Abenduko izarrak

jueves, 9 de diciembre de 2021

Bihotz barritzea Sinodo aldian

Abendualdiko alkarte penitentzia 2021

BIHOTZ BARRITZEA SINODO ALDIAN


 

Berton alkartu gara gaur gu, profeten abotsa entzuteko eta Jainkoaren bila dabiltzan gizon emakumeen bidea jarraitzeko prest. Itxaropen sasoian gagoz, Abenduan.

Prestatu zuen bihotzak eta Jaungoikoak pozez beteko ditu. Bai, etorri dator Jauna, bizi barri baten eta eliza barri baten bila egarriz dabiltzan guztientzat.

 

1.KANTUA

Zatoz Jauna, Zatoz lurrera, zure Herri hau salbatzera.

Bakea ta justizia, bialdu mundura Jauna,

Zure jaiotzak gugana bekar poz ta zoriona.

 

2.ABADEAREN AGURRA.

 

3.OTOITZA: Egin daigun otoitz:

                    Jainko gure Aita ona, zure Semearen etorrera prestatu nahi dogu. Isuri gure alkartearen gainera eta bakoitzaren gainera zure maitasun eta parkamen espiritua, gure gogo-bihotzak barriturik zure errukiaren poza ospatu dagigun.

                     Jesukristo gure Jaunaren bitartez.Amen.

 

HITZAREN LITURGIA

 

4.IRAKURGAIA AURREKO OHARKIZUNA:

Ederra eta esanguratsua Isaiasen liburutik entzungo dogun irakurgaia. Egunen baten pekatutik askatutako mundu barriak pozik entzungo dau profetak idatzitako kantu ederra.

 

 

Is 40, 1-11:

 

 

Isaias Profetaren liburutik

 

Berba batek dihardu oihuka:

Prestatu basamortuan bidea Jaunari;

zelaitu eremuan galtzadea gure Jainkoari.

Bete daitezala haranak,

beheratu mendi eta muinoak;

bardindu daitezala malkarrak,

zelaitu lur-maldak.

Orduan Jaunaren aintza agertuko da,

eta gizaki guztiek batera ikusiko dabe.

Jaunak berak esan dau.

Igon mendi-gailurrera, Siongo mezularia;

egin deadar handia, Jerusalemeko mezularia;

egin deadar, ez izan bildurrik.

Hona hemen zuen Jainkoa.

 

Jaunak esana

 

 

5.SALMO ERANTZUNA:   

 

Kanta daigun guztiok bihotza betean

Gure salbatzailea etorri artean.

 

Entzungo dot Jainko Jaunak dinoan hitza:

Bakezkoa da Jainkoaren hitza.

 

Kanta daigun guztiok bihotza betean

Gure salbatzailea etorri artean.

 

Maitasunak eta leialtasunak alkarren bidera urtengo dabe,

zuzentasuna eta bakea laztanka biziko dira.

Lurretik erneko da leialtasuna,

zerutik begira egongo zuzentasuna.           

 

Kanta daigun guztiok bihotza betean

Gure salbatzailea etorri artean.

                                       

 

6.HOMILIA

 

GIZA MAILAKO ESPERANTZAK

 

-Pandemia honen amaiera… Etorkinen egoera hobetzea… Emakumearen aurkako indarkeria amaitzea… Euskal gizartea baketuta ikustea… Pertsona ahul eta zaurgarriak (bulnerableak) babestea… Baztertu eta deskartatuak aintzat hartzea… Pertsonaren neurriko ekonomia garatzea… Munduaren ekologia bizitzea, gure etxe bakar legez…

-Ba ete gara esperantza horreen lekuko edo testigu? Gureak egiten ditugu esperantza horreek? Isilunea.

 

Zatoz Jauna, Zatoz lurrera, zure Herri hau salbatzera.

 

ELIZ MAILAKO ESPERANTZAK

 

-Jesusek gura eban lako Eliza egitea gurea: pobrea, apala, samariarra, abegi onekoa, emakumea  baztertu barik… Sinodo hasi barria, alkarri entzun eta alkarrengandik ikasteko aukera izan daitela… Laikoak aintzak hartu, ebazteko aukerea be emonaz… Alkartasuna, partehartzea eta misinoaren Espirituaren esanari adi egon…

-Esperantza honeek indartzen, sakontzen, elikatzen, handiagotzen doguz? Isilunea.

Zatoz Jauna, Zatoz lurrera, zure Herri hau salbatzera.

 

7. Parkamena eskatu

 

Gure itxaropen ahulagaitik             

 Gure ilusio falta eta ezetzagaitik     

 Gure tristura eta ezinagaitik             

 Gure ezezkortasunagaitik                

 

                                  Kantua: "Zatoz jauna!"

 

Solidaritzan pobre garealako           

 Kontsumismoaren esklabu garealako     

 Egoismoak itsutu gaitu                   

 Eskasa da gure testigantza           

 

                                 Kantua: "Zatoz jauna!"

 

Gure pekatu guztiengatik              

 Gure guzur eta itxurakeriagaitik    

 Marmarrean ibilten garealako       

 Eliztartasun maila eskasagaitik     

 

                                 Kantua: "Zatoz jauna!"

 

8.PARKAMENA OSPATU AURRETIK

 

Jainkoaren parkamenak anaitasun espiritua eta alkarrenganako bakea eskatzen dauz. Hori bete ahal izan daigun, eskatu daigun Espirituaren laguntza Gure Aita abestuz eta bakea elkar opatuz, ukitu barik bada be.

 

-Gure Aita…

-Jesukristo gure Jauna, zeuk esana da apostoluei…

 

 

9.ABADEAREN OTOITZA       

 

Jainko Aita errukitsuak

bere semearen heriotzaz eta biztueraz

                                                 mundua beragaz  baketu ebanak

                                                 eta pekatuen parkamenerako

                                                 Espiritu Santua isuri ebanak

                                                 emon daizuela, Elizaren bitartez,

                                                 parkamena eta bakea.

                                                 ETA NIK PARKATZEN DEUTSUEDAZ  ZUEN 

                                                 PEKATUAK  AITAREN ETA SEMEAREN ETA

                                                 ESPIRITU SANTUAREN IZENEAN,/AMEN/.

 

(Mezagaz ospatzen danean, hemen hasiko dira jaunartze ohikuneak)

 

10.AZKEN KANTA: 

 

Eskerrik asko Jauna

 

11.BEDEINKAPENA ETA AGURRA

 

 

 


No hay comentarios: