Gabon zorion, zorion gabon!

sábado, 13 de junio de 2015

Neronekin solasean: Rufino Iraola

Argazkia: I. Goikuria
Egunsenti distiratsua. Zeru-ertz urdina. Bi begiak batera irekitzen uzten ez duen horietako eguna zabaldu du gaur. Lehenik batarekin eta gero bestearekin, eman diet ongietorria eguzkiaren gezi sarkorrei. Jaiki eta atarira irten naiz. Izar goriak betaro jotzen zuen atari osoa. Loreontzien artean zebilen kiriketan. Izan ere, ataria loreontziez apaindua dago.
 
Atariaz gain, lorategia. Etxe tartean dago. Enarekin sozio ibiltzen naiz. Enara txikia, lorategian, hormari buztana itsatsita habia egiten. Iaz erdi eginik utzitako habia osatzen ari da bikote bat. Berandu samar ote dabiltzan esan nien atzo, habiak lan asko baitauka teilatupean ongi eransten; baina amaitu dute. Orain arrautzak errun behar eta, haiek berotu  behar eta, kumeak zaindu behar eta…

Sugandilak ere lagunak ditut. Bereziki bat. Buztan-motza da. Horregatik identifikatzen dut, horma-txulotik irteten denean. Aurrena, niri begira egoten da geldi-geldi; gero, bere bideari jarraitzen dio. Itzuli eta berriz ere txuloan sartzen da. Uste dut tarte horretan ehizan aritzen dela. Zeinen animalia polita den sugandila! Zergatik deitzen zaie pertsona batzuei, iraintzeko, sugandila? Ez dauka zentzurik.

Ordu asko ematen dut, beraz, lorategian, kontenplazio eta lan. Alde horretatik, Jainkoaren besoa gara gu. Ez da egia Jainkoak zazpigarrenean atseden hartu zuela. Utzita baino ez zezakeela amai ikusi zuenean, gelditu egin zen, erremintak guri emanda, kreazioa denon artean jarrai genezan. Horregatik gara gu Jainkoaren besoa, eta aurpegia, eta Hura gure begien bidez begiratzen duen Bizia. Baina ez da egia gizakia bakarrik denik bere antzekoa. Jainkoak antz guztiak ditu: enararena, sugandilarena, mendiena, itsasoarena, izarrena, sugea eta usoarena, arkumea eta otsoarena… Existitzen den oro Jainkoaren oihartzun da, Jainkoaren (Taoren, Logosen, Brahman-en) zantzua da dena. Denaren azken hondoa da Jainkoa (Tao…).

Bestalde, ni mutikoa nintzela, ez dakit zergatik zen jainkoa hain beldurgarria. «…muinetaraino sartu zitzautan Jaungoikoaren beldurra… gaztiguaren labe gorria baizik ez nuen ikusten», kantatzen du Xalbadorrek. Orain izugarri onduta dago. Zahartu delako? Ez. Jainkoa ez da zahartzen, beti ‘oraina’ da. Orduan, zergatik aldatu da Jainkoa horrenbeste? Ez da aldatu. Gure Kontzientzia-maila mitikoaren betaurrekoak erantzi eta berriak jantzi ditugu.

Bai Horixe, DV: 150511, moldatua.

No hay comentarios: