Abenduko izarrak

sábado, 18 de abril de 2015

Alejandro Turanzas Igorreko organeroa

Txikitatik datorkio zaletasuna. Katekesira joaten zenean, eliza barruan zegoen instrumentu hark atentzioa eman zion Alejandro Turanzasi. "Oso gogokoa nuen organotik irteten zen soinua, eta, behin nondik zetorren jakinda, musika tresna hori nola jo ikasi nahi izan nuen. Eta behin jotzen hasi nintzela, nola funtzionatzen duen jakin nahi izan nuen", azaltzen dau Berria egunkarian.


 Hala, 1996an hasi zen organo konpontzaile modura lanean. "Eliz mutil izan nintzen organora hurbiltzeko asmoz, eta organo jotzaile amaitu nuen", gaineratu du. Azkenean, jakin-minak organoen funtzionamenduan sakontzera eraman zuen. Eta, tailerretan ikastun moduan hasi ostean, urteek emandako esperientziari esker, bere kabuz behar egitera heldu da.

Iaz zabaldu zuen tailer berria Igorren, Marta Sanchez Buruaga eta Broulaye Camara lankideekin batera. Hantxe igarotzen ditu ordu mordoa, askotariko piezak zaharberritzen; hala eta guztiz ere, bere eguneroko lana oso aldakorra dela dio. Enkargu bat egiten dioten bakoitzean, organoa dagoen lekua bisitatzen du lehenik; izan ere, instrumentua tokian bertan ikustean, xehetasun gehiago antzeman ditzake. Ondoren, txosten bat eta aurrekontua prestatzen ditu. Bere lan egiteko modua antzekoa izan ohi da. Oro har, instrumentua dagoen tokian bertan desmuntatzen ditu piezak, eta bere tailerrera eramaten ditu. "Zaharberritu eta atzera eramaten dira berriz muntatzeko". Errutina bati heldu behar badio ere, testuinguruak asko aldatzen dira. "Organoak ez daude elizetan bakarrik; etxe pribatuetan eta antzokietan ere badaude batzuk".

Ez du organo berririk sortzen; zaharberritzeak eta mantentze lanak egiten ditu batez ere. Bizkaiko hainbat organoren konponketan parte hartu du Turanzasek, dela bakarka dela taldean. Zaharberritutakoen artean, Abadiñoko San Trokaz, Durangoko Uribarriko Santa Maria eta Bediako San Joan Bautista elizetakoak daude. Baita Bilboko Alemaniar ikastetxeko kaperako organoa ere. Harmoniumekin, mihiak dituzten organoekin ere lan egin du. Esaterako, Amorotoko San Martin eta Lekeitioko Santa Maria parrokietan ibili da. Azkenaldian organo bat ere berreraiki du: Zornotzako Santa Maria parrokiakoa. Iaz, Bizkaiko bi organorekin ibili zen lanean, Meñakako Santa Maria parrokiakoarekin eta Markinako Mesedeetako Misiolarienarekin. "Beste lankide batekin, Zornotzan, Abadiñon eta Durangon zaharberritzeak egin ditut, baina, iazko udaz geroztik, nik Markinakoa eta Bilboko Deustua auzoko San Pedrokoa amaitu ditut, besteak beste". Azken asteotan Santurtziko San Jorge elizako organoa bisitatu du. "Konpontzeko asmoa dute, eta egin daitezkeen zaharberritzeak ikuskatzen ibili naiz". Zain dago, enkargua egingo ote dioten. "Lan karga murriztu den arren, zorionez, etengabe ari naiz lanean. Lehen, gure itxaron zerrenda bi urtekoa izan zitekeen. Orain, hilabetetakoa da".

Orotara, 90 organotik gora berritu ditu, Euskal Herrian eta kanpoan. Etxean harribitxi ugari daudela azpimarratu du. "Gertutasun geografikoa dela eta, asko Frantziako estilo erromantikokoak dira; Gipuzkoan igartzen da hori batez ere". Dioenez, Bizkaian Gipuzkoan baino organo gutxiago egon arren, instrumentu "zoragarriak" topa daitezke: "Portugaleteko organoak ez die zertan inbidiarik izan zenbait organo handiri; benetan bikaina da".

Organoek elizetan sortzen duten soinua bereziki maite du. "Elizan gitarra batek sortzen duen soinua erleak egiten duenarekin parekatzen dut; zerbait entzuten duzu, baina musikaltasunik gabe". Organo elektronikoek ateratzen duten doinua ere alderatu du. "Ezin da konparaziorik egin; hodi batek bibratzean sortzen duen soinua entzutea ezberdina da". Haren lana "bokaziozkoa" da: "Gustatu egin behar zaizu beharra. Niretzat, hildako bat berpiztea bezalakoa da; suspertu duzu, eta horri esker kontzertuak entzuteko aukera ematen du. Maite behar da egiten den hori".

Hala ere, aitortu du organoa jotzea ez dela erraza, eskuak eta oinak koordinatu behar direlako. "Teknikak ez du pianokoarekin zerikusirik". Organo motak ere baldintzatzen du jarduera: "Ez dute zer ikusirik organo barrokoek, erromantikoek edo Errenazimentukoek". Hori dela eta, arreta berezia eskaintzen die aurrean izaten dituenei, ahalik eta emaitza fidelena lortzeko. "Instrumentuaren harmonizazioa galtzen denean, haren arima desagertzen da".

Etorkizun "konplikatua"

Turanzasen arabera, Frantzian eta Alemanian organo zaharberritzaileentzako eskolak daude. Euskal Herrian, ostera, ez dago ikasketa arauturik. "Nire ogibidea ez dago araututa; egurraren hitzarmenean sartuta gaude, baina ez da ofizialki izen honekin existitzen". Haren ustez, zaila da organo konpontzaile bihurtzeko ibilbide profesionala egitea. "Antzina ikasten zuten moduan egin behar dugu oraindik: tailer batean ikastun gisa sartu eta ofizial bihurtuta irten". Bere lanbidearen etorkizuna ere "konplikatua" ikusten du. "Gaur egun, ez gaude organo zaharberritzaile asko, eta, urte batzuen buruan, lan hau egiteko interesa izango dutenak apur bat bohemioak izan beharko dira".

No hay comentarios: