Gabon zorion, zorion gabon!

sábado, 17 de marzo de 2018

Sakramentuak eta 05



Sakramentuen premia
Luis Gonzalez-Carvajal

IDATZ argitaletxea, Donostia, 1990
 
Elizak esan duen bezala, Jainkoa ziurtasun osoz ematen da sakramentuen bitartez; baina ez du inoiz esan, horien bitartez bakarrik ematen denik. Ez dago erabateko sinkronismorik, sakramentuaren eta graziaren harreraren artean.

Grazia sakramentuaren aurretik etor daiteke. Oso interesgarria da Pedrok ematen duen arrazoia, Kornelio ehuntariaren bataioa zuritzeko: «Uka al diezaieke inork Bataioko ura, guk bezala Espiritu Santua hartu duten hauei?» (Ap Eg 10, 47). Hau da, ez du bataiatzen Espiritu Santua har dezan, hartu duelako baizik.
Baina sakramentua ere joan daiteke graziaren aurretik (eta honi teologikoki deitu izan zaio «biziberrikuntza»).
Are gehiago, Ordena eta Ezkontza kenduz gero, Elizak beti esan du, litekeena dela gurarizko sakramentuaren bidez grazia hartzea. Eukaristiaren kasuan, esate baterako, hala dio Trentok hitzez hitz: «Ogi eukaristikoa gurariaz jaten dutenek haren fruitua eta probetxua jasotzen dute, maitasunaren bidez diharduen fede biziari esker»[1].
Hau da, Kristok gainezka egiten die Elizari eta honen sakramentuei. Ez da geratu beraien gatibu. Baina, jakina, grazia sakramenturik gabe ere lortu ahal izanak, ez du esan nahi horiek alferrikakoak direnik.
Elizarik eta sakramenturik gabe Jainkoak «ezkutuki» ihardungo luke eta, horregatik hain zuzen ere, Haren egintza ez litzateke hain eraginkorra izango: zerbait adierazi baino lehen, modu nahasi batean bakarrik daukagu; adierazpena adierazten denaren sortzailea da beti, eta hau hala da, baita lege psikologiko hutsengatik ere.
Jokaera sakramentala bertan behera uzteak esan nahiko luke, Jainkoaz janaritzeko ezaugarri ikuskorren beharrik ez legokeen egoera batetan kokatzen garela. Horrelako egoera emango da, noski baietz, baina oraindik ez da ematen: «bizitza zoriontsua» da hori, Jainkoa betirako edukitzea. Patmoseko ikusleak hala esaten du Jerusalen Berriaz: «Ez nuen han Etxerik ikusi; Jauna, Jainko ahalguztiduna, eta Bildotsa ditu bere jauretxe» (Apk 21, 22).
Izan ere, sakramentu guztiak Jainkoaren Erreinuaren, alderdiak aurreratzen dituzten «signa prognostica»[2] aurretik ezagutzera ematen duten esaugarriak): behin-betiko gizakia (Bataioa), azken barkamena (Penitentza), oturuntza eskatologikoa (Eukaristia), e.a. Baina, gertaera horiek aurreratzen dituzten aldi berean, nolabait estali egiten dituzte, ezaugarria ez bait da errealitatea. Sakramentuak, Eliza osoa bezala, «dagoeneko bai» eta «oraindik ez»aren tirabiran kokatzen dira.
Sakramentuak, Eliza bezala, bien bitartekoa den oraingo aldiari dagozkio, eta desagertu egingo dira, Jainkoaren Erreinua bere osotasunean agertzen denean. Baina ez dute desagertu behar garaia baino lehen. 


 


[1] DS 1.648 = D 881.
[2] Aouinoko Tomas, Suma Teologica, 3, q. 60, a. 3 (BAC, 13. t., Madrid, 1957, 27 or.).

No hay comentarios: