Zer dan Aste Santua minutu baten azaldua

viernes, 9 de octubre de 2015

Sinodoa Erroman. Ezkonduak: Dibortzioa eta errukia: Jesús Martínez Gordo



     Presaka bizi zaren horrentzat, VIDA NUEVAn (2015-10-3/9) datorren «Pliegoa» laburbildu nahi nuke.  «Pliego» horretan, jakina, ez dator gaiaz esan daitekeen guztia. Are gutxiago laburpen honetan. Gainera, Sinodoa ez da mugatzen hemen aipatu arazora. Egilea Jesús Martínez Gordo da, Gasteizko Teologia Fakultateko irakaslea. Euskeraz: Dionisio Amundarian.


Laburtu nahi dudan arazoa sinplifikatzeko, hau da galdera: «bigarren aldiz, herriz, ezkondu den batek jaunartu al dezake?» 2014-10-05/19an egindako Sinodo ezohikoak txinpartak atera zituen. Orain arteko araudiaren arabera, ez. Alabaina, kristau ortodoxoek errukiaren bidea hartu dute: berriz ezkontzeko aukera ematen dute, lehenengoa hautsi denean.

Ezohiko Sinodoaren ondoren, bi ikuspegi agertu ziren aurrez aurre. Batek: ezkontza hautsezina da. Besteak: hautsezina da, baina ebanjelioa eta eliz tradizioak aukera – eta obligazioa− ematen du damutu eta penitentzia egin duen hauslea ERRUKIZ hartzeko, eta jaunartzeko eskubidea aitortzeko, eta, horrenbestez, halakoaren bigarren ezkontza ere onartzeko.

Ikuspegi honen banderaduna, Walter Kasper kardinala izango da: egia eta errukia bateragarri dira, defendituko du; «tolerantziaren, errukiaren eta barkaberatasunaren pastoraltza» posible da; «berriro ezkondu den dibortziatu batek eskuhar dezake, bihotz-berritze-aldi (metanoia) baten ondoren, penitentzia-sakramentuan eta jaunartzen».

Kritika handiak sortu zaizkio Kasper-i. Tartean, hainbat kardinal kontra atera zaizkio: ez da onartzekoa –diote− ezkontzaren hautsezintasuna errukiarekin lotzea; pastoraltzaren baldintzarik gutxienekoa da egiari eustea; hautsezintasuna egia ebanjelikoa da. Elizaren tradizioak hala hartu izan du arazoa hasieratik. Horretan ezin egin da aldaketarik.

Hor sortuko dira istiluak. Ebanjelioak dioena da hautsezintasun errukigabea? Elizaren tradizioak hasieratik defenditu du hautsezintasun errukigabe?

Ortodoxoen exegesia. Jainkoaren borondatekotzat ematen dute hautsezintasuna. Baina, diote, ideal bat dela hori; aldien azkenean beteko den ideala. Horregatik, bitartekoa den aldi honetan tolerantzia onartzen dute. Ez dute onartzen dibortzioa. Baina egoera mingarri bati erremedioa eskaini nahi diote errukiaz.

Luteranoen exegesia. Hautsezintasuna Jesusen gogokotzat ematen dute. Baina, diote, hautsia dena ezin konpondu dela. Horregatik, ahuldadearen aurrean onberatasuna defenditzen dute. Eta Mateok eta Paulok aipatzen dituzten salbuespenak aipatzen dituzte.

Katolikoen exegesia.  Exegeten (bibliako adituen) artean, Bibliaren interpretazioa eboluzionatuz joan da: interpretazio zorrotz batetik toleranteago baterantz. Mateoren eta Pauloren salbuespenak interpretatzeari dagokionez, banatuak daude exegetak. Zeri dagozkio aipatu salbuespenak: benetako ezkontza ez den batasun ilegal bati? Ala, judu-kristauen elkarteetan onartzen zuten salbuespenik? Interpretazio horrek BURUHAUSTE bat izaten jarraitzen du. Edozein kasutan, ematen du, Bibliaren interpretazioak posibletzat ematen duela Kasper kardinalaren ikuspegia: hautsezintasuna eta errukia bateragarri direla. Eta, ondorioz, ezin dela onartu kontra diren kardinalen ikuspegia: errukirik gabeko zorroztasuna.

Eta eliz gurasoei eta tradizioari dagokienez?

Bat: lehen kristauen jokabidea

Italiako historialaria den Giovanni Cereti da, honetan, errukiaren defendatzaile handia. Honen arabera, lehen kristauek monogamia defenditzen eta irakasten zuten; aldi berean, ordea, ez zuten eragozpenik bigarren aldiz ezkondua eukaristiara onartzeko, jendaurreko penitentzia egin ondoren. Jarduera hori onetsi bide zuen Nizeako kontzilioak (325. urtean) 8. kanonean: novaziotar heretikoei agintzen die jaunartzera onartzeko, bai lapsi (pertsekuzioan fedea ukatu zutenak), bai «adulteriogileak», ebanjelioaren zentzuan, hau da, ezkontidea zapuztu zutenak beste batekin ezkontzeko, penitentzia egin ondoren. «Adulteriogile» hauek, Erdi Aroaz gero, bigarren aldiz ezkondutako alarguntzat hartu ziren; baina, egiaz, besteei zegokien «adulteriogile» izan hori, eta ez alargunei. Jakina, kontra agertu diren kardinalek esango dute ikerketa hori onartezina dela. Baina, beti bezala, boluntarismoa («nik diot») ez, baizik iritzi oinarridunak dute balio.

Bi: Trentoko kontzilioa (1563)

Kontrako kardinalek ez bezala, teologoek ez dute uste Trentoko kontzilioak fedetzat eman duenik hautsezintasuna. Testuinguru batean idatzitako kanonak dira: luteranoen kontra idatziak. Kontzilioak defenditzen duena, Elizak aginpide gorena duela da, eta ez hau eta bestea. Adibidez, ez zuen ezer definitu nahi izan ortodoxoen kontra (ikus lehenago esana). Hain zuzen, ortodoxoen ikuspegiaren kontra zihoan hasierako kanon-zirriborroa hankaz gora gelditu zen. Beraz, Trentoko kontzilioak ez zuen izan asmorik definitzeko «dibortzioa ezinezkoa dela adulterio-kasu batean». Horrenbestez, Kasper-en irizpideak indarrean jarraitzen du.

Hiru: Joan Pauloko IIak fedezkotzat emana hautsezintasuna?

Hala dio, kontra dauden kardinaletako batek. Baina Joan Pauloren idatzian ez bide da ageri horrelakorik. Zerbait fedezkotzat adierazi nahi izanez gero, dokumentuak hainbat baldintza, zehazki lau Vatikano II.aren arabera, zaindu behar ditu: Jainkoak errebelatua izatea, irizpide solemne batez aldarrikatua izatea, atzeraezineko fede-erantzuna eskatuz egina izatea, kontrako iritzia heretikotzat ematea. Aipatzen den Joan Paulo II.aren dokumentuan ez dira ageri baldintza horiek. Zuzenbide Kanonikoak berak irizpidetzat eskatzen du hau: fedezkoa delako deklarazioak argia eta garbia adierazi behar duela fede-definizioa.

Konklusio moduan

Jokoan dagoena ez da hautsezintasuna «Jainkoaren legea» den ala ez. Baizik nola lotu lege hori errukiarekin, berriro ezkondu direnen kasuan.

Orain, egiten ari diren Sinodo honetan, hau dute erronka: nola elkartu hautsezintasunaren egia eta jarduera pastorala. Sinodoan onartuko ote dute Kasper kardinalaren jarrera? Emango al dio aita santuak bere onespena?

Azken batean, ordea, funtsezkoa beste hau da: serioski onartzea, ezkonduen elkartasunak Hirutasun Santuaren, Aitaren, Semearen eta Espirituaren, elkartasuna islatzen eta bistaratzen digula.

No hay comentarios: