Gabon zorion, zorion gabon!

viernes, 1 de octubre de 2021

Eskandalua: Gotzon Lobera

 Lehengo igandean, ETBko meza santua etxetik entzuten ari nintzen. Meza Elorrioko parrokia-elizatik esaten zebilen hango abade nagusia (Iñaki Jauregi). Halako batean sermoi-garaia heldu zen eta meza-esaleak eskandaluaren kontzeptua argitu egin zigun: zer da eskandalua? Eguneko txatxukeriak alde batera lagata, Elorrioko meza-buruak argi eta garbi laga zigun zer zen eskandalua.

Honelatsu esan zigun: eskandalua da herri batetik bestera bizitza hobe baten bila itsasoz joaten diren pertsonak itsasoan bertan itotzen uztea. Eskandalua da munduko hainbat lekutan goseak hiltzen ari diren pertsonak haien ezerezean hiltzen uztea. Gaitz da eskandalua modu hobean, laburragoan eta errazagoan ematea. Hori gogoan nuela, burura etorri zitzaizkidan beste eskandalu batzuk.


Si no puedes ver el video clic aquí

Eskandalua da argindarraren prezioa gutxi batzuek ezartzea. Eskandalua da, aurrekoaren ondorioz, hainbat familiari dirulaguntza bat eman behar izatea etxean bero egoteko.

Eskandalua da gizakume jakin bati diru-mordo bat ematea golak sartzen dakielako.

Eskandalua da beharrean dagoen bati arrantzan egiten irakatsi barik arraina lantzean behin ematea beharrean dagoen hori geroenean goseak jota hil dadin.

Eskandalua da guztiontzako lain dagoen aberastasuna gutxi-gutxi batzuen esku uztea.

Eskandalua da gure gazteriari, gure historiako prestatuena denari (hala diote, behintzat), sos ezerez batzuen truke lan eragitea.

Eskandalua da sexu-identitate eta -joera jakin bat dutenei jazartzen zaiela ikusi eta zerbait eragin dezaketenek albo batera begiratzea.

Eskandalua da andrezkoak bortxatzen eta hiltzen dituztenak behar den moduan zigortu barik ustezko gizarteratzearen aldeko itxurak egiten dituztenek andrezkoak negar-herri horretan egosten uztea.

Eskandalua da norberaren iritzikoak ez diren pentsamoldeak eta jarrerak, gureak bezalakoak ez direlako bakarrik, kondenatzea. Eskandalua da guztiok bizi garen irudikeriaren gizarte honetan "zuzena" omen denari ez jarkitzea.

Labur esanda: eskandalua ez da pornografia, ez eta norberari ez doazkion beste kontuetatik bat ere.


No hay comentarios: