Gabon zorion, zorion gabon!

martes, 2 de junio de 2015

Emile Larre hil da, liturgia euskalduntzen maisua

Emile Larre abadea hil da. Gaur egun liturgia liburuak euskeraz ditugu. Normaltzak emoten dogu. Hobetzeko aukerak be ikusten deutsaguz. Ba aukera horren oinarrian Larre eta hainbat fededun euskaltzaleen lan isila dago. Euretariko bat dogu Emile Larre. Hona beraren gaineko kronikea Bizkaie.biz webgunetik jaso doguna.

Euskal liturgian eta eleiz testuen itzulpenean lan handia egindakoa da. Vatikanoko II. Kontzilioaren sasoian hasi (1964) eta hainbat urtez Belokeko monasterioan batu zan taldeko kidea izan zan, liturgia latinetik euskerara itzultzeko. Dozenaka kantika barri idatzi edo zaharbarritu zituan. Abesbatzak zuzendu eta bertsoari mezan tokia emon eutson, ganera.


Baigorriko organoa



Airea: Egungo besta haundi -G. Lerchundi (Kantikak)

Gorets Jauna, berak du hartze laudorio
Soinu eder, esker on, xaramel zor zaio
Jainko bat saritzeko deus ez da kario
Baigorrik organa hau eskainia dio.

Jin dadien herrian egun alaitsua
Exteberen eliza zer etxe kartsua
Emak, organa, soinu xaramelatsua
Gure bihotz bameko bozkario sua.

Edo lano beltz batek histurik zerua
Jendea badu griñak elizan bildua
Ezti zaguk, musika, pairamen dolua
Jastaraziz legunki Betiko Soinua.

Bainan organak ere hauxet erraiten du
Bizi hau musika bat dela gure kondu
Gizartean gaitezen bihotzez konpondu
Hor ere notak xuxen behar dira zaindu.

Baigorriko organo ederraren beneizionean kantatu ziren, Mixel Oronoz musika joilearekin eta herriko
kantariekin organo berriari zoazkion kantu hauk.



Emile Larre euskaltzain emeritua hil da

Kanbon hil zan, zapatuan, Emile Larre euskaltzain emeritua, 89 urte zituala. Abadea, bertsolaria, kazetaria eta idazlea zan Larre. Bertsolaritzearen sustatzaile eta eragile nagusienetakoa izan da Ipar Euskal Herrian, Herria astekariaren zuzendaria be izan zan. Bere aldeko hileta eleizkizuna martitzenean egingo dabe, bagilaren 2an, Baigorrin, 15:30ean.

Oinarrizko ikasketak Baigorrin egin ostean, Uztaritzeko Seminario Txikian (1937-1944) eta Baionako Seminario Handian (1945-1951) ikasi eban. Baionan egin zan abade, 1951eko bagilaren 29an. Irakasle ibili zan Mauleko ikastetxean eta Donibane Garaziko laborantza eskolan.

Abade lagunkide izan zan Hazparnen eta Urruñan. Erretore izan zan Aiherran, Irisarrin, Suhuskunen, eta Donibane Garazin. Euskal liturgian eta eleiz testuen itzulpenean lan handia egindakoa da. Vatikanoko II. Kontzilioaren sasoian hasi (1964) eta hainbat urtez Belokeko monasterioan batu zan taldeko kidea izan zan, liturgia latinetik euskerara itzultzeko. Dozenaka kantika barri idatzi edo zaharbarritu zituan. Abesbatzak zuzendu eta bertsoari mezan tokia emon eutson, ganera.

Urruñan antolatu eban lehen bertso saioa 1958an, Teodoro Hernandorenagaz, ehunka lagun batu zituen. Urruñan eta Aiherran hamarna urtez antolatu zituan saioak. Epaimahaikide izan zan Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian (1962, 1965, 1967, 1982) eta Nafarroako Bertsolari Txapelketan (1984-1994), besteak beste. Bertso jarrien idazlea zan eta Euskaltzaindiko lanari jagokonez be, herri literaturearen arloan jardun eban batez be.

Bertsularien Lagunak Elkarteko kide eta Euskal Herriko Eleiza Kantarien Batasuneko sortzaile izan zan. Kirolari jagokonez, Pilotarien Biltzarreko arduradun ibili zan, pelotazale izateaz gan pelotaria izandakoa be bazan eta. Antzerkigintzea be jorratu eban, Piarres Larzabalen eta Telesforo Monzonen eskutik.


Herria astekarian

Txikitatik hasi zan euskeraz idazten, Piarres Lafittek eta Eskualzaleen Biltzarrak antolatutako lehiaketetan. Gero Herria astekarian eta Eskualdun Gazteriaren Gazte (1956) hilebetekarian segidu eban idazten, sarri Sokorri ezizenagaz. Beste hainbat aldizkaritan argitaratu zituan idazlanak: Gure Almanaka, La Croix du Sud, Zeruko Argia, Herria 2000 Eliza, Mezulari, Jakin, Igandetan Elizan, Otoizlari, Elgar eta abar.

Dana dela, Baionako Herria-n idatzi zituan lanik gehienak, 1969-2003 artean kazeta horren zuzendari izan zalako, Piarres Lafitteren (1944-1967) eta Jean Hiriart-Urrutiren (1968-1969) ostean. Zuzendari zala astekariak 2000. zenbakia (1989) atera eban, eta 50. urtemugea (1994) ospatu.

Jean Hiriart-Urrutik Herrian idatzitako artikuluak batu eta argitaratu zituan bost liburutan, eta Jean Baptiste Etxeberriren hamairu liburu argitaratzeko bidean hasi be bai. Bertsolariei jagokonez, hainbat egileren lanak batu zituan: Ernest Alkat, Jean Pierre Mendiburu, Joanes Arrosagarai, Xanpun eta abar.

Hurrengo sari eta ohoreak jaso zituan: Pilotarien Biltzarraren omenaldia, Argia Saria (1990), Bertsularien Lagunak Elkartearen eta Euskal Kultur Erakundearen omenaldia, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen omenaldia Bertsolari Egunean, Euskal Herriko Idazleen Biltzarraren saria, Euskal Idazleen Elkartearen omenaldia eta abar.


Bizkaie! 

No hay comentarios: