Abenduko izarrak

viernes, 9 de noviembre de 2018

Derioko Seminarioko itxialdia: Eliza aldatu erregimena suntsitzeko

1968ko azaroan 60 abade inguruk Derioko seminarioa okupatu eta ia hilabeteko itxialdia egin zuten, hierarkia katolikoak frankismoarekin zuen konplizitatea salatu eta Eliza errotik aldatzea eskatzeko. Errepresioaren aurrean geldirik egoteaz asperturik zegoen jende eta mugimendu askoren katalizatzaile bihurtu ziren abade horiek 60ko hamarkadan, eta gogorrago erantzun behar zela jabeturik, “Gogor” taldea sortu zuten. Pulpituek oraindik botere itzela zuten garaian, haien erabateko aktibismoa oso garrantzitsua izan zen erregimena suntsitzen hasteko. Baina garesti ordaindu zuten. Urko Apaolaza Avilaren artikulu bat ARGIA astekarian.



Eraikin erraldoi hartako sekretu guztiak ederto ezagutzen zituen Josu Barandikak (Bermeo, 1939), han egin baitzituen 13 urte ikasten. Horregatik, azaroaren 5 hartan arazo barik sartu zen bigarren eskuko cuatro latas bat gidatzen Derioko seminariora, ordurako inguru guztiak poliziak hartuta egon arren.

 Gogorkeriaren aurka ggortasuna, Gogor diskaren kanta asko oraindino kantetan dira gure parrokietan.

Donibane Lohizunetik zetozen zuzenean, bezperan abadeek hasitako itxialdia lau haizetara zabaltzen lagundu zuen prentsaurrekoa ematetik, Juan Mari Arregi eta Angel Zelaietarekin. Telesforo Monzonen bidez Piarres Xarritonen Angeluko abadetxean bildu zituzten The Times, Le Monde, Reuters eta nazioarteko beste medio askotako kazetariak: “Gaia oso larria zen, seminario oso bat okupatu genuen, eta prentsaurreko hura izan zen gure bozgorailu indartsuena”, oldoztu du Barandikak 50 urte eta gero.

1968ko azaroaren 4an hasi eta hogeitabost egunez Derioko seminarioan iraun zuen Bizkaiko dozenaka abaderen itxialdia ez zen gertaera isolatua izan, Euskal Herriko eliza barruan abade eta apaizgai gazteen artean zegoen ezinegonaren beste kate begi bat baizik. Frankismoaren zapalkuntza ikusi eta bizi zuten gazteok, hierarkia eklesiastikoak erregimenarekin zuen lotura estua salatu ez ezik, “kapitalismoaren asmo eta bizieraren menpe” ez zegoen beste Eliza bat aldarrikatzen zuten, Euskal Herri Langilea deiturikoaren aldekoa.

Irakurri osorik ARGIAn berton klikatuz

No hay comentarios: