San Inazioren otoitza

miércoles, 10 de septiembre de 2025

Santa Eufemia

 

                           Irailak 16:  SANTA EUFEMIA, martiria

 

 

SARRERAKO OHARKIZUNA

 

   Egunon, guztioi, eta ondo etorri Meza santuaren ospakizun honetara.

 

   Gaur, Elizeak Santa Eufemia, martiriaren eguna ospatzen dau. Calcedoniako neska argi, lirain eta gazte honek, laugarren gizaldiaren hasieran, Jesus ukatu baino nahiago izan eban bizitzea galtzea. Diocleciano enperadore erromatarren aginduz tortura itzelak jaso eta hil egin eben. Lur honetako bizia emon eban betiko bizia irabaztearren. Horregaitik, Santa Eufemiaren testigantzea gogoan izango dogu gure otoitzaldian.

         Gure parrokiko zaindaria, pozik ospatzen dogu urtero bere jaia Bermeoko bere eliza txukun eta eder honetan.

 

   "Aingeru batek Mariari..."

 

 

DAMU-OTOITZA

 

   Senideok, benetako damutasunez eta alkarri parkatzen deutsagula, eskatu deiogun Jaungoiko Aitari gure pekatu guztien parkamena:

 

   - Jesus Jauna, behartsuen eta makalen indarra zareana. ERRUKI, JAUNA.

 

   - Jesus Jauna, Mariaren babesean jarri gaituzuna. KRISTO, ERRUKI.

 

   - Jesus Jauna, fedearen testigu izatera dei egiten deuskuzuna. ERRUKI, JAUNA.

 

 

HITZAREN LITURGIA

 

 

1 Jn 5,1-5

 

   Jaungoikoak munduko makalenak aukeratzen ditu bere indarra agertzeko.

 

Lehengon irakurgaia San Joanen epistolatik

 

Jesus Mesias dala sinesten dauan edonor Jainkoagandik jaioa da, eta aita maite dauenak beraren seme-alabak ere maite ditu. 

Halandaez, Jainkoa maitatu eta beraren aginduak betetzen badoguz, ziur dakigu Jainkoaren seme-alabak ere maite doguzana. Izan be, Jainkoa maitatzea haren aginduak betetzea da. Haren aginduak ez dira astunak, ze Jainkoagandik jaio dan edonork garaitu egiten dau mundua. Eta hauxe da mundua azpiratzen dauan: gure sinesmena da. 

Izan be, nork garaitzen dau mundua, Jesus Jainkoaren Seme dala sinesten dauanak baino?

 

Jaunak esana

 

Erantzun-Salmoa:  "Jauna, zure maitasuna abestuko dot betiren beti."

               

   -Jaunarena da lurra eta lurra beteten dabenak,

lurbira eta bertan bizi diranak.

Harek emon deutsoz itsasoak oinarri,

eta ibaiak sendogarri.

 

"Jauna, zure maitasuna abestuko dot betiren beti."

 

 

 

Jn 12, 24-26

 

   Bere bizia Jesusegaitik emoten dauan martiriak argi erakusten dau Jesus dala beretzat ondasunik haundiena, eta beste gauza guztiak eta bizia bera ere emoteko prest dagoala Harenganako maitasuna gordetearren.

 

   Zutunik, "Aleluia" kantau dagigun.

 

 

Jesukristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

 

Bene-benetan dinotsuet: Galgaraua, lurrean jausi eta hiltzen ez bada, bera bakarrik gelditzen da; vaina, hiltzen bada, frutu asko emoten dau. 

Bere bizia maite dauenak galdu egingo dau; baina mundu honetan bere bizia gauza gitxitzat hartzen dauenak betiko bizitzarako gordeko dau. 

Nire zerbitzari izan gura dauenak, jarraitu beist eta, ni nagoan lekuan, han izango da nire zerbitzaria be. Nire zerbitzari dana ohoratu egingo dau Aitak.

 

Jaunak esana

 

HOMILIA

 


 

JAINKO HERRIAREN OTOITZA

 

   Senideok, Santa Eufemia martiria gogoratuz, otoitz egin deiogun zeruko Aitari, Elizearen otoitza entzun dagiala eskatuz:

 

   - Elizearen alde: bere martirien testigantzeak Jaungoikoari beti zintzo izaten jarraitzeko        adorea eta indarra emon deiozan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

 

   - Gure gazteen alde: euren begiak ederra dan guztira zabalik euki dagiezan, fedearen balioa ikusi dagien eta euren bihotzak ona dana egiteko beti prest egon daitezan.  ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

 

         -Gure arrantzale eta euren familien alde, gure herriaren alde, bakea zabaltzeko eta ogia banatzeko prest bizi gaitezen. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

 

   - Gure etxeetako geiso eta edadekoen alde: euren makaltasunean Jaunaren indarra izan eta       sentidu dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

 

   - Gu guztion alde: Santa Eufemiaren antzera, sinismena benetan maite izan dagigun eta geure       bizitzeagaz Jesusen testigu izan gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

 

   Jaungoiko Aita, entzun bihotz onez gure eskariak. Jesukristo gure Jaunaren bitartez. Amen.

 

 

AZKEN AGURRA

 

   Senideok, egunean zehar egingo dogun guztia Jesusen testigantza eder bat izan daitela. Eta Martirien Erregina dan Mariak gorde gagizala bere mantupian.

 

   "Agur Jesusen Ama…”

   


No hay comentarios: