Gabon zorion, zorion gabon!

sábado, 23 de junio de 2018

Zeanuri: Altzuagako San Juan ermitea eta jaia

Jaiak preparetan dabiz Zeanuriko Altzuagako kofradiako Doniane edo San Juan ermita inguruan. Hona hemen Zeanuriko herriaren izenaren jatorri posible baten difuntuaren hilobiari eta bere inguru magikoari bisita kulturala. Ate postan dogun plakea erabiliko dogu gidari legez, egun honetako tradizio batzuk gogoratuz azken partean.


Hona hemen atariko plakeak zer dinoskun:


Zeanuri: Altzua: San Juan Bataiatzailearen baseliza

Zeanuri. Altzuagako San Joan


Kokapena: Altzuaga auzoa, Altzuagako kofradia.
Kronologia eta estiloa: Gotikoa, XV. Mendekoa.

Doniane edo San Juan eguneko meza


Arku zorrotz formako bi ateek estilo gotikoa dakarkigute burura. Barrualdean, aipatzekoa da estalkiko zureria. Aldarean San Joan Bataiatzailearen eta San Joan Ebanjelariaren imajinak daude, besteak beste.

San Joan biak: bataiatzailea (ekainak 24a) eta ebanjelistea


Zeanuriko kultura-ondarearen aztarnarik zaharrenetako batzuk eman dizkigu baseliza honek, eta horietako garrantzitsuena barrualdean erakusgai dagoen hilarria da ( Erdi Aro Goiztiarrekoa). Hilarri horrek garai hartako pertsonaia baten izena jakinarazten digu, Zeiani,  udalerriaren izenaren beraren antzekoa. Duela gutxi, baselizaren lurpea hondeatu da eta lauzazko hainbat hilobi (Erdi Arokoak) aurkitu dira. Gaur egin hilobi horiek ikusgai daude, zoruko tronaduran leiho bat ireki delako.

Ume batzuk hilarriaren inguruan


San Joan egunaren inguruko ohiturak.

Ziur aski, Kristautasuna etorri aurretik, eguzki amandrearen omenez egin ohi ziren –eta diren– jai horietako hiru osagai nagusiak erabili ohi ditu herriak orain ere: 

San Joan sua Mundakan
Sua: eguzkiaren irudirik egokiena, ilunpea argitzen baitu, sorginak eta gaueko espiritu gaiztoak uxatzen eta gaitzak sendatzen. San Joan egun bezperan, afalondoan, baserrietako bide-gurutzetan, laharrak eta zotzak eta belar iharra pilatuz, sua pizten da, haren inguruan kantatuz dantza egiten eta gainetik jauzi edo salto, gaitzak uxatzeko. Herriko plaza eta auzoetan ere piztu ohi dira, honako kopla hauek dioten bezala: gure kalean sorginik ez, badagoz bere erre beitez.





San Joan iturria Zeanuriko Altzuan
Ura: San Joan egun goizean eguzki amandrea dantzan ateratzen omen da. Eguna argitzerako, belazeetan oinutsik ibili ohi zen jendea, goizeko ihintzak indar sendatzailea omen duelako; San Joan iturrietara ere erruz joan ohi zen jendea, ura edatera eta gorputz-atalak urez bustitzera. 

San Juan arbola Altzuagako ermitan
Zuhaitza eta landareak: San Joan egun goizean, lizar- nahiz elorri-adarrak moztu eta atari nahiz leihoetan ezarri ohi dira. Zenbait tokitan, zuhaitz horien zurez gurutze txikiak egin ohi dituzte eta pareta-zuloetan sartzen. San Joan bezperan, zenbait herri eta hiriko plaza nagusian lizarra nahiz lertxuna jarri ohi dute, haren ondoan sua piztu eta haren inguruan dantza egin. Toki batzuetan, herriko apaizak bedeinkatu egiten du San Joan arbola. Haritza ere izan daiteke arbola hori. San Joan goizean, bestalde, lore-sorta apain eta ederrak bildu eta lotu ohi dituzte eta elizara eraman bedeinkatzeko; urte guztian etxean gordetzen da sorta hori, trumoia denean pixka bat teilatura nahiz sutara botatzeko, oinaztura edo tximista etxean sar ez dadin.




San Joan kantak

GAUR DALA

Gaur dala, bihar dala
Doniane, etzi San Juan
biharamone.
Gaur dala, bihar dala
Doniane, etzi San Juan
biharamone.

Gure kalian sorginik ez,
ba dagoz bere, erre beitez.
Gure kalian sorginik ez,
sorginik ez;
ba dagoz bere, erre beitez
eta erre beitez.

SAN JOAN

San Juan dabil soloetan
solo guztiak bereinketan.
Sorginak, erre, lapurrak erre,
artoa ta gariak
kaixan gorde.

Orain amumak konta daiala
kontutxu bat!:

Nik ikusi nituen
San Juan gabian
Txomin eta Bartolo
tabernako atian
hormia zelakoan
batak besteari
txiza eiten eutson zar-zar
ja, ja, ja, ja,
praketan alkarri.

Indalecio Ojanguren argazkia


No hay comentarios: