Goazen 2024 Jarri bidean

lunes, 18 de marzo de 2024

San Jose: aitaren eguna



Zuen haurrak ez du
hau ta hori ta beste hura nahi,
zuen haurrak zuek nahi zaituzte;
ez du ilhargirik ez izar hatzemanezinik eskatzen;
askoz ilhargiago,
askoz izarrago baitzaituzte zuek…

Nahiz eta zuek, agian, askotan

zaretena baino daukazuena preziatsuagotzat ukan,

zuen haurrak zuek nahi zaituzte, zuek,

    zuek behar baitzaituzte biziki;

zuek duzuen ogia baino zareten egia beharrago,

zuek zeuek eman zakizkioten behar,

zuek zaretena, zuen maitasuna;

txoriñoak aidea bera baino,

arraintxoak ura bera ere baino beharrago,

zuen maitasunean inoiz sakon igeri,

inoiz gora eta gora hegan, egin ahal dezan…



Zuen maitasunaren eguzkia nahi eta behar

zuengandik den loregaiak

        loratuko bada;

ez baitu beste inon eguzki eguzkiagorik,

jada nozitzen hasirik den barne ilhunaldi eta hotzaldietarako,

zuen  beroa eta argia hainakorik,

zuen haragitik duenez haragi,

zuen odoletik odol

eta zuek behin hartu zenuten hats beretik

hark ere bere hatsa,

hats bera eta bakarra…!



Joxan Artze, Bizitzaren atea dukegu heriotza, 126. or.

No hay comentarios: