Poz pozik!

viernes, 30 de octubre de 2015

Zorionekoak


 
Santu Guztien Eguneko jaian, zoriontasunak entzungo ditugu ebanjelioan. Historian barna hainbat eta hainbat gizon-emakume santutasunera eraman izan duen bidea adierazteko modu bat da. Ezin da komentatu zoriontasun horietako bakoitza leku labur batean. Haiek ulertzeko oinarrizko zertzelada bakan batzuk aipatuko ditut.


Zoriontasunak ez dira oztopo-lasterketa bat

Kristau askok, oztopo-lasterketatzat hartzen ditu zoriontasunak, Jainkoaren Erreinuaren helmugara iritsi arte.

Eta lasterketa zail gertatzen bada, etengabe egiten badugu estropezu, hainbat hesi bota ditugula ikusirik, dena bertan behera uzteko tentazioa sentitu ohi dugu. «Ez naiz ez behartsu material, ez behartsu espiritual, ez naiz eraman handiko, oldartsua naiz; ez naiz errukitsua; ez naiz ari lanean bakearen alde … Ez dut epaile batek kanpora nazan beharrik, neuk dut neure burua kanporatzen». Hala, ez diren gauza bihurtzen dira zoriontasunak: jokabide-kode huts bat.

Zoriontasunak Jainkoaren Erreinuan sartzeko zortzi ate dira

Zoriontasunaren basilika hau arkitektoak zortzi leiho handiko eraikuntzatzat eman zuen, bertatik Galileako aintzira inguruko paisaia ederra ikusteko.

Nahiago dut, zoriontasunak zortzi leiho bezala ez, baizik zortzi ate bezala hartu, Jainkoaren Erreinuaren jauregira sartzeko ate.

Zuzen ulertzeko, Mateok non kokatu dituen erreparatu behar dugu; hain zuzen, Jesusen lehen hitzaldi handiaren, Mendiko Hitzaldiaren, hasieran kokatu ditu; hor azaltzen du bere egitaraua, adieraziz, zein jarrerak bereizten duen kristau bat lege-maisu, fariseu eta pagano batengandik.

Botoak irabazte aldera, gezurra esateko gai diren politikoak ez bezala, Jesusek egitarauaren hasieran adierazten du ez dela izango guztien gustukoa. Berari jarraitzeko, kristau-elkarteko kide izateko (hori esan nahi du hemen «Jainkoaren Erreinuak»), prest direnak, gutxiena uste izango genukeen pertsonak dira: Jainkoaren aurrean behartsu sentitzen direnak, parabolako zerga-biltzailea, adibidez; ez-indarkeriaren aldekoak indarkeriazko munduaren baitan, gurutziltzatzen dituztenei barkatuz hiltzeko gai direnak; edozein zoritxarrengatik, norberarena nahiz besteena, negar egiten dutenak; Jainkoaren nahia betetzeko gose-egarri direnak, Jesus bezala, esaten baitzuen bere janaria Aitaren nahia betetzea zuela; errukitsuak, besteen sufrimenduaz gupidatzen direnak, sufritzen dutenei barnea itxi ordez; bihotz-garbi direnak, lohitzen ez direnak aberastasunen, boterearen, famaren, handinahiaren idoloekin; bakearen alde lan egiten dutenak; Jainkoari leial izateagatik pertsegituak direnak.

         Baina, zortzi ate desberdin dira zoriontasunak, ez da sartu behar guztietatik. Bakoitzak aukeratu behar du zein doakion hobekien, norberaren izaera eta inguruabarrak kontuan izanik.

Saihestu bi errore

         Konklusio gisa, zoriontasunek ez dute esaten: «Sufritu ezazu, Jainkoaren Erreinuan sartzeko». Beste hau dute esaten: «Sufritzen baduzu, ez pentsa zure sufrimendua zentzugabea denik; ebanjelioa ulertzeko eta Jesusi jarraitzeko aukera ematen dizu».

         Ez diote: «Saia zaitez zure ondasunak ken diezazkizuten, ez-indarkeriaz jokatu ahal izateko». Beste hau diote: «Indarkeriari ez-indarkeriaz erantzuten badiozu, ez pentsa zoroa zarenik; pentsa ezazu, zoriontsua zarela, Jesusek bezala jokatzen duzulako».

         Ez diote: «Saia zaitez pertsegitu zaitzaten Jainkoari leial izateagatik». Beste hau diote: «Jainkoari leial izateagatik pertsegitzen bazaituzte, zoriontsua zu, Jainkoaren Erreinu barruan baitzaude».

         Gainera, jokoan Jesusek maite dituen balioak daudelako, zoriontasunak imitatu beharko genituzkeen biziera-eredu bihurtzen dira. Jesusek esan duenaren ondoren, ezin gelditu gara axolagabe laguntza emateko jarreraren aurrean, ez-indarkeriazko, bakearen alde lan egiteko, zuzentasunaren alde borroka egiteko etab. jarreraren aurrean. Mendiko Hitzaldiaren gainerako zatiak erakutsiko digu nola jokatu inguruabar desberdinetan.

Ateak eta jauregia

         Azkenik, ez dezagun ahaztu, zortzi ate hauek jauregian sartzeko eta entzutegian esertzeko aukera ematen digutela, han argitu baitu Jesusek bere egitaraua,interpretatzeko bai lege erlijiosoa,bai ekintza onak, bai dirua eta Jainkoaren laguntza, bai hurkoari buruzko jarrera…  Diskurtso luze hau, Mendiko Hitzaldi deitzen duguna da. Zoriontasunekin bakarrik gelditzea, zinerako sarrera hartu eta kalean gelditzea bezala izango litzateke.

José Luis Sicre
Euskeraz: Dionisio Amundarain
Publicar un comentario