Abenduko izarrak

jueves, 13 de abril de 2017

Eguen santua: gure eguena, gure ogia




            Bizkaia Irratiko lagunok, entzuleok, gaurkoan eguen santuari buruzko gogoeta bat egingo dogu zuokaz guztikoaz batera.
Eguen Santua aparteko eguena dogu. Gurena. Gogokoa. Gurea.
Egun hau labur-labur azaltzeko sinbolo bi badagoz honeek dira: guretasuna eta ogia.
Guretasuna. Bai. Ondo entzun dozue. Alkarregaz egiten dogun afaria gogoratuz, alkarregaz egiten dogun otoitza partekatuz, alkarregaz dogun sinismena indartzeko eskatuz. Gure fedea pluralean da, ez da nire Jesustxo maitea, gure Jauna baino.
Ogia. Eguneroko ogia. Gure Aitan egunero eskatzen doguna. Jateko ogia eta eukaristiaren ogia.

Hastera goaz. Eguen Santuko gogoeta. Gure eguena. Gure Jainkoa. Gure ogia.
Aurten Arratiako Lemoako parrokiko laguntzaileek gara gaur zuen etxera sartzeko baimen eske gatozenak: Marisa eta Bego. Eurekaz batera Arratian abade dagoan Jose Mari.
Lehenengo eta behin entzun daigun Jaunaren Berbea.



Jesukristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Honetan azaltzen da nire Aitaren aintza: zuek, nire ikasle izanik, fruitu asko emotean. Aitak maite nauen bezala, halaxe maite zaituet nik ere zuek; iraun tinko nire maitasunean. Nire aginduak betetzen badozuez, nire maitasunean iraungo dozue, nik neure Aitaren aginduak betez haren maitasunean irauten dodan bezala. Hau guztia nire poza zeuengan izan daizuen esan deutsuet, eta poz hori bete-betea izan daiten. «Hau da nire agindua: maite daizuela alkar nik maite izan zaituedan bezala. Ez deutso inork maitasun handiagorik adiskideei, bere burua euren alde emoten dauenak baino. Zuek nire adiskide izango zarie, nik agintzen deutsuedana egiten badozue. Aurrerantzean ez deutsuet morroi deituko, morroiak ez dau jakiten eta nagusiaren asmoen barri; zuei adiskide deitzen deutsuet, neure Aitak jakinarazitako guztia adierazi deutsuet eta
                                                                                  Joan 15, 9.14



1.- Gurea. Gure Aita.


Badago erlijino bat Jainkoa jabetza pribadu huts lez hartzen dauana. “Nire” Jesustxo, “nire” Jainkoa. Neurea, nire taldekoa edo nire gizarte mailarena. Nire pentzura dagoan sakeleko Jainkotxo bat.
Jente askok eskatzen deutso Jainkoari arerioari irabaztea, futbol partidua irabaztea (penaltia bota aurretik aitaren eginaz… eta zer jazoten da beste taldeko atezainak be aitaren egiten badau? Jainkoak noren alde ebatziko dau?).
Negozio baten arrakasta eukitea eskatzen deutsie batzuek; eta eurek irabazi ezkero, lehiakideek galtzea dakar horrek. Jainko esklusibo hori daukanak Jainkoa bere alde jarri gura izango dau beste izaki baten kontra, harek abantaila hori ez dau eukiko-eta. Hau da: Jainkoa gure antz eta irudiko egiten dogu, gure egoismo txikien barruan sartzen dogu, gure kapritxoen arabera.
Baina, otoitzean esaten dogun “gure” hori ez da talde batena bakarrik, gizateria osoaren Jauna baino, unibertso osoarena. Inork ez dauka aginterik beragan. Horregaitik, otoitz hau egiten dogunean, kontzientzia azterketa apur bat, egoismo azterketa apur bat, egin behar dogu.
Eguen santua ospatzen dogunean, nahiz eta etxean bakarrik egon edo ohean etzunda gaixorik, gure Aitari egiten deutsagu otoitza, mahai bakar baten inguruan batzen gaituan Aitari, mahai hori espirituala bada be.
“Gure” berbea esatean, gure bihotza oso-osoan zabaldu gura daben esku batzuk irudikatzen ditugu. Ezin da holako otoitzik egin bihotz itxiagaz, nire egoismoagaitik edo talde egoismoagaitik txikitutako espiritu bategaz. Ez dau balio “gure” esateak talde txiki itxian (nire taldean, nire alkartean, nire herrian, nire familian… baino ez).
Berba honek gure bizitzaren balkoira aterako gaitu, bizi garan kalera, gure herri edo urira, hainbeste sufriduarazoten deuskuen herri eta mundu honetara, suertau jakun historia ikusi daigun.
Berba unibersala da “gure”. Danona eta guztiona. Jakinaren ganean esanda, otoitz honetan esateko berbarik gatxena dogu, beharbada…
Holakoa da Eguen Santuko deia. Ez niretzat bakarrik, guztiontzako gonbitea eta inbitazioa baino.
Guztion Jainkoa.
Eta holan esan behar dogu.

Arriskuetan beti jainkoa 
etorten jaku burure
Laguntasuna eskatzen dogu
Bera gure eredu de.
Baina bihotzez guk ez badogu
inor kaltetzerik gure
Danori bardin lagundu ezkero
bihurtuko dogu "GURE".



2.- Gure ogia.


Goazen barriro Jesusen ingurura, bere mahaian jesarriko gara Eguen Santu honetan, eta bere Berbearen Ogia entzungo dogu irratiaren bitartez…


San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik
(1 Ko 11, 23-26)
 

Senideok: Jaunagandik hartu neban nik, neure aldetik zuei emon deutsuedan hau: Jesus Jaunak, saldu eben gauean, ogia hartu eta, esker oneko otoitza eginez, zatitu ebala eta esan: «Hau nire gorputza da, zuentzat emoten dana. Egizue hau nire oroigarri». 

Afal ondoan gauza bera egin eban kalizagaz, esanez: «Kaliza hau itun barria da, nire odolaz ezarria; egizue hau, edaten dozuen bakoitzean, nire oroigarri». Beraz, ogi honetatik jaten eta kaliza honetatik edaten dozuen bakoitzean, Jaunaren heriotzea iragarten dozue, Bera etorri arte.


Jainkoaren borondatea pobreak zoriontsu bizitea da, gaixoak osasuntsu.

Hori holan da, baina hor daukagu, gure ganean kulunkan, pobreziaren misterioa. Zelan gura izan leike Jainkoak pobreak egotea eta gosez hilten dan jentea egotea?

Pobrezia misterio bat da, errua Jainkoari botaten badeutsagu. Baina ez da misterioa konturatzen bagara gaurko gizartean nahikoa eta sobra egongo litzatekela ogia, aterpea eta babesa munduan gagozan izaki guztientzat.

Pobrezia ez da Jainkoaren borondatea, ezpada ze mundu injustu baten ondorioa; mundu honetan pastelaren zatirik handiena daroelako indar militar gehien daukienek, bitarteko ekonomiko gehien daukienek, burutsuenek edo, hobeto esan, maltzurrenek. 

Jainkoaren borondatea pobreak zoriontsu bizitea da, gaixoak osasuntsu.

Pobreek zoriona lortzeko, urten egin behar dabe miseriatik eta biziteko nahikoa euki. Eta nahikoa eukite hori, labur esanda, “ogia” eukitea da, baita gari-ogia baino gehiago arto-opila jaten dan lekuetan be.

Pobreek biziteko nahikoa euki daien, beharrezkoa da aberatsak galtzen joatea sobran daukiena. Ez limosnea emonaz, ezpada ze munduan beste antolaketa bat ezarriz.

Hori da Gure Aitan eskatzen dana. Zelan errezauko dabe Gure Aita oparotasunean bizi diranek, ogia mahaitik jausten itxi eta hartzeko makurtuten ez diranek?

Gure Aita “gurea” dalako, eta ez nirea, ogia be “gurea” da, eta ez bakarrik nirea.

“Ogia” berbeak laburtuten dau guk persona modura behar dogun guztia: jatekoa, etxea, osasuna, kulturea, kariñua…

Otoitz egitea ez da hor konpon esateko modu bat. Otoitz egiteak konprometidu egiten gaitu. Jainkoari eskatzen badeutsagu gure ogia, horrek bultz egiten deusku gure ogia eta besteen ogia lortzeko.

Batzuek hori konponduten dabe, “konpondu gura dabe”, limosnea emonaz. 

Jesusek irakatsi euskun Jainkoari eskatzen eguneroko ogia eta lanean jarraitzen ogi hori lotzeko. Danon ogi hori: “gurea”.

Materialismo eta fedea
dabiz alkarren kaltean
Daukonak harro erakusten dauz
alajak lagun artean
Ta ez daukienak heuren buruaz
lotsatzen diren artean
Biziko gara federik bako
mundu berekoi batean.

3.- Azken hitza.


Gure gogoeta amaitzen dabil. Azkeneko berbea ez da gurea izango, Jesus Jaunarena baino. Gure Ogia, bere bizia eta maitasuna gugaz konpartitu gura dauan Jesusena baino.

Gugaz. Nigaz eta gugaz, baina ez nigaz bakarrik besteak bazterrean itxirik. Behar bada ni be baztertuta sentitzen dot nire burua egunotan. Bakarrik. Gaixorik. Ba Jauna zure ondoan dozu. Zugaz konpartitu dogun gogoeta hau izan daitela Jaunaren laztanaren antzekoa. Bihotz-bihotzez.

Entzun deiogun Berari..




Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 13, 1-15

Pazko-jaia gainean zan. Jesusek, jakinik mundu hau itzi eta Aitagana joateko ordua heldu jakona, munduan ziran beretarrak maite izanik, azkenean bete-betean maitatu zituan.

Afaltzen ziharduen. Ordurako deabruak sartu eutsan buruan Simon Iskarioteren seme Judasi Jesus saltzeko asmoa. Jesus, jakinik Aitak dana bere esku jarri eutsala, Jainkoagandik etorri zala eta Jainkoagana joiala, jagi zan mahaitik, erantzi eban soingainekoa eta, eskuzapia harturik, gerrian lotu eban; gero, ontzi bat urez bete eta ikasleei oinak garbitzen hasi jaken, eta gerrian eban eskuzapiaz lehortzen.

Simon Pedrogana heldu zanean, honek esan eutsan: «Jauna, Zuk niri oinak garbitu?» Jesusek erantzun eutsan: «Nik egiten dihardudana zuk ez dozu orain ulertzen; geroago ulertuko dozu». 

Pedrok barriro: «Zuk ez deustazu sekula niri oinik garbituko». Jesusek erantzun: «Garbitzen ez bazaitut, ez dozu Nigaz zerikusirik izango».

Simon Pedrok esan eutsan: «Jauna, orduan oinak ez ezik, baita eskuak eta burua ere». Jesusek erantzun eutsan: «Garbitua hartu dauanak ez dau oinak baino garbitu beharrik, guztiz garbi dago-eta; eta zuek garbi zagoze, baina ez guztiok». Izan ere, baekian nork salduko eban; horregaitik esan eban: «Ez zagoze guztiok garbi».


Oinak garbitu eutsezanean, soingainekoa jantzi, barriro mahaian jesarri eta esan eutsen: «Ulertzen dozue egin deutsuedana? Zuek Maisu eta Jauna deitzen deustazue, eta ondo deitu ere, halantxe naz-eta. Beraz, Nik, Jauna eta Maisua nazan honek, zuei oinak garbitu badeutsuedaz, zuek ere alkarri oinak garbitu behar deutsazuez. Jarraibidea emon deutsuet, zuek ere Nik zuekaz lez jokatu dagizuen».


No hay comentarios: