José Antonio Pagola. Itzultzailea: Dionisio Amundarain
«Jesusen
tentazioen» kontakizuna ez genuke hartu behar arin-arin. Hor deskribatzen diren
tentazioak ez dira ikuspegi moralekoak. Kontakizunak ohartarazten digu geure
bizitza hondatu dezakegula, baldin eta Jesusek hartu duen bidetik desbideratzen
bagara.
Lehenengo
tentazioa joan-etorri erabakitzailekoa da; izan ere, errotik makurtu eta
usteldu baitezake gure bizitza. Itxuraz, Jesusi gauza xume eta on bat aurkeztu
diote: Jainkoa gosearen zerbitzura jartzea. «Jainkoaren
Semea bazara, agindu ezazu harri hauek ogi bihur daitezela».
Alabaina,
bat-batean eta era harrigarrian erantzun du Jesusek: «Gizakia ez da ogitik bakarrik bizi, baizik eta
Jainkoari ahotik darion hitz orotatik». Bere ogia ez du bihurtu
nahi gauza absolutu. Ez du egin nahi Jainkoa bere probetxuaren zerbitzari,
Aitaren egitasmoaz ahazturik. Lehenik eta behin Jainkoaren erregetza eta haren
zuzentasuna bilatu nahi ditu. Aitaren hitza entzungo du beti.
Gure
premiak ez dira asetzen ogia segurtatze hutsaz. Askoz gehiago behar eta
desiratzen du gizakiak. Ogirik ez dutenak gosetik eta miseriatik ateratzeko
ere, Jainkoari, geure Aitari, entzun beharra dugu, eta geure bihotzean
zuzentasunaren, errukiaren eta solidaritatearen ustea esnatu beharra.
Geure
tentazio handia gaur egun, gauza guztiak ogi bihurtu nahi izatea dugu. Gero eta
maila handiagoan, geure bizitzaren ikusmira murriztea eta mugatzea, geure
desioak asetze hutsera; geure bizitzako ideal kasik bakartzat, gero eta neurri
handiagoan, ongizate baten eta bereizi gabeko kontsumismo baten obsesioa
jartzea.
Geure
burua engainatuko dugu, baldin eta pentsatzen badugu hori dela egin beharreko
bidea aurrerapena eta askatasuna lortzeko. Ez al gara ikusten ari, jendea
mugarik gabeko kontsumismora eta auto-asebetera lerratzen duen gizarte batek ez
duela ezer egiten, baizik jendeagan hustasuna eta zentzurik eza sortu eta,
bizikidetasunari dagokionez, egoismoa, solidaritaterik eza eta erantzukizunik
eza eragin?
Zer
dela-eta larritzen gara entzutean, egunero bere buruaz beste egiten duen
jende-kopurua era tragikoan ari dela handitzen? Zer dela-eta jarraitzen dugu
geure sasi-ongizatean hesiturik, gero eta hesi ez-gizakoiagoak ezartzen, gose
direnak gure lurraldean sar ez daitezen, gure bizilekura irits ez daitezen,
gure atea jo ez dezaten?
Jesusen
deiak lagundu gaitzake jabetzen ezen gizakia ez dela ongizateaz bakarrik bizi.
Beharrezkoa du pertsona batek espiritua lantzea, maitasuna eta adiskidetasuna
bizitzea, sufritzen ari direnekin solidaritatea garatzea, norberaren
kontzientziari erantzukizunez entzutea, biziaren azken Misterioari bihotza
esperantzaz irekitzea.
|
||
|
No hay comentarios:
Publicar un comentario