joan mendeak etorri, aldatu zein gorde egin ditu ohitura zaharrak, sarritan nahastuta agertzen jakuzalarik.
Eguberri garaia azaltzeko, hau da, Gabonetatik Gabonzaharretara bitartekoa, lehenengo eta behin Kristoren jaiotzaren barri emoten deuskun ipuin mitikoa aipatuko dugu, Olentzerorena, gero Gabon-ohiturekin jarraitzeko.



OLENTZERO ETA EGUBERRI



Euskaldunon tradizio zaharra, ahorik hara etorri jaku belaunaldiz belaunaldi eta horrela jaso euskun On Jose Migel Barandiaranek Olentzeroren ipuin eder eta esanguratsu hau.

“Behinola, kristau aurreko basajaunak edo jentilak Eguberri ospatzeko alkartu omen ziren Aralar mendiko landa zelai baten.
Neguaren hasiera-hasiera zen, udaren hasierarik hona laburtzen-laburtzen zetorren egun-argia luzatzen hasteko eguna, Eguberri hain zuzen.
Denak zeuden pozik. Basajaun gazteak saltoka eta harri-bolan ziarduten, helduagoak indar gutxiko eguzpipean dantzan eta zaharrenak jezarrita ingurumarietan denera adi.
Basajaunik zaharrena ez zegoen besteekin, atzeragoan baino. Zaharraren zaharrez, begiak ere itxita zeuzkan, gorputza sor, burua arin, eskuak indarga eta hankak loka. Ez zen gauza jezarrita egoteko ere eta horrexegatik zeukaten haitz bati deutsala, erdi etzanda basajaun zahar gizaixoa.
Eguberri osoa eman zuten ospakizunetan eta ilunabarra noiz helduko zegoela, argi berezi bat ikusi zuten ekialdetik.
Pentsakor geratu ziren denak ere eta inor ez zen ausartzen ahorik askatzen ha argia zer izan zitekeen azaltzeko, inoiz ikusi bakoa bait zen.
Iluntzea aurrera joan ahala, argi berezi hori geroago eta hurbilago zeukaten eta basajaun horietako ausartienak hasi ziren esaten batak besteari:
-Hi, eguzkia zetorrek berriro! -batek-
-Hago ixilik! - beste batek-, eguzkia sartu duk sartzamendian; hori ilargi bizia izango diagu.
-Zaudete biok ixilik!-hirugarren batek-, ilargia ilberrian zegok, beraz, hori argi hori izar handiren bat izango delakotan negok.
Eztabaidok entzun orduan, basajaun guztien buruzagiak hitza hartu eta era honetara hasi zitzaien berbetan:
-Nik neuk ere ez zekiat hori argi hori zer den, ez bait diat inoiz ikusi holakorik, baina beharbada, han baztertuta zeukeagun basajaun zaharrenak zerbait jakingo dik!
Nagusiaren hitzok entzun eta gero, joan egin ziren basajaun zahar-zahar haregana eta esan:
-Hi, argi berezi eta handi bat ikusten diagu ekialdetik eta hor gaudek zer den ulertu ezinik, hik heuk ba al dakik zer den?
-Nola arraio jakingo diat ba ezin dizkiat begiak zabaldu ere egin eta!
Zahar horren berbak entzun orduan, hartu besartean eta beste basajaun guztien erdira eroan zuten.
Behin erdiraz gero, argiari adi jarri zuten eta buruzagiak begiak zabaldu zizkion argi berezi hori ikus zezan.
Adi-adi geratu zen basajaun zaharra eta halako baten bere beso indarga biak gora goraka jasoaz badino:
-Kixmi jaio duk! Kixmi jaio duk! Kixmi jaio duk! Gureak egin dik! Gureak egin dik! Gureak egin dik! Bota nazazue Aralar-eko haitzetik behera! Bota-bota-bota!
Beste basajaun guztiak harrituta gelditu ziren eta urtenbiderik ez zeukatela ikustean, basajaun zahar horrekin batera, bata bestean atzean, denak galdu ziren betiko, denak bat izan ezik: OLENTZERO.

Olentzero basajauna izanik, herritarren laguna zen. Beste basajaunak haserre ibilten ziren sarritan herritarrekin. Herritarrek bazekiten basajaunak eurek baino aurreratuago zebiltzala labrantza eta burdingintzan baina baten baino gehiagotan, zuhurtasuraren bidez, lortu egiten zituzten aurrerapideok basajaunengandik: esate baterako, garia, artoa, errota-harriaren haltzezko ardatza, burdina soldatzearen teknika edo gaztaina orriaren itxuran egindako zerra edo trontza.
Orregatik Olentzero pentsakor geratu zen beste basajaun guztiak galtzen ikustean eta bere buruari esaten zion:
-Ni neu ez, ni neu ez nihoak beste basajaun guztiak lez amildegian galtzen, nik neuk maite dizkiat herritarrak eta gaur jakin dugun berria jakin behar ditek, gureak egin arren, eurenak aurrera egiteko kristautasunaren aro berrian.Horretarako, herrira joan eta berri ona zabaltzen hasiko nauk baserririk baserri.
Esan eta egin. Olentzero mendia behera hasi zen herrirako bidean. Atzerik hara argi bereziak jarraitzen zion eta lehenengo baserrietara haldu zenean santzoka eta berba indartsuz hasi zen esaten:
-Herritarrok, kixmi jaio zaizue! Begira horri goiko argi berezi horri, ekialdetik datorren argi pozgarri horri! Gureak egin du baina orain zeuona duzue aro berri hau, poztu zaiteze, poztu!
Baserritarrak asko poztu ziren Olentzeroren berbak entzutean eta esaten zuena egia zela ikustean badino batek:
-Hi, Olentzero, zergatik ez goazek hi aurretik eta gu guztiok atzetik garela herriko baserri guztietara eta gero herriaren erdiko harizpera!
-Ba, joatea baino ez zegok! -erantzun zion Olentzerok-.
Han zihoazen baserririk baserri berri ona zabaltzen eta bat esanda bera ere ez zen etxean geratzen, denak Olentzeroren atzean.
Herri guztiko ateak jo zituztenean eta denak harizpean alkartu, Olentzero hasi zitzaien esaten:
-Banan-banan ere esan dizuet baina kixmi jaio zaizue! Beste basajaun guztiek kontrakotzat hartu dute berri on hau eta “kixmi” izena ere horrexegatik jarri dio gure basajaun zaharrenak.Esan dizuet baina berriz diotsuet: beste basajaun guztiak amildegian galdu dira eurenak egin duela eta. Ni ostera, hemen nauzue lagun lez, lehengo aroko azken basajauna izan arren.Etorkizunean zintzo jarraitu gaur jaio berri duzuen salbatzaileari!
Herria asko poztu zen eta jai handi bat antolatu zuten Olentzeroren inguruan. Zenbat gura eta harexen beste jaki eta edaki eman zioten Olentzerori eta euren benetako poza adierazteko bertso hauek egin eta kantatu ere egin zizkioten ohitura zaharrari eutsiz:

“Olentzero joan zaigu
mendira lanera
intentzioarekin
ikatz egitera.
Aditu duenean
Jesus jaio dela
lasterka etorri da
berri ematera.

Horra-horra gure Olentzero
pipa hortzean duela
ezerita dago
kapoiak ere baditu
arraultzatxoekin
bihar meriendatzeko
botila ardoarekin.

Olentzero, buru handia
entendimentu gabia
bart arratsean edan omen du
bost arroako zahagia.
Ai urde tripa handia!

Olentzerok, jan-jan eta edan edanak eginda, hauexek berbok esan zizkion pozez beterik zegoen herriari:
-Banoatzue, lagun izan nauzue orain arte eta orain joan noa hortik zehar nonbaiten estaltzera baina ohiturak ohitura izaten direnez, urtero-urteroko Eguberrietan hemendik izango nauzue opariz beterik, zahar, heldu eta batez ere ume guztien pozerako. Agur eta datorren Eguberrietararte!


GABONETAKO OHITURAK


Gabon ohiturak ugariak eta aberatsak ditugu batean bestean. Ohiturotara hurbiltzeko Gorbeia inguruko baserri batera joko dogu, gaurko egunetako hiritar ume batzuen aiton-amonen baserrira.
 

“ Gorbeia mendiaren inguruko herri txikitxo baten, edurrak daragoio mara-mara goian behean. Gabonak datoz eta ia dana dago prest aitita Pello eta amama Bixentarenean.
Pellok, bere baserriko hegal-itaxurepe guztiak egurrez beterik daukaz negu luzerako. Gabonkariak direla eta, aspaldirik ditu batuta karakolak eta kamarako goitegian eskegita zakuto baten. Hurrak eta intxaurrak ere zumitzezko artzan daukaz zabal-zabal eginda, gabonetako intxaursaltsa edo eta beste menester batzuetarako.
Bixentak ortuko azarik ederrenari botata daukotso begia, aurtengo leitza eta edurtzen ondorioz erreinik izan arren. Kapoiak ere baditu mardo-mardo salako kaponadan. Gabon-madariak, banan-banan ipinita daukaz euren logelako eskapolotaren gainean, umo-umo egin dakizkion, gordinik zein konpotean jateko.
Garrantzitsuena, labesua. Sua, Pellok egin deusto otegurrraz, baina ogi-errariaren atzera-aurrera Bixentarena ber berarena da. Lehenengo, labea tenplatzeko, artoak sartu ditu eta gero ogi, pamitxa, tremes, mokots edo morrokotarainoko guztiak. Hau guzti hau, Gabon bezpera bezperan.
Baserriari dagokiozan gabonkariak prest-prest dituzte, gainetiko ezgauzak, seme-alabengandiko gabon-otzaretan helduko jakez.
Imanol eta Itziar, ilobetarik txikienak, irrikitan dagoz aitita-amamenean gabonak ospatu eta lo bat edo beste bertan egiteko.
Etorri da, azkenean Gabon eguna. Imanol eta Itziar zoratuinik daude goz pozaren pozez eta bazkaria ahoan sartu orduko baserrirako ditean daukaguz, tipirrika, arteak ere hartu ezinik.
Joan dira eta egun argiz heldu baserrira. Gaineko txera, besarkada eta mosuak! Umeak pozik eta nagusiak pozago. Apurka-apurka baserria beteaz doa, azkenerako elia, aitite-amamak euren seme-alaba eta ilobez inguratuta. Ederra zer da hori e?
Gaulendian, gabonetan ilundu ere arin egiten du eta, sutean alkartu dira denak. Amama Bixenta egurdun txapa aurrean dabil lapiko eta kazulei eragiten eta aitita Pello supazterrean, zizeiluan jarrita,  laratzari beharra ematen.
Imanolek ez dauka pazientziarik eta ikastolan entzundako gabon-ohiturez gain, gehiago jakin nahi ditu eta badinotso aititari:
-Aitita, zergaitik ez deuskuzuz kontatzen zure ume denporako gabon-ohiturak?
- Hobe ez, Imanol, eta gustora gainera, afari aurretik zenbat gura eta harexen beste asti daukagu eukin ere eta.
Beitu, ilobatxuok. Ni txikia nintzenean beste era batera bizi ginan eta, jakina, gaur ez lako gauzak egiten genituen. Egia esan, gaur ere ez dira ohitura zahar danak galdu, eta egin ere ez ditezela egin, nahiz eta hiri edo kale-bizitza nagusitzen joan.
Nire haurtzaroan, gabonzuzia isiotuten eban gure aititak eta honek bere zera dauka, bere zentzuna.
Gure aititak esaten euskun Gabon egunetik San Juanetakora eguna luzatzen joiala eta behin haraz gero laburtzen. Horrexegatik ospatzen ziran sua eginaz. San Juanetan, solorik solo galtzupoilak isiotuta “San Juan Bagilean” kantatuz eta gero sugarrak eginaz eta Gabonetan gabonzuzia surten isiotuaz.
Gabonzuzi enborra basotik ekarteko ere, San Juan egunean jaiotako idi-buztarria behar izaten zan. Hau dela eta, ipuin bat ere kontatzen euskun. Zein? eta hauxe:

“Behinola, batenbat joan ei zen gabonzuzitan basora. Haritz enbor lodi eta lakazduna aurkitu baeban ba ze, ezin erdibituta zebilen. Burdin-ziriak sartuta eukazan erdibitzeko eta hartan, eleizako abemariak! Ene! Jentil indartsu bat hurreratu jakon eta esan:
- Hi, gizon, ez al dakik gaua gauezkoentzat dana?
- Bai, bazekiat, baina gabonzuzitan etorri nauk eta ezin joan nintekek bera barik.
- Ja, ja, ja. Idiak San Juanetan jaioak diralako, itzuliko dozak etxera baina hi eta enborra hemen geratuko zarie, hireak egin dok mutil!
Hak gizonak, bere burua galduta ikusi ebanean, ahoz barru errezuak baina ahoz kanpo zuhurtasuna erabiliz erantzun eutson:
-Hi, zera esango joat, heurekin geratuko nok baina indartsua haizenez sartu hire hatzak hemen ziri bien arrankala honetan eta hik eskuz eta nik ziriak mailuaz joaz berehala erdibituko joagu haritz enbor hau.
-Bale! - erantzun eutson hark jentilak- barreka zilbotari eutsi ezinik.
Gabonzuzitan joan zan gizonak, ziriak barrurantz jo beharrean, kanpora atera ebazan eta jentilari hatzamarrak harrapatu. Orduan, idiei aida-aida esanez, orpoetan har barik jo eban etxea.”
 Gabonzuziaren suaz aparte, erreta geroko hauts eta iduriak soloetan zabaltzen ziran San Esteban egunean, koxetza onak lortzeko eta hauts-iduriok gurutzetara botaz gero, pizti txarrak uxatzeko ere ona izaten ei zalakoaren ustea egoan.

Zer, gustatzen jatzue?
-Bai aitita, kontatu, kontatu gehiago.


ABENDUKO  ESAERAK

1-.Abenduan elurra altzairuz, urtarrilean burdinez, otsailean zurez, martxoan lurrez, apirilean urez.
2-.Abenduko eguna, argitu orduko iluna.
3-. Abenduko izarratuaz, bidertzeko haritzaz eta ostatuko neskatoaz ez fidatu.
4-. Abenduko lainoak, hegoa edo elurra
5-. Abenduko elurrak hortz luzeak.

No hay comentarios: