Pazko domekako koplak

viernes, 25 de abril de 2025

Frantzisko Aita santua hil da: Lau egunez Erroman

Testua eta argazkiak: Asier, Erromatik bertatik. Eskerrik asko gure "korrespontsal" ñagunak egindako kronikagaitik. Ikusitakoari argazkiak eta gogopeta pertsonalk gehituz. OInezko laiko baten ikuspegi zorrotza Uri santu eta Aita santuri buruzkoa. Eskerrik asko Asier!


Apirilaren 24. Laugarren eta azken eguna


Eguena.

Italian apirilaren 25eko ospakizunen ganeko eztabaida gogorra dago. Egun horretan, 1945. urtean, II. Mundu Gerran, Milan, Turin eta Genova uriak liberatu ebezan. 1946.etik, urteurren hori jaiegun bihurtuta, liberazinoaren eguna ospatzen dabe Italia osoan. 

Laster, zapatuan, Aita santuaren hileta be ospatuko da Vatikanon eta gero Santa Maria Maggioren lurperatu egingo dabe. Egunotan gazteen manifestazio gogorrak egon dira. Trump etorteko da. Alderdi batzuk ekitaldi politikoak debekatzeko eskatu dabe. Beste batzuk, bateko eta besteko eretxiak errespetatuz, ekintza guztiak batera egiteko modukoak dirala uste dabe. Dirudienez, zapatuan erromatarrek euren liberazinoaren jaia ospatuko dabe azkenean.


—---


San Joan Letrangoan bada absidean, baldakinoaren atzeko aldean, Paulo VI.ak lortu eta Frantzisko Aita santuak basilika honetara ekarritako Amabirjinaren irudi ederra. XIV. mendekoa da. Garai horretako artearen soiltasunaz Andra Mariaren eskuak, modu nabarmenean, umeari eusten deutso. Emakumeek, historian zehar eta gaur egun be, Eleizeari eusten deutsen bezala.

Zergaitik ez doguz ondino guztiz ageriko egin gure emakumeak? Zergaitik daukagu eleizearen erdia ikusezin? Zergaitik gagoz historiatik kanpo? Nora goaz?


—---

Camarlengoa, logelaren seiluak, Aita santuaren heriotza egiaztatzea, hilkutxan jartzea... Zabala eta koloretsua da italierak Vatikanon egunotan jazoten diran ekintzetarako sortu dauan hiztegia eta esapide mordoa.

Harrituta geratzen gara, esaterako, Aita santuaren gorpua historian zehar, hil eta jarraian zelan zaindu eta erabili izan dan azaltzeko gai diran jakitunak entzutean. 

Italiako komunikabideetako langileek badakie ganera, minututik minutu, zer jazo behar dan eta gauza horreek ze lekutan jazoko diran.

Txutxumutxuetan sartuta, badago Vaticanoko egunotako kazetaritzan “stampa del cuore”tik hur dagoan genero periodistikoa: “papable” diran kardenalak Vatikanora zelan helduten diran harrapatu eta hareen lehenengo berbak jasotea.

Kardenal batzuk kotxe baltz handietan helduten dira, bi-hiru laguntzaile gizonezko inguruan (euretariko batek ordenadorea eroateko motxila “profesionala” aldean). Kotxetik urten eta kardenala plantxau barri agertzen da, dagokion koloreetako ornamentuez ganera, paparra apaingarriz beteta. Bere lehenengo berbak Aita santuaren alde egin beharreko otoitzen gainekoak izaten dira. Horregaz batera, eleizeak be bere alde otoitz nork egingo behar dauala esaten dabe.

Beste kardenal batzuk, ekialdekoak edo munduko beste leku batzuetakoak askotan, bakarrik eta oinez agertuten dira. Edozein turistak dakarren izerdiagaz eta jazkera kardenalizio arinagaz. Kazetarien galderei erantzunez: “Aita santu… neu? Jota zagoz!”.

Atzo telebistan behin baino gehiagotan aipatu eben Pierbattista Pizzaballak, Jerusalemgo latindar patriarkaduko buruak, Frantzisko I.aren oroimenez egin eban Requiem ospakizuna. Kardenal honek Erromara bidea zelan hartu eban ikusi zan. “Papable” guztiakaz jazoten dan moduan, Pizzaballak badauka bere “akatsa”: gazteegia ei da. Aita santu gazteak ez dira konklabeen gustukoak. Kinielak zabalik.


—----

Aita santuaren gorpua Santa Martatik San Pedro eleizara eroan dabe atzo. Ikusgai jarri dabe eta gauez ez dabe itxiera-ordua bete ahal izan. Luzatu egin behar izan dabe bisita-denporea. Tarte txiki bat hartu dabe, basilikako ateak itxita, inguruak atonduteko eta, goizean goizetik, barriro jarri da martxan Aita santua agurtu gura dabenen ilera amaibakoa.


Guk geuk be goizeko zortzirak aldera tarte bat hartu dogu, lehenengoz eta azkenekoz, Aita santua aurrez aurre ikusi eta azken urteotan egin dauzan ahaleginak gogora ekarteko. Eta eskerrak emoteko…

Jendetza handia. Barikuan gazteen Jubileua ospatuteko etorri diran neska-mutiko eta laguntzaile asko, gure moduan egunokaz Erroman turista gabilzan asko, Italiatik eta beste hainbat lekutatik beren beregi etorritako asko…



Ikuskizun mediatikoa komunikabideentzako. 

Bisita selfiezentrikoa gure moduko telefono adimendunentzako, jente arruntarentzako. 

Aita santuaren atautearen aurrera heldu gara. 

Gorpua ikusi, begiak itxi eta oroimen hori izan da jaso dogun Frantziskoren azken irudia. 

Goian bego.

—---


Basilikaren ate nagusitik urten dogu. Egun ederra kanpoan. Hamaika koloreko mundu zabala, bertan.

Ez dakigu hemendik aurrera San Pedroko ate horrek zabalik jarraituko dauan ala itxi egingo dan.


Frantzisko Aita santua hil da 03 Hirugarren eguna Erroman


Testua eta argazkiak: Asier, Erromatik bertatik.

Apirilaren 23a. Hirugarren eguna


Gaur eguaztena.

Erromaren historiaren azken mendeak,  Erromaren beraren eta Vatikanoaren arteko burruketen ganean dago eregita. Erromagaz lehenengo eta Italiako Errepublkeagaz gero.

Kaleetan banderek, harmarriek, leku-izenek eta erromatarrek bakarrik ezagutzen dabezan kode ezkutukoek erakusten dabe estatuen, urien, erakundeen eta biztanleen arteko mugak eta lotura estuak.




Vatikanoa ez da Italia, ezta Erroma be. Azkenengo Aita santuak, izendatu baino lehen, ez dira italiarrak izan. Baina izendatu ostean beti-betiko Italiaren eta Erromaren seme egin dabez.

Gaur Italiako parlamentuan, diputatuen biltzarrean, Aita santuaren omenezko saioa egin dabe eta alderdi guztien ordezkariek egin dabe Frantzisko I.aren laudorioa. Errepublikaren egoitza nagusian jazo da hau.

Bergoglio Italiatik Ameriketara joandako italiar moduan ikusten dabe askok. Balizko balore tradizional betikoen ordezkari moduan. Gizon on moduan.

Horreetarikoak dira, behinik behin, Albanian immigranteentzako egoitzak eregi dabezan politikoak.

Zendu dan Aita santuaren agindua Ipar Ameriketako gotzainei, aurtengo otsailaren 11n: “I exhort all the faithful of the Catholic Church, and all men and women of good will, not to give in to narratives that discriminate against and cause unnecessary suffering to our migrant and refugee brothers and sisters. With charity and clarity we are all called to live in solidarity and fraternity, to build bridges that bring us ever closer together, to avoid walls of ignominy and to learn to give our lives as Jesus Christ gave his for the salvation of all.” 

“Eskatzen deutsiet Eleiza Katolikoko fededun guztiei, eta borondate oneko gizon eta emakume guztiei, ez daiela amore emon gure anai-arreba migratzaile eta errefuxiatuei alperreko sufrimentua eragiten

deutsien narratiben aurrean. Karidadez eta argitasunez, guztiok alkartasunean eta anaitasunean biziteko deituak izan gara, gero eta gehiago hurreratuko gaituen zubiak eregiten, irain-harresiak saihesten eta gure bizitza emoten ikasten, Jesukristok danon salbazinorako emon eban bezala ".

—----

Nabarmen handitu dira Erroman, atzorik hona, segurtasun neurriak. Telebistan eten barik agertzen dira Vatikanoko teilatuetan jarri dabezan frankotiratzaileak, militarren arma bildurgarriak…

Aita santuaren hiletara 150 herrialdeko ordezkariak eta 30 estatuburu etorriko dala aurreikusten da.

Gaur, bazkalostean, Termini tren-geltokitik hur, Ipar Ameriketako lehendakariaren Ford F-350 Super Duty Roadrunner ibilgailua ikusi dogu. Trumpen etorrerea ziurtatuta dago. Uriaren erdialdeko segurtasun erakundeen inguruan, belarrietan pinganillodun jendea ugaritu egin da. Eta helikopteroa jabilku, zeruan, noizean behin, batetik bestera…






—----

Komunikabideetan zabaldu da Aita santuak, hil aurretxoan, 200.000 euro emon deutsala (bere bankuko kontuko dirua) Erroman dagoan Casal del Marmo izeneko gazteen kartzelari. Erakunde honen helburua lan-komunidadeen bitartez bertan dagozanen gizarteratzeko aukerak handitzea da.


Frantzisko Aita santua hil da: Kronika Erromatik bertatik 02


 Apirilaren 22a. Bigarren eguna


Martitzena da eta Aita santuaren heriotzaren inguruan beharren etorri diran kazetarien kopurua atzo handia bazan be, gaur nabarmen handitu da, bai Conciliazione kalean zein San Pedro plazan. Tokirik onean dagoz, plazako ezkerreko zutabeen hasieratik hur, komunikabide-talderik inportanteenak.

Bisitariak, ostera, betiko moduan apal eta lasai jokatzen dabilz, hurrengo egunetako egitaraua noiz argituko zain. Ez dogu igarri, aurreko batzuetan legez, “Santo subito” eta holako kanpaina masibo antolaturik. Zorionez.

Harrigarri egiten jakun normaltasunez ikusten doguz lanean Italiako eta Erromako politikoak, administrazioko arduradunak, poliziak eta militarrak… Kanpoztarrok ez geunke jakingo nondik hasi, baina Erroman urteen porasuz pilatu izan diran historiaren eta jazoeren geruzak modu automatikoan jartzen dabez martxan diru-hornidura bereziak, segurtasun neurriak, azpiegitura-gaiak…

Apurka-apurka Vatikanorako sartu-urtenak bideratzen hasi dira eta Erromako eleiza nagusietan bariku honetarako (nerabeen Jubileua dala eta) aurreikusita egon dan jendetza jagoteko neurriak prest dagoz itxura baten.

Arrastirako L’Osservatore Romano egunkariak ale berezia zabaldu dau, doan, Frantzisko Aita santuaren eskela lehenengo orrialdean eta barruko aldean honen bizitzaren eta mezuaren barri emonaz. Egunotako aurreikuspen batzuk be azaldu dabez eta komunikabideentzako ohar batzuk iragarri. Plaza osoak izan dau egunkari horren aleren bat jasoteko aukera. Guk ez, baina. Dirudienez papelezko L’Ossevatoreren zenbaki honek balio handia hartuko dau laster interneteko salmenta-guneetan…

—----

Frantzisko Aita santuak aparteko ardura euki izan dau umeak dirala eta. Sano berba ederrak erabili ebazan eurentzako 2024ko maiatzean umeentzat antolatutako jardunaldietan: “Lo rivolgo prima di tutto a ciascuno personalmente, a te, cara bambina, a te, caro bambino, perché «sei prezioso» agli occhi di Dio (Is 43,4), come ci insegna la Bibbia e come Gesù tante volte ha dimostrato” (Lehenik eta behin zuetariko bakoitzari zuzentzen deutsat mezua, zuri, neskato maitea, zuri, mutiko maitea, Jainkoaren begietan «preziatua zarelako» (Is 43,4), Bibliak irakasten deuskun bezala eta Jesusek hainbeste aldiz erakutsi dauan bezala»).

Lotsagarri eta, batez be, pekatari geratu da gure eleizea mendeetan eta mendeetan (modu sistemikoan) eta azken aita santu batzuen agintaldietan (modu instituzionalean) adin txikiko neskato eta mutikoakaz gertatutakoak isiltzen eta estaltzen ahalegindu diran arduradunen jokabideakaz.

Martitzen honetan jakin izan dogunez, Aita santua Santa Maria Maggiore eleizan lurperatuko dabe.

Bertan lurperatu eben be, 2017an, Bernard Francis Law, Bostongo artzapezpiku izandakoa. Argitasunak internet sarean.



(Andra Mari basilika. Berton lurperatuko dabe Frantzisko Aita santua)

—----

Erroman batetik bestera dabilen turistaren osterak ez dira katolikotasunean agortuten.

Gaurkoan Erromako hilerri akatolikoa bisitatu dogu (ez dakit “ortu santu akatolikoa” esatea onargarria dan Euskaltzaindiaren arabera).

Bertan ikusi doguz Wilhelm Humboldt euskalzale handiaren oinordekoen hilarriak. Keats eta Shelleyren Eleder-berbak ekarri doguz gogora. Gramsciren lora gorriak usaindu doguz. Baina gure helburu nagusia Andrea Camilleri Siziliarrari zigarro batzuk ekartea izan da. 

Hil aurretik berba honek itxi ebazan Camillerik Frantzisko Aita santuaren ganean: “Azken bi-hiru urteetan gauzarik zentzuzkoenak, ezkertiarrenak eta zentzuzkoenak esan dauz. Edozein politikarik baino askoz gehiago. Eta holantxe jarraitzen dau errefuxiatuei, pobreziari, desberdintasunei buruz dabilenean.” (El País, 2019-07-17)

Aspaldian ez bezala, Aita santu honek eleizatik kanpoko gizarteagaz zubi-lanak egin gura izan dauz eta “besteakaz” berba gura izan dau. Besteei be berba egiteko joera horrek jarraituko dau hurrengo Aita santuagaz ala sinesdun hutsentzako monologoei helduko deutsiegu, barriz? 

Frantzisko Aita santua hil da: Kronika Erromatik bertatik


Gure blogaren lagun diran Asier eta Ibone Erroman dagoz egunotan. Handik kontatzen deusku Asierrek zelan bizi izan daben handik barri hau. Argazkian Aita santuak bisitatzen eban kartzela (irakurri artikulua),

 Apirilaren 21ean, Erromarako joan-etorri turistiko “arrunta” egiteko asmoagaz, goizean goizetik hartu genduan hegaldia Loiuko aireportuan.

Fiumicinon lurra hartu eta internetez lehengo konexioak egin genduzanean gure telefonoakaz, bidaiarien artean zabaldu zan barria: “Aita santua hil da”.

Hotelerako bidean Erromako autobus publikoetako bideo-pantailetan konfirmazinoa. Albistea labur-labur, harridura azalduz eta Borgoglioren bizitzaren gaineko zertzelada laburrak emonaz.

Italiako telebista guztietan aurkezleak lutua zainduta jazkeretan eta, eten barik, zendu barri dogun Aita santuaren inguruko barriak emoten: Vatikanoko horma itxietako zirrikituetatik apurka-apurka baieztatzen dira jazoerak, Italiako eta nazioarteko agintarien deklarazino diplomatikoak, herriko jente arruntaren eretxiak eta sentimentuak… gehienak fededunenak baina asko eta asko fedetik kanpokoak. Errespetu handiz eta gizartetik baztertu doguzanen alde burrukatu eban gizaki moduan gogoratuz.

Arratsaldean Erromatik Vatikanorako sarrera nagusi dan Conciliazione kalea telebistako lehenengo kazetarien kamarakaz beretan hasi da. Ez bakarrik kalea. Apurka-apurka Vatikano inguruetako etxeen ganetako toki asko, Erromako eta Italiako eleizak eta, batez be, hildako Aita santuagaz isileko hartu-emona izan daben eleizako zein elizatik kanpoko erakunde-, elkarte-, gizarte-ekintzen egoitza asko.

—----

Ostatua Regina Coeli kartzelaren ondoan hartu dogu, Mantellateen kalean. Mantellateak giltzaperatutako andrazkoak zaintzen ebezan monjak ziran.

Frantzisko Aita santuaren lehenengoetako ekintza markatua Eguen santuan Regina Coeli kartzelako presoei oinak garbitzea izan zan. Eta ez hori bakarrik, aurreko abenduaren 26an, goizaldeko sei t'erdietan, Rebibbiako kartzelan, aurtengo Jubileurako ate bat zabaldu eban. Kartzelaren erdi-erdian. Bere berbak: “quando si vive un momento brutto si pensa che tutto sia finito. Ma non è così”. “Aldi txarretan dana akabo dala pentsatu geinke. Baina ez da holan”.

Itxaropen amaibakoa presoentzat ala zentzunbakokeria? Iraultza eleizaren barruan ala txotxolotasuna?



—----

Goizean hasi eta iluntzera arte gure ostatuko gelan Regina Coeli kartzelako presoek bentanarik bentana alkarreri egiten deutsiezan oihuak entzuten dira, italieraz, arabieraz… batek daki zenbat hizkuntzatan. Esperantza-mezuak izango ete dira?


Frantzisko Aita santua hil da



Aste santua, Aita santua
alkarregaz joan dira,
Pazko Domekan esandakoak
barruan biztu disdira:
Hilobi hutsik dagon ezkeroz
ez egon hari begira,
Kristo bizi da, Ha aurkitzeko
ez ibili jira bira,
artez begitu ondoan dozun
pobrearen aurpegira.


Saminez joan jakulako,

esperantzaz bizi dalako,

esker onez Jainkoari holako Aita santua euki dogulako 

eta berak irakatsi deuskun guztiagaitik.


No hay comentarios: