Gabon zorion, zorion gabon!

miércoles, 31 de marzo de 2021

Adiskide eta senide


Alkarte penitentzia garizuma 2021

Adiskide eta senide

 

SARRERA

“Bihotz-barritzeko aldi honetan, barritu daigun gure fedea”, dinosku Frantzisko Aita Santuak 2021ko Garizuma aldirako. Baraua, otoitza eta limosna dira baldintza eta gure bihotz-barritzearen adierazpen.

 

Barauaren bidez, “gure bizitza traba egiten dauan guztitik aske izten dogu guregana danean behartsu baina ‘grazia eta egiaz’ beteta datorren Hari gure bihotzaren ateak zabaltzeko”.

 

Otoitzaren bidez, “itxaropena eta inspirazinoa eta gure misinoan sortzen diran erronkak eta hartu behar doguzan erabagiak argitzen dituan barruko argia emoten jakuz… Barrentasunean, samurtasunaren Aita aurkitzeko dei egiten jaku.

 

Karidadea, “sufritzen, bertan behera itzita edo estutasunean dagozanak” zaintzeko bidea da, batez be, mundu osoan hedatuta dagoan pandemia garaian.

 

Dei egiten deutsuegu, Garizuma aldi honetan, itxarote-jarreraz kokatu zaitezen. Sinisteko aldia da, hau da, “Jainkoari gure bizitzan harrera egiteko eta gure artean bere bizilekua jarten izteko” aldia.

 

Hasierako eskaera:  Arren eskatzen deutsugu, Jauna, bihotz-barritzeko prest egon gaitezan, aurrera egin daigun alkarte abegitsu eta lagun hurkoari bidera urteten deutsan alkarte izan gaitezan.

 

Abestia: Jesus munduko Argia

 

Abestiagaz batera, kandela biztu iluntasunaren erdian Argia agertzen dala irudikatzeko. Argi hori biztuta euki otoitzaldi osoan, albo batean, lagun eginez.

 

 

BERBEAGAZ OTOITZ EGIN

 

 1.- Jainkoaren berbeagaz:

 

A)    Samariar onaren parabola (Lk 10, 29-37). Bakarka otoitz egitean irakurriko dogu.

 


 “Baina lege-maisuak, itauna bidezkoa zala adierazo nahirik, esan eutson Jesusi: Eta nor da nire lagun hurkoa? Jesusek orduan: Behin baten, bajoian gizon bat Jerusalemetik behera Jerikorantz, eta lapurren eskuetan jausi zan. Lapurrek, eukazanak kendu eta, egurtu ostean, alde egin eben, erdi hilda itziz. Hatan be, abade bat gertatu zan bide haretan behera eta, gizona ikusi ebanean, bidetik baztertu eta aurrera jo eban. Beste horrenbeste egin eban handik igaro zan tenpluko levitar batek be: ikustean, bidetik baztertu eta aurrera jo eban. Baina bidaian zan samariar bat bertara heldu eta, ha ikustean, errukitu egin jakon. Hurreratu eta zauriak lotu eutsozan, olioz eta ardaoz igurtzi ostean; gero, bere asto gainean jarri, ostatura eroan eta bere ardurapean hartu eban. Biharamonean, zidarrezko txanpon bi atara eta ostalariari emon eutsozan, esanez: Jagon egizu eta, gehiago gastatzen badozu, hurrengoan natorrenean ordainduko deutsut. Zure ustez, hirurotan zeinek jokatu eban lagun hurko lez lapurren eskuetan jausitako bizonarekin? Lege-maisuak erantzun eutson: Haretaz errukitu zanak. Jesusen esan eutson, orduan: Zoaz eta egin zeuk be beste horrenbeste”.

 

·        Bat nator parabolako pertsonaiaren bategaz?

·        Zer da niretzat “errukia”?

·        Noiz “hartu dot lepoan” bide-ertzean erorita dagoan norbait eta noiz “arduratu naz” jausita dagoan horretaz?

·        “Samariar ona” Jausita egoana hartu, babestu, sustatu eta gizarteratu egin eban. Ze dei egiten ete deust Jainkoak ebanjelioko pasarte honetan?

          

 

B)    Hasierako alkarteen bizitza eta jardutea (Eg 2, 44-45). Alkarte otoitza egiteko irakurriko dogu.

 

 

Fededun guztiak alkartuta bizi ziran, eta dana danentzat eukien; euren lur eta ondasunak saldurik, guztien artean banatzen eben dirua, nork zer behar eban.

 

 

·        Hasierako alkarte honeek eskaintzen ete deuskue beste aukerarik gaur egungo bizikidetza eta gizarte erarentzat?

·        Zertan aldatu behar dogu jabetza-egitasmoa banatze-egitasmoagatik?

·        Jainkoaren ze dei entzuten dau nire talde, parrokia edo alkarteak horren inguruan?

                                               

2.- Frantzisko Aita Santuaren berbeagaz

 

 

"Ezinbestekoa dogu euskarri eta lagungarri izango dogun alkartea non alkarri aurrera begiratzen lagunduko deutsagun. Ze garrantzitsua dan alkarregaz amets egitea!". (Fratelli Tutti, 8. zenb.).

 

·        Frantzisko Aita Santuaren pentsamentu honek gure alkarteen egoera islatzen ete dau?

·        Zer falta jaku alkarte abegitsu bihurtzeko?

·        Gure alkarteen ze jarduera doa senidetasuna eratzeko amets horren norabidean?

 

3.- Geure berbeagaz: Hona hemen bakarka edo alkartean gogoeta egiteko lagungarri izan daiteken hainbat galdera:

 

 

·        “Desbardinei” (etorkinak, gure taldeetatik kanpokoak…) zabalik gagozan pertsona eta alkarte ete gara?

·        Zelan gauzatzen doguz hartu, babestu, sustatu eta gizarteratu aditzak?

·        Bizitzan aurkitzen dogun “desbardinaren” aurrean, zer esaten deutsagu: “etorri nire etxera” (patia), “zeure etxean lez sentitu” (sinpatia) edo “zeure etxean zagoz” (enpatia)?

                                                 

 

Abestia: Zabaldu egizuz Jauna

 

Abestia entzuten dan bitartean, samariar onaren irudia proiektatu, ahal izan ezkero. Gizon horrengan Jesus ikusiko dogu eta besteengana zelan hurreratzen zan, zelan zaintzen ebazan, zelan arduratzen zan jenteaz, irudikatuko dogu. Jesusen egiteko era hori geure egiten lagundu deigula. Abestia amaitu eta gero, minutu batez isilik geratuko gara.

 

 

PARKAMENAREN EZAUGARRIA

 

Jendea etorri banan banan, ikustu barik parkamenaren bedeinkazinoa emon.

Bitartean kantatu: Damu dot Jauna edota salmoak irakurri.

 

AMAIERAKO OTOITZA

 

 

Gizon emakumeen

Aita zaituguna:

duintasun berarekin

sortu dozuzana.

Senidetasun hatsa

isuri gugana,

bategite, bakea

ta zuzentasuna.

 

Pobre barik mundua,

goserik bakoa,

gerra bako gizarte,

poz sekulakoa.

Eskertu daigun beti

Zuk ereindakoa.

Mundu hau izan dadin

Zuk asma lakoa.

 

Holan lortuko dogu

batasun-lotura,

esperantza guztiak

lotzeko kultura,

asmoak partekatuz

hori dogu gura

herri guztiak batuz

Zuk sortu modura.

Doinua: Izotz ondoko eguzki

                                          (Fratelli tutti entziklikaren azkeneko otoitza)

 


GURE AITA

AZKENEAN ALKARREGAZ ABESTEKO

 

Danok batera abesteko

 

Eskerrik asko Jauna

No hay comentarios: