José Antonio Pagola. Itzultzailea: Dionisio Amundarain
Kristautasunari
kalte handia egin izan dio mendetan barna triunfalismoak, botere-egarriak eta
etsaien aurrean oilar izan nahiak. Bada oraindik Eliza baten botere-mina bizi
duenik, elizak beteko lituzkeen, kaleak bere egingo lituzkeen, bere erlijioa
mundu guztiari ezarriko liokeen Eliza baten mina.
Irakur
ditzagun bi parabola labur. Haietan Jesusek argi uzten du, bere jarraitzaileen eginbeharra
ez dela erlijio boteretsu bat eraikitzea, baizik eta Aitaren egitasmo
gizatartzailearen (Jainkoaren erreinuaren) zerbitzura jartzea dela,
Ebanjelioaren «hazi» txiki batzuk ereinez eta gizartean murgilduz giza
bizitzaren «legamia» apur bat bezala.
Lehenengo
parabola mostaza-ale batez mintzo da; baratzean ereiten da. Zer du berezirik
hazi honek? Guztien artean txikiena dela; hazten denean, barazkiak baino
zuhaixka handiagoa bihurtzen dela. Aitaren egitasmoak hasiera oso apala du,
baina haren indar eraldatzailea ezin dugu orain imajinatu ere.
Jesusen
jarduera Galilean, onberatasun- eta zuzentasun-keinuak ereinez, ez da izan
batere handiosa, ezta ikusgarria ere: ez Erroman, ez Jerusalemgo Tenpluan
ohartzen dira gertatzen ari denaz. Gaur egun Jesusen jarraitzaileok egiten ari
garen lana ezdeusa da esateko: botere-guneek ezikusiarena egiten diote.
Are
gehiago, kristauek berek pentsa genezake, alferrikako lana dela mundu hobe bat
egin nahi izatea: gizakiak behin eta berriz betiko lazkeriak egiten ditu. Ez
gara gai sumatzeko, Jainkoaren erreinua haziz doala mantso-mantso.
Bigarren
parabola emakume batez mintzo da: irin-ore handi bati legamia-apur bat nahastu
dio. Nola inork ez dakiela, legamia bere lana egiten ari da orean, hau erabat
hartzitu arte.
Gauza
bera gertatzen da Jainkoaren egitasmo gizatartzailearekin. Behin munduan sartu
delarik, gisa historia eraldatzen dihardu isil-isilik. Jainkoak ez du jokatzen
kanpotik ezer indarrez ezarriz. Mundua gizatartu nahi du, bere seme-alaben
kontzientziari tira eginez, biziera duinago, zuzenago eta anai-arreba
artekoagorantz.
Konfiantza
izan behar dugu Jesusengan. Jainkoaren erreinua gauza apala eta koxkorra da
hasieran; alabaina, Jainkoak lanean segitzen du gure artean, eragiten duelarik
bai solidaritatea, bai egiaren eta zuzentasunaren nahia, bai mundu zoriontsuago
baten irrika. Haren lankide izatea dagokigu, Jesusi jarraiki.
Eliza
botere txikiagokoa, pribilegioz gabetuagoa, pobreago eta pobreekiko hurbilagoa:
beti izango da Eliza libreagoa, Ebanjelioaren hazia ereiteko; beti izango da
apalagoa, jende artean bizitzeko bizitza duinago eta anai-arreba artekoago
baten legamia bezala.
|
||||||||
|
No hay comentarios:
Publicar un comentario