Dimatik mundura:
atzerrietan ere, euskaldun
Aita
Soloeta-Dima (1881-1964)
Duela 50 urte joan zen
mundutik Saturnino Soloeta Iturrondobeitia, anaia kaputxinoentzat Dimako
Fernando Mª izan zena. Haren
heriotzaren urteurren esanguratsu honetan, lerroon bitartez, Arratiako bere
umetako habiatik mundu zabalera hegaldatu zen Soloeta-Dimari omen txiki bat
egin gura izan diogu. Ez zuen denbora luzea eman jaio zen habian, baina euskal
lumajea distiratsu ere distiratsu eraman zuen azken hatsa eman artean.
Iñaki Sarriugarteren artikulu hau bere baimenaz dakargu hona.
Iturria: Karmel, 288, 2014-4, Iraila-Abendua, 6-31.
Iturria: Karmel, 288, 2014-4, Iraila-Abendua, 6-31.
Bargondiako
mutikoa abadetzarako bidean
Saturnino Soloeta
Iturrondobeitia Bizkaiko Dima herriko Bargondia auzoan jaio zen, 1881eko
otsailaren 11n. Mutikotxoa zela, Zornotzako prezeptoria baten egin zituen komentura joan aurreko
ikasketak, latinarekikoak batik bat. Gero, hamazazpi urterekin, kaputxinoek
Bilboko Basurtu auzoan zeukaten komentura jo zuen, eta bertan egon zen nobizio
modura urtebetez.
Bargondiako Santa Apolonia ermitea |
Basurtuko komentuko
egotaldia amaituta, Saturnino gazteak Gaztela aldera jo zuen ikasketekin
jarraitzeko; batez ere, filosofia eta teologia arloetan sakontzeko. Aita Yurrek dioenez, 50eko hamarkadaren
amaieran, Madrilen ikaskide izandako kaputxino asko gogoratzen zen Saturnino
Soloetaz: buru argikoa, oroimen onekoa, sakona, ekina… Gutxi bezalakoa: “Gure
urteetan igarotako bururik argienetakoa”[1], zioten ikaskide ohiek.
Kaputxinoen
Navarra-Cantabria-Aragón probintzia berria sortzean[2], 1907. urtean, Soloeta
Hondarribira dator, eta hango komentuan filosofia-irakasle egon zen 1907-1908
ikasturtean. 1908ko martxoaren 13an abadetu zen, eta handik lasterrera, hilaren
19an, San Jose egunez, esan zuen bere
lehenengo meza, Dimako parrokian.
Ikastaroa amaituta,
1908ko udazkenean, nagusiek hala erabakita, Aita Soloeta Suitzako Friburgo
hirira abiatu zen, hango goi-ikastetxean legeetan sakondu, eta arlo horretako
ikasketa bereziak egitera. Dakigunez, bertan zegoela, euskaltzaletasunak
eraginda, Soloeta gaztea Julio Urkixo jakitunarekin harremanetan hasi zen[3].
1908-1909 ikasturtea
Friburgon emanda, Soloetak pausaldi bat egin zuen Hondarribiko komentuan,
ikasturtearen amaieratik azarora arte, hots, Ameriketara joan arte; eta,
litekeena da, dimoztarrak egotaldi hori aprobetxatzea Urkixo jaunarekin
harremanetan jartzeko. Harreman horiei
esker eskuratu ahal izan zuen Urkixok, Pedro Antonio Añibarro arratiarrak
Axularren Gero liburuari bizkaieraz
eginiko moldaketa: Gueroco guero.
Izan ere, eskuizkribua Hondarribiko komentuan zegoen argitara emateke, eta
Soloetak jakinarazi zion Urkixori Añibarroren lanaren berri[4].
Laburra izan zen kaputxino
gazteak Euskal Herrian eginiko pausaldia. Izan ere, 1909ko azaroaren 20an, bere
bizitza neurri handi baten markatuko zuen Argentinarako bidea hartu zuen Dimako
seme adoretsuak.
Dimako
kaputxino gaztea Argentinara: Euskal Echea
Aita Soloeta-Dima 1909.
urtearen azkenetan heldu zen Hego Ameriketara. Bertan 18 urte eman zituen, 15
Argentinan eta hiru Txilen. Herrialde bietan izan zituen ardura eta betebehar
garrantzitsuak, baina denen artean, Buenos Airesko Euskal Echea ikastetxean
egindako lana azpimarratu behar da; izan ere, 13urtez bera izan zen bertako
“Euskera eta Euskal Literatura” katedrako arduradun nagusia. Argentina noraino
sartu zen Soloetaren baitan ikusteko, esan dezagun bertako naziotasuna lortu
zuela, eta argentinartzat agertzen zuela bere burua atzerrietan[5].
Buenos Airesko Euskal
Echearen sorrerak lotura estua dauka Argentinan, XIX. mendearen bigarren
erdian, euskal koloniak erakundetzeko sentitzen duen nahiarekin. 1877an arabar,
bizkaitar, gipuzkoar eta nafar zenbaitek “Laurak Bat” izeneko elkartea sortu
zuten, baina Euskal Echearen proiektua hogeigarren mendearen hasieran
gorpuztuko da: “De este modo, el 1º de Abril de 1900, en el local de la Sociedad Vasco-Española
Laurak Bat, se realiza una reunión organizada por los presidentes de los centros
Laurak Bat, Vasco Francés y Navarro”[6]; eta, 1904ko apirilaren
24an, estatutuak eta araudiak onartuta, “Euskal Echea” sortzen da. Jaka jaunak
fundazioaren sortze-bileran esan zuenez, “¡Ahora
no hay más Pirineos!”[7].
Obrak 1905eko abenduaren
17an hasi ziren, eta irakaskuntzaren ardura orden erlijioso biri eskainiko
zaie: nesken ikastetxearena Ipar Euskal Herriko Angeluko “Mariaren mirabeak”
ordenari, eta mutilen ikastetxearena Nafarroako kaputxinoei. 1908ko martxoan,
ikasturte berriarekin batera zabaldu zen mutilen ikastetxea, eta hiru bat
hilabete geroago, neskena eta asiloa, azken hau umezurtz zein edadeko
jendearentzat.
Euskal Echeak bere
urrezko ezteiak ospatzen dituenean, 1955. urtean, Natividad Baylac-ek, bertako
ikasle izandakoak, honela laburbiltzen ditu urte horien historia bere
liburuaren azken pasarteetan: “En sintesis: Euskal-Echea fué forjada por el
amor, la caridad y el trabajo de los vascos, sus hijos y amigos; todos
contribuyeron a que ocupara un sitio de honor entre las Instituciones más
prestigiosas del país”[8].
Sortu zenetik mende luzetxo bat pasa denean ―110 urte joan dira
fundazio-akta onartu zenetik―, zutik jarraitzen du Euskal Echeak, eta lau
haizeetara zabaltzen da sarean haren oihartzuna: http://euskalechea.esc.edu.ar.
Ikastetxean, Aita
Soloetak irakasletzan ez eze, idazletzan ere jardun zuen, Llavallol-en burutu baitzituen bere obra
nagusiak, denak euskal hizkuntzaren ingurukoak. Hona, zer dioskun gorago aipatu
dugun Baylac andereak:
“Muchas
generaciones de niños lo conocieron y todos lo apreciaron, porque bajo su
aspecto austero ocultaba una bondad extraordinaria, fruto de su acendrado
espíritu de santidad. Sumamente ilustrado, a sus múltiples funciones en el
Euskal Echea, sumó la de profesor de euskera. Enseñaba su lengua de origen con
entrañable afecto y no pocos premios se discernieron entre sus alumnos, en
mérito al mayor aprovechamiento de sus clases”[9].
Euskal Echean sortzetik
bertatik eman zitzaion leku esanguratsua euskal hizkuntzari, bertako ikasketen
osagarri funtsezkotzat ikusi baitzuten proiektuaren bultzatzaileek. Bide
horretan, Aita Soloetak lan eskerga egin zuen euskararen alde, Dima bere
jaioterritik mila kilometrotara dagoen Buenos Aires hiri erraldoian emandako
eskoletan. Eskertu ere, behin baino gehiagotan egin zion lan hori bertako
euskal komunitateak: “Yo conocía al Padre Soloeta únicamente como religioso
ejemplar, hoy que creo conocerlo algo, como basko y filósofo, no puedo por
menos de hacer pública mi admiración por el hombre que compartiendo lo divino
con lo humano, será para Euskal Echea uno de sus más valiosos factores de engrandecimiento”[10].
Gaur
egun ere, nahiz eta 91 urtetsu diren hango ikasgelak utzi zituela, Euskal
Echearen web ofizialeko “Gure Historia” atalean aipamen berezia egiten zaio
Aita Soloetari, euskara eta euskal kulturaren alde eginiko lana beren-beregi
azpimarratuz. Era berean, esanguratsu da oso, hona aldatu dugun pasartetxoan
egiten den komentarioa:
“El
primero (sic) profesor fue el Pbro Fernando Soloeta Dima, que escribió entre
1912 y 1922 cuatro libros de euskera. Para sus alumnos, siempre fue el padre Jauna (Señor, en euskera), y
quizás esa palabra, Señor, sea la que lo define enteramente”[11].
Dakigunez,
Soloeta 1909. urtearen azkenetan heldu zen Ameriketara. Hori dela-eta, eta
Argentinako irakaskuntzaren baitako eskola-egutegia kontuan hartuta ―otsailaren azken astean hasi ohi da ikasturtea, eta
abenduaren amaieran bukatu―, beranduxe hasi zen 1910eko kurtsoa
euskara-eskolei zegokienez. Katedra horrek, beraz, halako hasiera probisional
bat izan zuen, eta ez zen ospakizun berezirik izan Euskal Echean. Hurrengo
ikasturtearen hasieran (1911) baina, Aita Soloetak hitzaldi luze eta mamitsu
bat[12] irakurri zuen, kurtsoari
hasiera solemneago bat emanik. Hitzaldiaren hasieran, kaputxino adoretsuak
hasiera hartan topatutako arazoak eta oztopoak aipatzeari ekin zion:
“Los
alumnos basko-argentinos, no obstante su despejo natural, su aptitud para toda
suerte de estudios, parecían refractarios
en extremo al Euzkera […]. Cuando el maestro, pasados días tras días,
preguntaba la lección á un discípulo dado: Fulano,
díganos por favor algo de la lección señalada: No la he aprendido, Padre, es
muy difícil el vasco, y además feo, áspero, duro; por Dios, Padre, enséñenos el
francés, que es muy fácil y, por otra parte, lindísimo.
Así
dialogábamos en los comienzos de nuestra carrera y del primer año del curso
basko”[13].
Nola altxatu
ikasleen gogo abaildu hori? Zelan egin aurre kontrakar sendo, finkatu eta
barneratu horri? Ataza gogorra, zinez! Baina Bargondiako kaputxinoa nekagaitza
zen, eta apurka-apurka, “Ezina, ekinez egina” esakune zaharrari jarraituz,
egoerari buelta ematen hasi zen, baita lehenengo lorpenak ikusi ere: “hacia mediados de curso, los nuevos
baskófilos conversaban con el profesor en lenguaje que estimaban de todo
inaprendible”. Baina, hizkuntza ikastera ez ezik, maitatzera ere heldu ziren
ikasle argentinarrak: “Desde aquella fecha, los más se encariñaron con el
euzkera, los menos permanecieron en la indiferencia, y todos á una conceptuaron
el basco idioma pulcro, rico y filosófico, y estudiable en corto espacio de tiempo”[14].
Sutsu jarraitzen du Soloetak bere hitzaldian: “He aquí en
breves palabras, mis queridos jóvenes la historia de nuestro pasado. Humildes
por demás fueron nuestros comienzos; mas la constancia baska coronó nuestro
trabajo con un éxito inesperado”. Soloetak goretsi egiten ditu ikasleek aurreko
kurtsoan eginiko ahalegin guztiak, eta animatu, hasten den kurtso berrian
lanean jarrai dezaten; izan ere, euskal kolektibitatearen nahia da Argentinako
euskal umeak euskalduntzea, eta arbasoen kulturan heztea.
Aita Soloeta, Euskal Echea-ko bulegoan lanean |
Ikasturtea
amaitzen denean ―1911ko azken egunetan gaude―,
kurtso amaierako hitzaldian aldaketa nabarmen bat dago; izan ere, Aita Soloetak
euskara hutsean egin zuen berbaldi hori, ikasleek egindako aurrerapena, argi
eta garbi utziz Euskal Echeako partaide guztien aurrean. Honela zuzendu
zitzaien euskara irakaslea, urtean zehar, berarekin egondako argentinar
ikasleei:
“Nere ikasle maitiak: gaurr bukatzen degu aurrtengo Epaillan asi
gendun euzko ikastaba, ta egiazki nik orrduban uste nuben baño
askoz obeto; bada jakinarren nik zuben euzkaltasuna ezitzaidan bururatzen
ainbestekua izango zala; baña zubek euzko arjentinarrok gogoz arrtu zenduten
nere burubidia-au; asi ta ekin, aurrerá-ta-aurrera beti. Ori bai dala ori!
euzkaldun bene-benetakuak izatia. Etzerate, ez nagitu; beztela zuben
euzkaltasuna juango zan, ta geldituko zan adimendu azkar-ori, dana kedarrturik,
bijotza leiturik, ta zuben izate bizkorra euzkel getu-ta! Ederrki-ederrki, mutillak,
bijotz ta gogoz dagurrzutet[15], ta
euzkal erriko mendijak, euzko-erriko
ibaijak, Bizkaitarr eta Kiputxak, Arabak, Lapurdik ta Xiberok; euzko-erridi
guztijak era berian agurrtzen zaituzte”[16].
Badaragoio,
beraz, Aita Soloetak Euskal Echean, euskal ume eta gazte argentinarrak
euskaldundu nahirik. Bigarren Euzkadi bat
nahiko zukeen lortu dimoztarrak Euskal Herritik milaka kilometrotara, eta bere
luma, bere gogoa, bere denbora eta bere indar guzti-guztiak amets horrixe
opetsi gura izan zizkion.
Argentinan, Aita
Soloetak harreman handiak izan zituen bertako euskaldunekin, eta parte aktiboa
hartu zuen orduko giro kulturalean. Aita Julian Yurrekoak honela laburbiltzen
ditu bere anaia Fernando Mariaren kultur
harremanak:
“Olan,
euskoei buruz bi tomodun liburu mamitsu, ederra idatzi eban Juan Sebastian Jaka
yaunagaz. Bardin Amorrortu yaun argitaraldiagaz; ta Uriarte, [La] Baskonia
aldizkariaren yaube ta artezkari ta idazle-buruagaz; diru-kontutan, Argentina´n
ezaguna izan zan Olariaga euskaldun yaunagaz. Yaun onek, oker ezpanadi, bere
kontu, argitara eban Ami vasco
gutuna, milla ta millak iyeki[17], eunka”[18].
Ikusten dugunez, orduko
euskal eragile nagusi gehienekin izan zituen harremanak Aita Soloetak, beti ere euskararentzat eta
euskal kulturarentzat onura eta laguntza lortzeko. Era berean, Soloeta oso
integratuta ikusten dugu Argentinako euskal komunitateak antolatutako
ekintzetan: Euskal Jaiak, Lujan-go Amaren santutegirako erromesaldiak,
euskaldunen bisitaldiak (Sota & Aznar Itsas Eskola, Aita Donostia…)… Holakoetan,
hantxe egongo da beti Aita Soloeta, eta haren hitzaldi-sermoietan beti utziko
dio lekutxo bat umetako hizkuntzari.
Aita Soloetaren
engaiamendu pertsonalari bagagozkio, apunte txiki bat, baina zinez
esanguratsua. 1914ko urrian gaude, eta I. Mundu Gerra hasita dago. Horrek
eragin zuzena du Argentinako euskaldunengan, batez ere, Euskal Herriko
iparraldetik Ameriketara joandakoengan, euren senide asko gerrara deiturik izan
ziren-eta. Baina, Euskal Echeako euskal izpirituan ―¡Ahora no hay más Pirineos!― ez zegoen iparraldekorik, ez
hegoaldekorik, euskaldunak baino. Gerra-egoera horren aurrean, Aita Soloetak
eta beste hiru fraidek euren Aita Jeneralari idazten diote Erromara, baimena
eskatuz Europako frenteetara joan ahal izateko, euskal soldaduak laguntzera[19].
Aita
Soloeta-Dima, gramatikalari eta idazle
Idazletzan ere, ekarpen
polita egin zuen dimoztarrak Txile-Argentinetan eginiko egotaldi luzean.
Aldizkariei dagokienez, garaiko argitalpen askotan ikus daiteke Soloetaren
sinadura, batez ere, La Baskonia eta La
Euskaria aldizkarietan;
eta neurri txikiago baten, Euzkotarra,
Montevideoko Euskal Errian… Euskal
Herriko aldizkarietan ere, lantzean behin argitaratu zituen kolaborazioak: RIEV, Euzkadi: ciencias, artes y letras, Euskal Esnalea… Erabilitako gaiak era honetara laburbildu daitezke:
hizkuntzalaritza, onomastika, historia, literatura, Euskal Herria eta
Argentina, Euskal Echea…
Argentinan
argitaratutako liburuei bagagozkie, bost obra aipa ditzakegu, nahiz eta
euretariko batek, antza, ez zuen argia ikusteko zoririk izan. Obrarik
gehienak ―orduko testugintza urriak eta
urruntasunak eraginda― Euskal Echeako eskolei begira burutu zituen dimoztarrak,
bertako ikasleek, euskara-eskoletan, testu modura erabili ahal izan zitzaten.
Ikus ditzagun banan-banan:
1)
Curso Primero
del Idioma Basko, Tip. de La Baskonia, Buenos Aires,
1912, 92 or.
2)
Curso Segundo
del Idioma Basko[20] [Lecciones
para una Gramática Bascongada, La Baskonia
aldizkaria, 1912-urria / 1914-ekaina, 12 atal][21].
3)
“Le Petit
Basque”. Cours Elementaire de Grammaire Basque. Dialecte Labourdin, Imp. Vincenty,
Bossio & Cia., Buenos Aires, 1913, 148 or.
4)
Conjugación
Sintética del Verbo Basko comenzado por consonante, Imp. La Euskaria, Buenos Aires,
1913, 58 or.
5)
Ensayo de la unificación
de Dialectos Baskos, Tip. La
Baskonia, Buenos Aires, 1922, 173 or.
Lehenengo liburuari dagokienez[22] (Curso Primero del Idioma Basko), azpimarragarria da obraren izaera
praktikoa. Izan ere, Soloetak hutsune handi bat ikusten du euskal gramatiketan,
ez baitzeuden liburuok irakaskuntzari begira pentsatuak. Alderdi didaktikoa
hori buruan zuela ekin zion irakasle kaputxinoak gramatika bat idazteari: “Esta carencia, en
nuestra literatura, de gramáticas adecuadas para jóvenes cursantes los diversos
grados escolares, me ha movido á arreglar y publicar dos obritas intituladas: Curso primero del idioma basko y Curso segundo del idioma basko”[23]. Bizkaitarra izan arren,
Soloetak erdialdeko euskalkia, gipuzkera, aukeratu zuen bere Cursoaren oinarri.
Esan
dugunez, Aita Soloetak liburuki bi agindu zizkigun bere Curso Primero del Idioma Basko eskola-gramatikaren hitzaurrean.
Badirudi, bigarren liburukia ez zela argitaratu liburu-formatuarekin, baina
Soloetak Uruguai-Argentinetako aldizkarietan argitaratutako artikulu eta
kolaborazioei erreparatzen badiegu, konturatuko gara, Bigarren Curso horrek ―oso-osorik ez dakigu, baina zati handi batek
bai― La Baskonia aldizkarian ikusi zuela argia.
Lehenengo
atala 1912ko urriaren 10ean argitaratu zen, eta hauxe zuen izenburu nagusi: LECCIONES PARA UNA GRAMATICA BASKONGADA.Una gramática crítica. Ikus dezagun zelan
aurkezten digun Soloetak egin asmo duen Gramatika berri hori:
“Saben
ya los asiduos lectores de La Baskonia, que
tenemos en preparación un 2º curso del
idioma baskongado[26] más voluminoso y mucho
más completo que el primero que conocen los subcriptores de nuestra revista. En
esta publicación nos proponemos examinar seriamente los fundamentos de nuestro
idioma con el intento de ofrecer á los hermanos de mi raza una gramática
razonada y crítica”[27].
Lecciones para una Gramatika Baskongada (Curso
Segundo del Idioma Basko) gramatikaren azken atala 1914ko ekainaren 30ean[28] argitaratu zen. Guztira
12 atal (hitzaurrea + hamaika ikasgai) argitaratu ziren, maiztasun jakinik
barik[29].
Kontuan hartuta, Hego
Ameriketan Iparraldeko euskaldun asko zegoela, eta ez zeukatela euskara
ikasteko baliabide askorik, Aita Soloetak haientzako gramatika berezi bat
lantzeari ekin zion: Le Petit Basque.
Liburua erronka ikaragarria izan zen kaputxino bizkaitarrarentzat; izan ere, Ikasliak zioskunez: “para escribir la
obra ha tenido que posesionarse antes del dialecto labortano de la lengua
francesa”[30].
Edizioa txukuna da,
argazkiz-eta ondo hornitua. Edizioaren gastuak J. B. Vincenty La
Euskariaren zuzendariak, eta “Centro Basko-Francés”
etxeko presidentea zen J. P. Passicot-ek ordaindu zituzten. Gorago aipatu dugun
Ikasliak biziki goraipatzen zituen
euskaltzaleok: “Si estos baskos amantes de su Patria tuvieran muchos
imitadores, muy pronto habíamos de ver á Euzkadi redimida”[31].
Liburuak bi zati nagusi
ditu. Lehenengoak hogeita zazpi ikasgai dauzka, eta eurotan euskal aditza
aztertzen da. Bigarrenean, aztergaia atzizkibidea da, eta hamabi ikasgaiz
osatua da. Argazkiez gain, osagarriak ez dira falta edizio txukunean: gutunak,
aditz trinkoen taulak, kantak (“Gauden gu eskualdun” eta “Altabizkarko
kantua”), hiztegitxo bi, eta baita Euskal Herriaren mapa bat ere, zazpi
probintziekin (“Carte d´Ezkuadi”[32]). Esan, bestalde,
liburuaren azalean, elkarren segidan, esaldi bi idazten dituela Soloetak, haren
pentsamoldea ondo ere ondo islatzen dutenak:
Non, jamais il n´y eut,
ni nous l´espé-
rons, il n´y aura de
Pyrénées pour
les Basques (Haristoy, IIe,
49).
“Rien
n´est pas plus agréable à chacun que
sa
patrie, et notre vraie et unique
patrie
est Ezkuadi”.
Urte berean, hau da,
1913an, Soloetak beste liburu bat argitaratu zuen: Conjugación sintética del verbo basko comenzado por consonante[33], Julio Urkixo jaunari
eskaini ziona: “Al desinteresado é ilustre publicista basko Sr. Don Julio
Urquijo dedica estas cuartillas. – El autor”. Bidali ere egiten dio liburua,
baina deustuarraren iruzkina ez zen oso aldekoa izan[34].
Urteotan, kezka handia
zerabilen buruan kaputxino bizkaitarrak euskararen batasunari buruz; eta,
1922an, batasunerako bere proposamena eman zuen argitara: Ensayo de la unificación de Dialectos Baskos. Izan ere, Buenos Airesen, eta orokorrean,
Argentina osoan, Euskal Herriko zazpi probintzietako euskaldunak zeuzkan
inguruan; eta aniztasun hori, bai hizkuntzaren irakaskuntzan, bai hedabide
idatzietan-eta, oztopo bihurtzen zen sarri. Euskaltzaindia urtetsu batzuk
lehenago (1918-19) sortua zen Eusko Ikaskuntzaren magalean, eta batasunaren
unea zela zeritzoten euskaldun asko eta askok. Soloeta ere iritzi horretakoa zen.
Hala ere, Soloetak
urrunegi jo zuen bere proposamenean[37]. Batasunaren bila atzera
jo, eta balizko hizkuntza orbangabe
bezain irreal bat proposatu zien, berez denabeharrean zeuden euskaldunei.
Horrek, jakina, kritika gordinak pairarazi zizkion, on ustean eta hizkuntza
hobe beharrez jardun zuen kaputxinoari. Julio Urkixok aurreko liburuari
egindako kritika areagotu egiten da oraingoan. Izan ere, deustuarrak
zehatu-zehatu egiten du arratiarra:
“En trabajos anteriores he expuesto las razones por las
que considero una utopía la llamada restauración
del euskera. No he de repetirlas: pero sí advertiré que se hace dificil la
discusión de estas materias con el Padre Soloeta-Dima, porque sus principios
lingüísticos difieren esencialmente de aquellos admitidos hoy generalmente por
los lingüistas. Si no estamos de acuerdo acerca de lo que es el lenguaje, ni
acerca de las causas de su evolución, ¿cómo hemos de coincidir en la
apreciación de los fenómenos que el euskera presenta?”[38].
Bide
beretik, Aita Aingeru Madariaga bermeotarrak ere, uste du urrun ere urrun joan
zela Soloeta bere proposamenean: “Si yo me creyese autorizado a dar consejos a
nadie, no vacilaría en dárle uno al ilustre profesor de Euskal-Echea,
diciéndole que no fuese tan pesimista respecto al estado actual de nuestra
conjugación, y que ahondase más en su estudio; ¡más todavía! ya que no le falta
para ello ni erudición ni talento, pero basándose en otros principios”[39].
R. Mª Azkue handiak
artikulu luze eta mamitsua eskaini zion Soloeta-Dimaren proposamen ausartari.
Azkuek pentsatzen du, berak gaztetan ―Euskal
Izkindea argitaratu zueneko garaiari dagokio― pairatutako gaixotasun berak
jo zuela Soloeta-Dima Ensayo de unificación…
liburua egitean. Txukuneria[41] deritzo gaixotasun horri,
eta izenburu horixe jarriko dio Euskera
aldizkarian argitaratu zuen artikuluari. Estu hartzen du hasieratik Ensayo de la unificación de Dialectos Baskos
liburua:
“Euskalari
berrizale txukuneridun-artean urrutiren yoan zaiguna A. Soloeta dela uste dut.
Orretarako dituen kemena ta zaletasuna aundiak izanarren, etzen noski bide
legunetik hainbeste irtengo, aurretikoak izan ezpalitu: nerau bat, nerekin
bateratsu besteren bat eta arren ondoren eli osoa, berrizale-mordo andi ugaria”[42].
Ez
zitzaion Soloetari erraz egingo holako kritika eta iruzkinak irentsi beharra.
Kontua da, zergatik edo hargatik, mututuz
joan zela dimoztarraren luma zolia. Badago, hala ere, ohiko bibliografietan
aipatzen ez den ekimen bat: Lecciones
para una Gramática del Euzkera Bizkaino artikulu sorta, hain zuzen ere.
1914ko abuztuaren 2an hasi zen gramatikatxo hori argitaratzen, eta 1916ko
urtarrilaren hamarrean eten zen argitalpena, maiztasun aldakorra izan zuelarik.
Guztira, 17 ikasgai argitaratu zituen, eta sarreran esaten duenez, Montevideoko
Euskal Erria aldizkarirako eta Buenos
Airesko Euzkotarra astekarirako
atondu zituen ikasgaiok, esklusiban prestatu ere:
“Antes,
empero, de presentar mi reforma [batasunaz ari da] a la consideración de los
entendidos y desterrar los diversos dialectos, considero de deber dedicar un
cariñoso y filial recuerdo al primer idioma que balbuceé en las montañas de
Bizkaya. He escrito gramáticas baskongadas en Gipuzkoano, Labortano, y justo y
razonable me parece que se conceda al euzkera bizkaino su correspondiente lugar
al lado de los demás euzkelgis que se hablan en otras comarcas de Euzkadi”[43].
Agur
Euskal Echeari: Txile-Argentinetako Nagusi
Ensayo de la unificación de los dialectos baskos liburua
argitaratu, eta hurrengo urtean nagusiek Txile-Argentinetako ―orduan
kaputxinoentzat probintzia bakarra zen― Nagusi izendatu zuten. Ardura horretan
hiru urte inguru eman zituen Aita Soloetak. Epe hori pasatuta,
Txile-Argentinetako Aholkulari izendatu zuten, baita B. Aires-Nueva Pompeya
barrutiko Nagusi eta parroko. Nueva Pompeya-ko komentua eta ikastetxea
probintziako inportanteenak ziren orduan; eta, era berean, hango Andra Mari
basilika Argentinako ezagunenetako bat zen.
Bost
urteotan (1923-1927), ordenan, goren mailako ardurak izanda, asti gutxi
geratuko zitzaiokeen Soloeta Aitari idazluma saiakera, ikerketa eta holakoetan
dantzatzeko. Urteotan, hutsunea nabarmentzen da haren bibliografian. Hala ere,
esan behar da, kaputxinoen Nueva Pompeya[44] aldizkariaren zuzendaria
izan zela kaputxinoen komunitateko Nagusi izan zen tarte horretan.
“Baña
biotzean etxakon laket, Nagusia izatea” diosku A. Yurre arratiar kaputxino
lagunak[45]. Haor, Soloetaren izaeraren beste ñabardura
garrantzitsu bat. Ez zuen luzaro iraun erantzukizun handiko ardurotan. Izan
ere, 1927. urtearen azkenetan, itzuli bat egin zuen bere jaioterrira, amari eta
anaia kaputxinoei bisita bat egiten, eta ez zen berriro itzuli
Argentinara.
Euskal
Herrian zegoela, Euskaltzaindian ere egon zen euskal akademiak gonbidatuta, eta
badirudi ―Azkuek eta abarrek aurreko urteetan eginiko kritikak gorabehera― oso
gogorapen ona geratu zitzaiola dimoztarrari. Era berean, Soloetak aprobetxatu
egin zuen Euskal Herriko aldia bere eskuetara heldutako sermoi bilduma baten
berri emateko. Izan ere, fraide karmelita batek
eman zion bilduma hori Soloetari, eta honek, dokumentuaren balioaz
jabetuta, kaputxinoen Donostiako bibliotekariari, Tolosako Bernardino Aitari,
pasatu zion, inprentarako bidean jar zezan. “Sucedía esto ―diosku Frantzisko Ondarra kaputxinoak― a
fines del año 1927 o primeros de 1928”[46].
Egotaldia Erromara
joateko ere aprobetxatu zuen Soloetak; eta, dirudienez, itsasoaz honaindi emaniko hilabeteotan piztu
zitzaion Soloetari Txinara misiolari joateko guraria. Ezustea ez ezik, tristura
ere sortu ei zuen erabaki horrek Argentinako lagunen artean: “Ameriketan
negarrez daude etxeko ta kanpokoak ain Aita onak iges egin dielako. Aren biotz
aundiaz, aren buru argiaz, eta aren xalotasunaz eztaude aztuta”[47].
Kansu
aldera, Txinako misiorik pobreenera[48]
Azkenean,
1928ko maiatzaren 1ean, bera bakarrik, Genevako portuan ontzia hartu, eta Txina
aldera abiatu zen Aita Soloeta, kaputxinoek Gansu probintziako Pingliang
eskualdean zeukaten misio pobrera:
“Jorraillaren 15´ean
atera zen bere erritik. Orrillaren 1´an Genova´tik. Egun auetantxe sartzen da
Txinan. Beste igazko zazpi lagunak ainbat ikusi zuten lapurrekin eta… baño
misiolari andi au eztu ezerk bildurtzen. Jaunak bere itzal gozoa emango diola
gaude, Beragatik ain neke gogorretara bere burua daraman Aita Dima´ri”[49].
Berrogeita zazpi urte
zeuzkan orduan Soloetak. Kaputxino lagunek diotenez, artean gizon gogorra zen,
sasoiko eta osasuntsua. Izan ere, harrituta utzi zituen hango denak
arratiarraren kemenak eta indarrak. Poz-pozik agertu ei zen misioan, bertako
lagunek hara joango zenik ez zekitela. Bertara heldu, eta berehala lotu
zitzaion lanari. Ekinean beti, uneoro lanean, beharrean nekagaitz… Pingliang
eskualdean misio-leku berriak ere sortu zituen Soloeta misiolariak, nahiz eta
horretarako lan neketsu ere neketsuak egin behar izan[50].
Txinako egoera
politikoak baina, zeharo baldintzatuko du bertan zeuden misiolari euskaldunen
egoera. Armada komunista Gansu-raino heldu da, eta kaputxinoek mehatxatuta ikusten
dute euren burua. Tamalez, susmoak eta beldurrak egia bihurtzen dira; eta,
1933ko azaroaren 25ean, Garex´ko Bartolome anaiak eskutitz bat bidaltzen du
kaputxinoen Iruñeko komentura: “Txina´ko lapurrak [komunistak] illabete onen
12´an arrapatu ginduzten Dima´ko Pernando Aita, Artazkoz´ko Isidro Anaia eta
nerau”[51]. Aita Yurreren arabera,
atxiloketa gertatuaz batera, Aita Soloetak eskaera adoretsu bat luzatu zien
komunistei, haren izaera eskuzabala ondo ere ondo erakusten duena: “Soloeta
Abak arren esan eutsien gorriei,
beste biak uzteko; eta norbait eroatekotan, bera bakarrik eroateko”[52].
Komunisten asmoa, antza, dirua ateratzea baino
ez zen, eta beren-beregi adierazi zieten kaputxinoei zer egin behar zuten: “Gu
zuen erlijioaren etsai gera, baña pixkat laguntzen ba´diguzue, lasa utziko
zaitu[e]gu”[54].
Azaroaren 12tik
urtarrilaren 7ra arte eduki zuten komunistek atxilotuta Soloeta, hots, soldadu
erregularrek Soloetaren taldea inguratu arte. Estualdi horretan, komunistek
ihesari arin-aringa eman, eta Soloeta libre geratu zen: “BERRI POZGARRIA. Ilbeltzaren
13´an gure Txina´ko Misiotegi´tik, kablegrama au biali ziguten: Iruña´ko Kaputxinoak: AITA PERNANDO ASKATURIK”[55]. Berria bolo-bolo
zabaldu zen orduko hedabideetan. Madrilgo ABC
egunkariak, kasurako, honela ematen zuen liberazioaren berri, 1934ko
urtarrilaren 14an :
“Ciudad
del Vaticano 13, 9 noche. Telegrafían de Pekin a la agencia Fides que el Padre
Fernando Soloeta, que había sido capturado por los bandidos chinos, acaba de
ser puesto en libertad por las tropas regulares.
El
Padre Soloeta es capuchino y oriundo de la provincia de Navarra. Está de
misionero en la
Prefectura Apostólica de Pingliang, en el Kansú”[56].
Atxilo-aldian
pairatutakoak eta bertan ikusiak liburu baten kontatu zituen Soloetak, 1934.
urtean bertan. Liburua ordenako nagusien
enkarguz ―aginduz― idatzi zuen eta Argentinan argitaratu zen: Mi cautiverio bajo el Dragón Rojo:
(Dramático relato de un Misionero Argentino) / Memorias del R. P. Fernando
Soloeta de Dima, Misionero Capuchino en Kansu, China[57].
Polikarpo Iraizoz kaputxino nafarrak itzulpena
egin, eta atalka argitaratzen hasi zen Iruñeko Zeruko Argia aldizkarian. Argitalpena 1935eko uztailean (199. zb.)
hasi zen, eta Espainiako gerrak ankerki eten zuen. Argitaraturiko azken atala
1936ko uztailekoa (211. zb.) dugu. Guztira, 1-112 orrialdeak argitaratu ziren,
baina Iraizozek Soloetaren obra osoa zeukan itzulita[58]. Orain, sarean daukagu Ainhoa
Beolak egindako edizio berria: Lapurren
menpean[59].
Liburu horren inguruan,
komentariotxo batzuk egiten ditu Aita Julian Yurrek. Alde batetik, goraipatu
egiten du Aita Iraizozen itzulpena; baina, badirudi, Iraizozek erabilitako
testua, aldatuta zegoela: “Egiazko paperak ikusi be, ez bide zituan ikusi”,
diosku Aita Yurrek. Beraz, baten batek aldatu egin zituen pasarteren batzuk
Soloetari ez baimenik, ez iritzirik eskatu barik, eta horrek sumin handia
eragin zion misiolari bizkaitarrari: “Gizon ixilla zan; ondo sufritzen eban;
baña badakit, etzegoela pozik, norbaitek aldatu egin eutsolako liburua, gauza
batzuk kenduz eta beste batzuk ipiñiz”[60].
Txinako
misioetako penak eta lorrak baina, ez ziren amaitu Soloetaren liberazioarekin:
“1933 ta 1934 t. a., gorri areik
zapalduak egozen; baña etziran geldi egoten”[61]. Urte bereko (1934)
azaroan, Zeruko Argia aldizkarian
haren artikulutxo bat agertzen da
izenburu kezkagarri hauxe zeramana: “Txina´tik Berri Txarrak”[62].
Dakigunez, Txinako gerra
zibila 1927an hasi zen, Txinako
Errepublika gobernatzen zuen Txinatar Alderdi Nazionalistaren (Kuomintang) eta Txinako Alderdi Komunistaren artean, baina tarteka
iraun zuen. 1945ean, Japonen kontrako gerra (1937-1945) amaituta, berriro
gogortu zen gerra zibila, harik eta 1950ean komunistak nagusitu ziren arte: “Ta
laster asi ziran mixiolariak yazartzen, askatasuna kentzen, etxe barruetara
sartzen, geroago edo lenago danak kanpora botatzeko Txina´tik”[63].
Txinako aldia amaitu
egin da. 1954. urtean gaude, eta 26 urteko egotaldi luze, isil eta emankorra
iragana da Dimako euskal-argentinarrarentzat…, txinatar ere bihurturik. Izan
ere, Argentinan emandako urteek bertako bihurtu bazuten, zer ez zen gertatuko
kaputxinoaren baitan, Gansuko herritar xehe-xeheekin hogeita sei urtean bizi
izan eta gero.
Filipinetara:
azken pausalekua
Txinatik egotzita,
1954ko otsailaren hiruan, A. Yurre eta A. Soloeta Manila aldera doaz. Soloetak,
handik zortzi egunera, 73 urte bete zituen; baina adina gorabehera, Manilako
kaputxinoekin ―euskaldun batzuk tarteko― geratzea erabaki zuen[64].
Filipinetako
egotaldiaren inguruko albiste bakarrenetariko bat, bertara heldu eta denbora
laburrera ematen digu Soloetak. Gotzainari idazten dio, Txinan utzitako misioei
buruzko berriak emateko. Izan ere, hiru gutun hartu dituzte, eta bertan
Pingliang-eko kristau natiboen berri ematen da, kasu batzuetan berri gordin
samarrak, baina badirudi maisu onak izan zituztela: “También ellos, siguiendo
los malos ejemplos del arratiano [Aita Yurre] y del argentino [bere buruaz ari
da] se han constituido en resistencia pasiva”[65]. Baina, interesgarria da,
bestalde, euren buruaz esaten duena: “Los tres exmisioneros refugiados que nos
encontramos aquí somos tres ilustres desconocidos, pobres en lo temporal y sin
ninguna representación dentro de la jerarquía eclesiástica; así de altas
esferas han de venir las oportunas iniciativas”[66].
Artikuluaren amaieran, Jainkoari
berari zuzentzen dio Soloetak bere eskaria. Badaki zer pairatzen ari diren
Gansu probintziako misioetako kristauak, eta ezin du ulertu Jainkoaren pasibotasuna
―fede krisialdi bat?―. Azken lerroetako ironia ―etsipena?, ilusio eza?,
distantzia?...― ere, azpimarragarria da:
“Nos
están imitando, es cierto, y con un heroismo inefable, y quizás nos tengan que
imitar en la violenta y bárbara manera con que fuimos deportados. Y ello sería,
juzgando las cosas con criterio humano, una gravísima calamidad para aquella
hermosa cristiandad. ¿Pero, qué haces, Dios Todopoderoso, que no vienes en
nuestro socorro? ¿en quién confiaremos, si Tú no nos favoreces?
Saludos
a todos los religiosos de la
Provincia y exmisioneros nuestros, y quiera bendecir al más
inútil de sus servidores”[67].
Hamar urte luze eman
zituen Soloetak Filipinetan ―desconocido,
pobre y sin ninguna representación dentro
de la jerarquía eclesiástica―, eta bertan, Tagaitay hirian, hil zen, 1964ko ekainaren
21ean, 83 urteko zela. Udako solstizioa
ospatzen den egun horretan, urtero gogoratzen dute hango anaia kaputxinoek
handik milaka kilometrotara sortu zen euskaldun misiolaria[68].
2014ko ekainaren 20an[69]
Iñaki Sarriugarte Irigoien
[1] Aita Julian Yurrekoa: “Dima´ko Soloeta
Aba Kaputxinoa”, EGAN, 1964, 1/6,
134-140.
[2] Gran
Enciclopedia Navarra:
http://www.enciclopedianavarra.com/navarra/capuchinos/4332/1/
[3] “[Cartas] 1909-1920
[a] Julio de Urquijo, San Juan de Luz [Manuscrito] / Fr. Fernando Soloeta de Dima”,
Koldo Mitxelena Liburutegia, Donostia. http://oaiprod1.gipuzkoa.net:8080/handle/10690/3898
[4] Fr. Fernando Mª Soloeta: “Añibarro
traductor del Guero”, RIEV, 4, 1910, 592-594. Urkixo bera hasi
zen eskuizkribua RIEV aldizkarian
atalka argitaratzen, baina ez zen osorik argitaratu, 56 buruetatik bakarrik 42
argitaratu baitziren (1923tik 1933ra). Blanca Urgell-ek, 2001ean, eskuizkribu
osoaren edizio kritikoa opetsi zigun: Gueroco
guero, Euskararen Lekukoak 22, Euskaltzaindia, Bilbo, 2001.
[5] “Dima´ko
Soloeta Aba Kaputxinoa”, 139. or.
[6] Iriani Zalakain, Marcelino / Alvarez Gila,
Oscar: Euskal Echea. La génesis de un
sueño (1899-1950): Llavallol, E. Jaurlaritza, Gasteiz, 2003, 94-95.
[7] Esan beharra dago,
Euskal Echearen lehenengo Zuzendaritza taldearen idazkaria (1904ko maiatza)
Frantzisko Esteban Laphitz apaiz, idazle eta euskaltzale ezaguna izan zela, Bi saindu heskualdunen bizia (1867)
liburu gogoangarria idatzi zuena, hain zuzen ere. Lehenago ere, 1904an,
proiektuaren inguruko behin-behineko komisioa sortzen denean, talde horretako
ohorezko lehendakaria izan zen Laphitz kalonjea. Tamalez, ez zuen ikusi Euskal
Echea zutik, 1905eko urriaren 25ean hil baitzen.
[8] Baylac, Natividad: Euskal Echea. Su obra a través de 50 años,
1904-1954, B. Aires, 1955, 164. or.
[9] Ibidem:
112. or.
[10] Egia,
Juan de: “En Euskal-Echea”, La Baskonia, 649,
1911-10-10, 4. or. Uchagakoa ezizendun
idazlea, urrunago doa bere laudorioetan: “Juntamente con su gran compañero
Astarloa, contribuye al resurgimiento de nuestra habla nacional y sus obras
serán el pedestal en el cual ha de
colocarle la generación actual para pasmo y admiración de las futuras, que
mejor que la presente sabrán apreciar su titánica labor” (Uchagakoa: “Figuras Euskarianas. El R. P. Soloeta”, La
Baskonia, 735, 1914-02-28, 229. or.).
[11] http://euskalechea.esc.edu.ar/llavallol/historia.htm (Azken
kontsulta, 2014-06-20an egina).
[12] R. P. Soloeta: “Euskalechea:
Discurso pronunciado por el R. P. Soloeta, en la apertura de las clases
baskongadas de los institutos de Euskal-Echea”, La
Baskonia, (I) 632, 1911, 325-326 / (II) 633, 1911, 341-343 / (III) 634, 1911,
360-362.
[13] Ibidem (I), 325. or.
[14]
Ibidem (I), 325.
or.
[15] Dagurrzutet: agurtzen zaituztet adizkiaren ordezko
trinkoa. Holako asko darabiltza Soloetak.
[16] Soloeta-Dima, Fernando Mª: “Soloeta
tarr Abak Euzkal-Etxian egindako itzekisuna”, La
Baskonia, 657, 1911-12-30,
136. or.
[17] Iyeki: ale (gure oharra).
[18] “Dima´ko
Soloeta Aba Kaputxinoa”, 135. or.
[19] X. X.: “El patriotismo basko de
los profesores de la
Euskal-Echea”, La Baskonia, 764,
1914-12-20, 121. or.
[20] Aita Yurrek dio obra hori ez
zuela inoiz esku artean izan: “Esta obrita no ha llegado a mis manos” (Egan, 1964, 1/6, 136. or.).
[21] Montevideoko Euskal Erria aldizkarian ere argitaratu
zen gramatika hau. Atalak berdintsuak dira batean eta bestean.
[22] Ricardo Gómez
Lópezek, liburu honen azterketa egin zuen “Euskara-Erromantze Linguistikaren
IV. Jardunaldietan” (2013/11/29), Deustuko Unibertsitatean (www.slideshare.net/FiloBlogia/gmez-2013-jlvrsoloeta-dima).
[23] Curso primero del idioma basko, 7-8.
[24] Azkue Biblioteka
(Euskaltzaindia).
[25] La
Baskonia, 639, 1912-12-30, 15. or. [V. atala]. Atalen
luzera aldatu egiten da aldizkariaren zenbakien arabera.
[26] Letrakera beltza gurea da.
[27] Soloeta-Dima, Fernando Mª:
“Lecciones para una gramática bascongada. Una gramática crítica”, La
Baskonia, 685,
1912-10-10, 4-5.
[28] La
Baskonia aldizkaria hil guztien 10., 20. eta 30. egunetan
argitaratzen zen, hots, hamar egunerik behin.
[29] 1912an, hitzaurrea eta
sei ikasgai; 1913an, ikasgai bat; eta 1914an, 4 ikasgai. Montevideoko Euskal Erria aldizkarian ere, zazpi
entrega argitaratu ziren (1912-12-08 / 1913-03-23), baina argitalpena etenda
geratu zen.
[30] Ikaslia: “Gramática Baska”, La Baskonia,
726, 1913-11-30, 90. or.
[31] Ibidem, 90. or.
[32] Ezkuadi: Ez da errakuntza bat, liburuaren azalean bertan holaxe
idazten du-eta. Ipartarren oguzkerara, ebakerara, hurreratzeko keinutzat hartu
beharrekoa da, zalantza barik, aldaketatxoa.
[33] Aita Yurrek dioskunez, lehenago, liburua atalka
argitaratu zen B. Airesko La Euskaria
aldizkarian.
[34] Urkijo, Julio: “Conjugación Sintética del Verbo Vasco
comenzado por consonante…”; RIEV,
1914-1917, VIII, 176. or.
[35] http://www.liburuklik.euskadi.net/handle/10771/25159Le
[36] Koldo Mitxelena Liburutegia (http://oaiprod1.gipuzkoa.net:8080/handle/10690/1207).
[37] Soloetak, lehenago ere,
baieztapen eta iritzi gordin ere gordinak zeuzkan plazaratuta: “Sería muy de
desear que los maestros en euzkerologia suprimieran sin compasión y miramientos
todas las variedades dialectales para dar lugar al más hermoso de los idiomas
que hayan podido imaginar los mortales” (“Lecciones para una gramática
baskongada en dialecto biskaino”, Euskal
Erria (Montevideo), 105, 1914-08-02, 10. or.).
[38] Urkijo, Julio de: “Bibliografía:
Ensayo de la unificación de dialectos baskos…”, RIEV, XIII, 1922, 666. or.
[39] Fr. A. de Madariaga: “Ensayo de
la unificación de Dialectos Baskos…”, Aranzazu,
II, 1922, 208-209.
[40] Koldo Mitxelena Liburutegia (http://oaiprod1.gipuzkoa.net:8080/handle/10690/1162).
[41] Azkue, R. Mª: “Txukuneria”, Euskera, VI, 1925, [3]-21. “Enfermedad
de purismo” modura itzultzen du Azkuek berak.
[42] Ibidem: 14-15.
[43] P. Soloeta: “Lecciones para una
gramática baskongada en dialecto biskaino”, Euskal
Erria (Montevideo), 105, 1914-08-02, 10. or.
[44] Aldizkaria 1924an sortu zen, eta
oraindik argitaratzen da. 90 urte bete ditu, beraz.
[45] “Dima´ko Soloeta Aba
Kaputxinoa”, 137. or.
[46] Ondarra, Frantzisko: “Manuscrito
de pláticas en euskera guipuzcoano en los Capuchinos de San Sebastián I”, FLV, 30, 1978, 524-546 // II, FLV, 31, 1979, 91-119.
[47] “Aita Dima Txinara bidean”, Zeruko Argia, 116, 1928-abuztua, 311.
or.
[48] Izenburuan, Rafael de Gulina-ren
Kansu la Misión más pobre de China
(B. Aires, 1944) liburuari egin nahi izan diogu erreferentzia.
[49] “Aita Dima Txinara bidean”, 311. or.
[50] “Dima´ko
Soloeta Aba Kaputxinoa”, 138. or. Aita Yurrek dioskunez, Erromako L´Osservatore Romano-raino heldu
ziren Aita Soloetak egindako lanen
oihartzunak, kaputxinoen nagusiek bidalita.
[51] Garexko Bartolome A.: “Gure misioetako
estutasunak. Aita Pernando Dima´koa nola arrapatu zuten”, Zeruko Argia, 182, 1934-ots., 229-231.
[52] “Dima´ko Soloeta Aba
Kaputxinoa”, 138. or
[53] Gulina, Rafael de: “Desde el
Kansu”, Verdad y Caridad, 128,
1934-11-15, 341-344 (Soloetak jantzi argia dauka; Bartolome eta Isidro anaiek
abitu iluna daukate).
[54] “Gure misioetako estutasunak…”,
230. or.
[55] Ibidem, 231. or.
[56] Ferretti: “Misionero español en
libertad”, ABC, 1934-01-14, 44. or.
[57] Soloeta, Saturnino (Fernando de
Dima): Mi cautiverio bajo el Dragón Rojo,
P.P. Capuchinos, Nueva Pompeya, Buenos Aires, [1934], 122 or.
[58] Lapurren menpean: Erensuge-Gorriaren soldadu-taldean atxilo egondako
Misiolari baten oroitzapenak / Egilea: Dima-ko Soloeta Fernando, A., O.F.M.
Cap., Txinako Misiolaria; Euskeratzallea: Iraizoz-ko Polikarpo A., O.F.M. Cap.,
[Imprenta de Capuchinos, Pamplona, 1934], 245 or.
[59] Armiarma (Klasikoen Gordailua): http://klasikoak.armiarma.com/pdf/IraizozLapurren.pdf (Zeruko Argian argitaratutako zatia batzen
da bertan).
[60] “Dima´ko Soloeta Aba Kaputxinoa”,
139. or.
[61] Ibidem, 139. or.
[62] Soloeta-Dima, Fernando:
“Txina´tik Berri Txarrak”, Zeruko Argia,
191, 1934-azaroa, 376. or.
[63] “Dima´ko Soloeta Aba
Kaputxinoa”, 139-140. “Los últimos misioneros en salir de la misión fueron los
de Kingyang y Sanshelipu el 31 de diciembre de 1953: los PP. Fernando Soloeta y
Julián Barreneche[a], que opusieron una brava resistencia a dejar la misión y
como buenos arratianos fueron obligados a salir casi a empellones” (Askoren
artean: La Provincia Capuchina de Navarra-Cantabria-Aragón, 1950-1975,
Curia Provincial de Capuchinos, Burlada, 1975, 455. or.).
[64] Badirudi, Filipinetara
heldu baino lehenago, Hong-Kong kolonia britaniar ohian, pausaldi bat egin
zuela Soloetak (Euskal Echea. La génesis
de un sueño…, 283. or.).
[65] Fernando de Dima: “Como en la
época de las persecuciones”, Verdad y
Caridad, 343, 1954-07-15, 195. or.
[66] Ibidem, 195. or.
[67] Ibidem, 195. or.
[68] “Mention the name of
the brother whose death anniversary is remembered at the last
petition of the Evening Prayer. June 5, Pedro Joaquín Mª de Aldaz; 9, Damaso Mª de
Biurrun; 18, José Mª de Tirapu; 21,
Fernando de Dima…” ( https://sites.google.com/site/capuchinphilippineprovince/).
[69] Aita Soloeta-Dimaren
heriotzaren 50. urteurrenaren bezperan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario