Gabon zorion, zorion gabon!

jueves, 20 de febrero de 2020

Garizuma, Pazkoaren prestaera


HISTORIA APUR BAT

Pazko-gaubeila K.o. II. mendean hasi ziren ospatzen. Mende horretan berean hasi ziren Pazkoaldia ere ospatzen, 50 eguneko aldia.
Garizuma, berriz, IV. mendearen hasieran hasi ziren ospatzen, Pazkora begira.
Horrek adierazten du, erdigunea Jesu Kristoren Pazkoak hartu izan duela; Garizuma, bete-betean, Pazkorako prestaera da
Hiru maila edo alderdi bereiz ditzakegu prestaera horretan.

 

1.NORBERAREN BIHOZBERRITZE edo KONBERTSIOA

Eguberrialdian ez bezala, Garizuman kanpo adierazpen gutxi dugu aldi berezia bizitzen ari garela gogoratzeko; horregatik, arreta pertsonal biziago beharko dugu; bestela, gure bizitzan ezer gertatu ez balitz bezala iritsiko gara Pazkora eta, jakina, Pazkoa axaleko gauza gertatuko zaigu.
Horregatik, Garizuma hastean, eseri eta sakon hausnartu beharko genuke zertan aurrera egin edo zer alda genezakeen pentsatzeko, Jesusengana eta lagun hurkoagana gehiago hurbildu ahal izateko.
Hausterre egunak proposatzen dizkigun hiru bideak (Mt 6,1-6.16-18) egokiak gerta dakizkiguke, benetan eguneratzen baditugu: limosna, hau da, daukagunetik itxurazko zerbait ematea; otoitza, hau da, Jainkoarekiko eta lagun hurkoarekiko munduaz (Bibliaz, munduko gertaerez…) gogoeta egitea (irakurriz, gauzak aztertuz, salaketa eginez, kontenplatuz, eskerrak emanez, bizitzarako ondorioak ateraz…); baraua, hau da, zenbait gauza alde batera uztea, beste batzuei gehiago eskaintzeko.



2.ONDO NORABIDETURIKO OSPAKIZUNAK

Eliz ospakizunak txukun ospatzea: garaiz iritsiz, aurrez norberaren barrua eta ingurunea girotuz; modu batean edo bestean parte hartuz, lotsa etxean utzirik
Batez ere, ordea, ospakizunera zerk eragiten digun aztertuz: ez mortifikazio txiki bat egiteko bakarrik, ez tartetxo batez “mundua” uzteko asmoz, baizik Jesu Kristori eta haren asmoari estuago lotzeko gogoz. Beti ere, gaur egun ere Jesus pobreengan kalbarioa bizitzen ari dela kontuan izanik, begi aurrean Jesus berpiztua dugula, Pazkora bidean goazela pobreei ere Pazkoa agerian jartzen saiatuz, Pazko Gaubeila nola hobeto ospatuko irrikaz.



3.PAZKOALDIKO BERROGEITA HAMAR ALDIA PRESTATU

Hirugarren ezaugarria, Pazkoaldia bera prestatzea da. Hori da Garizumaren helburua, hori da haren xedea.
Norberaren barrua eta elkartearena prestatzeko, eta Garizumako presta aldiaren emaitza bizitzeko, bizitzen laguntzeko, ospatzeko, ospatzen laguntzeko eta agerian jartzeko, Pazkoaldian zer egin dezakedan hausnartzea: kantu egokiak prestatzeko entseguetara joatea, elkartea bilduko den lekua nola apaindu pentsatzea, jaialdi berezi bat antolatzea, kolektibo behartsu batentzat erregalu bat antolatzea…
2007ko otsailaren 21a
Hausterre eguna
Dionisio Amundarain
(Misal Dominical año XXXIX, nº 3, 2007 BLOC MD Josep Lligadas; laburbildua eta egokitua)


No hay comentarios: