Erramu domekea: Xabier Lete & Lazkao Txiki

viernes, 23 de junio de 2023

Gaur dala bihar dala Doniane

Mundakan umetan ikasi neban kantatxu hau. Sorginari jarraituz, kalez kale, portu ganean sutean erre baino lehen kanta eta kanta. Kantak, suak, ohiturak. Nor izan zan Joan hori? Ze ekandu eta tradizio gorde dira bizirik gure artean?

Hona hemen Doniane, Donibane, San Joan: kristau liturgian,  egun eta gabaren inguruko ohiturak eta kantak


Kristau liturgian 

Zakaria eta Elisabeten semea, Joan (Jauna aldeko esan nahi du izen horrek), Jesus baino sei hilabete lehenago jaio zen Judeako herrixka batean. IV. mendekoa da San Joan Bataiatzailearen jaiotzaren jaia, Jesusen jaiotzaren jaia bezala. San Joanen jaiotzak jende asko poztuko zuela iragarri zion aingeruak Zakarias apaizari (Lk 1, 14). Elizak «bihotzeko pozaren dohaina» eskatzen dio Jainkoari egun horretan. Joan Bataiatzailea argiaren aitzindari eta testigu izan zen (Jn 1, 6-7), eta berak erakutsi zion munduari argi hori. 



Joanen jaiotza ospatzeko ekainaren 24a hartzean, kontuan izan zuen Elizak udako eguzki-muga edo solstizio-eguna zela, eguzkia ortziaren goienera igotzen den garaia, eta herrialde askotan jai bereziak egin ohi zituztela eguzkiaren omenez. Neguko eguzki-muga edo solstizioan –Eguberritan–, Jesusen jaiotza –zerutik datorren goiz-eguzkiaren (Lk 1, 78) jaiotza– ospatzen hasi ziren bezala, udakoan –Ekainean– Joan Bataiatzailearen jaia ospatzen hasi ziren. San Agustinek dioenez, kristauok Jesusen harako esaera hartaz oroitzen gara: «Joanek argi egiten zuen kriseilu piztuaren antzera» (Jn 5, 35). Pertsonaia oso garrantzitsua da Joan Bataiatzailea kristauontzat. 


San Joan egunaren inguruko ohiturak.

Ziur aski, Kristautasuna etorri aurretik, eguzki amandrearen omenez egin ohi ziren –eta diren– jai horietako hiru osagai nagusiak erabili ohi ditu herriak orain ere: 

San Joan sua Mundakan
Sua: eguzkiaren irudirik egokiena, ilunpea argitzen baitu, sorginak eta gaueko espiritu gaiztoak uxatzen eta gaitzak sendatzen. San Joan egun bezperan, afalondoan, baserrietako bide-gurutzetan, laharrak eta zotzak eta belar iharra pilatuz, sua pizten da, haren inguruan kantatuz dantza egiten eta gainetik jauzi edo salto, gaitzak uxatzeko. Herriko plaza eta auzoetan ere piztu ohi dira, honako kopla hauek dioten bezala: gure kalean sorginik ez, badagoz bere erre beitez.

San Joan iturria Zeanuriko Altzuan
Ura: San Joan egun goizean eguzki amandrea dantzan ateratzen omen da. Eguna argitzerako, belazeetan oinutsik ibili ohi zen jendea, goizeko ihintzak indar sendatzailea omen duelako; San Joan iturrietara ere erruz joan ohi zen jendea, ura edatera eta gorputz-atalak urez bustitzera. 

Zeanuriko Altzuan doniane egunez

Zuhaitza eta landareak: San Joan egun goizean, lizar- nahiz elorri-adarrak moztu eta atari nahiz leihoetan ezarri ohi dira. Zenbait tokitan, zuhaitz horien zurez gurutze txikiak egin ohi dituzte eta pareta-zuloetan sartzen. San Joan bezperan, zenbait herri eta hiriko plaza nagusian lizarra nahiz lertxuna jarri ohi dute, haren ondoan sua piztu eta haren inguruan dantza egin. Toki batzuetan, herriko apaizak bedeinkatu egiten du San Joan arbola. Haritza ere izan daiteke arbola hori. San Joan goizean, bestalde, lore-sorta apain eta ederrak bildu eta lotu ohi dituzte eta elizara eraman bedeinkatzeko; urte guztian etxean gordetzen da sorta hori, trumoia denean pixka bat teilatura nahiz sutara botatzeko, oinaztura edo tximista etxean sar ez dadin. 

San Joan kantak

GAUR DALA

Gaur dala, bihar dala
Doniane, etzi San Juan
biharamone.
Gaur dala, bihar dala
Doniane, etzi San Juan
biharamone.

Gure kalian sorginik ez,
ba dagoz bere, erre beitez.
Gure kalian sorginik ez,
sorginik ez;
ba dagoz bere, erre beitez
eta erre beitez.

SAN JOAN

San Juan dabil soloetan
solo guztiak bereinketan.
Sorginak, erre, lapurrak erre,
artoa ta gariak
kaixan gorde.

Orain amumak konta daiala
kontutxu bat!:

Nik ikusi nituen
San Juan gabian
Txomin eta Bartolo
tabernako atian
hormia zelakoan
batak besteari
txiza eiten eutson zar-zar
ja, ja, ja, ja,
praketan alkarri.

No hay comentarios: