San Pedro 2026

martes, 7 de julio de 2026

Joseba Segura eta euskerea



 El Correo egunkariak, uztailaren 5eko bere edizioan, Bilboko Elizbarrutiko gotzain den Joseba Segurari egindako elkarrizketa bat argitaratu zuen, Elizbarrutiaren buru bost urte bete dituela gogoan izanik. Elkarrizketan hainbat gai jorratzen dira (emakumearen betebeharra, etorkinen presentzia gero eta ugariagoa, honek identitate euskaldunean izaten ari den eta izango duen eragina, Beloradoko auzia ...), baina izenburutik bertatik hasita,  ("Oraindik ez dago askatasunik euskararen etorkizunari buruz hitz egiteko, tentsioak eragiten dituelako") euskara bera eta azken boladan bere inguruan sortu diren tentsioak dira mintzagai nagusietako bat. 

 
Izenburuaren aukeraketa (Josebaren esaldi baten erreprodukzioa) badakigu kazetariak edo egunkariak berak egiten duela, baina seguruenik Josebaren beraren oniritzia izango zuen (edo hala pentsatu nahi dut), baina ez dago dudarik oso inpaktantea dela eta garai ez hain onak dakarzkigula gogora, zeinetan jokoan zegoena hizkuntza bera baino garrantzitsuagoa zen, alegia, bizitza bera. Eta garai hartan badakigu nori egozten zitzaion askatasun-falta (beldur) horren ardura. Beraz, izenburu-baieztapen horrek berberak nolabaiteko ardura, salaketa suposatzen du tentsio horren eragiletzaren inguruan. Eta horrekin batera, benetan dago askatasun-falta euskararen etorkizunari buruz hitz egiteko? Azken gertakarien inguruan (PAU-USaP. Hizkuntza eskakizunen inguruko dekretu-aldaketa ...) ez ote dira entzun alde guztietako iritziak? Eta ez ote dira izan ozenagoak Bizkaiko komunikabide nagusian (elkarrizketa argitaratu duen berbera) azaltzen zirenak? Hori bai, testuinguru honetan Segura gotzaina jabetzen da muturreko bi posizio badirela: euskara albo batera uztearen aldekoak eta euskara sendotzeko eta indartzeko konpromiso eta politika jakin baten aldekoak. 

Horren erdian ondo deritzot Elizari (Euskal Elizari) aurreikusten dion elkarrizketaren eta zubigintzaren aldeko lana, beste gai askotan ere bete beharrekoa. Baina honekin batera, ontzat edo saihestezintzat ematen du euskal identitatean gerta litezkeen (bere ustez gertatuko diren) aldaketak. Kontu honetan ñabardura bat egin nahiko nuke: saihestezina izango da, nire ustez, identitate hori bizi izateko edo ulertzeko erak, baina edonola ere, euskara beti izango da identitate horren oinarri sendoa. Eta Euskal Elizak beti egin beharko luke horren aldeko lanean, beti ere kontuan harturik tokian tokiko errealitate soziolinguistikoa, inor bazterrean utzi gabe.

Eta azkenik azpimarratu nahiko nuke Joseba ohiko topiko erraz batean erori dela: euskara hizkuntza zaila dela, are zailagoa hitz egitea... Baina beste baieztapen arriskutsu bezain desegoki batekin: hau guztia bakarrik lortu ahal dutela txikitatik etxean euskaraz bizi dutenek, gainontzekoei "ahalegin izugarria" eskatzen dielako. Baieztapen hau desegokia bezain arriskutsua izan daiteke bizi dugun garaiotan nolabait zuritzen duelako egunotan PAUren inguruan gertatzen ari dena. 

Beraz, askatasuna egon badago euskararen etorkizunari buruz hitz egiteko; eta euskararen etorkizunerako bermerik handiena, hizkuntza politika egoki eta ausart batekin batera, euskal herritarron jokabide eta konpromisoa  da, Elizako arduradunen jarrera eredugarrietatik hasita. 

Beste erantzun batzuk:

https://www.religiondigital.org/opinion/berpiztu-kristau-taldea-responde-joseba-segura-obispo-bilbao-mujeres-vicarias_1_1460064.html


No hay comentarios: