José Antonio Pagola. Itzultzailea: Dionisio Amundarain
Dirua,
erabateko idolo bihurtua den hori da Jesusentzat etsairik handiena, Jainkoak
duinago, zuzenago eta solidarioago nahi duen mundu honentzat. Hogei mende dira
jada, Galileako Profetak salatu zuela: Gizadiak Diruari eskainitako kultua
izango duela beti oztoporik handiena, elkar bizitza gizakoiago baterantz jo
ahal izateko.
Guztizkoa
da Jesusen logika: «Ezin izan zarete
Jainkoaren eta Diruaren zerbitzari». Jainkoa ezin izan da errege
munduan, ezin izan da guztien Aita, baldin eta zuzentasuna exijitzen ez bada
bizitza duin batetik baztertuak direnentzat. Horregatik, Jainkoak nahi duen
mundu gizakoiago horrentzat ezin lan egin dute, aberastasunak metatzeko irrikak
harturik, jenderik ahulena baztertu eta goseari eta miseriari emanik uzten duen
ekonomia bat sustatzen dutenak.
Txundigarria da Frantzisko aita
santuarekin gertatzen ari dena. Komunikabideek eta interneten zirkulatzen duten
sare sozialek Frantziskoren keinurik txikienen berri xehetasun-mota oroz ematen
digute; baina ezkutatu egiten dute, era lotsagarrian, Gizadi osoari egiten dion
deiadarrik premiazkoen hau: «Ez borobil bat ekonomia baztertzaile eta zital
bati. Hiltzailea da ekonomia hori».
Alabaina, Frantziskok ez du
argudiatze luzeen beharrik, ezta analisi sakonen beharrik ere, bere pentsaera
adierazteko. Gai da bere haserrea hitz argi eta adierazkorrez laburtzeko;
edozein teleberriren albistegiren lerroburu edota edozein lurraldetako
prentsaren titulu nagusi izan litezkeen hitzez, alegia. Adibide batzuk, soilik.
«Ezin onar liteke albiste ez izatea
adineko pertsona bat hotzak hiltzea kale gorrian eta, aldiz, albiste izatea
burtsak bi puntuz behera egin izana. Bazterketa da hori. Ezin onar liteke
janaria botatzea, goseak dagoen jenderik baden bitartean. Zitalkeria da hori».
«Aurpegirik gabeko eta zinezko
helburu gizatarrik gabeko ekonomia baten diktadurapean» bizi gara. Ondorioz,
«gutxi batzuen irabaziak esponentzialki hazten diren bitartean, gehiengoen
irabaziak gero eta beherago doaz gutxiengo zoriontsu horren ongizatearen
aldean».
«Ongizatearen kulturak anestesiatu,
sorgortu egiten gaitu, eta ez gara lasai gelditzen, baldin eta merkatuak artean
erosi ez dugun zerbait eskaintzen badigu; eta, ahalbide faltaz hegoak ebakirik
gelditu diren beste bizitza horiek ezertan erasaten ez diguten ikuskari huts
gertatzen zaizkigu».
Frantziskok berak esana duenez,
«mezu hau ez da marxismoa, baizik Ebanjelio hutsa». Gure kristau-elkarteetan etengabeko
oihartzuna izan beharko lukeen mezu bat da. Horren kontrakoa, Frantziskok
esaten digun beste honen seinale izan liteke: «Besteen garrasiez errukitzeko
ezgai bihurtzen ari gara, ez dugu jada negarrik egiten gainerakoen dramaren
aurrean».
|
||
|
No hay comentarios:
Publicar un comentario