Gabon zorion, zorion gabon!

viernes, 8 de octubre de 2021

Urria: artoa, txakolina eta Urriko azken astelehena Gernikan: Urtaro 12

Hona hemen Juan Manuel Etxebarriari esker bere Euskal urtea ohituraz betea liburuaren atal barri bat. Oso osorik liburuan bertan aurkitu daiteke bere lana urriari eskainia. Guk hona gora behera batzuk dakarguz. Oraingoan artoa eta artozuriketaren ingurukoak, sagardoa eta txakolina, eta Urriko azken astelehena Gernikan.
Eskerrik asko Manu!  


 Más artículos de la serie Urtaro clic aquí.






URRIA, LASTAILA, URRIETA, BILDILA






Urriak dira izan ere hilabete honetako ospakizunak baina urteak joan urteak etorri, ekintza nagusi batzuk ia-ia festa bihurtu dira, besteak beste, artazuriketak, sagardoa, txakolina eta eurengandiko erakustazokak. Artoa, sagardoa eta txakolina aipatuko ditugu, azkenean Gernikako urriko azkenengo asteleheneko ospakizunaz amaitzeko.



ARTOA


Artoa dinogu eta ez artaburua bakarrik. Artabura orduko, gure baserritarrek garbea eta kanila aprobetxatzen dituzte ganaduen jaki lez.
Urri inguruan, artaburuak batzen dira eta lastoa ganaduei emon ahal dana jateko, edo bestela soloan bertan itzi usteltzeko edo erre ere bai iduri edo hautsak abonu bezala erabiltzeko.
Behin artaburuak ganbara, dolare edo tejabanaraz gero, artazuriketaren tertzioa heltzen da.
Artazuriketa, artaburuari garau gaineko kapaxak kentzea da. Eskuz egiten zenez, familia osoak alkartzen ziran menester hori aurrera eroateko, udazkeneko iluntze luzeetan.
Behar hau, normalean iluntze edo eta gauetan egiten zan, beste beharrak egin eta gero. Tertulia itzelak egiten ziran, kantu eta bertsoetaraino heldu arte.

Artaburu zurituak gorde egiten dira, onenak hazitarako aukeratu eta kapaxak goitegian gorde ganaduei jaten emoteko.
Artakapaxak, hainbat gauzatarako erabili izan dira. Besteak beste, lastamarraga edo koltxoia egiteko erabiltzen zan. Arrantzaleek atunetarako amuan ipintzen eben amua estaltzeko. Beste batzuek, zigarroak egiteko papel orde ere bai.
Hortik aurrera, jan ahala-jan ahala, garandu egiten ziren artaburuak eta jan, batzuk garauan eta beste batzuk eho eta urunean.
Persona-jaki bezala, artopil, talo eta morokila nagusitu ziran eta horretarako labigerrak egiten ziran harik eta artaburuak berez ondo sikatu arte.

SAGARDOA ETA TXAKOLINA

Araba eta Nafarroan, klima bitarteko, beti edan izan da ardoa baina Bizkaia eta Gipuzkoan erosi egin behar izaten zan.  Erostetik aparte, Gipuzkoa eta Bizkaian sagardoa eta txakolina izaten ziran eta gaur ere badira ardoaren ordezkoak.
Horretarako ondo zaintzen ziran sagardui eta mahasduiak, uzta garaian dolareetara eroan eta sagardo-txakolinak egiteko.
Baina, ardoa, laster nagusitu zan Euskal Herri osoan. Gaur ia dana egiten da ardobotiletan baina lehenago narruzko ontziak erabiltzen ziran. Ahuntz narruz egindako laurogei litro inguruko zahagiak erabiltzen ziran ardoaren garraiorako eta neurri ezbardinetako zahatoak etxean eta lagun artean edateko.

Neurrietara joanaz, azunbrea eta kantara erabiltzen ziran. Azunbrea litro bi dira eta kantara hamazortzi. Koartiloa azunbrearen laurdena, edo errazinoa.
Gaur egun, ardoaren kulturak, beste dimentsio bat hartu dau eta horren ondoan sagardotegi eta txakolindegiak ere indarra hartu dabe baina ez ahaztu herriko esaera zahar hau: “ Sagardo, txakolin edo ardoarekin afaltzen dauenak, urarekin barausi”.

Edarien mundu honek umore ona ekartzen dauenez, bizitzaren joanean herri-abesti entzutetsuak ere sortu izan dira. Aipatu dagiguzan pare bat: bata Gipuzkoakoa eta bestea Bizkaikoa

ARDOA ETA GIZONA

“ Ardoa eta gizona dijoaz kantatzera
ardan-andere gizena entzule dutela,
gizonak galdetzen dio: - ona ote zera?
-Bonbilean nago eta hasi zaiz edatera.

Ardoak erantzun du pozaz zoraturik
-ez da nigana etorri zeu bezalakorik,
bahituta izan naute kortxoz estalirik;
zuk askatu nazu eta ez utzi tantorik.

-Ardoa, klin-klin-klin, zatoz bonbiletik pozez,
puxkaz nahiago zaitut, ez guztia kolpez;
usaiz ona zera ta hobea kolorez;
ahoan muxtatzeko barruratu zaitez.

-Ahoan sartu ezkero banuen esperantza,
eztarria dezulako elkorra ta latza,
ondotxo har nazazu, gozatu al baneza;
negarra heldutakoan, hori dezu poza! “


JAI EGUNEZ

Jai-egunez txakolinez
barrua bete ezkero,
abarkadun auzo-lagun
guztiok gagoz bero.

Txakolin, txakolin, txakolin eta txuzpin;
txakolin, txakolin, txakolinak on egin.

Mahats urdina pitxar bina
edan arren zutunik,
batzuk motel motelik;
irradari, zantzolari
ager gara zororik.

Txakolin, txakolin...

Bi ailara kurtzetara
lurrean irarrita,
ikotika, artazika,
irradan bat hasten da.

Txakolin, txakolin...

Batzuk uju, bestek juju
berein agura han dira
bekaitzaren begira
bizkor ta azkar lehena bakar
dabil jira ta bira.


URRIKO AZKEN ASTELEHENA GERNIKAN


Urrian gaudenez, Gernikakoa hartzen dogu baina urtean zehar Euskal Herriko hainbat herritan ospatzen dira azoka ederrak eta bide batez jai giro aparta eskeintzen deuskue.
Gernika bete-bete egiten da urriaren azkenengo astelehenean. Inguruetako baserritarrak euren produktu eta guzti plantatzen dira han hor hemengo postuetan eta salerosketaren saltza eta perejila martxan jartzen da.
Bien bitartean, gose-egarriak asetzeko, talogintza eta prijitelak ez dira falta, ardo, sagardo eta txakolina lagun direlarik.
Gernikako merkatu entzutetsu hau aipatzean, ezin dogu ahaztu harako ha beste merkatua, bonbaz josita haustuta itzi zebena.
“ Eman da zabal zazu, munduan frutua” kantatzen eban Iparragirrek eta halaxe dala dirudi gaurko Gernika gaztea ikusita.


URRIKO  ESAERAK

1-. Urri eguraldia, eguzki eta euria
2-. Urria, usoaren galgarria
3-. Urriaren azkenean, gaztainea etxean.
4-. Urri txerri, mal txerri.
5-. Urrieteak urri gauzak eta urri dira aren be(h)arrak

 
  

No hay comentarios: