Gabon zorion, zorion gabon!

jueves, 29 de marzo de 2018

Eguen Santua: Bidean

Bizkaia Irratiko lagunok, entzuleok, gaurkoan eguen santuari buruzko gogoeta bat egingo dogu zuokaz guztikoaz batera.
Eguen Santua aparteko eguena dogu. Gurena. Gogokoa. Gurea. 

Aintzaka eta goraka eta aupaka emon geuntsan ondo etorria Jesusi Erramu domekan. Erramuak eta bihotza jasorik, haren ametsagaz, haren asmoagaz, haren barrionagaz bat egin gura dogula esan eta kantau genduan. Orduan eta aste osoan zehar.
Horixe barritu gura dogu gaur, eguen santu honetan, bihotza bero.
        
Pasinoak esangura bi ditu gitxienez. Bata nekaldia, nekea, sufrimendua... Askotan eta sarritan horregaz geratzen gara, Jesusek berak sufridu eban legez sufridu, kurutzea eroan, irainak eta torturak jaso. Hor geratzen bagara, aste santua bariku santuan amaitzearen modukoa litzateke.
         Pasinoa zaletasuna ere bada, zaletasun bizi eta eraginkorra. Danok ezagutzen doguz apasionata bizi diran lagunak: maitale bategaitik, kirol bategaitik, lan bategaitik, herri bategaitik... Jesusek ere bere pasioa eukan, zaletasun bizi bezain erakargarria: kurutzetik jaitsi biktimak, pobreak.
Horixe barritu gura dogu gaur, eguen santu honetan, bihotza bero.
        
Eguen Santuko maitasun ereduagaz, alkarbanatzeko grinaz... pasio hori zelan bete erakusten dausku Jesusek. Gosearen kurutzetik jaitsi gose direnak. Indarkeriaren kurutzetik jaitsi biktimak. Pobreziaren kurutzetik jaitsi behartsuak. Bakardadearen kurutzetik jaitsi bakarrik bizi direnak. Maitasuna eta alkarbanatzea erabiliaz, jaitsi kurutzetik gaisoak eta biktimak.
         Horixe barritu gura dogu gaur, eguen santu honetan, bihotza bero.
        
Eta aste santuko gure konpromisoa, Jesusen pasioa, zaletasun sutsua jarraitu gurean hauxe izan daiteke: kendu ahal diran kurutzeak kendu, kendu ezin diranak (gaixotasuna, ezbeharrak, zahartzaroa...) eroaten lagundu, eta geuk ez inori kurutzerik ezarri, ez inori minik emon.
         Horixe barritu gura dogu gaur, eguen santu honetan, bihotza bero.

        
         Ene maiteok,
maitatu daigun alkar,
maitasuna Jainkoarengandik dator-eta,
eta maite dauena
Jainkoarengandik jaioa da
eta ezagutzen dau Jainkoa.
Maite ez dauenak ez daki ezer ere Jainkoaz,
Jainkoa maitasuna da-eta.
Hara zelan agertu dan Jainkoaren gureganako maitasuna:
Jainkoak bere Seme bakarra mundura bialdu eban,
beronen bidez bizia izan dagigun.
(San Joanen lehenengo epistolatik, 4. kapitulua, 7-9 txatalak)
 
            Esker oneko izateko dei ozen, argia, garbia dogu testu hau.
Esker onekoak gara, etxekoakaz, jendeagaz, Jainkoagaz?
Zoritxarrez ez beti.
Eskerrik asko esaten ikasi behar dogu, sarritan, ugari. On egiten dau. On egiten dautso hurkoari. On egiten dautso esaten dauenari.
Daukagazun gauzak eta zerbitzuak, neurriz erabiltzera eroan behar gaitu esker onekoak izateak.
Jatekoak, erropak, ikas orduak, erakunde zibilen prestazioak...
Mahaia bedeinkatzea, adibidez, jatorduaren aurretik, honen ezaugarri jator eta polita izan da, jaten doguna, jaten dogunakaz, jatekorik ez dabenakaz,
Jainkoaren bedeinkapenaren argipean jarri otoitz labur bezain mamitsu bategaz.
Nire otoitzak, eskatuz aparte, ba al daki eskerrak emoten?
Otoitzak, batzutan, debaluazio hori euki dau. Larrialdi baten orduan, beharrizan baten aurrean, bai. Eta eskerrak emotekotan?

Maitasunaren eguna ere badogu gaurkoa.
Maitasuna zabaldu etxean, herrian, lagun taldean, munduan...
Nire keinuak, berbak, pentsakerak maitakorrak, samurrak egin...
Gorrotoa, banaketa, liskarrak gitxitu inguruan...
Maitasuna mundu osora heldu behar dala jakitun egon,
misioetako herriak eta misiolariak ere kontuan izanik...


Musika: 


         Bidean abiatzera joiala, gizon bat etorri jakon lasterka eta, aurrean belaunikaturik, itaundu eutson:
- Maisu ona, zer egin behar dot betiko bizia ondaretzat jasotzeko?
Jesusek erantzun eutson:
- Zergatik esaten deustazu ona? Inor ez da ona Jainkoa baino. Badakizuz aginduak: ez hil inor, ez egin adulteriorik, ez ostu, ez egin guzurrezko testigantzarik, ez egin kalterik, aintzat hartu aita-amak.
Harek orduan:
- Maisu, gazte-gaztetandik bete izan dot hori guztia.
Jesus maitasunez begira jarri jakon, eta esan eutson:
- Gauza bat falta jatzu bakarrik: zoaz, saldu daukazun guztia eta emon behartsuei, zeure aberastasuna zeruan izan daizun; gero, zatoz eta jarraitu niri.
Hitz honeek entzutean, ilun jarri zan gizona eta atsekabez joan, ondasun handien jabe zan-eta. Inguruan begiratuz, Jesusek esan eutsen bere ikasleei:
- Bai nekez sartuko direla aberatsak Jainkoaren erreinuan!
(Markosen Ebanjelioa, 10. kapitulua, 17-23 txatalak)


Apala izan, otzana tratuan, jendeagaz, herrian... erronka eta bide. Jesusen apaltasuna ez da injustiziak ahiztutea edota arazoetan sartu gura ez izatea. Apaltasuna maitasunaren beste izen bat da.
Apaltasunaren bidea hartu beharko genduke erropatan, berbatan, jokabideetan, tratuan...
Harrokeria eta itxura zalekeriak alboratu beharko gendukez, baina zein gatxa jakun gizarte honetan!
Apaltasunez, Jesusek ikasleen oinak garbitu zituan.
Apaltasunak  lagunak eta adiskideak egiten dauz...
Apaltasuna zorion bide dogu.
Azken afaria, adiskidetasun ezaugarria,
konpromiso ezaugarria era badogu.
Hurkoarengana urreratzeko bide,  eta zubi, eta alkarbidea da...
Alkarrizketea sortzen dau apaltasunak, jendearen arteko arazoak konpontzekoa; guzurra indar barik ixten dau.
Bakea eta bakezaletasuna ereiten dauz etxean, familian, auzoan...
Ama lurra, errespetuz jagotera eta zaintzera eroaten gaitu...

Behar beharrezkoa dogu, horretarako, gure sinismena sendotzea.
Nire edukazio erlijiosoa sakondu eta sakontzea.
Otoitz pertsonala eta taldetakoa ugaritzea.
Sakramentuak, domekako mezea zaintzea. Eta gaisorik banago etxean, urten ezinik, irratiaz zein telebistaz jarraitzeko ahalegina egitea.

Musika:


Eguen Santuko gogoeta hau, ebanjelioko pasarte bat irakurriaz amaituko dogu. Entzun daigun bada...


Jesusek baekian dana bere esku jarri eutsola Aitak, eta Jainkoarengandik etorria zala eta Jainkoarengana joiala. Afaltzen ebilela, mahaitik jaiki, soingainekoa erantzi eta, esku-zapia harturik, garrian lotu eban. Ondoren, ura konketara bota eta ikasleei oinak garbitzen hasi zan, eta garrian eban eskuzapiaz lehortzen.
Simon Pedrorengana heldu zanean, honek esan eutson:
- Jauna, zuk niri oinak garbitu?
Jesusek erantzun eutson:
- Ni egiten nabilena zuk ez dozu orain ulertzen, geroago ulertuko dozu. Pedrok barriro:
 - Zuk ez deustazu sekula niri oinik garbituko.
Jesusek erantzun:
- Garbitzen ez bazaitut, ez dozu nigaz zerikusirik izango.
Simon Pedrok esan eutson:
- Jauna, orduan, oinak ez ezik, eskuak eta burua ere bai.
Oinak garbitu eutsezenean, soingainekoa jantzi, berriro mahaian jarri eta esan eutsen:
- Ulertzen dozue egin deutsuedana? Zuek ‘Maisu’ eta ‘Jauna’ deitzen desutazue, eta arrazoi dozue, holaxe naz-eta. Beraz, nik, Jauna eta Maisua nazen honek, zuei oinak garbitu badeutsuedaz, zuek ere garbitu oinak alkarri.
(San Joanen ebanjelioa, 13, kapitulua, 2-9 eta 12-14 txatalak)
 

 

No hay comentarios: