Goazen 2024 Jarri bidean

sábado, 3 de diciembre de 2022

Xabierko Frantzisko santua (abenduaren 3a)



Abenduaren 3an, Xabierko Frantzisko santuaren eta euskararen eguna ospatzen dugu.

«Saint François Xavier», Molères jaunaren liburua, «Parole et Silence» argitaletxeak plazaratua.

Bere arima Jainkoaren esku jarri aurretik, Xabierko Frantziskok, azken otoitzat, haurtzaroko euskaraz aurkitu zuen, beraren idazkari eta Txinarako bideko lagunak dioenez; nafar apostoluaren oroigarritzat, urtero bezala 1949an gero, abenduaren 3ko igande hau euskararen seinaletzat emango da, Xabierri eskainia den nazioarteko egunean. Molères jaunak,1986-2008an Baionako gotzain izanak, argitara eman berri du «Saint François Xavier» «Parole et Silence» argitaletxean. Pozik dakargu geure «Lettre Basculture»ra berak bidali digun testu hau. ALC

Xabierko Frantzisko santua, Kristoren konkistatzailea.

Zein zen, ordea, gizon hau, Kristoren konkistatzaile izan zena munduaren azken muturreraino?

Lehenik eta behin, gizon sakon errotua izan zen Euskal Herriko Nafarroan [«basco-navarrais» lurraldean]; 1506ko apirilaren 7an jaio zen Nafarroako Xabierko gazteluan, hiru dorreko egoitza goitiarrean, kanoi-zulo, gotor-dorre, zubi altxagarri eta guzti; aitaren aldetik, XIV. mendean Jatsun, Behe Nafarroako Donibane Garazitik hurbil, bizi zen Etcheberria familiakoa zen; amaren aldetik, berriz, Azpilkueta aitoren familiakoa, Baztanen, Karlomagnoren denbora baino askoz lehenago nobletukoa. Aita, Jatsuko Joan, Bolognako unibertsitatean zuzenbidean doktorea, bere gaitasun eta jakinduria-fama zela medio Nafarroako erregeen lehendakari lehenetsi bilakatu zen, eta «alcalde mayor», Nafarroako Auzitegi Goreneko lehendakari iraunkor; bere lanbidea eta Gorteko premiak zirela-eta Iruñeari atxikia zelako, sarritan dei egiten zien bere seme-alabei beregana, eta inoizka beraiekin bizi ohi zen. Maria anderea eta honen ahizpa ezkongabea saiatu ziren sei haurrak ahal bezain hobekienik hezten; fede eta harmonia-giro honetan espero gabeko gertaera bat sortu zen; 1512ko uztailaren 12an, Albako dukea ustekabean jabetu zen Iruñeaz, Gaztelako Fernando erregearen izenean; Nafarroako erregeak, Albreteko Joanek, ihes egin beharra izan zuen, presaka, Jatsuko Joan bere aholkulariarekin batean. 1515eko ekainaren 15ean, Fernandok erabat erantsi zion Nafarroa Gaztelari; urte bereko urriaren 16an hil zen Jatsuko Joan, gaitzetsirik. Adorez, beraren emazteak aurre egin zion zoriari, murriztu zuen familiaren bizi-maila eta bere lehengusu funtzionario Azpilkuetako Martini dei egin zion, eta gazteluan jarri zen hau bizitzen, baina alditxo bat geroago hondatu egin zuen gaztelua Fernando erregearen lehen ministroak; zirkun-zarkun askoren bidez, airean eduki zuten bi anaia zaharrenek Gaztelako gudarostea, nafarrek amore eman zuten eguna arte.
         Frantziskok 19 urteak harrapatu berriak zituen; Maria andereak, amak, pena handiaz egin bazuen ere,  Pariseko unibertsitate sonatura bidali zuen, unibertsitate-graduen bila; horrela, haurtzaro zoriontsu baten ondoren, bizi izandako lantu, gerla, eragozpen eta biziera-murrizketak bere probaldiak gainditzen erakutsi zioten Frantziskori eta bere izaera moldatzen.
         Izan ere, ikasle gazte honek benetako izaera du: «moldatzea lanik handiena eman zidan bururik gogorrena» esango zuen Loiolako Ignazio santuak gure Xabierrez. Laster, arrakasta izan zuen Frantzisko Xabierrek bere ikasketetan; mutil distiratsua, kirolaria, arrakastatsua, altuera-jauzian txapeldun atera zen eta arte-maisutza lortu zuen, irakasle izateko eskubidea eman ziona; baina Sainte Barbe ikastetxean, non bizi baitzen, gela-lagun zituen Pedro Fabro zelako bat –santu deklatua izan zena− eta Loiolako Iñigo, 15 urte zaharragoa, Iruñeko setioan zauritua, Nafarren aurkako tropa gaztelauen arteko militarra; Iñigo konbertitu egin zen eta Sorbonara joana zen bere ikasketak osatzera; Xabier gazteak goitik begiratzen zion trakets jantzia zen Gipuzkoar honi, zeinak halako batean Ebanjelioko galdera nahasgarri hau bota baitzion: «zertako du on gizakiak mundua irabaztea, bere arima galtzen badu?» Pixkana, Ignaziok biziera espiritualeko bidean gidatu zuen Xabier, Espiritu Santuak inspiratutako metodo batez, idatziz jarriaz: Gogo Jardunak.
         Ordudanik, beste bost gazterekin, taldean bizi izan zen Xabier Ignazioren inguruan, eta, 1524ko abuztuaren 15ean, pobretasun, kastitate, obedientzia eta aita santuarekiko menekotasun botoak zin egin zituzten zazpiek.
         Hasia zen biziera berri bat; 11 urtez, haietako 5 itsasoan, sarritan egoera oso arriskutsuan, misiolari gazte honek, konbertitu baten fedeaz, hondoraino bizi izan zuen Kristorekiko atxikimendua; ezagutarazi egin nahi du Kristo hori munduaren beste muturrean; helburu honekin, Indiarantz doa, Malakarantz, Malaysiarantz, Indonesiarantz, Japoniarantz, ekaitz izugarriak jasan ondoren: «ez dut inoren beldurrik, Jainkoarena baizik; ezereztzat ditut gainerako beldur guztiak» idatzi zion arrats batean jesuita adiskide bati.
         Lehorreratzen den lurralde bakoitzean, itzultzaile bat aurkitzen saiatzen da, hasi-masiko kristau-ikasbide bat emateko tamileraz, malaysieraz, japonieraz; ondoren, gaixoak zaintzera joango da, pobreekin bizitzera; bere burua jarriko du jokoan beti; «Ebanjelioa ereiten ausartu beharra du» zioen.
         Bakartasun eta misio-fundazioko hamaika urte hauetan, gizon ausart honek barne eboluzio handia joko du Espiritu Santuaren eraginpean; bere lehen formaziokoan, kristau-formazio zorrotza hartu zuen, teologia amorekaitzaz, intrantsigenteaz; gero eta gehiago, ordea, beste begiratu bat lortu du Jainkoaz eta bidean topatzen duen jendeaz; jabetu da, paganoek ere badituztela beren baloreak eta berak ere jaso dezakeela aberastasunik halakoen kulturatik; bataiatu gabe hiltzen ziren haurrek Jainkoa ez zutela ikusiko uste zuen hark, bakardadean eta Jainkoaren graziaz probaldian bizitzen aurrera egin ahala, errotik aldatuko du ikusmolde hori.
         Egin du beste aurkikuntza espiritual bat ere, oso sustrai sakonekoa; hasieran pentsatzen zuen, Jainkoari zerbitzua eskaintzen ahal ziola, kristau berrien eskaintza eginez, ebanjelizatu berriak zitukeen lurralde eta kulturetako jendea eskainiz, alegia; denborarekin jabetuko da, Jainkoak eman dion graziarekin, Jainkoaren beraren bidali bat dela eta Jainkoaren gogoko izaten ikasi behar duela, apal-apal.
         Gazte konbertitu berria zela, Jerusalemera erromes joatea zuen amets; bizitzaren arratsean, uste du, badela beste bide bat ere: Txinatik Jerusalemera; bakardadean eta gaixotasunean aurkitu zuen, haizeak astindutako lastozko txabola batean, Jesus bere bila zetorkiola; bere sukar-ametsean otoitz egin zuen, dudarik gabe euskaraz, ondoren latinez; Sancian uhartetxoak, Canton lurraldean, eskaini zion hilobia gure Xabierri; hara etorri zitzaion Jesus bila. Xabierrek ez zuen izan gehiago Jerusalemera joan beharrik.
         Legenda jainkozale batek kontatzen du (kontuan izan, legendak sarritan Historiak baino osagai egiazkoagoak izaten dituela), handik milaka kilometrora, Nafarroako Xabierko egoitzan, gazteluko sarrerako pasabidean dagoen Kristoren gurutzea, odol-geruza fin batek estali zuela, Xabierren hilzorikoan.
         Frantzisko, Kristoren konkistatzaile hura, iritsia zen, azkenean, bere bidaiaren amaierara, nekeak eta izerdiak jota, beti ere Kristoz suharturik. 
         «Maitasunak ez dio inoiz ere aski da», dio Liburu Santuak; «Infernua ez da maitasuna bezain zabala», dio Claudel-ek.
         1552ko abenduaren 3an, Xabierko Frantzisko Jainkoaren begiradapean hil zen. Bere erara bizi izan zuen, bere bizitzaldi labur eta zarra-marratsuan, pazko-misterioa, bere esperientzia bikoitzez: saltoka eta trebuka, asto ausarditsuz eta bukaerarik gabeko itxarotez, heriotzaz eta piztueraz.
         Berrogeita hamar urte geroago, beste jesuita batek, Aita Mateo Richik, lortuko du Txinan sartzea, beste metodo batzuez, beste ausardi batzuez eta beste pazientzia batzuez; izan ere, San Bizente Paulek diosku: «Maitasuna asmatzailea da infinituraino».

Molères jaunaren «Saint François» liburua  «Parole et Silence» argitaletxeak plazaratu du.

Pierre Molères. Baionako gotzain ohia.

Euskeratzailea: Dionisio Amundarain Sarasola

No hay comentarios: