Gabon zorion, zorion gabon!

viernes, 2 de diciembre de 2022

Abendu koplak

Zelako abendua, halako gabona.



Abenduko koplak




Egokia da abendua koplatan ibilteko. Esperantza aldia, poz aldia. Baina esperantza eraginkorra, poz ekintzailea, gure ahalegina be eskatzen dauena. Gabon kantak dira nagusi. Baina abenduan prestatzen doguz, aurretiaz, zelako gabonak ospatuko doguzan.
Azken urteotan, Arratiako parrokietan, sarri erabili doguz abenduko koplak abendualdiko meza eta ospakizunetan, otoitzaldi eta batzarretan. Inoiz abenduko koroiaren kandelak biztukeran, ezaugarria lagunduz eta argituz. Inoiz homilia edo sermoiaren amaieran, abadeak edo ospatzaileak esan dauena laburtuz, herriak be abestuz. Inoiz meza edo ospakizun amaieran, jaunartze osteko isiltasunean edo otoitzean.
Sarritan kopla honeek gai baten inguruan jarrita dagoz. Abendualdiari kolorea eta tonua emoteko aukeratu dan ezaugarri, sinbolo, ideiaren inguruan. Aste horretako ebanjelioari eta herriaren egoerari zintzotasunez jarraitu gurean. Holan sehaska hutsaren inguruan jarri domekaz domeka sinboloak, argiak, haziak…
Bertso gehienak bizkaieraz dagoz, holan kantatu doguzalako Arratian, baina ez da batere konplikatua batuaz be ezarri eta jartzea.


1. Abendua sinodo aldian

Fededun batek itaundu eustan:   

Eleizea nora doa?

Hiru berbatan azaldu daigun,      

ez bada be komodoa:

Alkartasuna oinarri dogu,             

parte hartze metodoa,

Misinoagaz osatzen dabe            

hirurak ba sinodoa.

 

Beti betiko, Jesusek dino,           

gauza bi bakarrik dira,

Markosek holan idatzi eban          

barri onaren argira:

Gure munduan negarretan dan   

behartsuari begira,

Maitez gu zaintzen Jesus datorku    

alkarte erdi erdira!

(Mk 16,20 eta 14,7)


2. Abendua bertsotan Lukasen ebanjelioagaz

I.        DOMEKA:
…Seinaleak izango dira… orduan, Semea indartsu etorten ikusiko dabe…
guzti hori jazoten hastean, izan bihotz eta jaso zeuen buruak: EGON ZUHUR!   Lk 21

Sarri ilun da gure bidean
topa ezin helburua;
hamaika bide, zelan asmatu
zorion iturburua?
Zabaldu daigun Seme indartsuk
dakarkigun liburua:
izan bihotz ta izan gogoa
jaso eizue burua!


II.DOMEKA:
… batu zeure gorputza Jainkoak emoten deutsun
zuzentasunaren soingainekoz… Baruk

…Berba batek oihuka dihardu basamortuan:
PRESTATU BIDEA JAUNARI, zuzendu bidezidorrak.  Lk 3

“Jaso burua” entzun genduan,
lehen domekan kantari,
basamortua loretu behar
Joan dogu aurrelari:
baltza argitu, bakea erein
ogia gosedunari,
bidezidorrak zuzendu eta
prestau bidea Jaunari!

III.DOMEKA:
Ez beitez jausi zure eskuak!   Sofonias

ezaguna izan bedi gizaki guztientzat zuen bihotz ona… Flp 4

...“Zer egin behar dogu?” Lk 3

Zer egin behar jakin gurean
lortuteko zoriona,
erantzun bila ibili beti
erantzun bila gizona.
Zuzena gorde, alkarbanatu,
banatu zugan dagona,
berbaz, bihotzez eta egitez
irakatsi Barri Ona!


IV.DOMEKA:

eta bakea ekarriko dau.  Mikeas

Maria jagi ta bizi-bizi mendi aldera joan zan… Lk 1

Maria jagi ta bizi-bizi
mendi aldera joan zan
Isabel bere lehengusina    
laguntzeko esperantzan;
ume barriek poza dakarre,
ez zaitez egon zalantzan,
Jainko Onaren bakea, poza
zelan guretzat dakartzan! 

GABON NATIBITATEA


Gabon maitasun, izan gaitezen

Jesusen maite opari,
Gabon itxaron ta esperantzaz
bihotzak bete ugari,
Gabon bake da, hartu eskutan
emon bake auzoari,
Gabon argi da, argitu eizu
bidean triste danari,
Gabon poza da, poztu zaitez ta
poza bedi zure sari.

Haitiko otoitz baten oinarritua
 



3. Abenduko sehaska

Koroaren ezaugarria egin beharrean, hona beste proposamen bat.
Abendu hasieran sehaska bat hutsik, altare aurrean.
Domekaz domeka, bertso bat, eguneko ebanjelioagaz lotuta, eta ezaugarri bat sehaska inguratuz.
Egin daiteke: meza hasieran, sermoian, edota eskeintzak egiterakoan.

Abenduaren lehen domekan
altza ta jaso burua,
erne egonda, otoitz eginaz
zabaldu jaku zerua:
Lurrean, barriz, sehaska hutsik,
noiz  helduko umetxua:
Abendu hontan, arratiarrok
gabon dogu helburua.

Biblia bat zabalik: otoitza biblian oinarrituta

Abenduaren bide honetan
guk ezin egin etena,
jaso pobrea eta apala,
jaitsi harro dabilena.
Bihotz barritu, elkar lagundu,
indartu gure kemena:
eta ikusi, arratiarrok,
Jainkoaren salbamena.

Ogi bat: danok euki daigun zer jan.

Abenduaren sehaska dogu
zeregin eta opari,
Biblia dauka, ogia dauka,
falta jako gure argi.
Joan Bautistak eta Jesusek
badabe euren gurari:
Arratian be guk zabaltzea
barri ona herriari!

Argia, kandela edo kriseilu bat ixiotuta.

Abenduaren azken domekan
urrean dogu Gabona,
Caritas dator ez daigun ahaztu
pobre ta bakar dagona.
Sehaskatxoa prestatu dogu
Jaio dadin Ume ona:
Jaunaren Berba entzun ta betez
gurea da zoriona!

Caritas eguneko kartela eta batu dan dirua.

Natibitate egunean, sehaska horretan, Jesus umearen irudia jarriko genduke, beste ezaugarriak kendu barik, bigarren mailan itxita.

Bake bidean zorion bila
egin dogu hainbat saio,
itxuraz hil zan enbor zaharrari
kimu barri sortu zaio,
gorrotoaren ilun baltzari
bakeak argi damaio,
negu hotzaren erdi erdian
larrosa txikia jaio,
gorrotoaren ilun baltzari
bakeak argi damaio,
negu hotzaren erdi erdian
Jesus umea da jaio.



4. Abenduko argiak: Jesus da Argia

Abenduaren giro gozoa
Gabonetako eskola,
gure herrian bake gogoak
garbitu dadin odola,
Ebanjelioan oinarrituta
bake mina dariola:
Ezaugarritzat biztu dagigun
Bakezko argizaiola!

 
Abenduaren bide erdian
Sortzez garbi Andra Mari,
bere etxean, Jaunaren partez
aingerua bisitari
gure etxean zabal ateak
egunon esperantzari
Ezaugarritzat biztu kandela:
Jesus dogu gure argi!


Zeruetako erregetza da
Jesusentzako iparra,
haren ondoan ez da txikia
fededun arratiarra.
Hauxe eskatu, hauxe eskertu
Ez dogu ohitura txarra:
bihotz barruan biztu egizu
otoitzaren goi izarra!


Jesus datorku danok salbatzen
Apalak ditu kutunak
harrokeriak ez ditu maite
horretan da ezaguna,
gu ere holan izan gaitezen
baztertuaren lagunak
Caritas dogu kriseilua-ta
olioa alkartasuna.







5. Abenduko haziak

I. domekea: Hazia

Abendu aldi, ereite aldi
eredu da nekazari,
gaur erein eta, gero itxaron,
lurrak ernetzen badaki.
Prisaka gabiz, atoan dana
bizi gara arin, larri.
Abendu hontan aska gaitezen:
Itxaron datorkunari!


II. domekea: Ura

Sehaska hutsik ageri jaku
abendu aldi barrian
bidea_arteztu, mendiak jaitsi
profetaren aldarria.
Apaldu behar benetan gure
arrakasta egarria,
Abendu honek garbitu daiskun
itxurakeri larria!


III. domekea: Argia

Atzo ezetza, gaurkoz baietza,
aldatuz sarritan bide,
mezatan “arre” kanta ostean
kalean “iso” lankide.
Izar gaberik, mundu honetan
topa ezin argibide:
Abendu hontan izar bakarra
Jesus gure norabide!


IV. domekea: Emakumea

Baltz ala zuri, ezker eskubi,
kanpostar  ta bertokoa,
bata abade, bestea laiko
gizaseme, andrazkoa.
Baztertzen doguz, harrokeriaz,
ez direnak gustukoak.
Jainkoak danak egin ginduzan
bere besoetakoak:
Abendu hontan eredu indar
Mari Nazaretekoa.


Abenduko otoitza

Jauna,
Zuk badakizu azalean bizi garela,
presaka, premiazko gauzatan arreta galduz,
ohiturez beteta erdi-lotan
hitz eta irudi mordoz anestesiatuta.

Jauna,
Abendu-aldi honetan
zatoz gure bihotz motelak iratzartzera,
astindu gure baldarkeri espiritualak.
Emoiguzu zure Espirituaren zurrumurrua berriz entzutea,
gugan otoitz egin, adi egon eta itxaroten dauana.

Jauna,
bizkortu gure adi egotea,
erne  irautea gure fedean:
bizitza iraindua,
maitasuna ostikatuta,
itxaropena mehatxupean,
gizakia gutxietsita dagoen tokian
benetan konprometitu gaitezen

Jauna,
Abendu-aldi honetan
egin gaizuz maitasunaren erregetzaren zelatari,
Erregetzaren etorrera gertatu eta bizkortzen dabenak.

No hay comentarios: