Abenduko izarrak

jueves, 2 de abril de 2015

Batu eta banatu



Bizkaia Irratian emon dan gogoeta,
2015 urteko eguen santuz.
 

Batu eta banatu

Egunon Bizkaia Irratiaren bitartez Arratiara urreratu zarien guztioi. Eguen Santua ospatzera goaz. Guretzat jai bat baino gehiago, tradizio bat baino gehiago, folklorea baino gehiago, opor egun batzuk baino gehiago. Ebanjelioaren iturriko ura edan gura dogu Eguen Santu hau santuagoa egiteko, behar bada.

Eguen Santu hau krisi sasoian ospatzen dogu aurten be. Badatoz hauteskundeak eta politikoak ez datoz bat. Batzuk krisi gorrian gagozela, Besteak krisia pasatu dala. Beste harek arindu dala.
Baina gure herrian jende asko oraindino txarto pasetan dabil.
Manu, adibidez. Tira-bira luze bezain gogor baten ostean, lortu dau BBKk bere etxea onartzea hipotekaren ordainketaren parte lez. Hipoteka ezin ordaindu, behar barik geratu zalako, etxeko bildurra zan etxea be galtzea. Familiako baten etxean bizi dira orain, behar txikiak lortuz han edo hemen.
Edo Mari. Urteak ohean. Errumaniako andra batek laguntzen deutso seme-alabak falta diren bitartean, ohetik altxetako be arazoak ditu-eta. Baina beti hartzen gaitu irribarre handi bategaz Gure Jauna eroaten deutsagunean.
         Batzen gaituan Ogia. Eukaristiaren ogia. Hona gaur bere jatorria Biblian irakurri ahal dogunez…


San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo eskutitzatik ( 1 Ko 11, 23-26 )

         Senideok: Jaunagandik hartu neban nik, neure aldetik zuei emon deutsuedan hau: Jesus Jaunak, saldu eben gauean, ogia hartu eta, esker oneko otoitza eginez, zatitu ebala eta esan: «Hau nire gorputza da, zuentzat emoten dana. Egizue hau nire oroigarri».
         Afal ondoan gauza bera egin eban kalizagaz, esanez: «Kaliza hau itun barria da, nire odolaz ezarria; egizue hau, edaten dozuen bakoitzean, nire oroigarri». Beraz, ogi honetatik jaten eta kaliza honetatik edaten dozuen bakoitzean, Jaunaren heriotzea iragarten dozue, Bera etorri arte.
         Jaunak esana.
Eta poema txiki honegaz gaurkotu daikegu irakurgai zoragarri hau:

Jesus,

Beti zu hartzeko prest egon nahi dot Eukaristian.

Zurekin egoteko premia daukat,

elikatzen eta bizia emoten dauan ogian.



Beti izan nahi dot Jainko gose,

eta beti egon nahi dot zuk nire barrua betetzeko irrikan.



Hainbat anaia-arreben goseak

ez nagiala utzi ez hotz ez bero,

eta beti egon nadila laguntzeko prest.



Eukaristia bakoitza

benetako jaia izan dadila;

izan be, danok, alkarregaz

asetzen gara zure presentzia biziagaz.



Eskerrik asko gogoan gaituzulako,

eta zu hartzeko poza

emoten deuskuzulako;

horrela hazten gara-eta

fedean, itxaropenean

eta besteenganako maitasunean.



Eukaristia bakoitzak

zuri jarraitzeko indarra emon deistala.



Batu eta banatu.
Eukaristiak batu egiten gaitu. Senide legez elkar ikusi eta tratatu.
Banatu. Eukaristiak gareana eta doguna banatzera eroan behar gaitu.
Maitasunean.
Maitatzeko era asko dagoz. Jesusek bat erakusten dausku: gurasoak umea maite dauan legez.
Holan ikasiko dabe seme-alabak senideak zelan tratatu.
Aita beraren seme-alaba legez, Jainkoa bat bera dogu eta.
Gizakia, gizon emakumea balio nagusi legez hartu dau Jainkoak eta horregaitik deitu deusku bere ondora, bere Berbea eta ogia konpartitzera. Ez dogu edonor gure etxera gonbidatzen, ez dogu edonor gure mahaian jesartzen. Gure giza izatearen balioa argitu gura dau Jainkoak holan, gizakia alboratu barik.

Sasoi haretan, judeguen Pazkoan, eskuen garbitzearen ezaugarria egiten zan. Ezaugarri horrek hauxe esan gura eban: kanpotik zein barrutik garbi egon behar dogula Jainkoaren misteriora hurreratzeko.

Jesusek, eskuak bakarrik ez, oinak ere garbitzen deutsiez ikasleei. Jainkoarena urrean egoteko behar dogun garbikuzia edo garbitasuna senidea zerbitzea da, pobreari laguntzea, justizia egitea.

Batu eta banatu.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik Jn 13, 1-15

Pazko-jaia gainean zan. Jesusek, jakinik mundu hau itzi eta Aitagana joateko ordua heldu jakona, munduan ziran beretarrak maite izanik, azkenean bete-betean maitatu zituan.
Afaltzen ziharduen. Ordurako deabruak sartua eutson buruan Simon Iskarioteren seme Judasi Jesus saltzeko asmoa. Jesus, jakinik Aitak dana bere esku jarri eutsola, Jainkoagandik etorria zala eta Jainkoagana joiala, jagi zan mahaitik, erantzi eban soingainekoa eta, eskuzapia harturik, gerrian lotu eban; gero, ontzi bat urez bete eta ikasleei oinak garbitzen hasi jaken, eta gerrian eban eskuzapiaz lehortzen.
         Simon Pedrogana heldu zanean, honek esan eutson: «Jauna, Zuk niri oinak garbitu?» Jesusek erantzun eutson: «Nik egiten dihardudana zuk ez dozu orain ulertzen; geroago ulertuko dozu».
         Pedrok barriro: «Zuk ez deustazu sekula niri oinik garbituko». Jesusek erantzun: «Garbitzen ez bazaitut, ez dozu Nigaz zerikusirik izango».
         Simon Pedrok esan eutson: «Jauna, orduan oinak ez ezik, baita eskuak eta burua ere». Jesusek erantzun eutson: «Garbitua hartu dauanak ez dau oinak baino garbitu beharrik, guztiz garbi dago-eta; eta zuek garbi zagoze, baina ez guztiok». Izan ere, baekian nork salduko eban; horregaitik esan eban: «Ez zagoze guztiok garbi».
         Oinak garbitu eutsezanean, soingainekoa jantzi, barriro mahaian jesarri eta esan eutsen: «Ulertzen dozue egin deutsuedana? Zuek Maisu eta Jauna deitzen deustazue, eta ondo deitu ere, halantxe naz-eta. Beraz, Nik, Jauna eta Maisua nazan honek, zuei oinak garbitu badeutsuedaz, zuek ere alkarri oinak garbitu behar deutsozuez. Jarraibidea emon deutsuet, zuek ere Nik zuekaz lez jokatu dagizuen».
        
Jaunak esana



Batu eta banatu.
Ogian gari aleak batzen diran moduan ogia egiteko, holan batzen gara Eukaristiaren inguruan.
Ogia zatitu eta banatzen dan lez, holan banandu beharko gendukez ogia eta hitza.
Atera bidera!
Arlo asko doguz nora jo Ebanjelioa eta ogia banatzeko.
Gure bizitzako ordu guztietan eta ekintza guztietan bizi daikegu estilo honegaz:
-Beharrean lantegian, bulegoan, dendan, norberaren etxean edo bestearen etxean, institutuan ikasten.
-Boluntario lez edo militantzia sozio-politikoan.
-Kontsumitzeko orduan, non erosi, zer erosi, eta aurrezteko orduan, Banka Etikoa erabili ala ez.
-Jagoten dogunean: gaixoa, edadekoa, senidea, umea.
-Herrigintzan, auzoan edota eskileran.
-Pertsona arteko hartuemonean.

Jesusek egin eban lez, maitatzea eta zerbitzea hitz egitearen gainetik hartuz.
         Batu eta banatu.
Jesusen Eguen Santua ospatuz.

Jesusen Eguen Santua ospatzen dogu

bere jokatzeko modu bera daukagunean

eta gure bizitzak,

Jainkoak danontzat nahi dauan Erreinuaren testigantza

emoten dauanean.



Jesusen Eguen Santua ospatzen dogu

besteentzako bizi gareanean;

besteari  gertatzen jakonak

ardura deuskunean;

inoren sufrimendua geurea balitz moduan

sentitzen dogulako;

albokoa senide dogunean,

ezagutu ez arren.



Jesusen Eguen Santua ospatzen dogu

biziaren alde konprometitzen gareanean,

justiziaren alde burrukatzen dogunean,

bakea eta harmonia eraikitzen ditugunean,

injustiziari aurre egiten deutsogunean

eta geure gari-aletxoagaz laguntzen dogunean

mundua aldatzeko.



Jesusen Eguen Santua ospatzen dogu

bat egiten dogunean,

konpartitzen hasten gareanean,

alkarregaz ikasten dogunean,

gure arteko ezbardintasunak gainditzen doguzanean,

kristau-alkartearen abentura bizi izateko animatu eta

Jesusen bideetatik hasten gareanean.



Jesusen Eguen Santua ospatzen dogu

mundu honetako arazoez arduratzen gareanean;

adi-adi jartzen bagara,

bizitza honetan berba egiten dauan Jainkoak zer esango;

historiako joan-etorriek barrua ikutzen deuskuenean;

eta danok bat eginda, jartzen gareanean

Jainkoaren nahiaren bila gure sasoi honetan.



Jesusen Eguen Santua ospatzen dogu

gure bizia eta gure izate osoa,

bere proiektuaren zerbitzuan jartzen dogunean;

Mariaren antzera,

bere nahia eginez,

bere Hitza bizi izanez,

bere proiektua eraikiz

geure apurragaz.



Jesusen Eguen Santua ospatzen dogu

bera bizi dala sinisten dogunean;

eta konfiantza osoa daukagunean

behar dogun indarra emongo deuskula,

gure hitzaren bidez berba egingo dauala,

geure eskuekin jokatuko dauala,

bere Espirituagaz bat eginda bizi bagara,

mundu hobe bateen itxaropenak bultzatuta,

gutariko bakoitza oraintxe bertan hasten bada lanean;

horixe bai dala Jesusen Eguen Santua ospatzea!

Eguen Santu zoriontsua guztiontzat.
Batu Jesusen Ogiaren inguruan.
Banatu haren ebanjelioa!








No hay comentarios: