Goazen 2024 Jarri bidean

martes, 30 de agosto de 2016

Zeanurin ermitarik ermitara, naturea eta kulturea buztartuz




Urri lehenengoaren 4an, (Iraila) domekan, izango da Ermiten XXIX. Mendi Martxea
Urri lehenengoaren 4rako, domekea, antolatu dau Joko Alai alkarteak Zeanuriko Ermiten Mendi Martxea. Ez dira gitxi herri horretan han-hemenka azaltzen diran ermita edota eleizak, guztira hogei. Dana dala, ibilbide osoa egiten dabenek hemeretziren ingurutik igaroko dira, Egiriñako (Gorbeia) Edurretako Amarena kanpoan geratzen da eta.Jon Urutxurturen erreportaje bat.


Ondare erlijiosoa bisitatu eta ezagutuz, aldi berean natureagaz hartu-emonetan jarteko aukera parebakoa eskaintzen dabe ibilbidea osatzen daben hogeta hamabost kilometroek. Urteerea herriko plazan izango da, eguneko lehen argiak kukurruku egiteaz batera, 07:30ean. Atera eta bost bat minutu geroago Eleizondo auzunean sartzen da ibilbidea, lehenengo, Piedadea izenaz ezagutzen dan baseleizea aurkituz; oraindik kontserbatzen den Erdi Aroko galtzadaren tarte txikia zapalduz, eta ermitaren eleizpetik igaroz, atoan, Andra Mari parrokiarekin topo egiten da. Eleizea harro azaltzen da, bere kokaera estrategikotik herrigunea kontrolatzen dauala. Barroko estiloko erretaula ederra gordetzen dau bere barruan Andra Marik. Ezin da aitatu barik itxi parrokiaren eta Piedadearen artean altxatzen den altzairuzko gurutzea, Gorbeiako gurutzearen mendeurrena gogoratzeko 2001ean Nestor Basterretxeak egindakoa.

Eleizondotik ibilbidea Asterria kofradiako lurretan sartzen da, Santi Kurutz baselizearen bila; Zeanuriko mugen barruan egon arren, eleizaz areatzatarra da. Goranzko joerari ekinez, Ogarabeiti auzotik Ogaragoiti auzora igoz, San Andresera heltzen gara. Bideari ekinez, eta Urrekoatxa (582 m.) mendia ezkerrean itxiz, Zeanuriren eta Dimaren arteko mugarako norabidea hartzen da San Blasera heltzeko. Mugarrietara begiratuz ermitea Dima partean kokatzen bada be, lurra Zeanuriko Ibarguen Kofradiaren jabetza da. San Blasetik aurrera bideak beherantz egiten dau, eta arnasa hartzeko aukerea emoten dau, Altzuste Kofradiako lurretan sartzera daroan aldapatxoari barriro heldu baino lehen. Altzusten bi ermita dagoz zain: San Migel eta Santa Lutzi. Deigarria da San Migeleko kanpaietako batean irakur daiteken idazkuna: “En el ambito donde resuene mi voz no triunfarán los liberales”. Dirudienez, intera batean karlistak edo kontserbadoreak izan ziran jaun eta jabe paraje honeetan...

240-N gurutzatuz, Undurraga auzunerantz jarraitzen da Bilbo urez hornitzen dauan  urtegi bukolikoa eskuinaldean itxita. Arratia ibai zeharkatu ostean, San Pedrori kuku bat egin eta Ipiñabururantz egiten dau bideak, bertan aurkitzen dira San Adrian, Santiago eta Santa Ageda.

Bigarren parrokia

San Adrian baselizatik Santiagora. Azken hau Zeanuriko bigarren parrokia da. Bertako bateo agiriak —Derion, Bizkaiko Eleizaren Historia Artxiboan gordetzen direnak— Bizkaiko zaharrenak dira, 1501ekoak hain zuzen be. Santiagotik Santa Agedara eta jarraian Atxondo igaro eta Muñegi aldetik aurrera eginez, estartarik estarta, Zanburuko (789 m.) hatxaren itzalpean jarraitzen da, Altzuako San Juanera ailegatzeko. Ermita hau XV. mendearen amaierakoa da; hemen egindako indusketa arkeologikoetan epigrafe funerario —baseleizearen barruan gordetzen da— aurkitu zan honako idazki honegaz: Zeiani c/m suo ger/mani. Laun/ti In cor/pore suo/ +S+N ob/it (...)/O(...) ER/(...)DCC. Zeanuri herriaren izanari buruzko idatzizko lehen aitamenetako bat da; ganera, kontuan izan behar da gaur egun be zeanuriztarrek, aho-hizkuntzan, Zeani izenaz deitzen deustsiela euren herriari.

Altzua kofradiatik Otzerinmendi kofradiara zuzentzen dan pistatik 20 bat minutu ibili ostean, San Justo azaltzen da haresdui zoragarri baten erdian. Ermitatik ehun metrora dagoan karobiak be bisita merezi dau: azken hogeta bat urteetan abuztuaren lehenengo asteburuan isiotuten dabe.

Otzerinmenditik plazara

San Justoko haresduia zeharkatuz eta beherantz pare bat kilometro ibili eta gero,  San Lontzo azaltzen da. Tradizioaren arabera, Gorbeiaren bestaldean dagoen Orozko herritik ekartzen ei ebezen gorpuak hemen lurperatzeko; gertaera honen lekuko Pagoniotzetako andabidea toponimoa da. Errekatxoagaz topau arte aurbeheran jarraitzen da eta errekatxoa zeharkatzagaz batera Uribe kofradian sartzen gara; hiru baseleiza aurkitzen dira bertan: San Migel, San Urban eta San Pedro, hirugarren hau Axpeko jauregiaren jabetza.           Jadanik ibilbidea azken txanpan sartzen da, eta ibiltariak  txiri-txiri zuzenduko dira herriko plazan itxaroten eukiko daben helmugearen bila. Plazan bertan, San Isidro eta bere aurrez aurre dagoan San Antonio ermiten artetik igaro bezain laster helmuga azaltzen da.

Amaitzerakoan, hogeta hamabost kilometro eroango dabez oinetan parte-hartzaileek, baina ziur zitari erantzuteak mereziko deutsiela, ondare erlijiosoa ezagutzeaz batera uda udazken bihurtzen dabilen sasoi honetan natureak erakusten dauan koloreen sinfoniaz gozatzeko aukera ezin hobea eskainiko deutsielako Zeanuriko Ermiten XXIX. Mendi Martxeak.
Testua eta argazkiak: Jon Urutxurtu

MARTXEARI BURUZKO ZEHETASUNAK

* Noiz: urri lehenegoaren 4an.

* Izena emotea:
-  Abuztuaren 31 baino lehenago, dirua sartuz BBK-ko kontu-zenbaki honetan:
   2095 0335 29 3830586275: - Nagusiak 8 € / Joko-Alaiko bazkideak: 4 € /- 14 urtetik
                                                   beherakoak: 4 €.
-  Egun berean:  - 06:45etik aurrera, herriko plazan: -Nagusiak 10 € /Joko-Alaiko bazkideak: 4 €/
 14 urtetik beherakoak: 5 €.
- Urteerea: -7:30ean
                                - Umeen urteerea: 09:00etan, 13,5 kilometroko ibilbidea egiteko.

* Ibilbide ezbardinak:    - Luzea: 35 kilometro.
                                               - Ertaina: 28 kilometro.
                                               - Laburra: 15 kilometro.
                                          - Umeena: 13,5 kilometro.


No hay comentarios: