José Antonio Pagola. Itzultzailea: Dionisio Amundarain
Jesus
indarrez hil izanaz izuturik, etxe ezagun batean babestu dira ikasleak. Berriro
elkarrekin dira, baina Jesus ez dute berekin. Inork bete ezin duen hutsune bat
da elkarte horretan. Jesus falta zaie. Nori jarraitu orain? Zer egin hura gabe?
«Iluntzen ari du» Jerusalemen;
baita ikasleen bihotzean ere.
Etxe
barruan dira, «ateak itxirik».
Jada ez misiorik ez jomugarik ez duen elkartea da, bere baitan itxia, ez da gai
harrerarik egiteko. Inork ez du buruan bideetara irteteko asmorik, Jainkoaren
erreinua hots egin eta bizitza sendatzeko. Ateak itxirik, ezin hurbil zintezke
jendearen sufrimenera.
Ikasleak
«juduekiko beldurrak» jota dira. Beldurrak zurrundu duen elkartea da, jarrera
defentsiboan. Etsaitasuna eta ukapena ikusten dute soilik alde guztietan.
Beldur zarelarik, ez maita dezakezu mundua Jesusek maite zuen bezala, ezta
arnasarik eta esperantzarik eman ere.
Bat-batean,
Jesus berpiztuak hartu du iniziatiba. Bere jarraitzaileak beren onera ekartzera
dator. «Etxean sartu eta haien erdian jarri
da». Gure elkarte koxkor hori eraldatzen hasi da. Beldur izatetik,
Jesusek ematen dien bake-jarrerara igaro dira. Gau ilunetik, Jesus bizi-bizirik
ikusteko pozera igaro dira. Ateak itxirik izatetik, laster igaroko dira bihotza
misiorantz irekitzera.
Bere
konfiantza osoa jende gizajo harengan ezarriz hitz egin die Jesusek: «Aitak ni bidali nauen bezala, hala bidaltzen
zaituztet nik zuek». Ez die esaten norengana hurbildu behar duten,
ez zer hots egin behar duten, ez nola jokatu behar duten. Ikasia dute hori
guztia beragandik Galileako bideetan barna. Jesus zer izan den, horixe izango
dira beraiek munduan.
Ondotxo
ezagutzen du Jesusek ikasleen ahulezia. Askotan aurpegiratu izan die beren fede
eskas eta gorabeheratsua. Beraren Espirituaren beharra dute beren misioa bete
ahal izateko. Horregatik egin die keinu berezi bat. Ez dizkie ezarri bere
eskuak, ez ditu bedeinkatu gaixoekin egin izan duen bezala. Bere hatsa arnastu
eta esan die: «Hartzazue Espiritu Santua».
Soilik,
Jesusek salbatuko du Eliza. Soilik, Jesusek askatuko gaitu zurruntzen gaituzten
beldurretatik, hautsiko ditu Jesus hesitu nahiz erabiltzen ditugun eskema
aspergarriak, irekiko ditu mendeen joan-etorrian itxi izan ditugun hainbat eta
hainbat ate, zuzenduko ditu desbideratu izan gaituzten hainbat eta hainbat
bide.
Hau
da eskatzen zaiguna: biziberritu dezagula askoz gehiago Eliza osoan Jesus
berpiztuarekiko konfiantza, ekin diezaiogula beldurrik gabe gure parrokietan
eta elkarteetan Jesus erdi-erdian ipintzeari, eta bildu ditzagula geure
indarrak gaur egun haren jarraitzaileoi haren Espiritua esaten ari zaiguna
entzuteko.
|
||
|
No hay comentarios:
Publicar un comentario