Errore izugarria da norberaganako maitasuna egoismoarekin nahastea, idazten dau Rufino Iraolak bere blogean.
Gaur, Ostegun Santu, maitasunaren eguna:
«Maita ezazue elkar, nik maite izan zaituztedan bezala». Baina susmoak
ditut, susmo txarrak, Maisuaren gomendio hori ez ote den gaizki
interpretatu. Hurkoa maitatzeko lehenengo baldintza ez al da nork bere
burua maitatzea? Izan ere, bere burua maite ez duenak nekez maitatuko du
beste inor. Beste era batean esanda, norberagandik hasten da lagun
hurkoa.
Nazareteko maisuak, beste maisu handi
askok bezalaxe, arrazoi zuen. Maitasuna da existentzia ahalbideratzen
duen jakinduria eta eboluzio-prozesua bultzatzen duena. Esan genezake
den guztiaren batasun-espresioa eta dena sendatzen duen ukendua dela
maitasuna. Dena bat eta denok bat gara maitasunari esker. Kontzientzia
(testigu izatea) eta maitasuna bat dira gaurko jakintsu askorentzat.
Baina erlijioa zer moduz konpondu da
norberaganako maitasunarekin? Horretara nindoan “susmo txarrak” aipatu
dudanean. Eliz aginteak gauza arriskutsu eta arintzat hartu izan ditu
amorea eta umorea. Nahiago izan ditu “seriotasuna” eta solemnitatea,
aurreko biak serioak eta garrantzitsuak ez balira bezala. Adibidez,
Umberto Ecoren “Il nome della rosa” nobela bikainean ederki azaltzen da
“barreari” buruzko liburu batek zer ondorio izaten dituen, Erdi Aroan,
abadia batean. Exajeratua dirudi, baina metafora ona da eliz agintarien
portaera asko adierazteko.
Hala zioen Tolstoi-k ere: «Zenbat eta
tontoagoa izan gauza bat, eta sarritan ez-morala, orduan eta solemnitate
handiagoz inguratzen da».“Betebehar erlijiosoak konplitzea eta goikoari
obeditzea dira garrantzitsuak, maitasuna bigarren planoan utzita”.
Beraz, arrazoi nuen amodioari errezeloz begiratu izan zaiola esan
dudanean. Hots, “Amodio eta plazerik ez, penitentzia eta norbere ukazioa
baizik”.
Gaurko psikologiak eta psikologoek
diotenez, errore izugarria da norberaganako maitasuna egoismoarekin
nahastea, eta, nik uste, hori egon dela (eta agian dagoela oraindik)
eliz agintari askoren buruan. Bestela ez da ulertzen, erlijioa nola
asoziatu izan den sakrifizioarekin, errepresioarekin, oinazearekin…
plazer eta atsegin bide zen guztia kondenaturik, geroko gero
zoriontsuaren izenean. Horrek ekarri du, maiz asko, moral bikoitzaren
afera eta hipokresiaren problema.
Azkenik, maitatua izatearen
esperientziatik dator maitatzeko gaitasuna. Maitatua izan ez dena
“triku” bilakatzen da: bere baitan kiribildu eta, beldurraren beldurrez,
arantzak erakusten ditu kanpo aldera.
No hay comentarios:
Publicar un comentario