José Antonio Pagola. Itzultzailea: Dionisio Amundarain
Egundoko
gauzak esaten entzun diote ikasleek Jesusi: etsaiak maitatzeaz,
pertsegitzaileentzat Aitari otoitz egiteaz, kalte egiten dietenei barkatzeaz.
Dudarik gabe, mezu miresgarria iruditu zaie hori guztia, baina errealismo
eskasekoa eta oso problematikoa.
Pedro,
oraingoan, planteamendu praktikoago eta zehatzago batekin hurbildu zaio Jesusi:
adieraz diezaiela nola konpondu beren artean sortzen zaizkien arazoak:
errezeloak, bekaizkeriak, aurkaritzak eta gatazkak. Nola jokatu behar dute
beraren jarraitzaile diren familia haietan? Zehazki: «Zenbat aldiz barkatu behar diot iraintzen nauen
anaiari edo arrebari?».
Jesusek
erantzun aurretik, Pedro odolberoak aurrea hartu dio, bere iradokizuna eginez: «Zazpi alditaraino?». Proposapen hori
juduen gizartean arnasten den justizia zorrotzeko giroa baino bihotz-zabaltasun
handiagokoa da. Rabinoen eta esenioen beraien artean praktikatzen dena baino
harago doa: hauek gehienera lau aldiz barkatzeko irakasten dute.
Halaz
guztiz, Pedrok juduen kasuistikan mugituz jarraitzen du; hauen artean,
barkazioa konponketa adiskidetsu eta araututzat hartzen da, talde bereko
direnen artean bizikidetasuna bermatzeko. Jesusen erantzunak beste ildo batean
jartzea eskatzen du. Barkatzean ez da mugarik: «Ez diotsut zazpi alditaraino, baizik eta hirurogeita hamar aldiz zazpi
alditaraino». Ez du zentzurik barkazio-kopuruaren kontua eramateak.
Anaiari edo arrebari zenbat aldiz barkatu dion kontatzen ari dena bide zoro
batean sartu da, Jesusen jarraitzaileen artean arnastu beharreko espiritua
suntsituko duen bidean.
Juduen
artean ezaguna zen Lamek-en «Mendeku-kantua», basamortuko legenda-heroi harena,
zioena: «Kain zazpi aldiz mendekatuko dute, baina Lamek hirurogeita hamar aldiz
zazpitaraino». Mugarik gabeko mendeku-kultura honen aurrez aurre, Jesusek bere
jarraitzaileen artean mugarik gabeko barkazioa proposatu du.
Vatikano
II.a kontzilioaren inguruan agertu diren jarrera desberdinek Elizaren baitan
gatazka eta aurkaritza, askotan oso mingarriak, eragin izan dituzte. Sarritan
azaldu dira elkarrekiko begirune-faltak, irainak eta kalumniak. Inork gezurtatu
gabe, kristau-izenpean agertzen diren zenbait talde Internetez baliatu izan
dira oldarkortasuna edo gorrotoa ereiteko, beste fededun batzuen izena eta
ibilbidea gupidarik gabe hankaz gora jarriz.
Premia-premiazkoa
dugu Jesusen lekukoen beharra, hitz irmoz haren Ebanjelioa hots egingo dutenen
eta bihotz apalez haren bakea kutsatuko dutenen beharra. Fededunak: barkatuz
eta Elizan sartu den itsutasun gaixoti hau sendatuz biziko direnenak.
|
||||||||
|
No hay comentarios:
Publicar un comentario