Gabon zorion, zorion gabon!

jueves, 12 de diciembre de 2019

Zabalik dago Igorreko tonbola alkartasun-iturri 13 urtez


Misinoetako lurraldeen aldeko tonbola hau gaurtik –abenduak 12- datorren domekara arte –abenduak 15- egongo da zabalik Igorren, hamahirugarren ekitaldia betez. Tonbolan eskaintzen diran produktu gehienak emakumeek egin dabez euren eskuz joskintza eta eskulanen udal tailerrean. Beste batzuetan lez, jarduera honetatik atara daiten dirua bailarako monja bik, Juanita Agirrek Perun eta Maribel Egiluzek Kongon, laguntzen dabezan egitasmoetara zuzenduko da.


Tonbolan zozketatzen diran 600 sarien arteko hainbat dohaintzan emondakoak dira. Izan be, beste urte batzuetan lez, Beñat Etxebarria Athleticeko jokalari igorreztarrak kamiseta emon dau sinatuta. Askotariko gauzak eskaintzen dira, ba, eta gura daben herritar guztiek aukera daukie zerbait eskuratzeko.

Maribel Salcedori bururatu jakon orain dala 13 urte tonbola antolatzea, honen bitartez Trujillo Garaian (Peru) eta Kongoko Errepublika Demokratikoan jarduten daben Arratiako monja bik eskuartean dabezan egitasmoetan “lagundu hal izateko”. Maribelen esanetan, “lau mila euro inguru batuko doguz” eta aldez aurretik eskerrak emoten deutsaz inguruko jenteari, gogotsu eta eskuzabaltasunez parte hartzen dabelako honako ekimen solidarioetan. Hain zuzen be, Pobreen aldeko Munduko Egunaren inguruan antolatu eben kontzertuan 4.000 euro batu ebezan Apostolikoek Indautxun daukien gizarte jantokirako.

Zozketa abenduaren 16an, domekaz, egingo da eta saririk jasoten ez daben zenbakiek bigarren aukera izango dabe eta Gabonetako saskien zozketan parte hartuko dabe.

Dirua, Perura eta Kongoko Errepublika Demokratikora joango da
 
Tonbolan batu daiten diruaren zati bat Perura bialduko da. Hantxe dago, hain zuzen be, Trujillo Garaian, hamasei urtez hezkuntza arloan jardunez, Juanita Agirre igorreztarra, Probidentziako Andra Mariaren Alabak kongregazinokoa. Kongregazinoak, sistema publikoan txertatuta dagoan ‘Fede eta Alaitasuna’ mogimentuaren ikastetxea zuzentzen dau han. Joan dan irailean, Joseba eta Mikel herriko gazte bik mila haur eta gaztetxotik gora jasoten dituan ikastetxeko eguneroko bizitzan murgildu eta esperientzia “pozgarria” bizi izan eben. Laborategia martxan jarteko konpromisoa hartu eta gauzatu eben, ikastetxeak “gizatalde zabalaren jarduera onari esker” funtzionatzen dauala egiaztatzeaz batera. Euren bizipen guztiak Arratiako parrokien blogean idatzi ebezan.

Eta beste zati bat Kongoko Errepublika Demokratikora joango da. Han, Kinsasan, Maribel Egiluzek kudeatuko dau laguntza hainbat egitasmotara bideratuz. Erizaina da bera eta osasun arloan jarduten dau batez be, baina beharrizanak asko diranez, danetarik egiten dauala dino.

Iturria: bizkeliza.org

Arratia, elkartasunak aurrera darrai

Tonbolak 13 urte beteko ditu aurten eta azoka solidario bat sortu du emakume talde batek, idazten dau Iker Ugartek DEIAn.



Gabonak iristear daude, eta Arratian, berriro ere, elkartasuna piztu egiten da. Alde batetik, Arratiako tonbolak 13 edizio beteko ditu Igorren. Baina aurten beste ekimen solidario bat sortu dute herri honetan, azoka solidario bat alegia. Tonbolari dagokionez, bere 13. urtean lortzen den diru guztia, misiolari igorreztar birengana bideratuko da: Maribel Egiluz, Congon dabilena, eta Juanita Agirre, Perun bizi dana.
Bi herrialde horietan ari dira lanean bi misioilariak, eta han laguntzeko balioko du Igorren biltzen den diru guztia. 1.000 sari baino gehiago banatuko ditu misiolarien aldeko tonbola solidarioak Igorren aurten ere, euro batean saltzen dira txartelen bidez. Tonbola zabalik egongo ostegunetik igandera, abenduaren 12, 13, 14 eta 15an (10.00-13.30 eta 16.30-20.00).

Saritu gabeko txartelak edo boletoak ez botatzea gomendatzen dute antolakuntzatik, azken egunean, 16an, zozketa bat egingo dutelako eta gabonetako otarrak irabaz daitezke orduan. Tonbolan ematen diren sariak era bitara lortzen dira. Alde batetik, “hamaika andra asteartero batzen dira, urte guztian zehar, esku lanak egin eta tonbolan opari moduan jartzeko”, dio Jose Mari Kortazarrek, Arratiako apaiza.

Arropak, amantalak, neskatil jantziak eta bestelako produktuak egiten dituzte urtean zehar. Beste alde batetik, “beste opari sorta handi bat Igorreko dendari, enpresa eta familiek ematen dituzte doan”. Baita Beñat Etxebarria futbolistaren kamiseta izenpetuta edo markako kosmetiko garestiak egongo dira tonbolan. “Urteotako ohitura dugu hau Igorren, eta huts egin barik, aurten ere zabalik egongo da”. Tonbola, aurten ihazko leku berean egongo da jarrita, Ana Mari denda liburudenda izandakoan, zubi ondoan, Dimako bus geltoki pare-parean.



Baina aurtengo gabonetan beste ekimen solidario bat ere egongo da Igorren. Ama talde batek eta bere seme-alabek sortutako azoka solidarioa hain zuzen ere. Horrela, hilaren 19an Lehendakari Agirren jarriko dute postu bat jaso duten guztia saltzeko. Beraiek azaltzen duten bezala, “denetarik egongo da, liburuak, puzzleak, poltsoak...”. Zentzu honetan, hiru egun eman dituzte artikuluak jasotzen herrian. Gazte Solidarioak izena jarri diote taldeari eta helburu nagusia, beste pertsona batzuei laguntzea bada ere, gazteentzako eredu bat ere jarri nahi izan dute martxan. Hau da, “beste errealitate batzuk daudela ikustea nahi genuen, gaizki pasatzen duen jendea dagoela ere”, hau da, haurrak sentsibilizatzea. Horregatik, gaztetxoek ere parte hartu dute bilketan eta antolakun-tzan. Gainera, eta hau da beste helburuetako bat, “birziklatzea sustatzen da, gauza asko berrerabiltzen direlako”, adibidez jostailuak, liburuak...

Salmenta-egunean merkatu txikian biltzen duten diru guztia Indautxuko jantoki sozialarentzako izango da. Leku hau, gainera, eguneko zentroa da eta kalean bizi diren pertsonentzako dutxak ere badituzte, “horregatik, hilaren 19an gel eta xanpuak ere jasoko ditugu bertara eramateko”, diote. Amaitzeko, gabonetarako jaiotza bat zozketatuko dute, “bizilagun batek egindako eta dohaintzan emandako jaiotza bat”.

No hay comentarios: