Gabon zorion, zorion gabon!

viernes, 16 de octubre de 2015

Asteroko leloa: Rufino Iraola

Asteroko hirian, ekin diot osteguneroko bueltari. Euria eta haizea dira hemen asterokoak ez direnak, espaloiko orbelak eta paper abandonatuak aurrean dituztela. Aterkiaren azpitik begiratzen dut. Berehala ikusi dut osteguneroko gizona, lehen banku baterako sarrera ziren eskaileretan eseria eta babestua, hankak espaloian dituela, parean pasatzen direnei potoa luzatzen, sos bat edo beste bota dezaten.

Ez diot ezer eman. Koartada polita asmatu dut; aterkiaren eta haizearen erruz, ustekabean gehiegi hurbildu naizela eta ez dudala denborarik izan erabakia hartzeko. Baina ez dakit hori ez ote den izan neure burua zuritzeko aitzakia. Izan ere, kalean eskean diharduenari euro bat emateko, ze erabaki hartu behar da? Dena den, hirian barrena jira egiten baduzu, mordoa aurkitu duzu eskean. Inoiz ez ditut kontatu, baina ez nintzateke harrituko hiri osoan 30etik gora izatea, eta kopurua, zoritxarrez, ugaltzen ari da, nahiz eta politikoek ekonomia ondo doala esan.

Eta emateko planean dabilenarentzat konpromisoak ugaritu egiten dira. Hala ere, ez da hori lotsagarriena. Lotsagarria da Lehen Mundua deituriko herrialde zibilizatu izeneko batean jendea eskean ibili beharra. Ni ez nau beldurtzen eta molestatzen eskekoek hiriari, “paisaia” aldetik, ematen dioten ukitu bereziak, baizik eta zenbaitek bere etxean daukan “panorama” tristeak.

Erretiratuei ere zergak –gehienek nahiko soldata eskasa duten kolektiboa izanik–, begiramenik gabe kobratzen zaizkien herri honetan, uste dut badela garaia, konpromisoan ipini eta gure erraiei eragiten dieten koadroen aurrean, euro bat ematen jarraitu partez, beste era bateko ekintzak antolatzen hasteko. Jendeak kalera irteten hasi behar du, ez potoa eskuan, esku-hutsik baizik, eta ez laguntza-eske jardutea beste erremediorik geratzen ez zaienak, herri osoa baizik, behar den guztian, organismo ofizialen aurrean duintasuna errebindikatzera. Ez bedi inor engaina hauteskunde bezperan egindako lau promes elektoralistekin. Portzierto, 7.000 milioiko murrizketa eskatzen  dio Europak Espainiari.

Hiri bati buruz jardun dut. Har ezazue, baina, beste guztien sinbolo moduan. Izan ere, harriak negar lezake zenbat GKEk, bereziki Caritasek, hemengo pobreziari buruz egin dituen txostenak ikusita. Gainera, badirudi hobera egin beharrean gauzak okertzen ari direla. Besteak beste, Fronterarik Gabeko Medikuen ustez, TTIP (Merkataritza eta Inbertsiorako Elkarte Transatlantikoa) izeneko erakunde berriak gauzak zaildu egingo ditu, adibidez osasun publikoan.

No hay comentarios: