Gabon zorion, zorion gabon!

lunes, 23 de diciembre de 2019

Ateos y Creyentes: Jesús Martínez Gordo



 Alferrik saiatuko gara egileak bere lanean azaltzen dituen ideia eta argudio guztiak laburbiltzen, hain baitira ugariak eta onak. Bere ideia garrantzitsuenak laburtzen ahalegintzea ere ez da ez lan samurra, iruzkinentzat tarte txikia izan ohi da eta.

Beraz, era soilagoan saiatuko naiz adierazten zein den Jesus Martinez Gordok bere saiakeran egiten duen planteamenduaren esanahia.
Liburuan lehenbizi arreta erakartzen duena zera da: “Jainko” kontzeptua argitzeak teista batek erabiltzen duenean edo deista batek edo ateo berri batek. Kontzeptu horren esanahiaren funtsezko esanahia aldatu egiten da, are egile berberengan ere, segun eta eztabaida zein esparrutan planteatzen duten. Bi gauza bederen nabarmentzen ditu Jesus Martinez Gordok: lehenbizikoa, “ateo berri” direlakoek “Jainko” kontzeptuaz egiten duten erabilera mordoiloa –eta batzuetan umekeriaren neurrikoa–; bigarrena, aipatu ateo horiek erabat ezjakinak direla azken 200 urte honetan izandako teologia-garapenez (transzendentzia edo Jainkoa ukatzeko joera duten bestelako planteamenduen aldean askozaz zehatzagoak pentsamendu aldetik, eta nabarmenki egituratuagoak arrazoi aldetik).
Deigarria gertatzen den bigarren alderdia: ateoek beren feudoa dela –zela– uste duten “joko-zelai” berean planteatzen du eztabaida egileak: zientzia esperimentalaren alorrean. Dokumentatze lan handia dago saiakera honetan, zientzia moderno ilustratuaren berariazko paradigma materialista mekanizista auzitan jarri duten arazoak eta aurkikuntza zientifikoak aipatzen ditu (paradigma hori oraindik indarrean dago filosofo eta zientzialari askorengan positibismo zientzialariko molde berrien pean). Liburuaren lehen zati honi helduko diot, irakurlea harrapatu egiten duelako, eta ikuspuntuaren berritasunagatik (eta ausarta delako Jainko kreatzaileaganako fedearen sendotasun arrazional eta egiaztagarriaz ahobizarrik gabe hitz egitean).
Lan honetan aurkezten diren datu zientifikoek –zorroztasun eta argitasun handiz aurkeztu ere–  argi eta garbi erakusten dute honako hauxe: Unibertsoa sistema konplexua eta ebolutiboa dela, bai txiki-txikia baino txikiagoa denaren mailan, bai biziaren bilakaera mailan, bai maila handiko Kosmosaren bilakaeran. Izaera dinamiko, ireki eta ebolutibo horren funtsa aurreko oinarri fisikotik sortzen joan diren ezaugarri sorta batean dago, baina ezin dira horretara mugatu. Hau da, Eboluzioaren gertaera –frogatua– onartzeak izadian, edo materian bertan, nolabaiteko transzendentzia oinarri bat dagoela onartzea dakar (“burutranszendentzia aktiboa”, deitu zion Karl Rahner-ek). Alabaina, datu hau hobeto josten da, noski, teismoarekin ateismoarekin baino, izan ere, Gustavo Bueno irakasleak bizkor asko galdetu zuenez: «Nola jaio daiteke ezer berririk, aurrez moldatua egon gabetanik, sortua izan gabe?». Errealitatearen izaera ebolutiboa onartzea errealitatean dagoen eta ari den transzendentzia onartzea da.
Aipatutako transzendentzia, azpimarratzen du Jesus Martinez Gordok, hobeto bat egiten da Jainko kreatzaile bat izatearekin “zoriarekin” baino (“baietz delako” erantzutearen antzekoa da hori; “ez dakigu eta jakin nahi ere ez” esatea bezala, azken batean). Zientzian, galderei eta erantzunei uko ez egitea da arrazoizkoa eta zentzuzkoa. Zientzialariek eta filosofoek, zientzialari eta filosofo badira, ulertu, azaldu… egin nahi izaten dute eta horretarako ez da aski deskribatzea. Datu enpirikoak errealitate baten kuantifikazioa dira (nahieran murriztua) eta ez dute beren kabuz esanahia ezartzen. Ondorioz, egileak dioen bezala, azalpena emateko datu enpirikoak interpretatu beharra dago, eta hori egiteko bide bakarra dago: eztabaida filosofiko eta teologikoa.
Egileak, bere arrazoiketan, beste makina bat datu fisiko jasotzen ditu (adibidez, printzipio antropikoa), datu matematikoak (esate baterako, sistema formal guztien osagabetasuna), datu kosmologikoak (konstante unibertsalak xuxen egokitzea, adibidez), antropologikoak, e.a. Ezin da hainbeste informazio laburtu eta, batez ere, ez dago laburtzerik hain arrazonamendu orekatuaren dotorezia.
Onena dugu egilearen liburua irakurtzea eta gozatzea. Utz diezaiogun lan honi, liburua hartzerako geok geneuzkan galderak baino askoz gehiago eragiten (beste galdera askori erantzuten laguntzen digun bitartean).
Miguel Ramón Viguri

ATEOS Y CREYENTES.
Qué decimos cuando decimos “Dios”.
PPC, Madrid, 2019
JESÚS MARTÍNEZ GORDO



No hay comentarios: