Abenduko izarrak

sábado, 11 de diciembre de 2021

Santa Lutzi jaia Zeanuri eta Igorren


Abenduaren 13an ospatzen da Santa Lutzi jaia. Aurten astelehena da.  Igorren bere ermitean eta Zeanurin bere ermitean, 12:00etan ospatuko da mezea, Erdu!





Santa Luzia Altzustekoa (Elgetzukoa)

martiri santa gurena

zeu zara gure begi-bihotzen

argi eta mirespena.

Berbiztuaren aintza bizian

gorputz arima zaudena,

zeu zara gure bideko argi,
zeu zara itxaropena!

Beti zaitugu gugandik hurbil
deitzen zaitugun danetan,
baina askoz be urrago zagoz
zeure ermita honetan.
Gaurko egunez gaukazuz zure
irudiaren oinetan;
zeure argitan bizi gaitezen
berbiztuaren pozetan.

Martiri eta zaindari zara,
zeuk dozu gure ardura;
egizu bizi  gaitezen jator,
zeu bizi zinan modura.
Gure fedean argitu eizuz
alaitasuna, lilura,
sendo ta bizkor zabaldu daigun
Barri Onaren kultura.







San Lutzi ermitea Zeanuri. Jon Urutxurtu argazkia
 
Santa Lutzi edo Santa Luzia baseliza izen bereko auzoan dago, Altzusteko kofradian. XV. mendeko ermita bat dogu, gotikoa.

Ate gotiko nabarmena dauka, dobelazko arku zorrotz formakoa, eta arku horren giltzarrian eguzki bat landuta zirkulu baten barruan. Barrualdean Santa Luziaren irudia nabarmentzen ba, (ikusi argazkia beherago). Inguruetan, XI. eta XIII: mendeetako hilobiak aurkitu dira, behar bada Zeanuriko enterramendurik zaharrenak. Bat bertan dago ikusgai, ate ondoan.

Urte batzuk dira auzolanean ermita hau zaharbarritu zala.

Ikusmen arazoak dituneak harengana joaten dira, eta jostunek ere zaindaritzat daukie.

 

 

LUZIA SANTUA

              Senideok: Luzia santuaren jaia ospatzen dogu gaur, pozik eta alaitasun handiz ospatu ere, Eliza osoarekin bat eginik. Emakume honek zintzo egin eban Ebanjelioko bidea, eta Jainkoarekin bizi da betiereko zorionean.  Santuek argi egiten deuskue bizitzako bideetan eta laguntzaile ditugu eguneroko une gatxetan. Ospatu daigun, bada, fede handiz eta esker onez Luzia santuaren oroipen pozgarria.

V/.         Goretsi daigun Jauna
              eta danok batera bedeinkatu daigun Haren izena.
R/.         Bedeinkatua Zu, Jauna,
              orain eta beti.

Damu-otoitza

Ospakizun honen hasieratik
jarri gaitezen, senideok, Jaunaren aurrean.
Berak deitu gaitu gaur elkartean jai hau ospatzera,
eta batzarraren erdian dogu Bera geurekin.
Biziaren Hitza eta Ogia emongo deuskuz,
eguneroko bidean argi eta indar izan dagizuzan.
Eskatu deiogun aurrena geure pekatuen parkamena. (Isilunea).

-       Jesus Jauna, Zugan sinesten dabenen indar zaituguna: Erruki, Jauna.
-       Jesus Jauna, zure jarraitzaileen itxaropen zareana: Kristo, erruki.
-       Jesus Jauna, Zugan bizi diranei betiko bizia emoten deutsezuna: Erruki, Jauna.

              Erruki dakigula...

Otoitza

Jainko Jauna,
Luzia  birjina eta martiri dohatsuak lagundu deigula;
orain haren garaipena ospatzen dogunok
gero beragaz batean zoriona izan dagigun.
Zure Seme Jesukristo.

Lehenengo irakurgaia, San Paulo Apostoluak Korintotarrei idatzitako bigarren irakurgaitik ( 10,17_11,2)

Harrotu nahi dauena, harrotu bedi Jaunarengan. Izan ere, ez da onetsia bere burua goratzen dauena, Jaunak goratzen dauena bano.
Zorakeriatxo batzuk parkatuko al deustazuez! Horixe parkatzen deustazuezala! Izan ere, Jainkoak bere herriarengaitik sentitzen dauen jelosiaz nago ni zuengatik jeloskor. Senar bakarrari, Kristori, zaituet aginduta eta neskatxa garbi legez aurkeztu nahi zaituet berarengana.

Salmoa (Sal 30, 3cd-4. 6 eta 8ab. 16bc-17 )

R. Zure eskuetan izten dot neure arnasa

Ezkutuan jarri deustien saretik atara naizu,
Zu zara nire gordeleku.
Zure eskuetan ixten dot neura arnasa,
askatuko nozu, Jauna, Jainko leiala.

Nik, ostera, Jauna, Zugan dot uste ona,
“Zu zara nire Jainko” dinotsut.
Zure eskuan nire joan etorria,
atara naizu arerioen eskutik,
aurrean eroaten nabenengandik.



Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik (Mt 25, 1-13 )

Aldi haretan, Jesusek parabola hau esan eutsen ikasleei: «Zeruetako erreinuagaz, euren kriseiluak eskuetan hartu eta senar ezkonbarriari bidera urten eutsoen hamar neskatilakin lez jazoten da. Neskatiletako bost zentzunbakoak ziran eta bost zentzundunak. Kriseiluak hartzean, zentzunbakoek ez eben oriorik hartu; zentzundunek, ostera, kriseiluekin batera orioa ere hartu eben ontzietan. Senarrak luzatzen ebanez, loguratu egin ziran danak eta loak hartu ebazan.
Gauerdian oihu bat entzun zan: "Badator senargaia; urten egiozue bidera!" Jagi ziran neskatila guztiak, eta euren kriseiluak prestau ebezan. Orduan, zentzunbakoek esan eutseen zentzundunei: "Emoiguzue orio apur bat, kriseiluak amatetan joakuz-eta". Zentzundunek erantzun eutseen: "Ea ez dogun nahikoa geuretzat eta zuentzat; hobe dozue, badaezpada, dendara joan eta erosi".
Baina, erostera joan zirala, senarra heldu zan, eta prest ziranak ezteguetara sartu ziran haregaz. Eta atea itxi egin zan.
Heldu ziran, azkenik, beste neskatilak ere eta dei egin eben: “Jauna, Jauna, edegi!” Baina harek erantzun eutsen: “Benetan dinotsuet, ez dakit nortzuk zareen”.
Egon, beraz, zuhur, ez dakizue-eta, ez eguna, ez ordua».


Gogoeta

Santa Lutzi irudia Zeanurin. Jon Urutxurturen argazkia
Santa LUZIA Siziliako Siracusako alabea dogu. III. gizaldiko azken partea jaioa da eta sasoi haretako birjina eta martirien artean IV. gizaldian bertan agertzen da Erromako kristau ospakizunetan.

Gazte gazterik ezagutu eban Jesukristo eta bere bide barria, eta osorik eskeini jakon betiko. Jatorriz etorkiozan ondasunak behartsuen artean banatu ebazan, agertu jakozan ezkontza aukera guztiak alboratuz. Ez ezkontza eta lurreko ondasunak, beste barik, txarrak ziralako, aurkitu eban Jesusen Ebanjelioko altxorraren ondoan hutsak ziralako baino.

Jesus Jaunari eskeinitako birjintasuna lohitu nahirik, egin ahalak egin eutsezala eta danetatik Luziak sendo eta garbi urten ebala dinoskue aintxinako kontakizunak. Azkenik ezpataz ebagi eutsoen burua 303. urtean, Dioklezianoren agintaritzapean.

Bere zintzotasun eta santutasunaren distira behingoan zabaldu ziran Erroma aldian, eta Ines, Zezilia, Agate eta beste gazte adoretsuen artean agertzen hasi zan. Gaur egun mundu osora zabalduta dago bere jaia.

Luzia izenetik aterata, latinezko “Lux” berbeak argia adierazoten daualako edo, itsuen eta begietako gaixoz dagozanen zaindaritzat ezagutua da. Eta jostunen lagun eta zaindari ere ba da. Hortik hizkuntza guztietara zabaldurik dago esaera hau: “Arren, Santa Luzia, zaindu nire begietako argia”.

Santa Luzia, neska gaztea,
martiri eta birjina,
adore haundiz zuk azpiratu
zenduan mundu zikina.
“Lux” argia da, bardin Luzia;
badogu argi-premina!
Gauza batzutan bista ona ta
bestetan begiko mina.
Lortu eiguzu, Luzia maite,
fedearen medizina.

Gogoeta eta bertsoaren iturria: bidean.net

Jainko-herriaren otoitza

              Senideok: Eskatu eta emongo jakula esan deusku Jesusek. Aurkeztu deioguzan, bada, geure eskariak Jainko Aitari, Luzia santua otoitzean lagun dogula.

-       Eliza osoarentzat: Santuen oroipenak sinesmenean zintzo irauten eta maitasunean gogotsu bizitzen lagun deiskun, eskatu deiogun Jaunari.
-       Gure auzoaren alde eta bertan bizi garean guztion alde: gazte eta heldu, haur eta gurasoentzat; familientzat; herri-agintari, elkarte eta gizarte-erakunde guztientzat, eskatu deiogun Jaunari.
-       Gure auzoko-kristau alkartearen alde: gure fedea pozik bizi deigun eta familietan nahiz eskola eta beste azalpen guztietan fede hori haur eta gazteei egoki adierazten jakin deigun, eskatu deiogun Jaunari.
-       Gure artean nahiz edonon sufritzen eta oinazetan dagozenen alde; gaixorik eta larrialdian aurkitzen diranen alde, eskatu deiogun Jaunari.
-       Ospakizun honetan batuta gagozenon alde: Luzia santuaren jai honek batasunean eta alkar maitasunean aurrera eragin gaizan, eskatu deiogun Jaunari.

              Onartu, Jainko Aita, zeure herriaren eskariak: isuri egizu guregan eta mundu osoarengan zure maitasun Espiritua. Jesukristo gure Jaunaren bitartez. Amen.

Oparigaien gainekoa

Isuri, Jauna, zeure bedeinkapena
gure emoitza honeen gainera;
zure maitasunak sutu gagizala,
maitasun horren indarrez garaitu zituan-eta Luzia santuak
bere gorputzeko oinazeak.
Jesukristo.


Martirien prefazioa

V./ Jauna zuekin R./ Eta zure espirituarekin.
V./ Gora bihotzak R./ Jaunagan daukaguz.
V./ Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari. R./ Egoki da eta zuzen.

Egoki da, bai, eta zuzen
non-nahi ta beti zuri eskerrak emotea,
Jauna, Aita guztiz santu,
Jaungoiko on, betiko Horri.

Luzia martiri santuak, Kristori jarraituz,
zure izena autortzeko isuri eban odolak
argi erakusten ditu zure miragarriak:
gure makaltasunean zure ahalmena agertzen dozu,
eta indartsu egiten indarrik bakoa,
zure autorle ta lekuko izan daiten,
Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

Horregaitik, zeruko talde guztiekin
lurrean beti ta beti goresten zaitugu,
zuri, Jainko guztiz haundi horri,
eten barik kantatuz.

SANTU, SANTU, SANTUA...


Jaunartze ondorengoa

Hartu dogun Eukaristiak indartu gaizala, Jauna,
Luzia martiri santua indartu eban lez,
bai zure zerbitzuan leial agertzeko,
bai bere nekaldian sendo irauteko.
Jesukristo.

Meza osteko barauskarria. Han goian Altzusteko San Migel ermitea. 2012