Gabon zorion, zorion gabon!

miércoles, 28 de marzo de 2018

Inausi Fedearen Arbolea: Alkarte Penitentzirako materialak



Monitorea

“Fedearen arbola bizia ez da sakristian hazia” dogu aurten garizumako lema.
Pazkora doan bidean gaur Jainkoak opari barri bat dakar: bere neurribako parkamena.
Bai, bidea da garizuma. Prestatze aldia. Entrenamendu sasoia. Ahalegin garaia.
Ilunpetatik argira dagigun bidea.
Apalak bagara konturatu egiten gara gure adar guztiak ez dira artezak. Ez dogu beti fruitu onik emoten. Badogu zer inausi gure bizitzan, gure jokabide eta aukeratan.
Arbola inausi behar dan moduan, gero fruitu hobea emoteko,
guk bere adar okertuak eta igartuak  inausi behar doguz: harrokeria, kontsumokeria, fedea bildurrez bizitzea.
Horixe ospatzen dogu gaurkoan eta orain, gure buruagaz apal, senide eta Jaungoikoaren aurrean, euren laguntasuna eskatuz eta eskertuz.
Jainko Aitaren errukiak, Jainko Amaren samurtasunak guk uste dogun baino indar gehiago daukie!







Kanta: Zabaldu egizuz (osorik)

Abadeak:
Aitaren…
Jauna zuekin!

Monitorea

Arbola baten inausketa erasangarria da. Mingarria bezain behar beharrezkoa da fruta-arbola gehienentzat. Adar edo adaxka batzuk inausi behar dira arboleak indar gehiago izan daian, eta frutu hobea emon daian. Arte bat da ondo inaustea; jakin egin behar da zein adar ebagi, zelan eta nondik ebagi, eta sasoia be egokia izan behar da.
Ez al da hau kontzientzia azterketaren ezaugarri bikaina?

Jesukristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik (Jn 15, 5-14)

«Ni naz mahatsondoa eta zuek aihenak. Norbait niri itsatsita badago, ni berari lez, horrek frutu asko emongo dau; ni barik ezin dozuelako ezer egin.
Niri itsatsita ez dagoana kanpora botaten dabe, ebaki eta ihartzen dan aihena moduan; gero, batu, sutara bota eta erre egiten dabe.
Aitak maite nauan legez, halantxe maite zaituet nik be zuek; iraun tinko nire maitasunean.
Zuek nire adiskide izango zarie, nik agintzen deutsuedana egiten badozue. »
                                                    
Jaunak esana

Salmoa

Salmo egileak argi egiten dausku berba: Errukitsu izatea zorion iturri da. Pobreari emotea zorion iturri da. Zorionekoak gu holako frutuak emoten doguzanean!

Erantzun-salmoa   Sal 111,4-5.6-7.8a eta 9

            Jauna dot argi eta salbamen!

Zintzoentzat ilunpetan argia lez sortzen da;
onbera da, errukitsua eta zuzena.
Zorionekoa, errukitu eta emoten dauana,
bere gauzak zuzen atontzen dituana.

Ez da koloka ibiliko behin ere,
haretaz oroitzeak iraungo dau betiere.
Barri txarrak ez dau bildurtzen,
bizkor dau bihotza Jaunagan itxaroten.


Monitorea

Pazientzia dauka Jaunak, hau da, errukitsua da. Beti dago zain fruitu onak emon dagiguzan:

Jesukristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik (Lk 13, 1-19)

      Gero, parabola hau esan eutsen Jesusek: «Gizon batek pikondo bat eukan bere mahastian landatua. Joan zan piku bila eta ez eban aurkitu. Orduan, mahastizainari esan eutson: Begira, badira hiru urte pikondo honetara piku bila natorrela, eta ez dot aurkitzen. Ebagi egizu. Zertarako egongo da hor lurra alferrik jaten?
      Baina mahastizainak erantzun eutson: Jauna, itzi egizu aurtengoz; bitartean, hondoa aitzurtu eta ongarria botako deutsat ea aurrerakoan fruiturik emoten dauan; eta bestela, moztu».

Jaunak esana!   


Monitorea

Jainkoa ez da nekatzen gu parkatzen.
Baina guk be parkamen horren beharra sentitu behar dogu!
Jainkoagaz ditudan hartuemonak, senideakaz ditudan hartuemonak, ni neugaz dodazan hartuemonak aztertuko doguz orain…
Zer ebagi, zer inausi nire bizitzan…

Gogoeta

Pekatutik libre egoteko tentaldia: harrokeria inausi

Pekatutik libre biziteko tentazinoa, perfekzinoaren tentazinoa handiak dira, eta ezin badogu lortu, itxurea egiten ahalegintzen gara.
Eta egoera larriagoa da itxurakeria hori besteengan bakarrik ikusi eta salatzen dogunean, geureagaz konturatu barik. Eta hori luzaroan mantentzen bada, herritar batengan harrokeria dana, fededun batengan pekaturik larriena da. Harrokeria horrek itsutu egiten gaitu, ezin izango dogu antzeman argitasunez geure jokabidea, eta ez deusku itxiko erlatibizatzen ingurukoena.
Gure barruko otoitzean, eskatu deiogun Jainkoari pekatutik libre egoteko tentalditik libratu gaizala. Maitasunaren Jainkoak izan daiala tokia gugan, eta ez Legearen Jainkoak.

Kanta:  Errukitsu Jainko Aita lez (4) (edo Erruki Jauna, pekatu egin dogu-ta)

Ugaritasunak pobretuta: konsumoa inausi

Konsumoa nahitaezkoa da gaur egun, bertute bihurtu jaku: produzidu, konsumidu, disfrutau eta dibertidu.
Hemen gehienok jokatzen dogu antzera, ezkerreko zein eskoiko, fededun zein ateo izan. Telebista piztuta hazten gara (lagun egiten deusku, nahita ez egin jaramonik!), behar ez doguna erosten dogu, zenbat eta merkeago hobeto, ekoizleen soldaten kaltetan bada be bardin deusku. Dana gura dogu: baserria, pisua kalean, eta, ahal bada, etxe bat oporretarako be bai; kotxe bat beharrera joateko eta beste dotore bat erakusteko. Erosketa maratoi honetan, munduaren baliabideak erre egiten ditugu, eta kolokan ipini ekologiaren oreka eta etorkizuna.
Tradizino espiritual nagusi guztietan eta terapia psikologiko moderno gehienetan, gehiegizko konsumoa barruko hutsune baten sintomatzat joten da. Barruko hutsune hori ezin da erosketa eta hamaika trastez bete. Eta zein da urtenbidea?
Urtenbidea benetan garrantzitsua dana bilatzea da. biziteko poza, edertasun zaletasuna, laguntasunaren oparia, naturagaz bat egitea, egia bilatzea, espirituaren sakontasuna. Horreek danak libre hazten dira, doan, gauzak pilatu barik.
Hori dana lantzen dogunean, orduan aberastu egiten gara, indartu, adoretu. Ezin dau inork hori kendu. Aberastasuna ez da gauza asko eukitea, gitxiago gura izatea baino.

Kanta:  Errukitsu Jainko Aita lez (4) (edo Erruki Jauna, pekatu egin dogu-ta)

Sakristiatik kanpo hazi fedea

Batzutan gure fedea, gure eliztar izatea lotsaz eta bildurrez bizi dogu. Kasu gehiago egiten deutsagu edonoren eritziari ebanjelioari baino. Haize barik, eguzki barik, beti negutegian bizi bada gure sinismena ezin handitu, ezin fruitu ugari emon.
“Ez izan bildurrik” dira Kristoren berbak. Hori da nire jokabidea?

Kanta:  Errukitsu Jainko Aita lez (4) (edo Erruki Jauna, pekatu egin dogu-ta)

Isilunea

Monitorea:

Hona hemen gure Fedearen arbolaren ezaugarria.
Adar ederrak ditu: Jaunaren Hitza, bakea, esker ona…
Zoritxarrez adar okerrak, agorrak be emon dauz.
Harrokeria, kontsumokeria, fededun izatea lotsa eta bildurrez bizitzea…
Ezaugarri lez, adar bi inausiko doguz: harrokeria eta kontsumokeria.

(Egin ezaugarritxoa)

Hauxe eskatuko dogu: Aitaren parkamena guregana heldu daitela.
Argi bila ibili gaitezala beti.
Hauxe da Garizuma: Jesusengana itzultzeko aukerea, Jainkoaren oparia, gure bizitzak arteztuteko aldia, aldendu bagara, Jaunagana batu barriro be.
Mugatuak bagara  eta ilunetan bagabiz be, txarra inausi eta ona baloratu eta edertu gura dogu.
Bidea egin gura dogu. Edadetuengana. Pobreengana. Gaztetxoengana. Familiarengana. Boluntario eta eliztarrengana. Espiritual formazioa jagonda. Ebanjelioaren ikasle misiolariak!
Gura dozuenok, urreratu abadearengana eta esan berba baten edo bitan, zuen bizitzan zein adar inausi behar dozuen.

Kantak eta salmoak…

Berrogei egun jarri dagigun
gure bizitzan ordena;
basamortua zeharkatzeko
beharrezkoa ez dena
barau bitartez pobreen alde
bihur limosna zuzena,
Jesus laguna jarraitzea da
gure otoitzik gorena!

Berrogei egun hazi dagigun
otoitzez gure bihotza,
maitasun eta alkartasunez
berotuz gizarte hotza.
Berrogei egun garbitu daigun
nagikeria ta lotsa
izan gaitezen baztertu eta
pobre guztien ahotsa.

Aginte harro, ohore asko
eta aberastasuna
Zesarren hiru opari eder
deabruak dakarguna.
Jesusek barriz horren kontrako
berrogei egun jarduna
pobreen alde justiziaren
errukiaren laguna.

Berrogei egun aurretik doguz
barri ona onartzeko,
gure barruan hainbat egunez
bere lana egiteko,
berrogei egun antzaldatuak
garela erakusteko,
barriz bizitzen ikasi daigun
Jesus lagun ta bideko.



Abadeak:      Kristoren argipean garbituko doguz orain gure pekatuak.

Monitoreak: Nik autortzen dautsat… (danok batera)

GURE AITA


Abadeak:      Egin daigun otoitz, Jesukristok erakutsi euskunez: Gure Aita...

BAKEAREN EZAUGARRIA


Abadeak:      Kurutzearen bidez, Jesukristok berarekin eta gure artean adiskidetu gaitu.
Horren ezaugarri lez, emon deiogun bakea alkarri “Arrenka eske gagoz” kantatuz..

ESKER OTOITZA

Abadeak:      Sakramentu honek Jesukristoren bizitza eskeintzen deusku.
Abesti honegaz eskerrak emongo deutsaguz.

Esker onezko kanta bat: Eskerrak bihotzetik Aita Jaungoikoa

PENITENTZIARAKO ARGIBIDEAK eta ASTE SANTURAKO OHARRAK

BEDEINKAPENA


Jauna zuekin.
Eta zure espirituarekin.
Bedeinkatu zagiezala Jainko ahalguztidunak,
Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
AMEN.
Jainkoak parkatu egin ditu zuen pekatu guztiak. Zoaze Jaunaren bakean.
ESKERRAK JAINKOARI.

No hay comentarios: