Gabon zorion, zorion gabon!

viernes, 1 de octubre de 2021

Euskal Liturgia: elkarrizketak era bakarrizketak

 

 

 Asier Astigarraga[1]

1. Abiapuntu bat

Antropologiako ikasle nintzen egun agorretan, inoiz edo behin, “esnarazten” ninduten aipamenak eta proposamenak irakurtzen nituen, ikasketa hauen hasierako sortzaile edo erreferentzia handien lanetan. Besteak beste, bere garaian niretzako argigarriak izan ziren ondoko hitz hauek:.

Hay, pues, en la religión algo eterno que está destinado a sobrevivir a todos los símbolos particulares con los cuales se han envuelto sucesivamente el pensamiento religioso. No puede haber sociedad que no sienta la necesidad de mantener y reafirmar, a intervalos regulares, los sentimientos colectivos y las ideas colectivas que constituyen su unidad y su personalidad, Pues, bien, esta refracción moral no puede obtenerse sino por medio de reuniones, de asambleas, de congregaciones donde los individuos, estrechamente próximos unos de los otros, reafirman en común sus sentimientos comunes: de allí, las ceremonias que, por su objeto, por los resultados que producen, por los procedimientos que emplean, no difieren en naturaleza de las ceremonias propiamente religiosas.[2]

Émile Durkheimen hitzak dira. Denbora askotxo pasatu da bere ildoa ebaki zuenetik eta, behar bada, egongo da aipamen hau hona ekartzea tokiz kanpo dagoela pentsatuko duenik (zaharkituta dagoelako, gaindituta dagoelako, oker dagoelako…), baina era honetako aipamenak, nire ustez, gaur egungo elizaren egoeraren azterketaren abiapuntuan jartzea egokia litzateke.

 

2. Historia txiki bat eta lan haundi bat

Euskal liturgiaren historia, euskaraz moldatu eta zabaldutakoa, laburra bezain trinkoa da. Argi dago lan hauetan era askotariko talde eta lagunek parte hartu izan dutena, eta lan batzuk bateratuago eta beste batzuk, hasierako urteetan batez ere, “sakabanatuago” hasi zirela. Dena dela Liturgia-batzordea esapide soila erabiliko dugu, azken urteotan lortu den talde-izaera azpimarratu nahian.

Historia honen ikuspegi orokorra hartuta, bada, testuingurua eta garaiko harreraren baldintzak aztertzeko, harira etor daitezke Angel Mª Unzuetaren hitzok:

Edozein hizkuntzak, bere garapenerako eta gizatalde baten komunikabide izateko, literatura idatziaren eta ahozkoaren premia dau; era berean, kristau sinesmenak ere bere teologia behar dau, bere sustraiak sendotzeko eta fede bizi lez hazteko. Liturgiak, esate baterako, kultura bizi baten janaria, tokiko teologia baten babesa eta bertakotutako katekesi baten laguntza behar dau, bizirik eta esanguratsu iraun nahi badau. Guzti honen helburua ez da euskera bera, euskalduna baino, Jesukristogandik datorkion salbamena onartu daian eta bere Elizan etxeko sentidu ahal izan daiten. Izan ere, Jesusek Elizari agindutakoa ez da hizkuntzak salbatzea, Barri Ona hitzez eta egitez zabaltzea baino.[3]

Euskal liturgia berriaren historia honetan eragile eta langilerik gogorrena Eustasio Etxezarreta dugu. Berak zaindu izan du, ia hasiera-hasieratik, gure Liturgiaren suziriaren garra. Adierazgarria da, bere hitzak irakurrita, Liturgiako lantaldeak markatutako lehentasuna, “ardura nagusia”, zein izan den jakitea:

Hala ere, itzulpen taldearen bereizgarririk nabarmenena hizkuntzaren komunikabidetasuna ahalik-eta zabalen lortzeko ahalegina da, noski. Eta ziur baino ziurrago esan daiteke, hori izan dela haseratik eta gaurdaino Elizaren aginduz lanean jardun izan den talde honen ardura nagusia.

Helburu hau lortu ahal izateko, bi erreferentzi-puntu izan ditu beti begien aurrean:

a)      herria, herri xehea, otoitzerako deiari erantzunez gure elizetan biltzen den herri konkretua eta hizkuntzari buruz eskolatu gabea, neurri zabal batean behintzat;

b)      euskara, ez euskara teorikoa, baizik euskalki askotan zatikatua dagoen euskara historikoa.[4]

Helburu hau guztiz uztartuta zetorren Vatikano II.ak ezarritako oinarriekin. Horren lekuko 1967.eko udazkenean gure Liturgi-taldeak Erromako Liturgi-Batzorde Nagusiaren buruarekin, Annibale Bugninirekin, eginiko batzarrean hartu zituen erabakiak, euskararen erabilera liturgikorako nolabaiteko “salbuespen neurriak” onartuz.[5]

Hortik gorakoak ezagunak dira eta egunotan, gainera, garai horretako itzulpen-lanetan ibili ziren gizaseme denek, edo gehienek behintzat, Euskaltzaindiaren omenaldia jaso zuten iaz. Hauexek izan ziren goresmen ekitaldian aipatu ziren izenak: Lino Akesolo, Dionisio Amundarain, Pierre Andiazabal, Jose Luis Ansorena, Agustin Apaolaza, Jose Mari Aranalde, Jesus Mari Arrieta, Jose Mari Azpiroz, Miguel Azpiroz, Xabier Diharce “Iratzeder”, Karmelo Etxenagusia, Eustasio Etxezarreta, Juan Bizente Gallastegi, Bitoriano Gandiaga, Jesus Gaztañaga, Marzelo Gaztañaga, Juan Goikoetxea, Bizente Hernandorena, Jean Hiriart-Urruty, Michel Idiart, Arnaud Indart, Ramon Irizar, Jaime Kerexeta, Emile Larre, Joan Mari Lekuona, Manuel Lekuona, Pierre Narbaitz, Benoît Olhagaray, Jose Agustin Orbegozo, Tomas Otxandorena, Miguel Plaza, Jose Mari Rementeria, Antonio Sarasola, Basilio Sarobe, Pierre Xarriton, Mikel Zarate, Anizeto Zugasti, Lontzo Zugazaga…

Hau da, berrogei bat lagun eta “milaka” lanordu, Eustasio Etxezarretak behin eta berriz aipatu izan duen bezala.

Egunen batean egin beharko da talde-lan handi honen eta langile bakoitzaren aportazioaren gaineko azterketa zehatza. Nik behinik behin, azal-azaletik egindako begiratu batez, hauen ekarriaz dudan argazki bilduma afektiboa aurkezten ahaleginduko naiz bakarrik, nire ustez beraien lanaren ezaugarrirk garrantzitsuenak zeintzuk izan ziren esanaz..

 

2. 1. Talde-ospakizunaren eta kantu-ospakizunaren inguruan eratu zen lana

Erritual guztiek dute talde-izaera. Ezinbestean meza-inguruan eta ospakizunen inguruan eratutako ekintzak aipatu behar izan zituzten liturgiaren euskaratzaileok.

Topikoa da euskalduna kantaria dela. Liturgia-lanen abiapuntuetarik bat Beloken Lertxundi eta Iratzederren kantu eta salmoen bildumak izan ziren, esaterako, eta haiei zor zaie ostean gure mezetarako atondu ziren hainbat testu eredu eta kantu[6].

Vatikano II.eko aginduak etorri baino lehen, Gabriel Lertxundik berak 1948.ean argitaratu zuen Kantikak... liburu ederra. Musikari begira eginda sarrera luze bat dauka, eta abiapuntu teoriko bati eusten dio:

Bien que ces particularités mélodiques, modales et rythmiques du chant basque soient très peu de chose, elles ont leur prix. Pour avoir une musique originale, les Basques devaient-ils, par hasard, penser en musique à l’encontre de leurs voisins? Occidentaux, les Basque participent nécessairement de la musique européenne.

Ajoutons que pour apprécier les cantiques basques, il faut les entendre chanter dans nos églises basques: c’est là leur vrai cadre.[7]

Kantuon benetako testuingurua euskaldunon ohitura eta elizkizuna da. Ereduak datozen tokitik datozela, beraien zentzu osoa herriaren talde-performance horren bitartez jasotzen dute osotasuna. Elizkizuneko edo ospakizuneko talde-kantuan.

Gaurko ikuspegitik, gutariko askorentzako, liturgian erabiltzen ditugun kantuak eta testuak “betikoak”, “zahar-zaharrak” edo “aspaldikoak” dira. Baina, egia esan, Vatikano II.aren osteko urteetan euskal elizarengandik proposamen hauek jaso zituzten gizon eta emakumeentzat “kantu berriak” ziren denak edo gehieneak. Iparraldeko Liturgi-taldearen lanak hasi eta ia segituan, proposaturiko doinu berriak ere berehala ontzat hartu eta arin batean hedatu ziren. Miraz beteta azaldu zuen horregatik Iratzederrek, 1971.ean:

Joan den astean, Dassance jaunak erran daut arriturik egon dela, Eguberri egunean, hogoi urteko gizon gazte bati beha. Bezperak eskuaraz zituzten Uztaritzen igande guziz bezala, eta gazte harek, libururik gabe, gogoz kantatzen zituen salmo guziak eta himnoa ere.

Behauzeko gizonak aditu ditut neronek igande batez, eskual bezperak apuñatik emaiten, lehengo kantikak bezein gogotik.

Buruilaren 3-an, mila bat garaztar eta amikuztar ba omen zen Ibarreko beilan. “Kyrie”, “Gloria” eta usaiako meza-kantu guztiak eskuaraz kantatu dituzte eta, geiago dena, Michel Garikoitz-en mezako kantu bereziak ere. Nun ari ditake, Eliza saindu guzian, holakorik?[8]

 

2. 2. Herri-literaturari eta literatur sentsibilitateari begira bideratu zen lana

1970eko hamarkadaren hasieran On Manuel Lekuonak, Liturgi-taldearen hasierako lanaren berri emanez, garaiko hizkuntz ereduen gaineko eztabaidan sartuta hasi zen, baina maila estetikoko hausnarketaren aipamen txiki azpimarragarriak ere egin zituen:

Irakurgaiez gañera, irugarren zatia, Partes variables edo Gradualak dira; eta zati au, herriak kantatu-bearreko salmo-zatiz-eta osatzen da. Ontan ere bear litzake batasun. Zati oietan “argi eta errikoitasun” baño, bearrago da “batasun” ─poesia-batasun─ erri osoak ─bateko eta besteko─ danok bat kanta dezaten...[9]

Duda barik, talde horretako kide askok erabiliko zuten ere hainbat irizpide estetiko testuen aldaerak eta bertsioak proposatzerakoan. Agerikoa da laguntzaileen artean bertsolaritzarekin zein literatur produkzioarekin, poesiarekin, lotura zuen hainbat kide zegoena ere. Eta garai hartan gure inguruko beste kultura batzuetan ahozkotasuna edo herri-literatura baztertu samar bazegoen ere gorengo zirukulu akademikoetan, gure kulturan, ezinbestez, begi onez ikusia izan zen hasiera-hasieratik herriaren produkzio literarioa eta, batez ere, herri-lirika eta epika. Liturgia-batzordearen mahaian gai horretan garaiko ikerlaririk onenak zeuden, eta mahaiko ziren idazle eta bertsolari askok ondo eta barrutik ezagutzen zuten herri-literaturaren emana.

Karmelo Etxenagusiak, esaterako, hurbiletik ezagutu zuen Joan Mari Lekuonaren jarduera eta, hil eta gero, hunkituta, eskaini zizkion lerroetan taldearen lan-metodologia eta buruaren irizpide arteza azaldu zituen:

Gure Juan Mari zehatza eta zorrotza zan. Etzan edozein itzulpenek erraz asetzekoa. Iratzeder-Lertxundiren bertsoak neurri estuak zituan, guretzat estuegiak behi baino gehiagotan, eta bazan nekerik eta buruhausterik gure itzulpenak patxadaz eta guztion gogoko egokitze-orduan. behin baino gehiagotan ez errepika, ez salmoen ahapaldiak etziran juan mariren gogo beteko izaten; baina ekin eta ekin, danon laguntzagaz lortzen zan, azken baten, Lekuonaren gogokoa zan itzulpena. Haren poza, hori lortutakoan![10]

Ez ziren badaezpadako itzulpenak beraz. Euskalkien eta hizkuntza estandarren tratamenduaz gain, bazegoen taldean guztiz errotuta testuen pultsio literarioa zaindu beharraren araua. Ez dirudi, gainera, irizpide zurrun hori  indarrean zeuden itzulpenaren gaineko edo testuen lanketa filologikoaren gaineko eskriturista “berrien” ikuspegi tekniko hutsarekin lotzen zenik ere. Pultsio literario hori, taldearen hasierako xede nagusiari eutsita ere, herriarengandik hurbilen zegoen literaturaren ezagutza sakonetik zetorren.

Argigarria da, esaterako, Etxenagusiak ere bere memorietan Mikel Zarateren gainean egin zuen aipamen hau ere:

Gogoan dot, beste lankide askoren artean, Mikel Zarate be izan genduala, bera Gerian abade egoala: Mikelek erdi bertsotan jarri zituan abadearen eta herriaren arteko alkarrizketa batzuk. Neure eskuetan daukadaz Mikelen erantzunak, makinaz eginak, eta azpian, bere eskuz eta lumaz, hauxe dino: “Erriaren belarri eta biotzerako gauza atsegingarri da-ta, bertso modura ipiñi dodaz, batez be erantzun laburrak…”.[11]

Mikel Zarateri eskainitako beste pasarte batean, agerian uzten du Etxenagusiak zuzenean edo zeharka, hasieratik edo geroagarrenean, euskal liturgiaren lanetan “planifikaturik” zegoen ildo literarioa:

Liturgia sailean berarizko batzorde txiki bat sortu zan geroago ─Olerkariena─, eta hortxe sartu genduan Mikel, bizkaitarron ordezkaritzat. J. M. Lekuona, B. Gandiaga ta beste batzuk lagun zituala salmo-kantak, goratzarreak eta eleiz abesti barriak egokitu ta sortzeko.[12]

 

2. 3. Unean uneko gizartean eta euskal gizartean bideratu zen lana

Vatikano II.arekin lotuta datorkigun hitzik erabiliena inkulturazioa da:

Vaticanoko II Kontzilioaren ustetan, grazia eta kultura elkarri begira daude: alde batetik, salbamenezko mezua kultur molderen baten iragarri eta agertu behar da derrigor, bestela ezin daiteke mamitu; eta bestetik, kultura aberastuta eta garapenerako indarberrituta gelditzen da Ebanjelioari esker, Honek guztiak Jainkoaren portaeran aurkitzen du bere oinarria, Hark ere, bere burua ezaguerazteko, kultura baten gorputza hartu beharra izan zuelako. Gizaki egitearen bitartez, guztien Jainkoa "lekututa" gelditu zenez, elizeak ere, salbamenerako dei unibertsala egitean, lekuan lekuko egin beharra dauka.

Vaticanoko II Kontzilioan ugariak dira hau argitzen diguten testuak. Ez da gure lanaren helburua, baina labur-labur, hona GS 54-58. Baita ere, gogora ditzagun Pacem in terris, 95-96, eta Populorum progressio, 40, entziklikak.[13]

Honekin batera aurreko mendearen azken hamarkadetan aggiornamento, edo eguneratzea, izan zen bolo-bolo zabaldutako italierazko berba, Kontzilio berriak zekarren gizartearen aurreko betekizun nagusienetako bat adierazteko.

Liturgi-batzordearen taldekideen artean begiz jo daitezke era batera edo bestera garaian garaikoak biziz eta garaian garaikoei aurre eginez, batzuek eta besteek egin zituzten bizi-aukerak ere. Oso interesgarria izango litzateke batzordekide guztiek, batera edo bestera, inguratzen zituzten euskal gizartearekin eta gizon-emakumeekin bideratu zituzten gogoetak, testu literarioak, ekintza publikoak… zerrendatu eta aztertzea. Lankide askok, duda barik, garaiko gizartearekin elkarrizketabideak jorratu zituzten.

Ikerlariek aipatutako bi kasu baino ez dugu ekarriko hona. Bata, J. M. Kortazarrek aztertu izan duen Bitoriano Gandiagarena da[14]. Bere ibilibide poetikoan, krisi pertsonala gaindituz, gizartearekiko hurbiltasuna landu eta herriari eta, orokorrean, gizakiei hurbiltzeko bidea proposatu zuen.

Bestea, Liturgi-taldean ere itzal handia izan zuen J. M. Lekuonaren kasua da, Sebastian Gartzia Trujillok bikain azaldu izan duena[15]. Berak ondo uztartu zituen literaturaren esparru akademikoa eta herri-literaturaren hurbileko ezagutza, guztiz bat eginda zegoen unean uneko gizartearen kezka eta arazo filosofikoekin eta ondo integratu zuen bere obra literarioan idazle modernoaren (eta postmodernoaren, eta ostekoaren...) bizipena bere herri-sustraiei muzin egin gabe.

Berrogeiko talde horretatik biren kasuak baino ez ditugu zirriborratu hemen, baina ziur banan-banan hartuta taldekide guztiak, euskal gizartearekiko konpromiso argiak dokumentatuko ditugula. Hau da, gizatalde hau garaiko gizartea aintzat hartu eta harekin hitz egiten ari zen, eten barik. Batzuetan zorionez, beste batzuetan penaz… baina elkarrizketan.

 

3. Elkarrizketak, eztabaidak eta bakarrizketak

Gure Liturgi-batzordearen historiaren azalpenetan, gehien bat, hizkuntzarekin edo hizkuntz ereduarekin lotutako arazoak zuritu edo saihestu nahi izan dira. Baina, denborarekin ikusita, ez dirudi hori izan zenik elizak eta martxan jartzen hasi zuen liturgiak zuen arazorik handiena.

Vatikano II.ak ekarri zuen, berez, katolikotasunaren eta inkulturazioaren arteko aurkakotasunaren hazia. Era berean, garai hartan puri-purian zegoen gizarte eta politika mailako hainbat eztabaida, ez bakarrik euskal egoerari lotutakoak (klase-borrokaren ikuspegia, deskolonizazio-prozesuak, mugimedu armatuen agerpena Europako herrialdeetan…). Gizartea eten barik aldatuz doa eta urte hauetan ere asko aldatu da eta aldian-aldian euskal elizak bere erantzuna eman behar izan du eztabaidagai bat agertzen izan den bakoitzean.

Dena dela, argi dago 1960-70aren hamarkadetatik gora indargabetu egin zirela ohiko ziren elizaren eta gizartearen arteko transmisio-kate batzuk. Orixek urte batzuk lehenago (Gipuzkoako Liturgi-batzordeko erreferentzia nagusi bihurtuz, gainera) eginiko lanaren antzekorik, ez zen gehiago izango. Euskaldun fededunaren eredua zentzuna galduz joan zen gizarteak zekartzan eztabaida berrien aurrean.

Elizaren ofizialtasunaren eta gizartearen errealitatearen bitarteko mugan zeunden egile eta eragile batzuek nolabaiteko bidea urratu zuten (gogora dezagun Gogor taldearen agerpen soziala, batez ere, ezkutuan argitaratu zuten diskoaren bitartez[16] ireki zela). Urte batzuetan hor sortu zen tentsiorik handiena, kantugintzan, bertsogintzan, olerkigintzan, prosan... gorpuztu zen, hainbat lagunen eskutik. Teknika literarioaren ikuspegitik ere, agerikoa da garai horretako obra askotan genero biblikoek edo herri-liturgiak izan zuen eragina.

Aipatutako hamarkadetan ere inguruko kanpoko zirkulutik, hau da, elizaren instituziotik edo honen inguruetatik kanpo zetozen proposamenetan, ohikoak egin ziren herri-liturgiaren edo herri-erlijiotasunaren doinuak helburu politiko edo soziala zuten testuekin erabiltzea (Iparraldeko eguberri kantuekin gertatu zen bezala)[17].

Egon ziren, beti izan ohi diren bezala eta zilegi den bezala, zuzenean elizaren ereduak hartu eta kontra egiteko erabili zituztenak (Pange Lingua edo Aita Gurearen bertsio literario eta kantuzkoak, adibidez). Hauen aurrean katolikotasunaren erantzuna gogorra izan zitekeen. Euskal herri-kulturaren ikuspegitik bazegoen eredu hauei beroarena kendu eta karnabaliazio arruntaren mailan jartzerik (hau da, arauaren eten kulturala ohikoa izan da gure artean ere, urtero eratzen diran Maskaradak lekuko edo herri askotan kanta ohi ziren Kyrie Eleisonaren eredu barregarriak lekuko...).

1980aren hamarkadatik gora euskal gizartearen sekularizazioa eta elizaren eta euskal gizartearen arteko loturaren krisia agerikoa izan da. Nabarmena izan da ere mundua eta gizakia bera ulertzeko moduaren aldaketa, eta ideologien krisia.

Kontestu honetan elkarrizketa interesgarria sustatu izan dute aurreko erreferentziak zituzten idazle eta autore batzuek (Xabier Lete eta JoxAnton Artze, batzuk aipatzearren). Iparraldetik ere nolabaiteko argitasuna etorri zaigu euskal kristautasun militantetik (Manex Erdozaintzi-Etxarten testuekin egin diren kantuen moldaerekin, esaterako).

Egongo dira beste hurbiltasun edo elkartasun adibideak baina orokorrean azken urteotan ez dago inongo ardurarik edo interesik, itxura batean, joan-etorriko bide bat edo zubi bat eraikitzeko, bere txikitasunean bizi den euskal elizaren eta gizakiaren eta munduaren gainean kezkati bizi behar lukeen euskal gizarte laikoaren artean. Harritzekoa bada ere.

Nekez lortuko du euskal elizak bere sostengu duen gizartean txertatuta egon barik aurrera egiterik. Beste alde batetik, zein da momentu honetan elizaren liturgiaren tokia? Gaizki eta labur esateko: zer “ligatan” jokatzen du gaur egungo gizartean? Bitxia da ikustea nolatan ugaritu diren talde-ekintza erritualak gure inguruan eta, beste alde batetik, eliza zein urrun dagoen bere loturetan eta harremanetan gizartea mugitzen den joan-etorriko ibilbide horretan.

Mundu zaharrean herri-tradizioaren eta botere instituzionalaren arteko esparruan eroso bizi izan gara, antza. XX. mendearen amaieran erantzun kontrajarriak eman genituen, katolikotasun hutsaren eta adskripzio kultural hutsaren artean aukeratu behar izan bagenu legez. Gaur egun isiltasuna da nagusi. Eta isiltasun hori zer da? Gure gizartearekin hitz egiteari uko egin diogula?

 

4. Abiapuntura bueltatuz

Noraezean eta irteera barik ez amaitzeko, zerbait ireki nahi nuke. Leiho bat edo. Egokia izan daiteke gure liturgia sustatu zutenen hasierako inspirazioetako batera, iturrietara, bueltatzea. Hona hemen Y. M. J. Congarren argitasuna:

Es verdad que la acción del sacerdote sería “válida” sin el Amén de la comunidad, pero nunca tendría sin él su plena significación; es más, si los fieles se negasen a concederle su hondo consentimiento, no produciría por sí misma el efecto de la unidad en la caridad. El culto procura la gloria de Dios en los hombres: la misa no logra su efecto espiritual más que en el seno de la comunidad.

Es preciso que volvamos a encontrar el sentido, y con él la realidad, de este régimen de consentimiento que marca toda la vida de la Iglesia.[18]

Elkartearen edo komunitatearen definizioa da une honetan larriena. Ikusita zer garen eta nor garen, norengandik jaso behar du euskal elizaren jardunak “amen”a edo oniritzia? Aspaldiko balizko euskaldun fededun eta kantariengandik? Administratiboki mugatutako lurralde estu bateko eta inkulturatu gabeko katolikoengandik? Zer egingo dugu “zintzotasunaz biziaren iturri eta arrazoi bila ari diren fedegabeko euskaldun”ekin? Merezi ote dute hauek eliztarren inguruan tokiren bat, inguruan zirkulu konzentriko bat osatzea? Ala ez?

 



[1] Instituto irakaslea. Santa Marina parrokiaren juntako kidea. Otxandio.

[2] Emilio Durkheim: Formas elementales de la vida religiosa, Schapire, Buenos Aires, 1968, 438. or.

[3] Angel Mª UNZUETA ZAMALLOA: “Et incarnatus est tokian tokiko egin beharraz”, Derioko Udako Euskal Ikastaroa. 25 urtean (1970-1994), Labayru Ikastegia-BBK, Bilbao, 1996, 72. or. Ikus. baita autorearen Vaticano II e iglesia local. Recepción de la eclesiología conciliar en la Diócesis de Bilbao, IDTP-Desclée de Brouwer, 1994, “El Vaticano II en una Iglesia local”. Cuadernos de Teología de Deusto. nº 3. (separata) Bilbao, Unviersidad de Deusto, 1995 eta “Euskararen erabilera Bizkaiko Elizan: irizpide nagusiak”, Euskera, L  (2005, 2), 915-920. orr.

[4] Eustasio ETXEZARRETA: “Euskal Herriko Elizaren jokabidea euskarari buruz”, Euskera XXIV (2. aldia), 838. or. Ikus. ere autore honen “Euskararen erabilera Donostiako Elizbarrutian gaur egun. Euskara idatzia eta ahozko euskara”,  Euskera L  (2005, 2), 921-929. orr., eta “Testu liturgikoen itzulpena”, https://eizie.eus/eu/jarduerak/lit_itzul_sustapena/jardun02/eustasio.pdf (2002ko testua, 2020ko otsailaren 29an jaso bezala).

[5] Ibidem, 833. or. eta Manuel LEKUONA: ““Euskaltzainburuaren itzak”, Euskera XVI (2. aldia, 1971. Urre-eztaiak - Bodas de oro), 20-21. orr.

[6] Testu-kantuak iturgiaren atal askoren osagai banaezinak izanik, ona litzateke liturgiaren “testugileei” egindako omenezko aipamena lanetan parte hartu zuten musikari guztiei ere zabaltzea.

[7] Gabriel LERCHUNDI (O. S. B.): Kantikak: cantiques basques, anciens et modernes, Abbaye N.-D. de Belloc -Librairie "Le Livre", Urt-Bayonne, 1948, xxxvi. or. Azpimarkatutako gurea da.

[8] IRATZEDER (Xabier DIHARCE): “A. Iratzeder-en hitzaldia”, Euskera XVI. Urre-eztaiak / Bodas de oro (2. aldia, 1971), 27. or. Guk nabarmendu dugu testu zatia.

[9] Manuel LEKUONA: ““Euskaltzainburuaren itzak”, Euskera XVI. Urre-eztaiak / Bodas de oro (2. aldia, 1971), 21. or. Azpimarratutakoa gurea da

[10] Karmelo ETXENAGUSIA: “Juan Mari Lekuona eta Liturgia euskaraz”, Iker 23. Juan Mari Lekuonari omenaldia (2009), 158. or. Guk nabarmendu dugu testu zatia.

[11] Karmelo ETXENAGUSIA: Euskerea nire bizitzan, Labayru Ikastegia-Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioa, Bilbao, 2003, 88. or.

[12] Ibidem, 205. or. Guk nabarmendu dugu testu zatia.

[13] Jose Mari KORTAZAR: “Euskara eta Eliza. Eliz itzultze lanak 1963-2003”, Karmel 2003-04, 71. or.

[14] Jose Mari KORTAZAR:”Sekularizazioaren eragina euskal gizartean: Poesiaren adibide bat”. Karmel 2002-04, 24-53. orr.

[15] Sebastian GARTZIA TRUJILLO “Juan Mari Lekuonaren eliz kantak”, Idatz & Mintz 66, 37-44. orr.

[16] Gogor, Agorrila, Baiona, 1969.

[17] URKO (Jose Antonio LARRAÑAGA): Gure lagunei, Zafiro, Madril, 1978. “Gure lagunei” izeneko kantuaren atal bat Iparraldean oso ezaguna den eguberri doinuarekin agertzen da.

[18] Yves Marie Joseph CONGAR: La Iglesia, pueblo sacerdotal. La “Ecclesia” o la comuniad cristiana, sujeto integral de la acción litúrgica, Centre de Pastoral Litúrgica, Barcelona, 2004, 63. or. Parisen 1969.ean argitaratu zen La liturgie après Vatican II talde-lanean autoreak argitaratutako atalaren itzulpena da.

No hay comentarios: