Hasteko, freska dezagun pixka bat
memoria pixka, mingarri izango bazaigu ere. Alayn eta Omran bi ume
siriar dira. Ohar zaitezte lehenengoa hondartzan azaldu zela hilik,
hauspez, itsasoko olatuek bultzaka ekarrita. Honezkero urtebete baino
gehiago izango da. Gero eta biziago sentitzen dut eszena, batez ere
bilobatxoa besoetan dudanean. Uste dut ez zaidala sekula ahantziko.
Bigarrenaren kasua, Omranena: oso berria,
joan den astekoa-edo. Bost urteko umea, hanka gorrian, aurpegia hautsez
eta odolez estalia, anbulantzian, begirada galdua, eskua masailera
eraman eta odolez bustitzean, anbulantziaren eserlekuko tapizaren
gainetik pasatu zuen, lotsaturik bezala, begirada zipitzik ere aldatu
gabe. Gizagaixoa! Eta guk, urrundik, errukia besterik ezin eskaini! Eta
eskerrak erruki horrek eramaten gaituen facebook eta twiterrean
idaztera, gure solidaritatea eskaintzera. Baina horrekin bakarrik
nahikoa al da? Zer gehiago egin dezakegu, ordea?
Ez naiz elizara asko joaten, oso gutxi,
fededun sentitzen naizen arren eta nahiz eta nire fedea matizatu
beharrekoa den: ez dut sinesten guri irakatsi eta presentatu izan
diguten jainkoan, Jainko ez da esplika daitekeen ezer. “Si comprehendis
non est deus” (San Agustin). Esplikazioak beste baterako utzita, esan
dezadan elizan gauza abstraktu eta orokorrez, jeneraltasunez, hitz
egiten jarraitzen dutela, eta hemen aipatzen ari naizen bezalako arazo
eta problemek ez dute lekurik. Pena ikaragarria ematen dit eguneroko
gertaera gordin eta bortitzak ebanjelioaren argitan ez tratatzeak.
Elizatik politikara irtenda, zer esan
dezakegu? Alayn eta Omran bezalako ikonoek denbora gutxi irauten dutela
Europa zuri honetan. Hasieran bai, telebista guztietan pasatu, baina
segituan egingo dituzte hori ahantzarazteko moduak, programa
“interesgarriago” eta deigarriagoak ipinita. Ados jartze (connivencia)
totala dago gobernuen eta komunikabideen artean: gaur eman ezazue eta
bihar moztu. Mundua ustelduta dago, eta GKE, misiolari eta
kooperatzaileengatik ez balitz, ez dakit mundu honek borobila izaten
jarraituko ote lukeen ere.
Río de Janeiroko olinpiadak direla eta,
izan da ekimen bitxirik: munduko sukaldari ospetsu batzuek Faveletera
bidali dituzte eurek prestaturiko janariak. Ez dago gaizki, baina
Favelak lotsagarriak direla esatea ere ez litzateke gaizki etorriko.
Era berean, Aita Angelek kulparik ez badu
ere, hipokresia hutsa da Madrilgo etxe gabeak egun pare batez
Santanderko Sardinero hondartzan egon direla egunkarietan, danborra joz,
iragartzea. Aita Angeli txalo, baina beste batzuei txistu.
Rufino Iraola, bere blogean
No hay comentarios:
Publicar un comentario