Gabon zorion, zorion gabon!

sábado, 10 de marzo de 2018

Garizumako otoitzaldia Retiro de oración de Cuaresma



Felix Larrondo abadearen laguntzaz ospatu dogu aurtengo garizumako otoitzaldia. Felixek lagundu deusku taldekako plegariak egiten, baina batez be, Markosen ebanjelioko pasarte batzutan Jesusegaz bat egin, bere jarrerak ikusi, ikasi, errukiaz eta haserreaz, eta gure bizitzan blai egiten itxiz.

Jendearen jarrerak, isiltasunak eta atentzioak asko lagundu dabe otoitz giroa ez galtzen, Igorreko kapilan egon garan ordu bietan.

Bakarkako otoitzaldiak danon arteko komunikazioaz aberastu doguz. Alkarregaz Gure Aita abestuz amaitu dogu otoitz goiz hau.

Hona erabili doguzan otoitz bi:





Legena (Mk 1, 40-45)


Legenduna ikusterakoan dardaraka hasi
eta atzean zegoena asmatu zenuen,
bazterketa basati bat.

Arnasari ere eutsi zenion
galdetu aurretik:
Zer nahi duzu egitea?

Unearen premia zerbait egitea zen,
izarren aurka izanik ere
zerbait egitea haren alde.

Zenbat aldiz injustiziaren aurka deiadarka
eta gizartea aldatu gurean,
eta maitasuna kutxan gorderik!
Zenbat aldiz “maitasuna” ahoskatu
baina sentimendu ergel eta hutsean geratzen gara
ekinean hasi beharrean!

Ahaztu egiten dugu zure bihotza odoletan dagoela
sistemak baztertu zuen
legenduna ukitu zenuenean,
legea, araua eta hiria puskaturik
maitasunaren maitasunaz.

Bihotza zabalduko dugu
baina ez diogu utziko antolatzeari,
zuk nahi duzun moduan.
Maitasuna ausarta da,
baina bideak behar ditu,
nahiz eta hiritik kanpora atera bideok Zurekin batera.

Baina aurretiaz senda gaitzazu gure legenatik. Amen.


Otoitz egitera ihes egiten zuen (Mk 1, 35.39)


Etxetik ihes egiten zenuen goizaldean
mintzodun isiltasunean barneratzeko.
Iheska, zarata eta multzokeriatik iheska
Ama lurraren sakon sakonera jaitsiz,
Misterioaren bakartasunera,
Zure Maitasunaren sustraietara,
maitatuaz eta maitatua izanaz,
entzun eta
Ama-Aita deritzagun horrekin bat egiteko.

Txoriek kantu hotsa beheratu zuten
zure isiltasunaren indarraz jabetzean.
Zuhaitzek poliki makurtu zituzten adarrak
zure bakartasuna zaintzearren.
Eta Zu leizeratu egiten zinen.

Eta horra hor sakonetik sortzen samurtasuna eta adorea.
Gau eta bekatuaren ilunpeetan
Gizadi berriaren pazko egunsentia
pixkanaka argitzen,
eta Ama lurra zurekin batera kinka larrian
hildakoen piztuera ernetze bidean.

Ikasle gizajoak,
korrika zure bila zure gordelekuaren misterioa ulertu gabe!

Seme eta Aitaren bakardade zoriontsua,
haiek baino ez dakitena
isiltasunean hizketan!

Goizero nahi nuke basoraino zuri jarraitu,
zure isilpekoak entzun
eta goizaldetik zurekin abestu
samurtasun eta adore solidarioaren kanta!


 

.........................................

 

Martxoak 10, zapatua, 10:00-12:00 Igorreko parrokian otoitzaldia Felix Larrondo, abadeak lagunduta:
“Markosekin otoitzean XXI. Mendean” Otoitzaldia euskeraz eta erderaz zuzendua izango da. Igorreko parrokian.

El sábado 10 de marzo, de 10:00 a 12:00 en la parroquia de Igorre, retiro de oración. Nos acompañará Felix Larrondo.
Retiro de oración con el evangelio de Marcos.
La direción del retiro será bilingüe.

Nor da Felix Larrondo?

Felix Larrondo (Erandio Goikoa, 1960) Bilboko Eleizbarrutiko abadea da.
Teologiaz gain, pedagogia ikasketak egin dauz.
Lurralde Bikarioa izan da bi aldiz, VI. bikaritzan,

Gaur egun abade dago VI. bikaritzan, Berango eta Neguriko San Inazio parrokietan batez be.












No hay comentarios: