Abenduko izarrak

miércoles, 21 de enero de 2015

Aita santua bazkaltzera konbidatu eban zeaniztarra: Justo Artaraz



Ez dakit arratiar asko izango dan aita santuagaz batera bazkaldu dauenik, baina aita santua bera bazkaltzera gonbidatu dauena, bat bakarra, Justo Artaraz zeaniztarra. Eta ez antzerki lan baten, Belenen baino, 2000. urteko martian, Juan Paulo II.a Palestina bisitatzera joan zanean.
Zeregin bikotxa eukan Juan Paulo II.ak egun haretan Belenen: errefuxiatuen eremu bat bisitatu eta Belengo basilika aurreko plazan mezea ospatu. Indarrak batzeko, bazkaria Belengo frantziskotarren komentuan. Eta nor egoan komentuko arduradun edo jagole? Zabaleako (Zeanuriko) seme Justo Artaraz frailea.
“Un vigoroso vasco” idatzi eban Argentinako kazetari batek Zeanuriko seme honen gainean. Zemendiaren 9an hil zan Justo Jerusalemen, eta gaur gogoratzen dogu lerro honeen bitartez. Zemendiaren 2an, telefonoz deitu eutsan bere arreba Eladik, bere urtebetetzea zala-eta, zorionak emoteko: “Luzaroan egon ginan berbetan. Beti hantxe lurperatzea gura izan dau”. Bai ba, astebete geroago hil zan berak hain maite eban Lur Santuan.
Gaztetatik Lur Santuan, hango toki askotan egon zan fraile eta jagole edo arduradun. Baina berak Siriako kristauak gogoratzen zituan gehien. Egoera gogor baten zintzo eta leial jarraitzen eben bere kristautasunean. “Gehien maite izan dodaz Sirian egondako urte biak, hareek kristauak!” aitortu eutsan Zeanuriko Ander Manterolari, Jerusalemen egin eutsan bisita baten.
Ordurako Justo gaixorik egoan, enfermerian. Lau urte dira pulmonia gogor batek harrapatu eta gaixopean hartu ebala. Gaixoen artean be laguntzen eban, meza emon eta jendea animatuz.
Zeanuri beti eukan gogoan, eta jakin-minez itanduten eban bere sorterriko eta Andra Mari parrokiako gorabeheren ganean. Gaur egun hain maite eban Lur Santuan dago lurperatuta. Jerusalemgo zeaniztarra.

Jose Mari Kortazar in Begitu 222 (2015) 7. or.

No hay comentarios: