Harritzekoa da zein maiz ohartarazten dien Jesusek bere ikasleei, arreta izan dezaten «mesiastar pazientzia-gabezia» faltsu batek harrapa ez ditzan, hau da, Jainkoaren ekintza modukoa baina kementsua errespetatzen ez dakien batek harrapa ez ditzan.
Beragandik mugimendu irmo eta ikaragarri bat, beste korronte eta aukerak ezabatzeko gai izango litzatekeen bat, espero dutenei, Jainkoaren ekintza apalago eta begirunezkoago batez mintzo zaie Jesus. Mundua bata bestearen kontrako ereiteen alorra da. Eta alor nahasi horretan ari da hazten Jainkoaren erreinua, batzuetan hain anbiguoa eta korapilatsua den bizitza horren trinkotasunean.
Alor horretan ari da Jainkoa gizakia salbatzen. Portaera kolektibo horietan, batzuetan ideal handiek arnastuak direnetan; beste batzuetan egoismo ilunek animatuetan. Egunero egiten ditugun ehunka keinuetan, zeinetan nahasirik ageri ohi baitira bihotz-zabaltasuna eta txikikeria aitortu ezinekoa.
Gauza ikusgarri eta boteretsu baten hedapena espero dutenei, xumeagoa eta moduzkoagoa den Jainkoaren erreinuaz hitz egiten die Jesusek. Jende-masaren mugimendu handiosak eragiteko eta harrotzeko egina ez dagoen zerbait da Jainkoaren erreinua. Ekinean ari da jadanik Jainkoaren erreinua, baina bere eran, bere moduan: apal-apal sortzen den mostaza-hazi txiki eta kasik irrigarria den bat bezaña, edota legamia-puska ikusezin bat bezala, orean galdua, berau barnetik hartzitzen duelarik.
Jainkoaren erreinuari ez diogu bidea irekiko beste talde, alderdi edo ideologia batzuen gain eskumikuak botaz, ezta gure pentsaerarekin bat ez datorren oro gaitzetsiz. Erreinu hori ez dugu finkatuko gizartean gizatalde handiak pilatuz edota jendetzaren txalo iragankorra lortuz.
Jainkoaren erreinua gizatasun-legamia da; munduko edozein txoko ilunetan hazten da: gizakia maite den eta gizatasun duinago baten alde borroka egiten den edozein txokotan. Jainkoaren erreinuari bidea irekitzeko, ebanjelioaren indarrari eralda dezan libre utzi behar diogu, geure bizitzeko, maitatzeko, lan egiteko, gozatzeko, borroka egiteko eta izateko era edo estiloa.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

No hay comentarios:
Publicar un comentario