Abenduko izarrak

domingo, 22 de diciembre de 2024

Lehen gabona, Lukasek dakarrenez






Erromatar artean
gerrate zibila,
Oktavio nagusi
gudari abila.
Herriak menperatu
ta etsaia hila:
harrotu egin jaku
jainkotasun bila.



Errepublika itxi,

enperadore jarri,

Cesar Augusto dala

hartu izen barri.

Izua zabaltzen da,

gizon bildurgarri,

bere alde ez dana

txarrien jangarri.



Jainkoaren Semea

izena, izana,

Jainko itxura hartu

gizon hutsa zana.

Nork egin bere kontra

galdu barik dana?

Laster zabalduko dau

gogor Pax Romana!



Herriak menperatu,

zorrakaz itota,

goseaz hiltzen dago

esperantzaz jota,

ausart altxatzen dana

ezpataz hilgo da:

mozorroa kenduta

agertu despota.



Zeu zara nagusia,

Abe, Cesar, abe!

garaipena, bildurra

Cesarren zutabe.

bakea deitu arren,

guzur lotsagabe,

bake bako pax hori

errez saltzen dabe.



Erromatarren menpe

herriak jakina,

argi barri bategaz

Maria Birjina,

albiste barri ona

guretzat egina

zabaltzen da herrian:

han da Palestina.



Erromatik urruntxo

ez dauka jauregi,

estalpe txikitxo bat

antza pobreegi,

soldadurik ez dauka,

artzainak ageri,

zerutik aingeruak

kanta bere egi!



Jainkoaren Semea

profetak seinala,

benetako bakea

justizi apala,

indarkeri gabeko

gizarte zabala,

Jainko ume egina

Bakea hau dala.



Jose eta Maria,

idia, astoa,

pastore, aingeruak,

hor korte osoa.

Herriz herri zabaltzen

albiste gozoa,

umeak dakarrela

bakezko usoa.



Gogoratu entzule,

hemen zer esan da?

egunotan gastuak,

poztasun eztanda,

zarata guzti horrek

ta jaiok joanda

ze bake aukeratu?

Orain zure txanda.

No hay comentarios: