Día mundial de los pobres, Cena solidaria, 16 noviembre, 19:30

Día mundial de los pobres, Cena solidaria, 16 noviembre, 19:30
Klikatu irudian informazino gehiago jasoteko

jueves, 30 de noviembre de 2017

San Andres jaiak Zeanuriko Asterrian eta Igorreko Urkizun


Zeanuriko Asterrian mezea, egun berean, azaroak 30, iluntzeko 19:00etan.
Igorreko Urkizun zapatuan, abenduaren 2an, eguerdiko 12:00etan.

Jesusen deia entzun zendunean
zure bihotza fedez bete zan,
langailuak itxita bazterrean
giza arrantzale bihurtu zinan
Jesus Jaunak esandako bidean
bizi poza aurkitu zenduan.

Ander, gaur gatoz zugana kantari
ospatu nahirik zure eguna
zuretzat maisu izan zan Jaunari
eskatu gu danon batasuna
bizi dagigun leial ta pozgarri
Kristok esandako barri ona.

Alkartasun, bake eta egia
lagun gagizuz gurean lortzen
zure antzera apostolu herria
izatean alaitu gaitezen
zure bitartez apostolu haundia
gure bizitzak poztu daitezen.
                      (Asterrian Ander Apostolu santuari kantetan jakon bertsoa)


AZAROAK 30: ANDRES APOSTOLUA

Hasierako agurra

           Senideok: Gaur Andres edo Ander Apostolu santuaren jaia ospatzen dogu. Jesusek, bere ikasle izan zedin eta gero, biztuera ondoren, Berak ekarri eban Barri Ona mundu osoan zabaltzera bialduko ebazan hamabi gizon hareen taldekoa izan zan. Beste lagunak bezala, san Andres ere Jesusen biztueraren testigu eta Haren Barri Onaren mezulari izan zan, aitormena hori heriotzaraino eroanez. Aitortu daigun, bada, pozik eta esker onez, apostoluen testigantzaren bidez gureganai­no heldu jakun sinesmena, geuregan bizi eta munduan zabaltzeko emon jakun fedea.

V/.      Jaungoiko gure Aitak
           eta Jesukristo gure Jaunak
           eman deitsuela euren grazia eta bakea.
R/.      Bedeinkatua Jaungoikoa,
           Jesukristo gure Jaunaren Aita.

Hasierako otoitza

Jauna, zeure barri onaren zabaltzaile
Eta Eleizearen artzain egin zenduan
Andres apostolu santua;
Izan bekigu laguntzaile zure aurrean.
Zure Seme Jesukristo.

LEHENENGO IRAKURGAIA

San Paulo apostoluak erromatarrei 10,9-18

Izan ere, zeure ahoz Jesus dala Jauna autortzen badozu, eta zeure bihotzean Jainkoak hildakoen artetik biztu ebala sinisten badozu, salbatu egingo zara.
Ze, bihotzez sinisten dauena onartu egiten dau-eta Jainkoak, eta ahoz autortzen dauena salbatu egiten da.
Hau dino Liburu Santuak: Harengan sinesten dauenak ez dau huts egingo.
Judua izan ala ez, ez dago bereizketarik, bat bera da-eta guztien Jauna, dei egiten deutsoen guztientzat eskuzabala.
Izan ere, Jaunari dei egin ahal deutsana salbatuko da.
Zelan, ostera, dei egin, harengan sinisten ez badabe? Zelan sinistu, haren entzuterik ez badabe? Zelan entzun, nork dei eginik ez bada? Zelan dei egin, hartarako bialdurik ez bada? Liburu Santuak dinoen lez: Bai ederrak barri onak ekartzen dabezanen oinak!
Ez deutsie, ostera, danak harrera ona egin barri onari. Isaiasek esaten dau: Jauna, nork sinistu du gure mezua?
Beraz, mezutik dator sinistea, eta mezua Kristoren barri emotea da.
Eta itauntzen dot: Ez al dabe entzun? Bai, jakina.

Lurbira guztira zabaldu da
hareen abotsa,
munduaren bazterreraino
hareen mezua.

SALMOA

Sal 18, 2-3. 4-5

R/. Lur guztira zabaltzen da hareen ahotsa.

Ortziak Jainkoaren ospea dau zabaltzen,
zeru urdinak Haren esku-lana iragarten.
Bialtzen deutso hitza egunak egunari,
barri emoten gauak gauari. R/.

Ez da hitzik, ez berbetarik,
ez da ahotsik, entzun daitekeanik:
Lur guztira zabaltzen da hareen ahotsa,
lurbiraren mugaraino hareen berbetea. R/.

EBANJELIOA

Mateo 4, 18-22

Aldi haretan, Jesusek Galileako itsas-bazterrean ebilela, anaia bi ikusi zituan, Pedro deritxon Simon eta haren anaia Andres, itsasoan sareak botaten, arrantzaleak ziran-eta. Eta esan eutsen:
- «Zatoze Neugaz, eta giza-arrantzale egingo zaituet».
Hareek, berehala sareak itzi, eta jarraitu egin eutsoen.

Handik aurrera joiala, beste anaia bi ikusi zituan, Santiago eta Joan, Zebedeoren semeak, itsasontzian sare-konpontzen egozala, euren aita Zebedeogaz, eta dei egin eutsen. Hareek ere, berehala ontzia ta aita itzi, eta jarraitu egin eutsoen.

GOGOETA

- Jesus berehalako baten hasi da, bere agiriko ministeritzaren hasiera bertatik, ikasle batzuk bere inguruan batzen, eurei aparte irakaskintza berezia eskeiniz; izan ere, eurak izango dira bere jarraitzaileak eta testiguak. Ordua etorritakoan, Jesusen biztuera ondoren, mundu guztira bialduak izango dira, Ebanjelioak bere bidea egin dagian azkenera arte. Hamabiak, arrantzale izanik, giza arrantzale bihurtuko dira. Ez da berba-joko huts bat, beste barik, Jesus berak dinotsena baino: “Hareek, berehalaxe, sareak alde batera itzirik, jarraitu egin eutsoen” (20. a.).

- Andres izan zan, Simon bere anaiagaz batera, Jesusen deia entzun eta bertatik jarraitu eutsoenetatik lehenengoetako bat. Mateok Pedrok eta Andresek Jesusen deiari emondako berehalako erantzuna azpimarkatzen dau: “Hareek, berehalaxe, sareak alde batera itzirik, jarraitu egin eutsoen” (20. a.). Zerbait aurreratxoago (22. a.), ebanjelariak berak dinosku zera: lehenengo ikasleak ez ebezala sareak eta ontzia bakarrik itzi, baita aita ere. Jesusen jarraipenak, bizitza osoa aldatzen dauan benetakoa, ez dau nahaste-biderik izten, ezta beherapenetarako lekurik ere emoten: erradikala eta oso-osokoa da.

- Jesusek gain-gainean sentitzen dau bere Misinoa eta egitekoa bete beharra. Horregaitik, bere misinoaren hasieratik, ikasle talde bat osotu gura dau, eta berak zuzenean eskolatzen dau. Bere ondoko esperientzian eta, era batera, beste lagun batzuekaz alkarbizitzan jasoten dabe irakatsi aberatsa. Betirako sinbolo erakusgarria Jesusen inguruan sortzen dana!

- Eta deiak erantzuna eskatzen dau eta hori ere hor dago, eta, egon ere, berehalakoa eta erradikala (19-20. aa.). Horra eredu bete-betea, gizaldietan Jesusen konbiteagaz aurkitzen diranentzat! Eta, egia esan, dei hau bizitza osoa eraldatzen dauana da, bere sustraietaraino. Ebanjelioko kontaketak esanguratsuak dira, erantzunaren zehaztasunak emonez, lehenengo jarraitzaileen bizitzak guztiz eraldatuz. Ez da edozelango dei bat, indar eta garrantzi gitxiko bat. Hori barik, bizitzari eragiten deutsona da, bere sustraietan ikututen deutsona, eta harrapatzen dauana erradikaltasunez eraldatzen dauana. Hor aurkitzen naz ni ere, egoera bardinean. Beragaz baterako Misinoan parte hartzera deitua izanik, “giza-arrantzale” izatera, Aitaren egitasmoa aurrera eroaten ahaleginduz; horixe da, izan ere, bere asmo sutsua: betiko maitasunez maite dauan gizateria Aitagana eroatea. Jesusegaz eta beste anai-arrebakaz, Misino bardinean buru-belarri sartuta. Zelan sentitzen zara konbite honen aurrean?

Gogoetaren iturria: bidean.net


Herri-Otoitza

           Senideok: Apostoluengandik hartu dogun fedean Eliza osoarekin bat eginik, aurkeztu deioguzan geure eskariak, ondasun guztien Egile eta gizaki guztien Aita dan Jainkoari.

-     Elizaren alde: egunetik egunera sendoago bizi eta zabaldu dagian Apostoluen bidez jaso dauen sinesmena, eskatu deiogun Jaunari.
-     I. Aita Santuaren, I. gure Gotzainaren eta beste Gotzain guztien alde: Elizan emon jaken Apostoluen ondorengo zerbitzu-eginkizuna zintzo eta pozik bete dagiela, eskatu deiogun Jaunari.
-     Abade ministeritzan nahiz erlijioso edo sekular bidetik apostolutza-lanetan dabiltzanen alde: Apostoluen testigantzak euren lanean gogo bero dagizala, eskatu deiogun Jaunari.
-     Jesukristoren barri ez dabenen edota Harengandik aldendu diranen alde: Ebanjelioaren argira heldu ahal daitezela, eskatu deiogun Jaunari.
-     Gure herrian eta mundu zabalean zuzentasunaren eta bakearen zerbitzuan ahalegintzen direnen alde: bide horretan gogotsu iraun dagiela, eskatu deiogun Jaunari.
-     Hemen baturik gagozenon alde: jai honek eta san Andres apostoluaren laguntzak indarbarriturik, gure fedea pozik eta arduratsu bizi dezagula, eskatu deiogun Jaunari.


           Onartu, Aita, apostoluen oroipen pozgarrian Elizak zuzentzen deutsuzuzan eskariak. Egizu, guztiok leialki jarraitu daitsegula hareek iragarri eben Ebanjelioari. Jesukristo gure Jaunaren bitartez. Amen.

Oparigaien gaineko otoitza

Jainko Ona,
Zure gogoko egin gaizala
Andres santuaren jaian egiten deutsugun eskaintzak;
Eta egizu, guk hartzean, gure bizia barriztau dagiala.
Jesukristo.



Apostoluen I prefazioa

A/. Jauna zuekin.
E/.  Eta zure espirituarekin.

A/. Gora bihotzak.
E/. Jaunagan daukaguz.

A/. Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari.
E/. Egoki da eta zuzen.

Egoki da, bai, eta zuzen
nonahi eta beti Zuri eskerrak emotea,
Jauna, Aita guztiz santu,
Jaungoiko ahalguztidun betiko Horri.

Zuk, betiko Artzain Horrek,
ez dozu bertan behera izten zeure artaldea,
zure babespean zaintzen dozu beti,
zure apostolu dohatsuen bidez;
eurak dira zure Semearen ordezkariak,
zure artaldeari artzain eta zuzendari izateko emonak.

Horregaitik, aingeru eta goi-aingeruekin,
eta zeruko talde guztiekin
zure aintzari goratzarre hau
beti eta beti (esaten) kantatzen deutsagu:

SANTU, SANTU, SANTUA,
DIRAN GUZTIEN JAINKO JAUNA.
ZERU-LURRAK BETERIK DAUKAZ  ZURE DISTIRAK.
HOSANNA ZERU GOIENETAN!
BEDEINKATUA JAUNAREN IZENEAN DATORRENA.
HOSANNA ZERU GOIENETAN!

Jaunartze ondorengoa

Hartu dogun sakramentuak, Jauna,
Bete gaizala indarrez;
Andres apostolu santuak lez,
Jesusegaz heriotzean bat eginik,
Zeruan Beragaz bizitzea lortu dagigun.
Jesukristo.